"Txikia" hil
zutenetik 25 urte pasatu direnean, bera gertutik ezagutu
zuten zenbait pertsonen iritzia bildu dugu.
Artikuluen gainean edo "Txikia" eta bere pentsamoldeari
buruz norbaitek iritzirik eman nahi badu, leiho hau bederen
zabalik du.
Baleren Bakaikoa
Joxe Mari Ostolaza
"Xalbardin"
Joxe Manuel Pagoaga
"Peixoto"
Beste Iritziak
Txikia
Baleren
Bakaikoa
Eustakio Mendizabal Benito, "Txikia"
oso ezaguna egin zen Euskal Herrian, hirurogeita hamarreko
hamarkadan, ETAko militante eta buruzagi bezala, hain zuzen,
ETA eratuta zegoen Fronte Militarreko buruzagia izatera
heldu zen eta eginkizun honetan ekintza ikusgarri ugari
burutu zituen. Ekintza horien artean, garrantzitsuenak,
Huarteren bahiketa eta Hernaniko harrobian burututakoa ditut
gogoan. Ekintza horiez gain, zenbait ihesaldi ikusgarri
ere egin zituen, Zumarragakoa adibidez, jende askok bere
baitan eta lagunen artean txalotzen zituelarik honelako
gertakizunak.
Euskal Herrian erraz ibiltzen
zelako eta bere itxura bizartsua zuelako, gerrilari karlistekin
lotu zitekeen Txikiaren izakera. Eta honela hartzen zuten
garai hartako ETA eta inguruko bere zenbait burkideek. Baina
oker zeuden honela pentsatzen zutenak, zeren eta Txikia
gerrilari izan aurretik kultur gizona baitzen, euskal kultura
sendoki barneratua zeukana, abertzaletasuna kultura eta
hizkuntzan erro-errotik sustraitua zuena. Euskal Herriak
zituen oztopoak bere nortasuna garatzeko kezkatzen zuen
eta ataka hori gainditu nahiean sartu zen gerrilari eta
Juan Jose Etxabek izan zuen buruzagitza ausarta eskuratu
zuen.
Txikiaren heriotzaren garaiko
giro politikoa, abertzale ikuspegitik, aurreko urtetakoa
baino hobeagoa zen, hots, 1970, 1971 edo 1972koa baino hobeagoa.
Ideia abertzaleak eta sozialak sendotzen ari ziren eta iadanik
ezin zitekeen inola ere mantendu identitate faltsu hori:
abertzalea berdin burgesa, honen atzean dauden ondorio guztiekin.
Izan ere, Burgosko Epaiketan sortu zen nahasketa ideologikoa
gainditurik zegoen eta ezker abertzalea Francoren aurkarien
arteko nagusiena zela nabarmentzen zen, eta indar hori ETAren
inguruan txertatuta zegoen. Garai hartatik aurrera, nahiz
1974ean ETA bi adarretan banandu, ezker abertzalearen planteamenduak
irmoki kokatuta zeudela esan dezakegu, sustraiak ondo ezarrita.
Eta eginkizun honetan garrantzi
handia izan zuen Txikiak. Berarentzat, herrian, (orduko
terminologian) ideologia abertzalea hedatu behar zen lau
haizetara. Hori dela eta, ahal zen herri guztietan, Goierritik
Kostaldera bitartean gazte-talde ugari sortu ziren eta hauekin
lana egin behar zen nazio-identitatea berreskuratzeko eta
honela nahi zutenak ETAren militante bihurtzeko. Txikia
ez zen eginkizun honetan aritzen, baina horretarako ahal
zituen bitartekoak eta aholkuak emango zituen; euskal langileriak
ere kezkatzen zuen eta beraz, langileen arazoak ez zituen
saihesten.
Bestalde, badago, egon ere, beste
ezaugarri garrantzitsua Txikian eta gaur egun azpimarratu
behar dena. Hain zuzen, ETAk burutzen zituen ekintzek jendearen
artean zuen eragina jakin nahi izaten zuten. Jendeak ekintza
onartzen bazuen, ondo, eta alderantziz bazen, gauzak ondo
pentsatu behar ziren. Ekintza militarrek jendea erakartzeko
izan behar zuten, ez jendea uxatzeko. Hau da, azken finean,
ekintzak euskaldunen indarrak metatzeko burutu behar ziren,
ez jendea beldurtzeko edo pasota bihurtzeko, edo "etxera"
itzultzeko.
