Orri nagusira

Orri nagusia

 

Eustakio Mendizabal "Txikia",
abertzale belaunaldi baten mitoa

 

Luzaz iraunen du euskaldun askoren oroimenean 1973ko Ostegun Santu hark. Euskal erresistentzia armatuan ordurako mito bihurtua zen Txikia hil zuten eguna. Eustakio Mendizabal Benito Polizia espainolaren tiropean erori zen Euskadi Ta Askatasunako Fronte Militarreko bururik ezagunena, garai hartako karismatikoena agian, apirilaren 19 hartan, Getxoko kaleetan. Hogeita bederatzi urte zituen eta lau urte t'erdiko lan klandestinoz euskaldun gazte belaunaldi oso baten erreferentzi puntu izatera iritsia zen. Bere euskal senak, erakargarritasunak eta ausardiak aparteko egiten zuten Txikiaren bizitzan aztarrikatzeak, azken urteotako gure historiaren garairik interesgarrienetako batera garamatza: ekintzaren poderioz ETA sendotze bidean jarri zenekora.

Azken urteotan Euskal Herrian sortu den fenomeno berririk inportanteenaren, Euskadi Ta Askatasuna erakundearen unerik gogorren eta aldi berean itxaropentsuenen erdian tokatzen da Eustakio Mendizabal. Iparraldera ihes 1968an egin zuelarik, Burgosko auzi famatua batetik eta Carrero Blanco Francoren gobernu burua hiltzeko prestaketa lanak harrapatzen dituzte bere klandestinitate urteek. Kartzela berriz Txabi Etxebarrietaren heriotzaren ondorioz antolatu ziren meza haietako batengatik ezagutu zuen lehendabiziko aldiz.
Baina Txikia ez dute kointzidentziek inmortalizatu. Askorentzat ETAren buru Eustakio zelarik, berak ezarri zion aktibismoaren zigilua neurri handi batean erakundeari. Behil kontsul alemanaren bahiketa, Huarteren bahiketa, Carrero aireratuko zuen atentatuaren prestaketa... Baina gainera herri xeheagan ere halako itzala lortu zuen, batzuetan militanteei zerbaitetan laguntzen zionjendeagan, eta baita bere ekintzak komentatzen zituen jende arruntarengan ere.

Che Guevara euskaldun bat ikusi dute askok Txikiagan. Zumalakarregirekiko zuen antza aipatu du zenbaitek. Beneditarretatik irten arren kristau idealista izaten jarraitzen zuen gizona ikusi duenik ere bada. Dena dela ere, bere pentsamendu politikoa inongo liburutan utzi ez zuen gudari hark historian orri pare bat bederen merezi du. Telesforo Monzonek kantatu zuen bezala "... gure haurrek biharko ikastoletan beren izenak ikas ditzaten, Herriarentzat haiek hil baitziren".

 

ITSASONDOTIK LAZKAOKO KOMENTURA. Itsasondon jaioa zen Eustakio Mendizabal, 1944ko urriaren 9an. Joxe Mendizabal eta Josefa Benitoren lau seme-alabetatik hiru Lazkaoko beneditarren komentura joango ziren ikastera, garai haietan eta baita ondorengo urteetan ere euskal herrietan usadio bihurtua zen moduan.
Mutiko oso normal eta korrientea zela aipatzen dute Eustakio orduan ezagutu zutenek. Txikia, isila, ikasketetan ez goitik eta ez behetik nabarmentzen ez zena, eta kirolzale amorratua. Lazkaon 1954an sartu zelarik, eta 1967an atera, esan liteke klero euskaldunak ezagutu duen girorik "saltsatsuena" oso gertutik bizi izan zuela.

Horren berri ongi daki gaur egun Lazkaoko Euskal Eskolako zuzendari den Dionisio Amundarain beneditarrak. "130 bat fraile eta frailegai bazen urte horietan Lazkaon, horietatik hogeita hamarren bat mezadunak eta hauetatik hogei bat gazte-gazteak. Eta tarte horretan euskal giroa betea zen".
Euskaraganako zaletasuna komentuan piztu zitzaion eta bere eskuetara erortzen ziren euskal liburu guztiak irensten omen zituen, nahiz eta bere fraile lagunek aitortzen duten sekula ez zela intelektual handia izan, baratzan lan egitea nahiago zuela.

Familiaren eragina ere ez da ahantzi behar. "Giro horretako asko karlisten semeak ginen", diosku Dionisioren anaia Benitok, "eta hire familiarekin hautsi behar duanean beste hari bati heltzeko krisi batetik pasa behar duk. Eta a tope sartzen haiz. Esan behar da hala ere ez zela hori Eustakioren kasua: bere aita beti izan da abertzalea, gerra garaian ere".

