ALBISTEAK
Mariasun Landa IBBYren zerrendan sartu dute
Mariasun Landaren Krokodiloa ohe azpian liburua International Board on Books for Young People (IBBY) erakundearen Ohorezko Zerrendan sartu dute. Mariasun Landak 2003ko Espainiako Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala irabazi zuen lan horrekin. IBBY erakundeak haur eta gazte literaturako mundu guztiko adituak biltzen ditu.
("Noticias de Gipuzkoa") (2006-03-01) Eitb24.com, Kaixo!, Deia, El Diario Vasco
Danilo Kisen eta Dorothy Parkerren liburu bana euskaratu dute
Bi liburu berri plazaratu dituzte Literatura Unibertsala bildumaren baitan. Biak ipuin liburuak: Danilo Kisen Hildakoen Entziklopedia (Monika Etxebarriak euskaratua) eta Dorothy Parkerren Hona hemen gu biok (Mirentxu Larrañagak euskaratua). Alberdania eta Elkar argitaletxeek plazaratu dituzte bi liburuak.
(2006-02-27) Berria, Gara, El Diario Vasco
2004ko Igartza sarietako irabazleen lanak kaleratu dituzte
2004ko Igartza Saria irabazi zuen Karmele Jaioren Amaren eskuak nobela kaleratu du Elkar argitaletxeak. Lan irabazlearekin batera, edizio berean akzesita jaso zuen Peru Magdalenaren Lile ipuin bilduma plazaratu du Elkarrek.
(2006-02-23) Berria, Gara, El Diario Vasco
Imanol Azkue zumaiarrak irabazi du Lizardi ipuin saria
Imanol Azkue zumaiarrak irabazi du Zarauzko Udalak antolatutako XXIV. Lizardi Saria, Kea airean bezala ipuin bildumarekin. Azkuek 2002an ere irabazi zuen Lizardi saria, Gaur egun handia da lanarekin. Irabazleak, 3.000 euro jasoko ditu. Horrez gain, saria irabazi duen lana argitaratuko dute.
("Noticias de Gipuzkoa") (2006-02-22) Urola-kostako Hitza, El Diario Vasco
Ramon Olasagastik irabazi du I. Tene Mujika beka
Ramon Olasagastik irabazi du Elkar argitaletxeak eta Debako Udalak antolatu duten I. Tene Mujika beka, Mendiminez proiektuarekin. Azken urteotan mendian hil diren hainbat euskal mendizaleren ibilbideak, biografiak eta oroitzapenak bildu nahi ditu Olasagastik lan horretan.
("Noticias de Gipuzkoa") (2006-02-20) Berria, Gara, Eitb24.com, El Diario Vasco
IRITZIAK
Zertarako irakurri (gure garaikideak)
Iban Zaldua, idazlea.
"Liburu klasikoekin soilik bizitza bat baino gehiagorako irakurgaia izango genuke, eta, ziur nago, irakurtzen ditugun liburu garaikide askori baino probetxu gehiago aterako genieke, bai estetikoki, bai eta (zer esanik ez) moralki ere. Edonola ere, arazo ugariz libratuko ginateke garaikideak irakurtzeari uko egingo bagenio, horrekin batera idazteko motiboak desagertuko liratekeelako eta, ondorioz, ez genukeelako matraka ematen ibili beharko idazteko zergatiak justifikatzen aritzeko (...) Azkeneko argudioa da bereziki interesgarria iruditu zaidana, azkeneko buklea: garaikideak irakurri behar direla klasikoak berrirakurri ahal izateko. Ez zait argudio txarra iruditzen". (2006/02/24)
(2006-02-24) Volgako Batelariak
ADIERAZPENAK
"Idazleak sailkatzeko ahaleginak injustiziak eragin ditzake"
Ur Apalategi, idazlea.
Belaunaldi literarioak auzitan liburuaren harira: "Hedabideek (mundu osokoek) inposatzen dute iritzi orokor hori. Eta hori arazo bat da, kazetariak ez baitira kontu horietan konpetenteenak. Konpetenteagoak dira, haien lanbidea delako, irakurle profesionalak edo unibertsitarioak, eta idazleak (...) Hori da gaurko gizarte supermediatizatuen arazoa. Oso zaila da halako egoera batean zure espezialista ahotsa entzunaraztea". (2006/02/27)
("Gara") (2006-02-27)
"Arazoen aurrean kikilduta bizitzearen kontrako garrasia da nobela"
Karmele Jaio, idazlea.
"Konstantzia lezioa izan da niretzat nobela idaztea. Eta honekin batera, idatzi bitartean perspektiba ez galtzeko ahalegina biderkatzera behartu nau (...) Baina, perspektiba mantentze horretan lan gehiago ematen badizu ere, nobelak beste alde batetik askatasun handiagoa ematen dizu. Eskuzabalagoa da nobela idazlearekin, batzuetan bidetik irteteko aukera ere ematen dizulako (betiere bidera bueltatuko zarela hitz ematen badiozu). Ipuinak ez du barkatzen. Zentzu horretan, zorrotzagoa da idazlearekin, gehiago exijitzen dio. Ipuinak ez du soberako hitzik onartzen, denak betetzen du funtzio bat ipuinean". (2006/02/22)
(2006-02-23) Paperjalearen dieta
"Hello, Dartmouth! Ongi ikusten gaituzue?"
Julia Otxoa, idazlea.
"Egia da zure sorterriak mundua ikusteko modu bat ematen dizula, baina leku berekoak izan arren, bi idazleren begirada ez da sekula berdina izango". (2006/02/23)
(2006-02-23) El Diario Vasco
"Atzerrian produktu erakargarriak eskaini behar ditugu"
Mari Jose Olaziregi, literatur kritikaria.
"Exotismoagatik, gatazkaren oihartzunagatik... hurbiltzen den irakurlea, ez da gehienetan literaturzale amorratua izaten. Literatura maite duenak kalitatea bilatuko du lehenengo eta behin (...) Exotismoa, txikitasuna... erakargarri izan daitezke hasieran, baina gero eutsi egin behar zaio, hau da, liburua ez zaizu eskuetatik erori behar. Horregatik hautatu behar da ongi itzultzen dena, non eta nola itzuliko eta banatuko den kontuan hartuz". (2006/02/18)
("Gara") (2006-02-20)
|