Herri telebisten izaera
eta egoeraren inguruan duten iritzia jakin asmoz, hainbat
esparrutako pertsonengana jo dugu.
Artikuluari edo herri telebistei buruz norbaitek iritzirik
eman nahi badu,
leiho hau bederen zabalik du.
Jon Aldanondo
Joxemanuel Irigoien
Luis Alberto Aranbarri "Amatiño"
Edorta Arana
Beste iritziak
Herri Telefiesta
Jon Aldanondo
(Arrasate Telebistako Zuzendaria)
-Hik zertan
lan egiten duk?
-Ba telebistan
-Telebistan? ETBn ezta?
-Ba ez
Herri telebista batean.
Eta aurpegia aldatzen zaie.
Hori izaten da bapateko emaitza horrelako erantzunen
bat eman ezkero. Jende gehienak ez daki Herri Telebista
baten inguruan zer dabilen edo zer mugitzen den: politiko
batzuk bere propaganda egiteko erabiltzen ote duten,
edo zenbait txoriburuk jolaserako sortutako gailua ote
den pentsatzen dute.
Orain arte horrela pentsatzeko
motiboak izan dituzte, baina gauzak pixkanaka aldatzen
ari direla ematen du. Herri Telebisten mundua errealitate
bihurtzen ari dela konturatzen hasi da gizartea. Gehienbat
zenbait herritan eman diren esperientzien ondorioz.
Hasiera batetako ilusio eta gogoak gauzatu egin dira,
etengabeko esfortzuen ondorioz. Hala ere gaur egun behar
beharrezkoa den gauza bat falta zaio Herri Telebistari,
Herri Telefiesta izan ez dadin: gobernatuko dituen legea
hain zuzen ere.
Telebista lokalei buruz legediak
duen hutsunea aprobetxatu eta abentura batetara salto
egin genuenak oraindik ere hemen gabiltza, zer izango
garen edo zer egingo dugunaren zain. Perretxikoak letxe
telebista sortzeko formula dela dirudi. Herri bat, telebista
bat. Hara zer eslogana. Gobernuak honi nolabaiteko irteera
eman behar lioke, zirt edo zart. Azken finean, telebista
bat enpresa bat da: bere langileak ditu, bere lanabesak,
produktu bat du, eta diru sarrera eta irteera batzuk.
Baina alegaltasun egoera honek dioenez, gure enpresa
ez da gobernuaren inongo zerrendatan agertzen.
Bi aukera ote dituzte herri
telebistek legeztatzeko? Bata, lehengo leloari helduz,
herri bat, telebista bat. Edo bestea, bailara edo herri
bilkuretako telebistak sortu? Bigarrengo honek nolabaiteko
galbahea pasa beharra ekarriko luke, baina aldi berean,
sare gainean geratuko liratekeen proiektuak serioak
eta sendoak izango lirateke. Eta txikienak, zer? Handiagoekin
elkarlanaren bidea jorratu edo auskalo. Ea laster jakiten
dugun.
Herri Telebista batez ari
garenean, ez naiz ari soilik 20-30 mila pertsonako herriez,
Euskal Telebista bera ere zer da ba, Zoom-a atzera bota
eta zer geratzen zaigu, bere handitasun horretan txiki
geratzen den telebista, beste batzuekin konparatu ezkero.
Eta jakina da, laster kable bidezko telebista martxan
jartzen denean mundu guztira zabaltzeko aukera izango
dugu eta orduan gure gabeziak ikusteko modua izango
da.
Zer datorkigun gainera ikusita,
hemen gabiltzanok elkar estutu baino laguntzen jakin
beharko genukeela iruditzen zait. Enbidoa Txoritxodun
enpresarentzat doa, herri telebista txiki batek, herri
telebista handiari kalte baino mesede egin diezaioke,
ez dudarik egin.
Etorkizuna irabazteko,
euskara herri telebistetarat
Joxemanuel Irigoien
(Ttipi Ttapa Fundazioko gerentea)
Telebista mundua osatzen ari
da ziztu bizian. Dagoenekoz, estatu edo autonomi mailako
telebista generalistak ez dira euskal herrialdeetako teleikusleok
eskuragarri ditugun aukera bakarrak. Historiara pasatu
dira zapping egiten hasi eta sei-zazpi aukera genitueneko
garaiak.