 

60KO HAMARKADAKO ERNEALDIA KOMENTUETARAINO ERE IRITSI. Eustakio baino zaharragoko beneditarrek beren kasa ikasten zuten euskara, baina bere garairako klaseak baziren eta antzerkiak ere egiten zituzten. Hala ere ez zen komentu barruko giroa erabat euskaltzalea izanen. Bazkari garaian liburu baten irakurketa entzuten zuten fraileek (gaur egun ere bai, antza), eta Eustakiok euskarazkoak sartzea lortu zituen bezain agudo kenduarazi omen zuten beste beneditarrek.

Berak segitzen zuen, hala ere, bere kasa eta inguruko institutu eta ikastetxeetako mutikoentzat (mutilentzat bakarrik) klaseak ematen zirenez Txikiak euskara eta dotrina edo historia ematen zuen, euskaraz.
Bitartean ordea, 60ko hamarkadan kalean giroa pil-pilean jarria zen. Gazte eta langile mugimenduak indarrean zetozen. Juventudes Obreras Catolicas (JOC) langile aldera gehiago makurtua, internazionalismoz eta bestez kezkatzen zena, batetik, Herri Gaztedi bestetik, nazio arazoari haboro lotua, euskara dela eta abar. Hirugarren bat ere bazebilen, Vanguardia Obrera Juvenil, jesuiten eta Comisiones Obreras-etatik hurbil eta ELAtik urrunago.
Gero ETAren fenomenoak sortzen zituen dinamika guztiak zeuden, propaganda bezala bilerak eta azken finean hildako militanteen aldeko elkartasuna ere bai denborarekin. "Gazte pila bat inguratzen zen Lazkaora", dio Dionisio Amundarainek, "eta multikopista ere hemen zegoen. Sekulako arma zen garai hartan multikopista".

 

ETXEBARRIETAREN HERIOTZAREN ASTINDUA. Baina kanpotik ikusten zen baino gazte gehiago zebilen "zerbaitetan". Eta Pardines guardia zibila hil ondoren inguratua zegoen Tolosatik atera nahian Benta-Aundin ETAk bere lehen militantea galdu zuenean, Txabi Etxebarrieta, espero ez bezalako mugimendua sortu zen herriz herri. Etxebarrietaren aldeko mezak.

Lazkaon ere antolatu zen elizkizun bat eta meza garaian Irun aldetik etorrita "Guerilleros de Cristo Rey" talde eskuindarreko sail bat azaldu zen elizan. Korura igo eta handik ari zitzaizkien protesta modu hartara agertzeko ausardia izan zutenei "!Cabrones!" eta "!Maricones!" oihuka. Bitartean, koru bazter batean beldurrez akabatzen zegoen fraile batek hots bat entzun zuen bere alboan: dorrean ikurrina jarrita jaisten ari zen Eustakio.
Hilabeteko egonalditxo bat egin behar izan zuen Eustakiok Martuteneko espetxean, meza haren ondorioz edo manifestaldiren batean parte hartzeagatik Gobernu Zibilak ezarri zion multa ez ordaintzearren. Eta Martutenen ere euskarazko klaseak ematen.

Handik aurrera gutxi iraun zuen Lazkaon Eustakiok, eta urtebeteko esperientzia egitea eskatu zuen komentuan, teologia ikasketak ia bukaturik meza emateko gutxi falta zitzaionean. Bilbon lana aurkituta, han aritu zen untzigintzako lantegi batean, Franco-Espanolan, 67tik 68aren hasiera aldera arte. Jada frailetza utzirik, Beasaingo tailer batean sartu zen lanean, eta aldi berean Magisteritza ikasketei ekin zien.
Baina adiskide bat atxilotuta, laster azaldu ziren bere etxera poliziak. 24 ordu eduki zituen poliziak zain etxean, alferrik: juxtu-juxtu alde egina zen.

 

EMAZTEA, HAURRAK ETA ELIZATIK EZ PASATZEA. Beneditarrek Estibalizen duten komentuan egon zen denboraldi batean ezkutatuta, Bidasoa zeharkatzeko aukera bat aurkitu zuen arte. Eta han Beloke-ko komentuan pasako zuen urtebete. "Ihesi zihoazenei", oroitzen da Benito Amundarain, "mantenua eta lo egiteko lekua oso merke ematen zieten Beloken, eta fraile ginenen, izandakoen eta sekula izan gabeen artean koadrila bat osatzen genuen han". Eustakiok Beloken egindako bost hilabeteetan makina bat errefuxiatu ezagutu zuen, haien artean gaur ELAko lehendakariorde den Leunda bera ere bai.

Baionan aurkituta laster jarriko zen hango txapitula batean bizitzen, beste lau iheslarirekin. Gaur egun Ipar Euskal Herrian dauden hegotarrei frantses administrazioak gorriak ikusarazten badizkie, orduan ere beren egoera ez zen batere erosoa. "Charte de Travail" nekez ematen zieten eta lanez aldatzen jardun behar izaten zuten sarri askotan. Gose grebetako argazkietan aurkitzen dugu Txikia.

