Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafarroa garaiko iparraNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Nafarroa garaiko iparra II Amaiur-Elizondo-Bertiz-Doneztebe-Zubieta
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Argazkiak Argazkiak

Nola iritsi AMAIUR-ELIZONDO-BERTIZ-DONEZTEBE-ZUBIETA

ABIAPUNTU GISA NAFARROAKO independentziaren sinbolo den Amaiur herria aukeratu dugu, herritxo txikia baina oso etxe politak erakusten dituena.

1522ko heroiak gogorarazten dituen monolitoa herriaren goialdeko mendiska batean dago, kale nagusia hartu eta ermitan ezker-gorantz abiatzen den bidezidorran bost minutu ibiliz. Monumentuak 1521ean, Nafarroa jada Gaztelaren menpe zegoela, egoera horren kontra altxatu, Amaiurgo Gaztelua hartu eta setio latza jasan ondoren 1522ko uztailaren 19an amore eman behar izan zuten nafarrak omentzen ditu.

Elizondorako bidean 7,5. km.an Elbete pasako dugu (1680ko Jarola jauregi barrokoa), Baztango hiriburu den Elizondo berari itsatsia. Bertako eraikin zibil eta erlijiotsu interesgarriak bisitatu ostean, hurrengo geldialdia Iruritan egin dezakegu, Dorrea eta Gaston Iriarte jauregiak, eta San Salbador eliza ikusi asmoz. Ondoren Iruņea-Mugairerantz joko dugu.

Norabide berri honetan, 2,5 km.ra eskubialdean oso baserri-dorretxe ederra ikusiko dugu, bere tonu arrosak zeharo nabarmentzen duena. Arraiotzen bertan jauregi gehiago ere aurkituko dugu. Laster Oronotz-Mugaire zeharkatu eta herriaren amaieran Bertizko Jaurerri-Parke izugarrirako sarrera ikusiko dugu (18,5 km.).

Bertizko parke botaniko eta baso ederrez gain, herrian bertan Jasokundeko Andra Mari eliza (XVII. m.) eta Arretxea Jauregia bisita daitezke.

Esan behar da, monumentuez gain, pasatzen ari garen herri hauek guztiak nafar estiloko baserri-etxe ederrez josita daudela, etxe-multzo bikainak osatuz. Berdin gertatzen da esaterako, Narbarte hurrengo herritxoan.

23,5. km.an ezkerrera Donezteben sartzen gara, izen bereko bailararen erdigunean eta Bidasoa ibaiaren ertzean kokatua. Monumentu izendaturik dagoen alde zaharrean eraikin gotiko, Berpizkundeko eta barrokoak aurkituko ditugu, zonaldeko herri-arkitekturaren adibide ederrak, eta baita San Lorentzo eliza ere (hiru gorputzeko kanpandorre zuriska eta karratua).

Herriko irteeran, zubi bat zeharkatu aurretik ezkerrera joko dugu, Saldias norabidean, horrela, 3,5 km.ra lehenbizi Donamariako Bentak auzora, eta bertan ezkerrera Donamaria herrira iritsiko garelarik. Herritxo hau Jauregi Dorretxe (XV. m.) ikusgarriaren itzalpean dago, harlanduzko eraikinaren bigarren gorputza egurrezko oholeriak estaltzen duen dorre ikaragarria, agian Euskal Herriko politena. Bertako elizaren dorrea ere aipagarria da.

Donamariako Bentak auzoan berriz, ezkerrera egin eta Oitz gure eskumaldean utziz, 31. km.an Urrotzen sartzen gara (XVI.eko San Migel eliza). Sartu eta berehala ezker-gorantz erdigunea zeharkatuko dugu, Leurtzako Urtegirako norabidean. Honetarako, herria bukatzean hasten den bideska segitu, beti zuzen eta gorantz, gure alboetan gero eta arbola gehiago agertu eta paisaia gero eta ederragoa bihurtzen den bitartean. 4,5 km.ra gure eskuinera beste bide bat irtetzen da, kartel marroiaz seinalizatua; berau segituz, paraje basatiaren erdian dagoen Leurtzako Urtegira iritsiko gara. Inguru zoragarri honetako edertasunaz (batez ere udaberrian) gozatu ostean, Donezteberaino itzuliko gara, eta bertan ezkerrera hartu, Leitzarantz. Laster Elgorriaga igaroko dugu, balkoi koloretsuak erakusten dituzten etxe politez zipriztindua. 2,5 km. aurrerago berriz, Ituren, lorez estalitako baserri-etxeak ikusgai jartzen dizkigun herri gogoangarria. Hauez gain, eliza honetan gordetzen den XVII. mendeko erretaula ere aipatzeko modukoa da.

Bailara polit honetako hurrengo hiruzpalau kilometroek, Zubietaraino doazenek hain zuzen, bertako Ihauteri mitikoetako usaina dakarkigute gogora, joaldunen ikustaldiaz eta zanpantzarren zarataz batera. Zanpantzarrak Zubietatik urtarrileko azken igandearen osteko astelehenean irtetzen dira, eta Iturendarrek bisitaldia hurrengo egunean itzultzen diete, bidearen erdia elkarrekin eginez. Talde ikusgarria mozorrotutako hainbat pertsonek osatzen du. Zubieta ere, nola ez, etxe ederrez osatutako beste herri polit bat da, ibilbide honetako guztiak bezalaxe.

