Herri telebistak.
Urteen poderioz gero eta indar handiagoz azaleratzen ari
diren komunikabideak. Euskal Herrian daudenen errepasoa
egin dugu. Beren ezaugarriak jakin nahi izan ditugu, nola
funtzionatzen duten, nola lan egiten duten, euren arteko
ezberdintasunak...
Informazioak edo,
hobe esan, informazioaz elikatzen diren hedabideek laugarren
boterea osatzen dutela esaten da usu. Jendearengan iritzia
sortu eta aldatzeko duten ahalmena inork gutxik ukatzen
die. Bizi dugun garai honi informazioaren aroa deitzen dionik
ere ez da falta. Azken boladan prentsan eta irratian baino,
telebistan -Espainiakoan- eman den iraultza ere aipagarri
litzateke honen adibide gisa. Canal Satelite Digital eta
Via Digitalen arteko lehiek eta liskarrek agerian utzi dute,
berriro ere, era honetako hedabideak kontrolatzeak zer-nolako
garrantzia duen -boteredunentzat noski- eta zenbaterainoko
interesak dauden atzean.
Badaude ordea, telebisten mundu
honetan, plataforma digitaletatik edota kate generalistetatik
aldentzen diren beste hedabide batzuk: telebista lokalak
edo herri telebistak. Hauek jorratu nahi ditugu datozen
lerroetan.
Eta gaia abiatzeko hauen historiara jotzea, aproposena.
Duela urte gutxiko fenomenoa da herri mailako ikusentzunezko
hedabideena. Euskal Herrian funtzionatzen duten telebista
lokaletatik gehientsuenak 90ko hamarkadan sortutakoak dira
eta hauetarik asko azken urteetan. Salbuespen bakarrenetakoak
Eskoriatzako Telesko, Andoaingo Kanal On eta Barakaldoko
Tele 7 dira. Hauek emititzen jarraitzen dute, baina badira
iragan hamarkadan hasi eta, arrazoiak arrazoi, beren bidea
eten dutenak, Plentzia Telebistak kasu. Bitarteko jakin
batzuk edukita -kable bidezko seinalea, kameraren bat eta
editatzeko mahairen bat, esaterako-, egin baitaiteke telebista
eta gisa honetara sortutakoak izan badira, nahiz eta programazio
erregular bat eduki ez eta gehienetan daten arabera -festak
direla edota ekitaldi bereziren bat dela- funtzionatu izan
duten.
Egitura sendoago bat dutenen artean,
eta kronologiari helduz, Arrasate Telebista (ATB) aipatzea
da nahitaezkoa. 1990ean jaio zen Arrasate Euskaldun Dezagunek
(AED) bultzatuta, eta egun erreferentzia bilakatu da, bai
erdietsi duen kalitate mailagatik -ezin ahaztu halaber,
gerora ezagun egin den aurkezle askoren harrobi izan dela-,
bai euskara hutsez aritu eta aritzen delako.
Zarauzko Telebista (ZTB), TeleBilbao
(TB) eta Urnieta Telebista (UTB) izan ziren ondorengoak,
1991 eta 1992 artean sortuak eta izaera ezberdinekoak hiruak
ere. Kostaldekoa enpresa pribatu batek abiatua, baina udaletxearen
babesa jaso duena, hiriburukoa iniziatiba pribatutik jaioa
eta hirugarrena, Urnietakoa, udaletxearen ekimenez sortua.
1994ean TeleDonostik (TD) eta
Eibarko Kateberriak (KTB) heldu zioten erronkari. Lehenak,
batez beste, hamabi orduko programazioa emititzen du egunero,
nahiz eta honen erdia kanpo ekoizpena den -hau da, erositako
saioak- eta bigarrenak bi ordu, baina berauek ekoiztutakoak.
Biak ere publizitatez hornitzen dira bizirauteko.
Ermuko Telebistak (ETL) 1995 hondarrean ekin zion lanari.
Telesko, ZTB eta UTBrekin batera, hau da kable bidez emititzen
den bakarrenetakoa.
Hurrengo urtean, 1996an, telebista
andana sortu zen Euskal Herrian: Gasteizko biak, Canal Gasteiz
eta TeleVitoria (TV), Iruneko Canal 4 -aurretik Nafarroako
hiriburuan emititzen zen Pamplona Television desagertu ostean
jaio zen gaurkoa-, Tafalla Television eta Oarso Telebista.
Pasaian, Lezon, Errenterian eta Oiartzunen ikus daitekeen
telebista honek berregituraketa sakon bat bizi izan zuen
iaz eta urte honen hasieran indarberriturik ekin dio bideari.