Horrez gain, ekintza militarrak
egiterakoan Txikiak bere burkideak babesten zituen eta horretarako
babesa eta konfidantza ematen zien, baina zailena dena ere
ondo egiten omen zuen, hau da, erretirada edo ekintzaren
ondoko ihesa.
Halaber, Txikia euskalduna zen,
euskara ondo menperatzen zuena. Landua. Hori dela eta, euskaldunez
inguraturik egongo zen eta hauen artean "arraina uretan
bezala" ibiliko zen. Bere lagun gehienak eta hurbileko
burkideak euskaldunak ziren eta hauek konfidantza osoa ematen
zioten eta berari ere konfidantza zerion gorputzeko poro
guztietatik. Eta hau honela izatea garrantzi handikoa da
pertsona baten psikologian.
Hala ere, honek ez du esan nahi
euskaldunak ez zirenekin konfidantzarik ez zuela. Izan ere,
garai hartakoa dira Wilson, Argala, etabar, eta ez ziren
euskaldunak, euskara ez zekiten kalekumeak baizik. Ausartak
eta abertzaleak, baina beste kutsu batekoak, hiritarrak.
Beraz, horiekiko konfidantza ahulagoa zuen eta hauek ere
Txikia pertsonai arraro bezala zeukaten.
Hauek dira Txikiari buruz esan
ditzakedan gauza batzuk. Txikia, bizi zenean mito bilakatu
zen eta bere heriotza ostean, badirudi gehiegi ez garela
oroitzen. Agian, "Che"rekin gertatzen ari den
bezala, Txikiari ere etorriko zaio garaia bere pertsona
erreibindakatzeko eta bere ekarpenak hobekiago ezagutzeko.
Baleren Bakaikoa
Joxe
Mari Ostolaza "Xalbardin"
Joxe Manuel Pagoaga
"Peixoto"
Beste Iritziak
Euskarak ematen
duena
Joxe
Manuel Pagoaga "Peixoto"
"Egun xintak gaua dakar".
Hemen ezin dut ezer esan Eustakiotaz, bide berdinean bota
dizkiguten Ondarrutarrak aipatu gabe: Angel Etxaniz, Fran
Aldanondo, Jesus Mari Zubikarain Txisa, Esteban
Muruetagoiena, Koldo Arriola, Imanol Lersundi Porru.
"Baina herio guziek ez dute erran nahi berdina".
Ez horixe! Esteban Muruetagoiena torturatuz hil ziguten
eta.
Txikiaren oroitzapenak ez naute
bakean uzten, alboan izango banu, hauxe esango zidala, ziurra
baita da: "norbait omentzekotan, Herria omendu beharra
zeok hemen". Elkar bizitzan askotan eman zion bezala,
oritzapenezko elkarrizketa honetan ere, arrazoina emango
diot; beraz, goraintzi eta ohore Ondarroari eta horrelako
ekimenetan eskuhartzen duten guziei.
Honelako ekintzek ederto laguntzen
gaituzte, lagun horien oroitzapena, bihotzean daramagun
udaberriaren erdi-erdian kokatzen, negu gorrian ere berotan
egon daitezen; bide batez, ondo etortzen zaigu, etsaiek
egin dizkiguten zauriak gozatzeko, eguneroko neke eta ezinak
arintzeko, elkar besarkatuz indar berritu eta aurrera jarraitzeko.
Euskaraz biziz, behar den bezala
arrantzatuz, umeak eginez, haziz eta euskaldungoan heziz,
kartzeletan ditugun lagunak Euskal Herriratzeko ekintzetan
eskuhartuz... Horrela, egunero omentzen dugu Txikia eta
bera bezala bota dizkigutenak. Hau guzia ez da egiten parlamentuetan,
ez eta jauregietan. Hau gure sukalde lurrinduetan egiten
duguna da. Garruzeko beraien sukaldean, oraindik ikusten
dut Eustakio, Matalaz txikia besoetan, harat-honatean apalki
bertso kantari. Zer, umea lokartzen? "Ez, esnatzen
ari nauk", erantzun zidan. Bertsozko olatuetan kulunkatuz,
mundua erakutsi nahi zion haurrari.
Ba ote da Ondarroan gizon edo
emazterik, horrelako zerbait egin ez duenik? Nork esnago
zuen, arrantzale kankailu hura, horrelako aita goxoa izan
zitekeela? Bai ba, horrelaxe da. Bainan, horrelakoak ez
al dira berdintsu gertatzen munduan? Baita, bainan, hemen
euskaraz egiten ditugu, euskararen mundukoak garelako. Horrelakoak
erderaz egiten dituena, beste mundu batetakoa da, berak
jakin behar luke nongoa.
