ALBISTEAK
Nafarroako Gobernuak ez du onartu Estella-Lizarra izena
Lizarrako Udalak herri horren izen ofiziala Estella-Lizarra izatea onartu zuen urrian. Udaleko alderdi guztiek, UPNk ezik, aldaketaren alde bozkatu zuten. Nafarroako Gobernuak ordea, ez du onartu izen ofiziala Estella-Lizarra izatea, Euskararen Legearen kontra egiten duela argudiatuz. Lege horrek ez omen du izendapen bakarra erabiltzeko aukerarik ematen.
("Diario de Navarra") (2006-02-07) Berria, Gara, Diario de Noticias de Navarra, Deia
Iruñeko Udalak euskara baztertu du berriro lanpostu deialdian
Eusko Alkartasunak iruindar euskaldunen hizkuntz eskubideak errespetatzeko eskatu dio Iruñeko Udalari. Izan ere, Udaleko langile-batzordeak hamazazpi lanpostu betetzeko deialdia errekurritu egin zuen, euskara ez baitzen kontuan hartu. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ordea, Udalari eman dio arrazoia eta honek deialdia berriro egingo duela iragarri du, euskara kontuan hartu gabe.
(2006-01-11) Gara
Iskanbila sortu du "Estella-Lizarra" izenak
Joan den urrian, Lizarrako Udaleko osoko bilkurak herriak Estella-Lizarra izen ofiziala izatea onartu zuen. Orain herriaren izena aldatzeko eskatuko dio Udalak Nafarroako Gobernuari. Honek ezetza ematen badu auzitara eramango dutela jakinarazi dute. Joan den ostegunean (5) gaiari buruzko bigarren bilkura egin zuten herritarren erreklamazioak aztertzeko. Erabaki bera hartu zen bilkuran, hau da, Estella-Lizarra izenaren aldekoa, baina UPNk aurkeztutako sinadura zerrendak iskanbila sortu zuen. Izan ere, Lizarran erroldatuta ez dauden 201 pertsonen eta 23 adingabeen sinadurak aurkeztu baitzituen.
("Diario de Noticias de Navarra") (2006-01-09) Berria, Gara
Donostiako eta Azkoitiko Udalek euskara gutxietsi dutela salatu du Behatokiak
Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Donostiako Kirol Patronatuak euskara gutxietsi duela salatu du. Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak argitu duenez, Antolamendu eta Giza Baliabideetarako arduradunaren postuaren hizkuntza eskakizuna laugarrenetik hirugarrenera jaitsi du Kirol Patronatuak, bestela hautagai gutxiegi aurkeztuko liratekeela argudiatuz. Bestalde, Azkoitiko Udaleko arkitekto teknikoen zerbitzu buruaren lanpostuak hizkuntza eskakizun bat duen arren, lanpostu horretan dagoen arkitektoak eskakizuna ez duela egiaztatu salatu du Behatokiak.
(2005-12-23) Berria, Irutxuloko Hitza
Gaur onartuko dituzte 2006rako Nafarroako aurrekontuak
Nafarroako Parlamentuak gaur (23) onartuko ditu 2006rako aurrekontu orokorrak. Aurrekontuen inguruko eztabaida atzo hasi zuten baina uste baino gehiago luzatu zitzaien. UPNk eta CDNk dute gehiengo osoa eta oposizioak aurkeztutako 872 zuzenketetatik bakarra onartu dute oraingoz. Parlamentuan eztabaidatutako aurrekontuen arabera, Hezkuntza Sailak 511.359.944 euro jasoko ditu, iaz baino %8,8 gehiago. Kultura eta Turismo Sailak berriz, 207.828.488 euro. Azkenik, Nafarroako euskaltegiek 230.000 euroko diru-laguntza jasoko dute. Euskaltegiek 888.000 euro eskatu zituzten.
(2005-12-23) Berria, Gara, Diario de Noticias de Navarra, Diario de Navarra
Euskara Juridikoaren I. Eguna egin dute Bilbon
Bizkaiko Abokatuen Elkargoko Euskara Batzordeak eta Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak antolatuta, Euskara Juridikoaren I. Eguna ospatu zuten atzo (19) Bilboko Bizkaia Jaurerriko Abokatuen Bazkunean. Ekimenaren helburua justiziaren inguruko gaiak hizpide dituzten euskarazko liburuak profesionalei ezagutaraztea da. Hala, Bidegileak 34 bilduma eta Hizkera Juridikoa eta Itzulpengintza liburua aurkezteaz gain, euskarazko liburuak jaso dituen erakusketa zabaldu zuten atzo.
("Berria") (2005-12-20) Deia
IRITZIAK
Osakidetza euskalduntzeko plana
Joseba Barriola, administrari laguntzailea Osakidetzan.
"Osakidetza Euskalduntzeko Plana, Osakidetza martxan jarri eta 20 urte pasa eta gero onartu da. Zer balantze egin 20 urte hauetaz? Ez da horretaz hitz bat bera ere esaten. Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza isilik. Hutsune hau erantzukizun-ezaren lehen agerpena da. Diru eskandalagarri eskas erabili da ikastaro batzuk ordaintzeko, baina hizkuntza politikatik ezer ez". (2006/02/12, 2.027. zenb.)
(2006-02-10) Argia
Itzulpengintza ere astinduaren premian
E. Gorospe, Eusko Jaurlaritzako langilea.
"2005. urtean 23219 orrialde izan zituen EHAAk. Denak, legeak agindutako moduan, euskaraz eta gaztelaniaz (...) Boletinera jo duten euskaldunetatik zenbatek hartu dute euskarazko testua informazioa jasotzeko? Ez da bizkorregia izan behar erantzuna asmatzeko: ezetz % 1ak!! Orduan, zertarako itzultzen da guztia? (...) Askozaz hobea litzateke legeak, dekretuak eta aginduak bakarrik itzultzea, baina itxuroso. Berdin gainerako itzulpen-gaietan. Itzultzen denaren erdia ere ez litzateke itzuli behar". (2006/01/10)
(2006-01-11) Tiraka
ADIERAZPENAK
"Neure izaera islatzen saiatzen naiz"
Pier Paul Berzaitz, abeslaria.
"Egungo abeslariek zein musikariek disko bat kaleratzen dute, eta ondoren hori aurkezten hasten dira zuzenean. Ni zaharragoa naiz, eta lehen guztiz kontrakoa egiten zen: abestiak kontzertuetan aurkeztu eta gero pilatzen zenituen diskoan. Abestiak kantaldietan errotu ostean grabatzea iruditzen zait egokiena. Eta nire lan egiteko modua halaxe izan da azken bost urte hauetan ere". (2006/01/20)
("El Diario Vasco") (2006-01-20)
ALDIZKARI OFIZIALAK
Kultura Saila. EBAZPENA, 2005eko abenduaren 30ekoa, Hizkuntza Politikarako sailburuordearena, Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia garatu edota entitateotako administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko planak onartzeko esleitutako diru-laguntzen berri ematen duena.
(2006-02-10) EHAA
|