Han jarri zen bizitzen Ondarroako neska gazte batekin, Anabel Zubikarairekin. Ez ziren hala ere elizatik ezkonduko, erabaki horrek inguruan istilu ugari sortu arren, eta beren bi haurrak ere, Matalaz eta Ekaitz, Euskal Herrian bataiatu gabe pasatzen ikusi diren aurrenetakoak izan ziren.

Horrela utzi nahi zuen argi eta garbi erlijioaganako bere jarrera, geroztik ere kristau izaten segitzen zuela uste dutenei arrazoia kenduz.

 

ZATIKETAREN ONDOREN, ETAK IA HUTSETIK HASI BEHAR. ETAko "mili"en nukleoa osatzen zutenek Donapaleu inguruko herrixka batean lantegi ttiki bat zuten eta haiekin bizitzera joan zen Eustakio. Iparraldea ongi ezagutzera iritsi zen eta hango abertzaleek gogoan dute oraindik ere bere gabardina berdearekin eta askotan mobilette batean ibiltzen zen Txikia.

Bi aldiz atxilotu zuen polizia frantsesak, bietan muga inguruan eta bietan arma zuela. Bigarren aldian kartzela ere ezagutu zuen eta Paueko auzitegiak aske utzirik, bi hilabete etxe batean ezkutuan egon ondoren Hegoaldera pasa zen. Handik laster eroriko zen.

Hegoaldean bezala Iparraldean ere euskaldun jendea lanean jartzeko nortasun oso berezia omen zuen. "Isiltasunaren izaria zuen", esplikatu digu borroka armatuan bezala bizitzan ere Eustakio hainbeste ezagutu zuen Jose Manuel Pagoaga "Peixoto"k. "Garai bateko euskaldun zaharraren hitz egiteko manerak, arrabotsak eta denak, oso ongi gordetzen zituen. Jende nagusiarekin izugarrizko berezitasuna zuen. Areago, esango nuke, garai hartan Erakundean ezagutu dudan gu baino hamar-hamabost urte gehiagoko jende guztia berak ekarria zen".

Eta jende behar handia zuen ETAk. Behar hori betikoa bada, aurreko erorketez gain Vl.ekoekin izandako tirabirek eta zatiketak erakundea ia hutsetik hastera kondenatu zuten. Gero "minos" marxista-leninistetan eta "mayos" (gehiengoa osatzen zutelako) troskistetan zatituko ziren "sesta"koen alde egiteak ia bakarrik utzi zituen fronte militarrekoak.

Miliek egin behar izan zuten apostuaz oroitzen da Txikiaren garaietan liberatu ibili zenetako bat. "Pentsa ze nolako kritikak jaso zituzten Behil kontsul alemana bahitu zutenean (Burgosko auzi famatuarekin lotuta egin zen bahiketa hau auzipean zeuden preso batzuek kondenatzeraino), Huarteren bahiketa egin zutenean. Ilala ere arriskatu egin ziren eta aktibista minoritario batzuk ez zirela erakutsi zuten; sistema izan baitzen eta ez herri mugimendua kolpea jasan zuena. Eta asmatu egin zuten."

 

"PUTO MILI" MESPRETXUAREN ERDIAN EUSTAKIOREN PRESTIJIOA. 70eko hamarkadako liberatuen lanak ez ziren gaur egunekoen antzekoak izanen, erakundea bezala egoera ere oso ezberdinak zirelako. Aipatu dugun liberatu-ohi horrek esplikatzen digu. "Agenda bat zenuen, eta hilabetean hainbeste aldiz taldeak zeuden puntuetatik pasa behar zenuen, kontaktoak egin, taldeei material teoriko eta logistikoa pasatu, azaltzen ziren arazoak konpondu eta abar. Gero eskola sozialak ere hor zeuden".
1966-67 urte horietan indarrean ibiliziren Eskola Sozialak, eta 71ean berriro hasteko saioak izan ziren, baina krisian zeuden, ETAk zekarkien krisiaren erdian. Ideia politikoen historia, materialismo dialektikoa, materialismo historikoa, ekonomia eta horrelako gaiak ematen ziren Eskola Sozial horietan.

Krisian zegoen ETA eta neurri handi batean horren sustraian langile mugimendutik zetozen militanteek "mili"enganako zuten konfiantza ezean zetzan. Debate ideologiko eta politiko oso bizien erdian, "mili"aren figura mespretxagarria izatera iritsi zen zenbait giro ezkertiarretan.

"Seigarrenekoek tipo bat hondoratzeko 'puto mili' deitzen zioten", diosku gaur egun Hegoaldean bizi den militante-ohiak. "Eustakiok eskema hori hausten zuen, ez baitzen "puto mili" ezjakin bat, klase zapalketa kontuan hartzen zuen, Fronte Obreroa bultzatzea proposatzen zuen..."