Bi mundu hauek, etengabe elkar
jotzen dute. Hemengo auzia ez da zer mundu den ona ala txarra
jakitea. Batak bestea ukatzen duela, hau da arazoa; eta
jakina, ukatzea gauzatzeko, indarra behar da, eta erderek
badute indarra, ez dute bonbatxoak jartzen ibili beharrik,
hegazkinak dituzte eta, indarrak sortzen ditu arrazoiak...
Arrazoiaren indarra edukitzea
ez da gutxi, aski ere ez. Herri hau iantzakotzat hartu eta
bere gogoa errespetatzeko borondatea azaltzen ez duten bitartean,
ez dadila inor etorri demokrazia irakasle, ez eta pake apostolu,
ez eta tolerantzia hedatzaile, ez eta pragmatismo aintzindari,
ez eta... Jakin bezate, zinismoak iguina ematen digula.
Ongi etorriak, gatazkari aterabide
zuzen eta duin bat aurkitu gogoz dabiltzatenei. Nondik datozen
baino gehiago, zerekin datozen begiratuko diegu, eta batez
ere, zer egiten duten Zintzotasunaren ezpain zorrotzean
ez dago jolas egiterik. Gure aldetik, ez dugu ahantziko,
Aita Larzabali hamaika bider entzun geniona: "Gure
gaurko tratu txarrak, bihar gure umeentzat negarrak".
Jarrera honi tinko eutsi nahi diogunok, badakigu izerdia
bezain malko eta odol izango dugula bizian, ezin bestean.
Zuhurtzia eta argitasun doi bat
eskuratzen dugun heinean, ez gaituzte indar harrokerietan
ikusiko, iraintze nor gehiagokak ere, ez ditugu gogoko,
bainan, hasarreak, geuri ere, eskuak ekubiltzen dizkigu,
eta pozik! Adorerik gabe ez bait dago duintasunik eta ez
besterik.
Oso hitz gutxikoa genuen Txikia,
haren esateko modua, egitea zen. Elkarrekin ginauden batez,
hauxe galdetu zion kide batek: "Esango didak zer programa
duen ETAk Euskal Herriarentzat? "Euskarak ematen duena",
erantzun zion. Herria askatu eta eraikitzeko egitasmoa,
esaldi bakar batean azaltzea ezinezkoa delako edo, hiru
hitzeko esaldi horretan programa bezala izenda genezakenik
ez egon arren, funtsezko noratasuna ederki azaldu zuen.
Bakoitzari dagokio, "Euskarak ematen duena" esaldiaren
hezurra edo muina aurkitzea.
Hitza eman didazutenez, neure
ikusmoldea azaltzen saiatuko natzaizue. Euskaldunok herri
bezala bizitzeko lurraldea behar dugun bezalaxe, Txikiarentzat
herria askatu eta eraikitzeko euskara funtsezko oinarria
zen, beraz, euskara jartzen diogu ardatz edo meta ziri bezala.
Honen inguruan egin behar da dena, ez; honan eskutik, ezta;
Euskaratik, bai. Programak, egitasmoak, eta dena euskaraz
egitea ez da aski, euskaratik egiten ez dugun bitartean.
Hizkuntza bizia dela diosku Txikiak, zuhaitz bat bezala.
Arbolak haunditu eta fruitua emateko, bere eremua eta eguzkiaren
argi beroa behar duen bezelaxe, herriak ere beharrezkoa
du bere eremua eta bere hizkuntzaren argi beroa.
Oraintxe konturatzen nauk, asmatzen
ahal dugun guziaren iturburua, aipatzen dudan esaldiaren
baitan dagoela. Esaldiak duen noratasunari ez badiogu arreta
handia jartzen, hauxe gerta dakiguke: euskaldundu gabeko
Euskadi bat askatzea. Orduan, Euskal Herria askatzeko ordez,
euskaldunak bizi ziren eremua izango da askatu duguna, eta
hau, hoberena jota. Harrisku hau egiazkoa izateaz gainera,
handia ere badelakoan nago. Ez nauk berehala jabetu, egunsenti
igerle eta aintzindari hintzela, hala haiz oraindik, hire
besotik aurkitzen bait diat bidea, inoiz galtzen dudanean.