Izan ere, kable eta satelite
bidezko kate espezializatu haundiek irauli egin dute
telebistaz zegoen kontzeptu klasikoa. Hori alde batetik.
Eta bertzetik, informazio lokalak gizartean sortzen
duen interesaren ondorioz telebista lokalendako gero
eta garbiago ageri den lekua betetzen ari da poliki-poliki
sortzen ari diren herri telebistekin. Gauzak horrela,
aipatu bilakaeraren ondorioak soma daitezke dagoenekoz
orain arte ezagutu ditugun telebista kateetan; programazioaren
diseinuan pisu haundiagoa dute orain saio tematikoek
(kirola
) eta aldiberean, kate horiek beraiek edizio
lokalak sortzen hasi dira (deskonexioak herrialdeka).
Bainan kontzeptu edo planteamendu
mailan aldaketak gertatzen ari badira ere, aukera ugariko
itxaso zabal horretan, ia dena da erdaraz orain ere
(ingelesez, frantsesez, gazteleraz). Telebista kate
haundiak erdaraz mintzo dira. Euskal hiriburuetan dagoenekoz
martxan hasiak diren sei (6) herri telebistak ere, izaera
komertzial soilekoak, gazteleraz mintzo dira ia beti.
Eta egia erran, ez da harritzekoa hori gertatzea. Euskara
dagoen egoera soziolinguistikoan egonik, hizkuntz eskubideen
printzipio edo antzeko bertze planteamenduen gainetik,
merkatu librearen dinamika gailendu egiten baita mekanikoki.
Homogeneizazioaren alde eta hizkuntz-kultur aniztasunaren
kontra jotzen duen merkatu librearen dinamika, alegia.Momentu
historikoa da, beraz, orain eta hemen bizi duguna. Hortaz,
etorkizuneko belaunaldiei begira euskara biziberritu
nahi baldin bada, informazioaren arloko teknologia berriak
eskuratu beharko dira ahalik eta azkarren.
Zentzu horretan, tresna, produktu
eta teknologia horiek eskaintzen duten ahalmen guztiei
onura atera ahal izateko, nahitaezkoa da euskararen
garapenerako duten garrantziaz ohar gaitezen herrietako
gizarte ekimen, erakunde publiko, elkarte eta enpresak
oro har. Oharmen horren ondorioz posible izanen da modu
egokian erantzutea bizi dugun momentu historikoari.
Izan ere, hainbat herri eta
eskualdetan abiatuak dira azken urteotan euskarazko
herri komunikabideak. Herri aldizkariak eta irratiak
ditugu han eta hemen. Oinarri horiek hortxe daudela,
hauxe da momentua herri telebista eta bideo kazetekin
informazioaren arloan oraindik bete gabe dagoen lekua
betetzeko. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak
Toki Telebisten Lege garapena oraindik onartu gabe duten
arren, erne ibili eta dauden aukerak/mehatxuak eta sendotasunak/ahultasunak
lehenbailehen aztertu behar dira. Saiakera horretan
lortzen bada gizarte ekimena erakunde publiko, elkarte
eta enpresa ugariren inplikazioarekin uztartzea, ahalegina
ez da alferrik galduko.
Herri telebisten funtzio ugariak.
Euskal Herrian oraindik berria da herri telebisten mugimendua,
nagusiki 90. hamarkadakoa. Zehatzagoak izateko, lehen
herri telebista Eskoriatzan sortu zen 1985ean. Argia
astekariak joan den maiatzaren 17ko alean agertu zituen
datuen arabera, Araban 2 daude, Bizkaian 4, Gipuzkoan
9, Iparraldean 1 eta Nafarroan 4. Denetara 20, eta horien
artean badira eredu, eduki, ingurune eta motibazio desberdinekoak.
Hogei 'txori txiki' horietatik hamazazpi azken zortzi
urteotan sortuak dira, eta bakarrik 5 dira osoki euskaraz
emititzen dutenak (iparraldeko 'Ele Bista' bideo kazeta
kontatuz gero 6).