Errepasoa amaitzear, eta guztien
berri zabalagoa ondoko orrialdeko mapan duzuela aurreratuz,
1997an Canal Bizkaia Telebistak (CB), Txingudi Telebistak,
Xaloa Telebistak eta Aldudarrak-en Ele Bistak -ikus 29.
orrialdean honi dagokion atala- lehen urratsak eman zituztela
aipatzea besterik ez zaigu geratzen. Ezin ahaztu hala ere
ekainaren 1ean Ttipi-Ttapa Telebista abiatuko dena.
EZBERDINTASUNAK.
Euskal Herriko herri telebisten arteko ezberdintasunak nabariak
dira. Hasteko eta behin, ez da gauza bera hiriburuko telebista
edo herriko telebista egitea, bai enpresaren helburuei begira,
bai audientzia aldetik eta bai edukiengatik. Hiriburuko
telebistek -Bilbo eta Gasteizko biek, Donostiakoak eta Irunekoak-
jende kopuru zabalago bati zuzentzen diote mezua, audientzia
potentzial handiagoa dute, eta honek publizitate gehiago
kudeatzeko aukera ematen die. Beraz, guztiak ere pribatuak
izanik, dirua egitea dute helburu, zerbitzu bat eskaintzeaz
landa.
Herrietako telebistek, nahiz eta
hemen ere ezberdintasunak egon, baliabide murritzagoak dituzte,
oro har. Batzuk publizitatea dute finantziazio bide bakarra,
beste batzuk dirulaguntzak jasotzen dituzte eta beste batzuk
berriz, erabat publiko dira.
Programazioen edukietan ere bada
bata eta bestearen artean tarterik. Hirietako telebistek
ahalik eta ordu gehien emititzen dituzte egunean zehar,
kanpo ekoizpenari leku garrantzitsua eginez. Herrietakoek
aldiz, barne ekoizpena dute giltzarri. Lehenengoak, kate
generalistei itzal egiteko asmorik azaltzen ez badute ere,
eurekin lehiatzen dira eduki nahiz audientziatan. Bigarrengoek
kate handien osagarri moduan dakusate euren telebista eta
ildo horretan egituratzen dute euren programazioa, bitartekoak
bitarteko eta edukiak eduki. Zein da herri telebista baten
filosofia, helburua- Horra hor galdera, nahi duenak erantzun
dezan.
Baina zerbaitek bereizten baditu
Euskal Herriko herri telebistak, hori, hauetako bakoitzak
mezua helarazteko darabilen hizkuntza da. Euskara hutsez
aritzen diren telebistak lau besterik ez dira, nahiz eta
laster beste bat batuko zaien, Ttipi-Ttapa Telebista. UTBk
eta Kanal On-ek ere gehiengoa euskaraz emititzen dute, baina
gainerakoek, batzuk gehiago, besteak gutxiago, ezer gutxi.
Hiriburuetako telebistak dira, oro har, euskara gutxien
erabiltzen dutenak. "Bai horixe" euskara ikasteko
saioa da hauetako zenbaitzutan errepikatzen dena, informatiboetan
albiste laburpenak euskaraz ematearena errepikatzen den
moduan. Gaztelerazko kate hauentzat euskara ez da errentagarria
publizitatea eskuratzeko, beren audientzia potentzialaren
zati handi bat, gehienetan, ez baita euskal hiztuna. Dirurik
ez bada, saiorik ere ez -kasuak kasu, noski-. Hala ere,
somatzen da telebista batzuengan egun duten euskarazko saioen
batez bestekoa areagotzeko asmoa.
EUSKAL
TELEBISTAK. Arrasate Telebista, Oarso Telebista,
Xaloa Telebista eta Zarauzko Telebista dira euskara hutsez
lan egiten dutenak -Aldudarrak elkartearen Ele Bista ere
euskaraz mintzatzen da-. Arrasate Telebista izan zen aitzindaria
eta dagoeneko hiru ordu t'erdi eta lau ordu bitarteko programazioa
osatzen du egunero. Arrasate Komunikabideak-en (ARKO) barruan
dago, Arrasate Press aldizkariarekin batera.
Oarso Telebistak aurtengo urtarrilean heldu dio ekinaldi
berriari eta pixkanaka ari da programazioa sendotzen. Erronkak
ez zaizkie falta. Xaloa Telebista iragan urte amaieran abiatu
zen Europatik jasotako 5 milioi pezetako dirulaguntza eta
Baztango Udalaren babesa dela medio. Zarauzko Telebistak
urte dezente daramatza lanean eta egunero ordubeteko programazioa
emititzen du.
Hauez gain, hastear den Ttipi
Ttapa Telebistak ere euskara izango du mintzabide. 19,5
milioi pezetako aurrekontua aurreikusten dute lehen denboraldi
honetarako. Bortziriak eta Malerrekan gozatu ahal izango
dute hedabide berri hau.
Herri telebista hauen ezaugarriak
agertzerakoan, argiro nabarmentzen dira honakoak: herri
mugimenduetatik, euskararekin lotutako elkarteetatik sortutako
komunikabideak dira -Zarautzekoa salbu-, lehendik beste
zereginetan -aldizkari edo irratietan kasu- zeuden pertsonen
ekimenez.