Egun xintak gaua baldin badakar, eguna ere bai. Ez dago
zalantzarik gaua hurtzen ari dela, bainan, egia da ere ezin
dela argi betera iritsi, lehen brintza gorrietarik iragan
gabe.
Zuhaitz baten adarrak egur berdinekoak
izan arren, bizian ezagutuz maitatu ditudan lagunek, beste
su bat pizten didate bihotzean. T. Monzonek Txikia eta Saseta,
biak ezagutzeko zoria eta maitatzeko dohaina izan zituen.
Txikiari egin zion abestian aurkitzen dut burua eta bihotzaren
artean dudan gatazkaren oreka polita.
Txikia
Txikia zuen guda-izena
Bera gizon osoa izan arren
Mendizabal, Sasetaren urrena
Biak txiki, bizkor eta lerden
Saseta hil zen gudarien aurrean
Mendizabal hil zaigu bakarrik
Baina biok daukate herri osoa
atzo ta gaur heuren atzetik
Euskadirentzat hil dire-ta
Gorputzak arantzaz beterik.
Arro hadi Kantauri Itxasoa
Ta heien betiko loa
Betiko kanta zak,
Geroari esaiok olatuetan
Herri-izarrak ez direla itzaltzen
Gure haurrek biharko ikastoletan
Heien izenak abestu ditzaten
arantzetan biak hil bait ziren
Geroari esaiok olatuetan
Herri zaharrak ez direla itzaltzen,
gure haurrek biharko ikastoletan
heien izenak abestu ditzaten,
Herriarentzat biak hil bait ziren.
Atzoko eta gaurko gudarientzat
gure maitasunezko begirunea.
Oharra:
Artikulu hau Ondarroan Txikiaren heriotzaren
25. urteurrena oroitzeko eratutako batzordeak utzitakoa
da
eta aurreraxeago Txikiari buruz egingo
den liburu batean argitaratuko da.
Baleren Bakaikoa
Joxe Mari Ostolaza
"Xalbardin"
Joxe Manuel Pagoaga
"Peixoto"
Beste Iritziak
Oker begiratu, zuzen
ikusi
Joxe
Mari Ostolaza "Xalbardin"
Goiherritik itsas ondoko Beterrira
isun bat kartzelaz ordaintzearen truk ekarria izana, ezagutu
nuen berorri. Martutene. Besterik ezean, Aditza izeneko
liburuxka azal gorria izan genuen topaleku. Berorri aditua
eta ni ezjakina. Hilabete batez edo berorrekin berreuskalduntze
ahaleginetan igaro ondoan, Urumeako erribera utzi eta itzuli
zen atzera Lazkao aldera. Hiru bat urte internadotan oporrak
ordainduta igaro eta, berorren berri zuzena izan nuen. Eta
berriz ere, Beterria izan genuen bilgune. Militantez hustu
eta lanabesez juxtu utzi egitura berrantolatzea zuen xedea.
Intelektual homologatuek bidegurutze borobilera ekarri erakundea,
bertan itzuli - mitzulika zebilela ez aurrera ez atzera,
ataka hartatik ateratzea zuen helburu. Premi gorriko egoera.
Norabidea aukeratu, eta mementuan errekurtso guztiak bertan
sartzeko lain zuen mikrobusa hartuta abiatu zen geroaren
barrena, hutsegitearen beldur inoiz asmatzen ez duten begirada
zuzeneko listoak bertan utzirik. Eta oker zeuden. Berorrek,
klubaren kudeaketa ustez egokiagoak zirenen bizkar laga,
eta jokalarien ahalen araberako talde jokoa antolatzeko
gai den entrenatzaile-jokalari legez, lana zehaztu, ardurak
banatu, hutsuneak onartu, indarrak bildu, eta epe laburrean
lortu garaipenez ingurua bereganatu eta taldea elikatu eta
zabaltzeko adinako borondate eta talentua izan zuen, borondaterik
gabeko talentua hipotesia, eta talenturik gabeko borondatea
kaltegarri direla jakitun. Emaitzak lekuko. Eta ordaindutako
faktura. Konszienteki.
Orain, mende laurdena igarota,
hein batean berorren antzeko askori zor zaio, dagoena. Eta
euskarak bizi ez bagaitu ere, euskarazko hedabideak baditugu
euskara biziarazi dezagun. Eta errealitateari, telebista
platoaren antza geroz eta handiagoa hartzen diot. Bi eremu.