Guk geronek duela hiru hilabete
(1998ko ekainean) jarria dugu martxan TTIPI-TTAPA TB,
izen bereko herri aldizkaria sortu zenetik 17 udaberri
bete direnean, eta honek gaur egun duen eraginaren osagarri
izan dadin.
Bertze herri telebistetan
egiten denari begiratuta eta guk geuk aldizkariarekin
bildutako esperientziari esker eta telebista martxan
jartzeko egindako azterketari erreparatuz, funtzio ugari
betetzeko tresna paregabeak direla ondorioztatzen ahal
da. Hona, nire ustez funtziorik garrantzitsuenak:
a.-Informazio
lokala jorratzeko egokienak dira. Gure eskualdean
konparazione, Nafarroako iparmendebaldean, hedabide
desberdinetan agertzen den informazio guztiaren artean
jendeari interes gehien sortzen diona, bere herri eta
inguruko herriei buruzko informazioa da. Halaxe ageri
da 16 urtetik gorako 20.979 biztanleko unibertso batetik
1.632 pertsonek erantzun duten inkestaren emaitzetan.
Egia da datu hauek toki zehatz batekoak direla, bainan
seguraski, joera adierazteko arras baliagarriak dira.
Dena den, tokian
tokiko berezitasun soziolinguistikoak direnak izanda
ere, bistan da herri komunikabideak izaten direla, normalki,
informa-zio lokala kantitate eta kalitatean eskaintzeko
dauden komunikabiderik egokienak. Bertakoak izanik,
hedabide horietan geure bizimoduaz, geure arazoez, geure
besta eta dibertimenduez, eta geure bizilagunez hitzegiten
dute. Azken finean, hortxe dago diferentzia; bertan
eginak daude bertakoen eskutik, auniztan kalitate eta
prezio egokian, eta gainera, bertako informazio ugari
ematen digute hemengoari buruz.
TTIPI-TTAPAren
kasuan bezala bertze kasu ugaritan ere, telebistarekin,
aldizkariak edo irratiak jada egiten zuen lana osatu
egiten da. Herri edo eskualde telebistari esker, oraintxe
aipatu ditugun informazio-eskaintzaren kantitate eta
kalitateari, informazioaren puntualtasuna ere gehitzen
ahal diogu, medioak berak eskaintzen dituen ikusgarritasun,
ahalmen eta berezitasunekin batera.
b.-Zerbitzuak
eskaintzerakoan ere, hurbilenak eta osoenak. Bainan
herri telebista batean etxetik hurbileko informazioa
ez ezik eskaintzen diren zerbitzuak ere hurbil-hurbilekoak
eta garrantzia haundikoak dira herritarrarentzat. Pisu
bat errentan hartu nahi duzula; telebideoan edo telesaio
berezi batean zure hiloba bere urtebetetze egunean zoriondu
nahi duzula argazki eta guzti; herriko lantegi batek
egiten duen lan-eskaintza ezagutzeko; udalak deitu duen
batzarraren berri izateko edo
senide baten hileta-elizkizunak
gaur arratsaldeko 6etan izanen direla jakinaraziz eskela
bat emititzeko, guzti horretarako eta bertze hainbat
gauzetarako aukera ematen du herri telebistak. Eta jakina,
zerbitzu horietako gehienak bete gabe geldituko ziren
lokala ez den telebista batean.
d.-Identifikazio
eta integrazio kolektiboa bultzatzeko tresna eragin-korrak
dira. Populazioaren gehiengoarentzat norbere herria
eta eskualdea identitate elementuak dira. Inguru geografiko
horietan sortu eta gorpuztu dira betidanik hainbat errealitate
sozial, administratibo eta ekonomiko.
Horiek horrela, herri telebistek
gune horien barnean lokarri funtzioa bete eta indartzen
dute, batez ere telebista saioen eduki eta formetan
asmatzen denean. Orduan, telebista horrek bere inguruan
duen presentzia eta eragina segurtatua izanen da, jendearentzat
erreferentzi puntu izatea lortu duelako
Eredu desberdineko herri telebistak.