Finantziazioa ere adierazgarria
da. Dirulaguntzen beharra nahitaezkoa ikusten da, baina
autofinantziazioan emandako urratsak ere aipatzekoak dira.
Oarsokoak eta Ttipi Ttapakoak adibidez, fundazio egitura
dute eta bertako bazkideen kuotekin aurrekontuaren zati
bat estali dezakete, Arrasate Telebistan gertatzen den moduan.
Publizitatetik iristen diren dirusarrerak ere nabarmentzekoak
dira. Azken ezaugarria, beste herri telebistetara luzatu
litekeena, barne ekoizpenak duen garrantzia litzateke. Uhineratzen
diren saio guztiak dira bertokoek eginak.
LEGEDIA.
Euskal Herriko herri telebista guztien egoera legala alegalitatea
da. Hauen inguruko legea oraindik garatu gabe dago eta beraz,
ez dute emititzeko lizentziarik, nahiz eta emititu emititzen
duten. 1995eko abenduaren 22an orduan gobernuan zen PSOEk
telebista lokalak arautzeko legea kaleratu zuen, baina autonomi
erkidegoetako gobernuek garatzeko geratu zen eta oraindik
egiteke dago.
Barakaldoko Tele 7-ko eta EAEko
herri telebisten elkarteko zuzendari den Javier Picazak
esan digu elkarte honen helburua, Eusko Jaurlaritzak lege
hori garatzean, egun dauden telebistak kontuan hartzea dela,
"ez dadin etorri inor izugarrizko inbertsioarekin eta
berak telebista jartzea". Horretarako gutun bat bidali
dute Eusko Jaurlaritzara "orain arte iraun dugun bezala
irauteak meritua duela, legearen aurretik goazela, enplegua
sortzen dugula, zerbitzu bat eskaintzen dugula..."
esanaz.
Ikusi beharko zer gertatzen den
EAEko Gobernuak legea garatzen duenean, baina oraindik,
hauteskunde autonomikoak igaro arte, ez dirudi ezer egingo
denik. Nafarroako Gobernuak ere badirudi ez duela legea
garatzeko presa handirik eta kable bidezko telebistengan
arreta gehiago jarri duela ematen du.
ALDUDARRAK-EN
"ELE BISTA". Ipar Euskal Herriko herri
telebista bakarra Nafarroa Behereako Aldude herrian dago.
Ohiko telebistetatik aldenduz, egitasmo berezia jarri dute
abian herri honetako Aldudarrak elkartekoek. Iparralde osoko
komunikabidea izan asmo du, baina ez da seinale batekin,
uhin edota kable bidez helaraziko, bideo kazeta moduan baizik,
duela bi urte eskas "Egin"ek abian jarritako "Ikusmira"
bideo informatiboaren antzera.
Ele Bista izena jarri diote eta
joan zen urteko ekainean argitaratu zuten lehena, froga
gisa. Aurten, hala ere, pauso berri bat eman nahi izan dute
eta lehendik zegoen proiektua zabaltzera jo dute. Urteko
lehen hilabeteetan Iparralde osoan ibili dira berau aurkezten,
hainbat bilera eginaz, eta Ximun Karrere Aldudarrak-eko
kidearen hitzetan, "ideia aunitz bildu ditugu".
Bilera hauei amaiera eman ziena
Donibane Garazin burutu zen eta bertan Ele Bistaren lehen
zenbakiak -iragan ekainekoa 0 zenbakia izan zen- izango
dituen edukiak eztabaidatu ziren. Bilera hauetatik lan talde
bat osatu da eta astero hiruzpalau aldiz elkartzen dira
lehen ale horren gaiak lantzen joateko.
Bideo kazetak ordubete pasatxoko
iraupena izango du eta bi ataletan banatuko da. Batetik
hogei bat minutuko eztabaida, non "ziurrenik laborantza
mundua landuko den", eta bestetik, erreportajeak edo
dokumentalak. Nondik nora joango diren azaldu digu Ximun
Karrerek: "Donibane-Lohizune inguruko erreportaje bat,
Bardoze aldeko beste bat, Nafarroaren Egunari buruzkoa...Kazeta
honetan Iparraldeko aniztasun geografikoari egin nahi diogu
kasu".
Ele Bistaren 1 zenbakia ekainean
izango da kalean. Ipar Euskal Herrian ohiko guneetan izango
da salgai, baina Hegoaldean sartzeko aukera ere aztertzen
ari dira.
Ekaineko lehen zenbaki honez gain,
Aldudarrak elkartekoek bigarren bat ere eman nahi dute argitara
urtea bukatu bitartean. Datorren urte hasieratik aldizkakotasun
finko bat lortu eta bi hiletik behin bideo kazeta berri
bat argitaratzea dute helburu.
(Larrun
24. zenbakia)