Asier Aranguren:"Lau motatako
herri telebista bereiziko nituzke"
Asier
Aranguren Euskal Telebistako kirol saioetako kazetaria
da, eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle ere bada.
Egun herri komunikabideen inguruko tesia ari da prestatzen
eta beregana jo dugu zenbait galdera egin asmoz.
Hainbat gogoeta luzatu dizkigu.
Herri telebisten arteko ezberdintasunak nabariak dira,
darabilten hizkuntzatik hasita. Zeintzuk nabarmenduko
zenituzke?
Tipologia bat eginez gero, nik
lau motatako telebista bereiziko nituzke. Lehenak hiriburuetakoak.
Hauek errentegarritasun ekonomikoa dute helburu, dirua
egin nahi dute eta publizitatea dute finantziazio bide.
Telebista bat ipintzen dute negozio gune garrantzitsua
delako. Eta beraz, ia ia erabat, gaztelerazkoak dira.
Merkatu gune handi batean daude, Bilbo Handia adibidez
Euskal Herrian dagoen merkaturik handiena da.
Bigarren mota hirietako telebista
lokalak lirateke, Tele 7, Txingudi, KTB... eta horrelakoak.
Hauen filosofia, nik uste, hiriburuetako telebisten berbera
dela, baina hiriak txikiagoak dira eta merkatua beraz,
txikiagoa ere. Azken finean audientzia kontua da. Hauek
ere, batez ere, gazteleraz emititzen dute.
Hirugarren mota euskaraz emititzen
duten telebista lokalak dira. Hemen bai abiapuntua, bai
azken helburua guztiz desberdina da. Alegia, herri ekimenetik,
euskalgintzatik sortutakoak eta hizkuntzaren normalizazioaren
bidean tresna bat gehiago bezala ulertu behar direnak.
Euskara hutsez egiten dute lan eta nire ustez, euskara
hutsez lan egiten duen komunikabide batek ez dauka inoiz
negoziorik egiterik, dirutan behintzat.
Azkenik, nik ez profesionalak
deitzen ditudan telebista lokalak. Ez dute egitura profesional
bat atzetik. Noizean behin emititzen duten telebista txikiak
dira, herriko festetan eta halakoetan.
Euskal herri telebisten finantziazio
arazoa ere hor dago.
Nire ustez, herri telebista batek behar du izan profesionala,
kalitatezkoa eta erakargarria. Bestela jai dauka. Etxean
zaudenean telebista ikusten, hor ez dago harpidetzarik,
eta behar du lehenengo, seinalearen hartzea kalitatezkoa
izan, eta gero, edukia ondo egindakoa izatea, erakargarria,
etxean dagoenak zapping egin baitezake.
Bestalde, finantziazioaren arazoan,
iruditzen zait diru publikoaren laguntza behar duela eta
gero, autofinantziazioan ahalik eta gehien lortu.
Telebista batek eragin handia du, eta
bai normalizazioan bai edukietan tresna garrantzitsua
da. Ba al dute kate generalistekin lehiatzeko aukerarik?
Herri telebistek garbi eduki behar
dute euren lekua zein den, eta euren lekua erabat osagarria
da. Eguneroko jardueran zalantzan jarri behar ez den kontua
da hori. Errentagarritasuna lortu behar da, bai ahaleginean
eta bai dirutan. Ezin daiteke pentsatu 24 orduko emisio
batean edo zazpi eguneko emisio batean. Ahalegina eta
produktua ondo orekatu behar dira.