Normala den bezala, herri telebista bakoitza desberdina
da. Telebistaren izaera eta helburuak, kudeatzaileen
profesionaltasuna eta trebezia, produktuaren kalitate
maila, finantziaziorako duen ahalmena, eta guztiaren
gainetik inguruaren ezaugarri sozial, ekonomiko eta
geografikoek eragin zuzena dute telebista bakoitzaren
nortasunean.
Bultzatzailearen izaerari
begiratuz, bi multzo edo aukera nagusi daude: ekimen
pribatutik sortutako herri telebistak eta erakunde publikoek
sortutakoak. Kontuan izan behar da instituzio publikoen
gidaritzakoa ez den guztia pribatua dela lege kontzeptuen
arabera. Baliteke jabetza mixtoko sozietateak osatzea
telebista lokala kudeatzeko, eta baita ere elkarte edo
sozietate pribatuak udalarekin egin duen akordio eta
hitzarmenen bitartez finantziatzea.
Euskal Herrian, dena den,
gaur egun dauden 20 herri telebistetatik 18 ekimen pribatuak
bultzatuta sortu dira. Horietatik gehientsuenak sozietate
merkantilak dira eta gainerakoak irabaz asmorik gabeko
erakundeak. Finantziazioari dagokionez, bertzalde, hiriburu
eta hirietako ia guztiak publizitatearekin finantziatzen
dira. Euskarazkoak, ordea, dirulaguntzak bilatu behar
izaten dituzte urteko aurrekontua estali ahal izateko,
hauen autofinantziazio mailak ez baitu kontuetan kitto
egiteko haina ematen. Aalabaina, euskara biziberritzeko
duten garrantzia kontutan hartuta, gisa honetako ekimenak
interes sozialeko tresnak dira, eta zentzu horretan
arrazoizkoa ez ezik legezkoa ere bada entitate horiek
administrazioaren aldetik aldeko tratamendua jasotzea,
bai ekonomikoa eta baita fiskala ere. Nafarroako Gobernuak,
adibidez, TTIPI-TTAPA Fundazioa interes sozialeko erakunde
izendatu du pasa den uztailean, eta horren ondorioz,
Nafarroako Ekonomi eta Ogasun Departamentuaren aitzinean
tributu araubide berezia eskuratu du.
Bistan da kondizionante ugari
daudela. Beraz, egoera eta errealitate bakoitzak eredu
'propioa' sortzera behartzen du, azkenean.
Herri Telebisten elkartea
sortu berri da. Ekainaren 26an osatu zen formalki Euskarazko
Herri Telebisten Elkartea Oiartzunen. Sortze ekitaldian
Oartso Telebista, Ttipi-ttapa Telebista eta Ele Bista
bideo kazetak parte hartu zuten. Era berean, Xaloa Telebista
eta Arrasate Telebistak ere adierazi dute euren atxikimendua.
Elkarte honen lehen egitekoa
'Euskara Herri Telebistentzat' gizarteratze kanpaina
burutzea izanen da, elkarte, erakunde eta pertsonaiak
ideia horrekin bat egin dezaten.
Gauza berriak
egiteko lehen urratsa izan liteke honako hau. Ea egia
den!
Euskal
eredu egoki bila
Luis Alberto Aranbarri
"Amatiño"
(Eusko Legebiltzarreko Lehendakaritza Saileko Kabinete
burua eta ETBko zuzendari ohia)
Lau geografi-eremutakoa
da Euskal Herrian jaso ohi dugun teleprogramazio-eskaintza
komentzionala: estatala (Espainiatik zein Frantziatik),
nazionala (ETB), lurraldekoa (ETBren deskonesio berriak)
eta, zenbait hiritan, tokian tokiko herri-telebistak.
Gu, esate baterako, iparamerikarrak bagina, lau geografi-eremutako
programazio-eskaintza horiek katea berean jasoko genituzke,
egunean zehar ordu ezberdinez eta sintonia bakar batez
alegia. Baina, europarrak ezezik espainiarrak (edo frantsesak)
ere bagarenez, indarrean dugun eredua ere halakoxea da.