 

TOLOSALDETIK IRUNERAKOA ZEN BERE ZONA. Aparato militarra Eustakiok pertsonifikatzen zuen barruan lanean ari zirenentzat. "Nik esanen nizuke askotan bera zela eztabaida batean balantza definitiboki makurtzen zuena". Askotan izakera hutsez ingurukoei erasten zien konfidantzaz. Eta berak ikusi zuen anekdota bat kontatzen digu erakunde militarreko liberatu ohiak.

Preasamblada edo biltzarraurre batean langilegotik zetozen militante batzuek aztergai bezala puntu bat proposatu, zuten: borroka armatuaren beharra onartzen da baina momentu batean masei subordinatu behar zaio, edo behar izanez gero baita geratu ere ekintza armatuak.

Erakundean indar handia zuen batek aurpegi oso ona ez omen zuen jartzen. Eustakiok lasaitu omen zituen gauzak: "Hi... Iasai. Egun batean hauek geldirik egoteko esaten badigute, geldituko gaituk. Bi aldiz, baita ere. Hirugarren aldiz ere bai. Hortik aurrera, ikusiko diagu".

Baina Txikia ez zen direzioko gizona bakarrik, ezagutzen duten gehienek "barruan" (Hegoaldean) egindako lan eta ibileretatik ezagutzen dute. Tolosaldetik Irunerainoko zona zen berea. Erresistentzi borrokaren ardatz erakunde militarra jartzen bazuen, dinamikaren aintzindari izanen zen foko bat behar zen.
Eta bere zonaldean hori lortzen saiatu zen. Ekintzarik sendoenak ere zona hartan egin ziren, eta zenbait ekintzatarako (Donostian sindikatu frankistaren egoitza erre zenean, adibidez) beste eskualdetakoak ere haruntza biltzen zituen Eustakiok.

 

CHE GUEVARAREN LAN GUZTIAK BERE LIBURUTEGIAN. Borrokarako nukleo bat indartze saio horretan bere bailaran fronte banaketa klasikoa puskatu egin zen. "Hi militantea haiz, lan hauek zeudek eta punto", kontatzen du garai hartan Donostia inguruan funtzionatzen zuen batek. "Eta horrela lortu zen greba orokorrak antolatzea, Orbegozoko greba eta abar".

Peixotoren ustez, eta Txikiak planteamendua teorikoki ez zuela formulatua aitortuz, KAS txiki bat antolatu zuen eskualde horretan. ETAren estrategia ere ez zegoen gero bilakatuko zen bezain koerente eta garbitua. Eta kontzepzio taktiko bezala ikusten du Peixotok.

Baina hori horrela ulertzeko motibu bat badu Arrasatekoak: bere liburutegia ezagutzeko aukera izan zuela.
Txikiaren etxean, honako liburuok aurkitu zituen Peixotok: Che Gevararen obra konpletoak, Clausewitz-en "La Guerra", Orixek idatzitako "Santa Kruz Apaiza" eta Auspoa saileko bertso eta kanta guztiak.
"Baina bere jokamoldea ezagututa", dio Peixotok, "garbi iruditzen zait oso ondo ezagutu zuela Zumalakarregi eta bere taktika hautatu zuela, ez estrategia, bere taktika". Mao Tse Tung-ek ere irakurria omen zuen Londresen Zumalakarregiren bizitza. Eta Zumalakarregiren gerrari ekarritako berrikuntza ez zen izan batzuek dioten bezala gerrilla egitea. "Zumalakarregi izan zen gerrilla ejertzito erregularrarekin organikoki erabili zuen lehena. 25.OOO gizon erabiltzen zituen".

 

ZUMALAKARREGIREN ETA TXIKIAREN ARTEKO KOINTZIDENTZIAK. Ez da hori Jose Manuel Pagoagak Txikiari Zumalakarregirekin aurkitzen dion antza bakarra. Gainera, biak hil ziren Bilbo aldean eta biak Madrili erasotzeko dirua Bilbon aurkitu beharra zutelako. Jakina da Zumalakarregik Madrila joan nahi zuela, gerrako ekilibrioak karlistek eraso hori egiteko egoki samarra zirudienean, baina Don Carlosek agindu zion beharrezkoena Bilbo hartzea zela, hura hartuta bai zelako posible Madrili ekitea.

"Txikiak ere ez zuen Bilbora joan nahi. Eta hala ere haruntza egokitu zitzaion joan beharra. Madrilen jotzeko azpiegitura sendoa behar da eta garai hartan ari zen ETA Altos Hornosko atrakoa prestatzen. Bera arizen horretan beste batekin eta ez zitzaien detaileren bat edo beste baino falta, ihes egiteko kotxe bat lortu eta detaile batzuk. Eustakio hil eta laster egin zen atrakoa. Carreroren bolatzea ere orduan zegoen planteiatua".

