Eustakio Mendizabalek artean Lazkaon zegoela idatziak dira
bertsook, eta geratzen zaizkigun berrienetakoak. Badakigu
gero ere segitu zuela. Pertsonalki asko eboluzionatu zuenez,
langileei jarri zizkiela dakigun bertso batzuek adibidez asko
gustatuko zitzaigun ezagutzea, eta bere klandestinitate garaietako
beste hainbat ere bai. Denak bildu eta gizon jakin baten eskuetara
joan omen ziren, egunen batean argitaratzekotan. Orain inork
ez du haien aztarnarik ematen. Betirako galduak direnik ez
genuke sinistu nahi.
AMA, TXUKATU MALKOAK
Aralar mendi txit gandorrean
Ama Euskera nekusan,
arratsa bezin goibel, negarrez
umetxo bateren gisan:
biotz-barrengo negar-zotinak
ezin zituala jasan...
"Zer duzu, Ama?" galdetutzean,
onelatsu zidan esan:
"...Zeruetako Jainkoak naita
milla urte anitz dira
Euskal-erriko lur done ontan,
sortu nintzala argira.
ainbat gizaldi ondorenean,
gaur-egun seme, begira...
seme-alaben burla-ixekak
naramate il-obira!
Ikastol eta eliz askotan
atea didate itxi:
atzerritarrak ta seme askok
lapur bat antzo ezetsi!
Nere izena apaldu arte
iñoiz ezin dute etsi...
Zer egin diet etsai bezela
ainbat nazaten gaitzetsi?
Izkuntz arrotzak dira nagusi
mendi, enparantz, kalean...
irrati eta aldizkariak
datoz erdera elean.
euskera ortxe baso, sukalde,
txoko apalki batean...
Mamur ta mintzul, ezin besterik
ke, negar, zotin artean.
Azken gudate ondorenengo
hogei ta sei urteetan
erderak arro dabiltz, erronka,
zazpi Euskal-errietan.
Ni berriz emen, sorterri bertan,
bizi-arnas azkenetan...
sukal-txokoan negar egiñaz
ation-amon mingaiñetan!
Euskal-erriko bazter denetan
atzerrian antzo nabil...
ez-ezagunen artean aur bat
beziñ apal eta ixil!
Ene burua gara ez dediñ
ba-ditut milla maratil...
Gaiztagiñai lez, arrano begiz,
etsaiak so ditut urbil!
Erdaldun dira mendi-zaliak
eta hamaika sukalde!
Bereaz aztuz erdal-izkuntzaz
asko itsuturik daude.
Aberri eta euskal-izenak
guziz zaie arrobide...
ta antziñako oitura zarrak
oro nai lituzke gorde!
Euskal-erria gorde nai dute,
eta nik damaiet lotsa...
Seme-alabak ola ikustea
Amarentzat zein mingotsa!
Aberri-muiña galdu ezkeroz,
zertarako dute kutxa,
azalez eder izanda ere
barrendik bai dago utsa?
Euskal odola daramazu ta,
zeranez ene soin-atal...
aur-adiñetan artu zendunez
neregan atseden-magal...
ainbat oztopoz etsai artean
bein betiko ez nadin gal...
ai, seme laztan, lasterren laster,
enegaz zaitez urrikal!
Aberriaren muiñ ta oiñarri
ni naizela zaitez oroi,
ta ez nazazu luzaro utzi
izkuntza arrotzen morroi!
Ene burua goratutzea
ziñez nai ba'duzu, otoi,
buru-belarri biur lanera,
oraintxe bai duzu sasoi"
"Ai, Ama kutun! Erantzun nion,
itzali zazu negarra!
Ortz-illunean ñirñir bai dago
oindik itxaron-izarra.
Askok baztertu ba'zaituzte're,
zu zaitugu, izkuntz zarra,
ele denetan, biotz-niniaz
maitatzen dugun bakarra!
Etzazu geigo zure negarraz
samindu euskal gogoak...
Negu otzari jarraiz bai datorz
denbora obeagoak.
Zeru goi-goitik esku luzatuz
oro dezaken Jainkoak,
loraz jantziko zera berriz ta
AMA, TXUKATU MALKOAK"