Egoera politikoa
erdi normala izan balitz, ETB ez zen orain dela hamabost
urte berekaxa eta TVEz aparte (eta kontra) sortuko, Galesko
telebista BBCren baitan eragin izan den bezalaxe baizik.
Eta gauzak erdi ondo egin izan balira, herri-telebistak
ez ziren azken hamar urteotan bakoitza bere aldetik jaioko,
ETBren sare barruan baizik, Ipar Ameriketan ezinbestekotzat
den legez.
Baina utz diezaiogun
historiaren nondik norakoa aztertzeari, begira dezagun
aurrera eta pentsa: Zein litzateke ikusentzulearen iritziz
telebista-aukeraren banaketarik merke, eroso eta egokiena,
bestelako interesak alde batera utzita? Eta erantzuna
bat eta bakarra: sikera hiru euskal eremuetako (nazioa,
lurraldea, herria) programazio-maila guztiak sintonia
eta katea berean, bata bestearen ondotik, eskainiko lituzkeena.
Gauzak zentzuz
egingo bagenitu, ETBk izan beharko luke euskal telebista-sare
orokorra, non lurralde bakoitzeko deskonesioak eta tokian
tokiko herri-programazioak esekiko liratekeen. Sistema
honekin, ikusentzuleek ezezik, telebista-kateek ere irabaziko
lukete. ETBk orain ez duen tokian tokiko herri-informazioa
ematerik izango luke, lurralde historikoek orain ez duten
presentzia lortuko lukete batere telebista berririk egin
beharrik gabe, eta herri-telebistek euren egiazko zereginari
helduko liokete, herri-programazioari alegia, gainerako
orduak zelan bete denbora eta dirua gastatzen jardun gabe,
kalitatearen mesedetan eta ez asto-lanaren faboretan.
Baina hau, jakina,
ez da egingo. Ez zentzuzkoa ez delako, elkarrenganako
mesfidantza handiagoa delako baizik. Baina, hori bai,
egunen batean dirua agortuko zaigu eta, orduan... orduan
bai, maybe.
Jon Aldanondo
Joxemanuel Irigoien
Luis Alberto Aranbarri "Amatiño"
Edorta Arana
Beste iritziak
Etorkizun handiko telebista txikiak
Edorta Arana
(EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko irakaslea)
Mende amaiera honetan, aldi
berean eman daitezkeen bi indar ditu telebistagintzak
bere baitan: espezializazio geografikoa eta tematikoa.
Lehenak, esparru zabaletarako kanale bat eta txikiagoetarako
beste bat egotera bultzatzen du. Hori dela eta, planeta
osorako pentsatu diren emisioak ugaritu diren bezala,
aldi berean, herri zein hiri handietako auzunetarako
programazioa eskaintzen dutenak ere badira. Kanale bakoitzak
definitzen du zein hartuko duen emisio esparru gisa
eta bertara mugatzen eta egokitzen du bere zeregina.
Bigarren indar korronteak,
jende multzo zehatz batzuetara begira lan egitera eramaten
du kanale bakoitza, horretarako gaien araberako espezializazioa
erabiliz. Ikusle gisa arituko direnak herri berean egon
ala kontinente desberdinetan bizi izateak ez du horrenbeste
garrantzi, denek zaletasun ala gustu bera edukitzeak
bai aldiz.
Indar bi horien eragina gure artean ere, nola ez, nabaria
izan da azken urte hauetan. Euskal Telebistak, TVEren
monopolioa hautsi zuenean esparru geografiko zehatz
batera mugatu zituen bere emisioak eta, batera, bereizketa
demografiko bat ere jarri zuen martxan euskara erabiliz
eta Euskal Herriarekin zerikusia zuten programak sartuz.
Gaztelerazko kanalea martxan jarri zutenean ere, 1986an,
espezializazio geografikoaren indarra oso presente zegoen.
Bereizketa demografikoari/tematikoari ez zitzaion berebiziko
garrantzia eman eta biztanleria guztiari zegoen zabalik.