Antza guzti horien sustraian Eustakio Mendizabalen jatorria ikusi behar da: herri txiki batekoa, baserri girokoa. Hori ageri da ezagutu zutenek kontatzen duten hainbat anekdotatan. Izakera isilekoa, eztabaida batean ez zuen parte hartuko beste guztiek esandakoak bazterretik entzun arte. "Baina ehiztari edo menditar izakera denetan zuen. Erreka -Bidasoaz ari da, noski- pasatzerakoan ere zulo batean ezkutatuta katu baten tankeran egongo zen eta halako batean, inguru guztiak ongi erreparatuta, korri!".

 

NON DA MENDIA. Mendiari urte haietan eman zitzaion garrantzia ere bide beretik doa. Gordeleku eta biltoki bezala lehen ez bezalako inportantzia eman zitzaion mendiari, basoari, -ETAren zuzendaritzan asko giro horretakoak zirelako.

Mendian ziurtasuna. "Edozein lekutara joan, eta lehendabiziko gauza: non da mendia? Bilbo aldera joan ginenean ere, hi, eta ihes egiteko nondik? Eta, begira: hango mendi haietatik gainez-gain Gorbeiara iritsiko haiz. Handik aurrerakoa badakik".

Hiri handiek sekulako beldurra ematen zieten gizon haiei klandestinitate lanerako. Beste batzuek aldiz, urteen buruan ETAren buruzagitzara iritsiko zen Jose Migel Benaran "Argala" adibidez, primeran mugitzen ziren hirietan. Baita Madrilen ere, herri txikiagoetan baino han lan egitea askoz ere errazagoa zela esaten zuten.
Txikiak, dena dela, mendirako dohain izugarri bat zuen, Euskal Herriko mendi gehientsuenak ezagutzen zituelarik, eta gorputz oso gogortu bat. Duela gutxi , gutxi GALek jarritako bonba baten ondorioz hil den Tomas Perez Revillagatik esaten dute botak erostera joanda esan ohi zuela: "Dame unas botas, pero como las de Eustakio, con motorsito".

Mendiarekiko eta basoarekiko maitasun horretan frailetzatik pasatako beste askoren kide ere bada, eta Gandiagaren poemak irakurri besterik ez dago. Hor lotu beharko da Teillard de Chardin batek bere obrarekin Elizan bezala gazterian garai batean izandako eraginarekin.

 

TXIKIA EUSKALTZALE ETA POETA. Eta euskara zen bere bizioa. Bere emazte izan zen Anabelek dio denbora librerik hartzen bazuen euskarazko liburuak irakurtzeko zela. Berdin Axular bera. "Ezagutzen duzu hemen Ondarroako kaleetan egoten den giroa, poteoa, gauetako giroa eta abar. Eta Eustakio berriz ez zen sekula irten zalea".

Euskara pilo bat irakurri zuela bere poemetan ageri da. Bizkaiko bezala Iparraldeko aportazioekin, bera hil eta geroago finkatuko zen euskara batura asko urreratzen da. "Ama, txukatu negarrak"
bertsoak irakurri besterik ez dago.

Penagarria da dena dela bere idatziekin suertatu dena. Bere oroimenean beneditar izan zen garaian idatzitako bertsoak biltzen dituen koadernillo bat eta "Olerti" aldizkarian argitaratutakoak baino ez zaizkigu geratu. Beste mordo bat ere bazen, eta interesgarrienak seguru aski, klandestinitate lanean zebilenean idatzitakoak. Baina bere biografia eta lanekin liburu bat egin behar zela eta bildu ziren material horiek guztiak galdu egin dira. Horien aztarnarik ateratzeko egin ditugun ahalegin guztiak alferrikakoak suertatu dira, tamalez.

Euskararen borroka ez zen, ordea, bere borroka pertsonal gisa bakarrik planteiatzen, eta ETAko zuzendaritzan egoteko jakin beharreko baldintza suertatu zen. "Orduan aurrean genbiltzenok euskal hiztunak ginen, hori da asuntoa. Eta erdaraz berba egiten genuen Fronte Obrerokoak zetozenean eta hola".

 

EHIZTARIEN INTUIZIOA. Orain arte ikusitakotik atera daiteke Txikiaren dohain nagusienetakoa: intuizioa. Bere "usaina", ezagutu zuten guztiek aipatzen dute. Intuizio horrek salbatu zion bizitza behin baino gehiagotan.

Baina aldi berean harekin lan egitea oso zaila zela diosku direzioan ezagutu zuen batek. "Egun batean izugarri haserretu eta esan nion: `Hi, Eustakio, hik ezduk hemen egingo nahi duana, entzuten duk?' Zuri-zuri eginda zutitu zen... eta ez zuen ezer esan. Hutsa falta zitzaion muturreko bat emateko".
Baina jarraitu genuen eta erabakia hartu. Beti izaten da problema noiz gelditu eta noiz hasi. Geldiuneak markatzea oso gaitza izaten da beti, jendeak ez baitu geldirik egoteko gogorik izaten. Geldi egongo ginela erabaki genuen orduan. Hurrengo egunean etxera joan ginen, jaiki goizean eta galdetu nion bati: `Hi, Eustakio non jak-'. `E'txak'. `Non kristo jak ba hori-'. `Papertxo bat utzi dik'. Ate azpian papertxo bat utzia zuen: `Ene gizonak beha zeudek. Agur'. Nerehaserrea!