Bi mundu. ETB. Bi kate. Bat eta dos. Batean, egunero edo,
Iharra eta Xenkiren Herrialde Berdea hura ordezkatua. Artalde.
Bordea bilakaturik. Goenzale. Bertan, bibliar dilista platera
sosaz aldaturik, ia denetarik dugu guardia zibilak eta poliziak
ezik, hauek, orain mende laurdena bezalaxe militanteak akabatzen
lanpeturik baitabiltza. Eta hauen ordezkaritza, fikzioan
beti, armarik gabeko ertzainek betetzen dute. Mutil puskak,
galantak, euskaldun petoak, xaloak eta baserri onekoak.
Arrazoitzen dutenak. Garai bateko arbitriosetako guardak
bezalakoxeak txapel gorri eta guzti. Beraz, berorrek ez
luke mailarik emanen, altuera fisikoaz gain zuzen begiratzea
eta oker ikustea baita ezinbestekoa. Bertan, prentsa kiosko
bakarrean euskal prentsarik ez dago, bertako biztanlego
euskaldunak postaz jasotzen bai baitu etxean sobra ere.
Gainera, horrela, gure erdaldunekiko eskuzabaltasuna garbi
azaltzen dugu. Bazterketarik ez. Bertan, futbol ekipoa ere
badugu, hortik kanpo ez bezala, bertako entrenatzaile eta
jokalari euskaldun arruntez osatua. Hor, ezeuskaldun atzerritarrik
ez da agertzen. Pelotariak berriz, ale sueltotan ere baditugu,
eta gure sentsibilitatea mindu ez dadin, eta artekarien
colorau, colorau, azul, azul entzun ez dezagun ez digute
frontoia erakusten, bestela ere, hortik, fikzio hortatik
at ongi hornituak bait gauzkate. Kirolandia.
Orain, mende laurdena igarota,
Artalde katean erdaldunak erdaraz - euskarazko ordaina azpititulutan
- entzuteko aukera daukagu. Eta dos katean berriz, erdaldunak
erdaraz entzuteaz gain, euskaldunak ere erdaraz entzun ditzakegu,
bertako erdaldunek ez bezala guk bi hizkuntzak menderatzen
ditugula erakusteko edo. Eta hala ere aintzina omen goaz
gurean, lehen ez bezala hauteskundetik hauteskundetara,
telebista platoak okupatzeko aitzaki bila eta borroka horretan
bat gatozela batzuek eta besteak. Bainan berorrek jakin
beza esan nahi diot leihaketa hastapenetan dagoela eta ez
dela oraindik bukatua, lehen bezala orain ere telebista
platoetatik at, oker begiratu eta zuzen ikusi nahi duenik
ere badagoela halegia.
Baleren Bakaikoa
Joxe Mari Ostolaza
"Xalbardin"
Joxe Manuel Pagoaga
"Peixoto"
Beste Iritziak
Txikiaren anaia
Irailaren 29an hil ziren Gipuzkoako
Andoainen Jon Miren Mendizabal Benito eta Juanita Amundarain
Otegi. Goierri aldean oso ezaguna eta estimatua bazen bikote
hau, gizona, Jon Miren, Eustakio Mendizabal "Txikia"ren
anaia zen. Eta bera izan zen, hain zuzen, dossier honen
gai nagusia den pertsonaz eta pertsonaiaz eduki genuen informazio
iturri nagusietako bat. Bere anaia zelako, eta bere anaia
abertzale militante konprometitua zelako. Eustakioren nortasuna
eta ekintzen nondik norakoak ulertzeko klabe asko eta interesgarriak
luzatu zizkigun Jon Mirenek, eta baita bere familiarako
atea ireki ere. Hala ezagutu ahal izan genituen beren aita
iadanik hila dena, eta ama Arantxa Benito, Itsasondoko etxean.
Eta berak egin zigun Txikiaren emaztea izan zen Anabelen
etxean sartzeko modua ere, Ondarroan. Poz ematen du hau
eta bere bigarren senarra etxean anai-arrebatzat dauzkatela
ikusteak, hil berri den bikotearen eskeletan agertu denez.
Eustakioren ibileretan ardatza izan zen N-1 errepidean hil
dira biak, Andoainen, bidaian doazen hainbeste kanpotarrekin
batera ia beti bost xentimoren errurik gabe hainbeste gipuzkoar
akabatzen dituen errepide arriskugarri horretan. Gure oroimenean
geldituko dira.
Pello Zubiria (p.zubiria@argia.eus)