Kanale pribatuen etorrerak,
Estatu espainiarreko kasuari dagokionez, pelikula, tele-serie
eta, orohar, entretenitzea helburu zuen programazioa
eskaintzea ekarri zuen. Programazioa ahalik eta jende
gehien erakartzeko tresna zen, demografikoki eta geografikoki
jarrerarik zabalena erakutsiz.
Satelite analogikoak, gure
artean presentzia gehiegirik lortu ez bazuen ere, espezializazio
tematikoaren ideia bistan utzi zuen. Bideo klipak, kirolak,
dokumentalak edo albistegiak besterik eskaintzen ez
zituzten kanaleak bazeudela jakin genuen. Mundu mailan
ikus zitezkeen eta zaletasunaren arabera posible zenuen
egun osoa gai bakarra jorratzen zuen kanaletik zintzilik
egotea.
Transmisio sistema bera erabiliz,
satelite digitalak ("plataforma digitalak"
izenaz ezagutu izan direnak eta boteretsuen arteko borroka
itzelaz inguratuta etorri dena Estatu espainiarrera)
espezializazio tematikoa sustraitu egin du hemengo merkatuan.
Canal Satelite Digital eta Via Digitalen seinaleak etxean
hartzen dituztenen kopurua portzentualki oso altua ez
den arren, agian horregatik, espezializazio demografikoaren
esangura sozializatu egin da. Enpresa hauen parabolika
bat duen etxebizitzan, kirolzaleak nekatu adina aukera
ditu, dokumentalak gustuko dituenak bi ala hiru kanale
ditu, marrazki bizidunez gozatzen duenak bi eta hiru
hizkuntzetan ikus ditzake, albistegiak toki askotakoak
eta, hala gura izan ezkero, egun osoan ari direnak ere
ikusgai daude. Beraz, bakoitzak erabaki dezake zein
alor tematikotik edango duen gehien.
Aipatu dugun satelite bidezko
transmisio sistemaren bidez, (digitala zein analogikoa
izanik ere) lur eremu zabalean jaso ahal izango den
espezializazio tematikoa da lortu dena. Aurki martxan
jarriko omen den kable bidezko telebistak aldiz beste
aukera batzuk zabaltzen ditu.
Antena normalez hartzen ditugun
kanalei buruz lehen berba egiterakoan, telebista lokalak
ez ditugu aipatu. Hogei dira Euskal Herrian (ikus Argiaren
1671 zenbakia, 1998ko maiatzaren 17koa) lanean ari direnak.
Emititzerakoan, herria edo hiria eta sarritan eskualdea
hartzen dute erreferentzia gisa eta bertakoentzat antolatzen
dute programazioa.
Kable bidezko telebistagintzara
itzuliz, aurretik aipatu ditugun telebista mota guztiak
jaso ahal izango ditugula gogoratu beharko dugu. Alegia,
etxe guztietan (zerbitzuaren unibertsaltasuna bermatzea
derrigorrezkoa dela uste dugu), telefonoarena bezalako
kable batez, orain arte antena normalez eta satelitez
jaso ditugunak ikusiko ahal izan ditugu.
Oparotasun horretan, badirudi
espezializazio geografikoak ez duela lehen zuen garrantzia
eta orain tematikoak/demografikoak hartuko duela pisu
gehien. Kanalak nondik eta norako emititzen duen bost
axola izango zaigu, zer eskaintzen duen bai ordea. Gaur
egun ere, satelitea erabiliz, Legazpin bizi denak Canal
Sur-eko programazio ikus dezake problemarik gabe eta,
hala nahi izan ezkero, baita Estatu Batuetako ABCren
emanaldiak ere. Modu berean, Venezuelan jaso daiteke
ETB Sat-en programazioa. Beraz, nondik ari den baino
eskaintza zelakoa duen kanale bakoitzak da inportako
zaiguna hemendik aurrera.
Hego Euskal Herriko kasuan
Euskaltel-en eta Retena-ren eskutik, beste telekomunikazio
zerbitzuen artean, kable bidezko telebista jasoko dugu,
segituan, esaten dutenez. Telebista eskaintza horren
baitan kanal lokalen garrantzia aipatuko dugu ondoren.
Izan ere, kanal horiei dagokie hurbil-hurbileko merkatua
ondo ezagututa bertara egokitzea produktu aproposak.