Baina berriz zetorrenean oso ondo hartzen zen. Lehentasunak jartzen oso zuhurra zen, eta argi ezagutzen zituen Erakundearen beharrak. Kasu hartan, adibidez, eman dezagun kaxan hogei mila duro zeudela eta tipoa bueltan hamar milioirekin etorri. `Joder, hi, kristoren batxetik atera gaitxik' eta ezin gaizki hartu".

 

OBSESIO BAT: HERRIAREN KONFIDANTZA. Estrategia hasiera batean bederen erabat argitua eta zehatza ei zela ETAn orduan zuzendaritza inguruan ibilitakoek berek aitortzen dute. Franco bizirik eta sendo, ia hilezkor, ikusten zen garai haietan nola zehaztu estrategia politiko batean printzipioetan azaltzen zena.
Bi giderren inguruan ikusten du Peixotok Eustakio Mendizabalen bide politikoa: abertzale izateko euskara behar da; eta nahiz eta abertzale izan eta euskaldun, horren alde borrokatu, borroka erreal bat. Eta berdin kritikatuko zituen espainolismo aldetik zihoazenak bezala abertzale erradikal aitortu eta borroka dinamika batean sartzen ez zirenak.

Guztiaren muinean berriz euskara. Behin talde batean galdetu omen zioten: ea zein zen ETAren marko politikoa. "Gure borrokaren marko politikoa- Hizkuntzak ematen duena".

Eta horrekin batera gizontasunaren printzipioa. Gizontasuna, zintzoki jokatzea, Herriaren konfidantza lortzea. Bere obsesioa beti "Herria konfidantza galtzen ari zaiguk" izaten omen zen. Itsasondotik ezagutzen zuen eta geroztik ere traturik galdu ez zuen Inaki Larrañagak dioen bezala, edozein ekintzaren ondorengo betiko galdera zuen: "Hi, eta zer esaten dik jendeak".

Erakundea zuloan zegoeneko garaiez oroitzen da Peixoto. "Gizon izan beharra zegoen, arlo guztietan, Herriaren konfidantza lortzeko. ETAren konstante bat izan da daraman urte mordoan: gauzak erreibindikatu, nahiz eta kontrakoak izan, egia esan... ETAren kapitalik handiena gaur egun bere sinesgarritasuna da".

 

EKINTZA AZKEN MUGETARAINO. Kristautasunetik apartatua bazen, marxista izatera ez zen iritsi, antimarxista sekula izan ez bazen ere. Beharrik sentitzen ez zuelako. "Hemen aurrera egiteko Herriak sentitzen duena egin behar da, hortik aterako diagu". Militantzia oso estrikto batera zeramaten printzipio zabalak.
Eustakioren denboretan azalduko zen gero ETAren historian hainbesteko pisua izango zuen militante gaztea: Jose Migel Benaran "Argala". Hasieran militante zaharrei dogmatiko iruditu zitzaien gazte hark emango zuen "Herriaren alde hiltzea" filosofiatik aurrerako urratsa, beste bat erantsiz: "Irabaztea".

Txikia, ordea, politiko baino ekintzaile zen eta oroz gainetik erabateko militantea. Baina ez militante gogorra seguritatea "a rajatabla" eramateagatik, edo bizimoduaren austeritateagatik bakarrik. ETAren V. asanbladak jarritako fronteen planteamentua segitzen zen. Lau fronte, eta laurak enfrentamentu biolentoa eskatzen dutenak. Eta lauen artean borrokarik gogorrena armatua, nahiz eta oso ondo ulertu beste batzuek beste lanak egitea.
Baina fronteak beretzat periferialak ziren, baita erakunde armatua bera ere. Beretzat garrantzizkoena zentro bat egitea zelako. Foko bat, dinamikaren aintzindari izango zena. Peixotok definitzen duen bezala: "Zuzendaritza ez zuen egingo ideialak zituenak, dinamika zentro hori eramaten zuenak baino".

 

"ETA GERO? BORROKAN HIL". Lan handia egin zen bost urte haietan, eta garai haietako egunkarien orriak dira lekukorik onenak. Txikia etxean bezala ibiltzen zen batera eta bestera. Bere gurasoek aitortzen dute askotan ikusten zutela pasatzen, batzuetan agur eginaz, bestetan periodikoarekin aurpegia estaliz. Jende askok ezagutzen zuen.