Orain arte, generalistak deitu
izan diren telebisten kasuan, fikzioa, informazioa,
kirola eta showak izan dira programaziorako erabili
dituzten oinarrizko lehengaiak (lehen ere esan dugunez
satelite bidezkoetan espezializazio tematikoa hor dago).
Panorama horretan, kanal lokalei osagarri lana egitea
tokatu zaie. Espezializazio geografikoa berez zutenez,
programa bereziak eta demografikoki definituak eskaintzeari
ekin zioten. Bertako informazioa zekarten albistegiak
pantailaratzen zituzten edo herrian bakarrik gertatzen
ziren ekitaldi kultural zein jaietan zentratzen ziren
programak antolatzerakoan. Baratze horretan loratu ziren
herriko futbol, errugbi, igeriketa eta pilota taldeen
berri ematen zuten kirol saioak, agintari lokalei elkarrizketak
eginez emititzen zirenak edo herriko eskoletako haurrekin
eginiko lehiaketa edo magazinak. Bertokoentzat pentsaturiko
programazio honek ez zuen inoiz lekurik izango emisio
esparru zabalagoa zuen kanal batean eta hor zuen, hain
zuzen ere, izateko arrazoirik handiena. Osagarritasun
tematikoa eta geografikoa bateratu egiten dira telebista
lokalen kasuan. Orain, kable bidez jaso ahal izango
dugunez han eta hemen eginiko emisioak, telebista lokalak
garantizatua du bere lan esparrua. Lehen bezala, baina
kalitate eta profesionaltasun maila on bat exigituko
zaiolarik, besteetan aurkitzerik izango ez duten bertoko
programak pantailaratzeko aukera dute. Kable konpainiak,
telebista lokalak hala eskatzen badio, bere programazioa
herri osora zabaldu beharko du banatzaile lana eginez.
Ate joka dugun transmisio
bide berri horrekin, orain arte egin duen modura, gertukoa
duen herria eta jendea hobeto ezagutuz egin beharko
du lan. Egun bezala albistegiak, magazinak, kirol saioak,
lehiaketak eta erreportajeak izango ditu genero erraz
eta erakargarrienak, baina ezin uka bestelako bideak
ere urratu ditzakeenik. Esate baterako, telebista lokal
modura ezagutu ditugunak, kablearen azpiegitura erabiliz,
zerbitzu eta informazio publikorako tresnak izan daitezke.
Zentzu zabalenean, herritarron intereseko gaiak, jakin
beharrekoak, abisuak, deialdiak eta sal-erosketak helarazteko
balio dezakete, adibidez, teletestua bezalako tresna
erabiliz. Telebista, modu honetara, informazio bulego
orokor bat izatera pasako litzateke. Eskainiko dituen
zerbitzuen artean bat orain arteko telebista kanale
bat izan daiteke, pelikulaz eta albistegiez osatua,
baina ez du zergatik eskaintza bakar horretara mugatu
beharrik izango.
Ikuspegi aldaketa horrek ez
du ukatzen orain arte telebista lokalek betetzen duten
papera, baina bai egungo informazioaren gizartean beharrezkoak
diren osagarriak eskaintzera bultzatzen. Hurbilean dituen
herritarrak eta lan esparru gisa duen eremuan zerbitzu
osoagoa eta zabalagoa pantailaratzea dira telebista
lokalek duten erronka garrantzitsuetariko bat.
Jon Aldanondo
Joxemanuel Irigoien
Luis Alberto Aranbarri "Amatiño"
Edorta Arana
Beste iritziak
Herri
telebistek jarrai dezatela
Kazetaria naizelako dateke,
baina oraintxe irakurri dudan herri telebistei buruzko
erreportaia gustuko izan dut oso. Sakona izanik, jende
askorentzat ezezaguna den arlo baten berri emateko xedea
bete egin du kazetariak, baita esparru honetan etorkizunari
begira aurreikusten omen diren hainbat aldaketa jakinarazi
ere. Besterik gabe, agur bero bat.
Guillermo Malaina. CONSUMER aldizkariko
kazetaria (czuluaga@eroski.es)