Ibilera hark nora zeraman bazekien, bestalde. Heriotzari ere usaina hartzen baitzion Eustakiok. Benito Amundarainek kontatzen du nola egun batez Donostiako Alde Zaharrean aurkitu zuen. "Baina zer habil hemen?". "Badakik, ibili beharra zegok eta..." Eta aurreraxeago: "Hi, egunen batean... bazekiat, nik horrela hil behar diat".

Joxe Manuel Pagoagak kontatzen du beste hau. "Ni ihes egin berria izaki, eta uste nuen bizia arriskatu behar banuen nola irabaziko genuen ere ikusi nahi nuela. Egun batean bere etxera joan eta galdetu nion ea zer egin behar genuen. `Orain, kanpaina hau eta gero beste hura'. Eta nik: `Eta gero?'. Gero halako eta bestelako. `Eta gero' eta segi; eta halako batean: `Eta gero?' `Borrokan hil', horrela, ahotsik mudatu gabe. Eustakio konturatzen zen garai hartan hil egin behar zela. Herri bat ginela, askatu egin behar genuela eta... borrokan hil".

Baina aldaketak bazetozen. Eta aldaketa horretan ETAren sendotzea. Gero eta ekintza anbiziotsuagoak eta arriskugarriagoak. Bilbon sartu beharra zegoen, eta Eustakiok usain txarra hartzen zion. "Ni hemen ezagutzen nautela esaten ditek, baina hau ere nik ondo ezagutzen diat. Baina Bilbon zer, nora jo, nondik egin ihes?".

 

HAINBESTE BELDUR ZION BILBO MADARIKATURA. Nahiko gertutik zebilzkion azken hilabeteetan poliziak. Azkeneko eskapada, sekulakoa, Zumarragan egin zuen, eta suerte handi batekin eta dena arriskatuz lortu zuen hango kanposantutik barrena ihesi ateratzea.

Baina Bilbora joan beharra zegoen. Carreroren operazioa martxan zegoen eta beste batzuk ere zehaztu beharrean zeuden, karnetena eta Altos Hornosko atrakoa esate baterako. Hala ere, azken eguna ongiena berarekin ibili zen Peixotok konta dezake.

"Gauza da Eustakiok deitzen didala Bilbora, ezdakit zertarako. Jartzen dit zita Errekaldeko taberna batean eta han elkartzen gara hamar-dozenaren bat ilegal. Eta esaten dit nik berekin joan behar dudala.
Ateratzen gara taberna hartatik, kristoren multzoa, klaro, eta hor datoz bi kotxe beltz, milkinientosak biak, bete-beteak. Ikusi genituen, dudarik ez txakurrak zirela, baina ez ziren ausartu ezer egitera. Aurrera segi zuten eta... bakoitza bere aldetik. Eustakio eta biok Matikora. Orduan ezagutu nuen Matiko.
Etxe batean sartu eta han bazkaldu genuen. Madrilgo komandoaren ordezkari bat zegoen han, Carrerorena prestatzen ari zirenetako bat. Carreroren ekintza ezeztabaidatu zen, eta baita karnetena ere. Eta seiretan Algortako tren geltokian egoteko."

 

ALGORTA, ARRATSALDEKO SEIAK GELTOKIAN. Seietarako Algortako estazioan nengoen, trenaren zain. Irteten da Eustakio trenetik, heldu da niregana, betiko bere tabardo berdearekin, eta hiru bat metrora seinale bat egiten dit ahoarekin, hortzak hola jarrita. Eta atzetik gizon multzo bat ikusten dut, baina bi aurpegi ditut buruan, kristoren gizon tzarrak, hamarren bat. Parean jarri naiz eta Eustakiok: `Atzetik zetozek'. `Ziur hago-'. `Bai, ziur nauk'. `Bueno, goazen haruntza, ea segitzen gaituzten'. Eta haiek beti atzetik.

Jarraitu genuen, bueltan-bueltan, eta etxe baten portal ondoan geratu ginen. Begiratu atzera eta ordurako denak linean zetozen, zabalean, bidea oso-osoan hartuz, eskuak hola txaketan sartuta (bizkar zainen ohizko keinuan). Eta Eustakioren aurpegian heriotza zen, klabao, aho ingurua zuri-zuri.
Bat-batean, arnasa hartu zuen eta `korri egin behar diagu!'. Lasterka hasi eta besteak atzetik tiroka. Lehenengo kolpetik distantzia hartu nion Eustakiori; baina orduan ez du funtzionatzen buruak, nik uste, instintoak funtzionatzen duela, eta frenatu egin nuen, berari itxoiteko.

Aurrera gindoazela korrika, berrogeitamarren bat metro egingo genituen, eta nik eskailera batzuk ikusi nituen eskumatik, eta bidea mendi-ebaki baten ondotik zihoala. Nik eskailerak hartu nituen, igo abiada batean eta goian, kaxko batetik, behera begiratu eta ikusi nuen azken aldiz Eustakio, oso hurbil besteengandik, eta tiroka.

Behetik gora nire atzetik ikusi nituen, eta aurrera egin nuen eskaileretatik gora, lehengo kale berera irten berriz, eskaratz batean sartu eta txaketa bota, Garratzek emandako txaketa marroi bat, eta irten egin nintzen. Txaketa... goizean errietan aritua nintzaion Eustakiori: `Hi ere ba haiz bada, Ostegun Santu eta erropa kabroi horiekin, txamardo alu horrekin'. Bera ere ez zegoen bromatarako eta: `Hauek ere Ostegun Santuan ibiltzeko arropak dituk'.

Kotxe bat hartu eta etxe batera sartu nintzen. Eta kotxe hura semaforo batean zegoela, orduantxe pasa zen anbulantzia bat Bilbo aldera. `Izorratu haute, Eustakio' pentsatu nuen nere artean. Tiroteoa hasi eta anbulantzia semaforotik pasatzen ikusi artean ez ziren bost minutu baino asko gehiago pasako".

 

ETA-REN JAUZI KUALITATIBOA TXIKIAREN GARAIETAN. Biharamonean, ostiral sainduz, Txikiaren heriotza azpimarratzen zuten egunkari guztiek. "El Correo Espanol-El Pueblo Vasco" egunkariak adibidez hala titulatzen zuen bere lehen orria: "Eustaquio Mendizabal, muerto a tiros al enfrentarse a la policia en Algorta. Era el maximo responsable del frente militar de la E.T.A". Gainean norbait engainatzeko bitxikeria bat: "La zona vasco-francesa espera con ansiedad la entrada de Espana en la C.E.E. Bayona no estaria arrinconada y su puerto seria ampliado. Guipuzcoa, Alava, Navarra y Vizcaya podrian contar con el aeropuerto de Biarritz-Parme". Beste egunkariek ere Eustakioren jefe izatea azpimarratzen zuten. "La Gaceta del Norte": "Aqui murió el jefe de ETA".

Buruzagi nor den eta militante bakoitzak erakundean ze nolako pisua duen jakitea ez da erraza izaten, klandestinitatea hain estu gordetzen duen organizazio batean. Baina Txikiaren garrantzia nabarmen geratu da. Areago, bere heriotzaren ondoren ekintzen beheraldi bat ikus daiteke.

Eustakio Mendizabal ekintzan ibili zen garaietan ETAk jauzi kualitatibo bat eman zuen bere agerpenetan. Behil kontsul alemanaren bahiketa, Zabalaren bahiketa (euskaldun bat bahitzen zen lehendabiziko aldia), Huarterena, Sindikatuen erreketa, Orbegozo eta Pasaiko kamionetaren atrakoak, Hernaniko harrobitik dinamita eramatea... Eta ekintza gehienak Oreretatik Tolosarainoko eskualdean ematen dira.

 

TXIKIARENGANDIK ARGALARENGANA. Txikiarengandik Argalarengana Poliziaren taktikak denbora batez gainditurik edukitzeaz gain, ekintzen azeleratzearen eragina alde guztietan antzematen zen: langile mugimenduan eztabaidak sortzen ziren, Eliza konpromezu batean jartzen zen gertakizunen interpretazio bat ematerakoan. Europa mailan bestalde aparteko oihartzuna hartzen zuen euskal nazio arazoak, eta kazetariak hurbiltzearekin batera solidaritate batzordeak hasi ziren antolatzen han-hemenka. Beren laguntza 1975ean, Txiki eta Otaegiren afusilaketen aurrean, erakusteko aukera izango zuten.

ETA militanteek garai horretan eman behar duten beste urrats bat aipatu digu Txikiaren denboran militante izandako batek. "Heriotzaren posibilitatea erreal bihurtu zen guretzat Eustakioren hilketarekin. Polizia ere ikasten ari zen, eta Txikiaren eta bere ondoren etorri ziren heriotzei erreparatzen badiezu, konturatuko zara atxilotzeko ordez liberatuak hiltzeko ordena zutela".

Txabi Etxebarrietaren heriotzarekin kale mailan halako haserre erreakzio gogor bat izan zen bezala, Txikiarenean pena eta ezintasun sentsazioa zabalagoa izan zen. Mito baten erorketa. ETAren ekintzak ere, kopuruz bederen, urritu egin ziren, erorketa eta heriotza gehiago ere izan baitzen ondorengo hilabeteetan: Iparra, Artetxe... Baina bere eragina kualitatiboki mantendu egingo zen, Carreroren boladura famatuarekin punturik gorenetakoa harrapatuz.

ETAk izan duen beste gizonik inportanteenetako bat aurkituko dugu berehala, Jose Migel Benaran Ordenana "Argala", Itsasondoko semearen aldean erabat ezberdina. Baina hark bezala erakundeari dinamika eta abiadura azkarrak erantsiko dizkiona.

Gatzaga Taldea

(Larrun 25. zenbakia)

 



Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: Sareko Argia
ARGIA. Industrialdea, 15. 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403