Orain itzuleran, berriz ere Doneztebetik igaroz, herria Iruņerantz zeharkatuko dugu, zubi bat pasatu eta errepide orokorrean Behobia-Irun norabidea hartzeko. Tartean (79,5. km.an) Igantziko Bentak igaroz, azkenean Bidasoaldeko herririk ederrenean bukatuko dugu, hau da, Lesakan.

Zer ikusi

ELIZONDO-BAZTAN

Baztan 15 herrik osatzen duten bailara da, udalerri bakarrean (Nafarroako handiena eta euskaldunenetakoa) antolatuak. Ibilbidean harana zeharkatuko dugunez, oraingo honetan bertako herri nagusian zentratuko gara.

Hau bi kale luzeren inguruan antolatua dago. Kale hauetan zehar (batez ere Kale Nagusian) hainbat sortetxe eta jauretxe aurkituko dugu, baztandarren kaparetasun edo nobletasuna agerian jarriz: Arizkunenea, Istekonea, Arozarena edota Arretxea (Bailarako Juntexe izandakoa)

Santiago Eliza gorrixkak atalde monumentala eta bi dorre ditu kanpoaldean, eta gurutze latinoko barrualdean San Jose eta Errosarioko Ama Birjinaren erretaulak. Baita ere, plazan dagoen XVIII. mendeko Udaletxea, San Pedro eta Santa Engrazia baselizak eta Bidasoaren gaineko harlanduzko bi zubi zahar nabarmenduko ditugu. Inguruetan zenbait trikuharri eta menhir kokatzen da.


BERTIZKO JAURERRIA

Nafarroako iparraldean, Doneztebe eta Elizondo artean, Oronotz-Mugaire herria dugu, eta herri honetan Euskal Herriko Lorategia kontsideratua dena.

Parkearen sorrera Jaurerria berez XIV. mendearen inguruan sortu zen, eta hortik aurrera zenbait sendi nobleren ondarea izan da, baina istorio honetan pertsonaia klabea XIX. mendekoa dugu. Pedro Ziga baztandar abokatu, bidaiari eta poliglotak 1889an jaurerria erosi zuen. Hortik aurrera, sarrera inguruan dugun XVIII. mendeko jauregia berriztatu, eta parkearen beste aldean Aizkolegiko jauregitxo modernista eraiki zuen.

Bitartean, egin zituen hainbat bidaietatik zuhaiska eta arbola exotiko ugari ekartzen zituen, lorategia gero eta gehiago apainduz. Ondorioa, gure begien gozamenerako sarrera inguruko lorategi zoragarria. 1949an hil zenean, Ziga jaunak Diputazioari eta Apezpikutzari utzi zien, bere ezaugarriak ez aldatzea baldintzatzat jarriz. Azkenik, 1984an Natur Parke izendatu zen.

Parkearen ezaugarriak Jaurerriak 2.000 Ha. ditu, pago, haritz, gaztainondo eta abarrez beterik. Gainera, bertan azeriak, orkatzak, basurdeak, basakatuak, igarabak eta hegazti mota zenbagaitza (aztoreak, gabiraiak, txantxangorriak...) bizi dira.

Parkea berez bi zatitan bereizten da: sarreran dugun Lorategia eta Bertizko jauretxea (egun Naturaren Interpretazio Zentrua) batetik, eta Parke Naturala bestetik.

Lau hektareako Lorategia sarreraren ostean hasten da. Honek bertako eta urrutiko landaretza mota ugari gordetzen du. Dena behar bezala ikusteko, zenbakiekin markatutako bide bat har dezakegu. Arbola eta zuhaiska bakoitzak bere izen eta jatorria dakar. Lorategia bera gutxi balitz, zenbait urjauzi eta urmahel artifizialek are gehiago apaintzen dute ingurua. Azkenik, Bidasoa ibaiaren gaineko begiratoki bat ere badago.

Lorategitik irten eta eskuinerantz, 2.000 Ha.ko Parkean bertan sartzen joango gara. Ondo seinalizatutako bidezidorretan zehar (eskatu eskuorria sarreran) atlantiar motako baso-erakustaldi ederra izango dugu. Aipatutako zuhaitz mordoen artean errekatxo ugariren hotsa entzungo dugu. 2. kilometroan (Markesenea baserriaren ondoan) ezkerrera hartuz, bidea Aizkolegin amaitzen da, sarreratik 11 km.ra. Ibilaldi luzea da, eta maldan gora, baina era berean zoragarria.

Zabalik: Parkea apiriletik urrira 9-20 artean; bestela 10-18. Lorategia asteburuan 10-14 eta 16-19 artean; astean zehar 10-14 eta 16-18 artean. Interpretazio Zentrua Lorategia baino ordu erdi lehenago ixten da; gainera, astelehen goizetan itxita egoten da. Helduen sarrera 200 pezetakoa da.

Argazkiak

Zigako behatokitik Baztango bailarako herri pare bat ikusgai

Amaiurgo monolitoan irakur dezakegun mezua

Zanpantzarrak eta joaldunak ezkutuan dira oraindik Zubieta herrian..

Donamariako dorretxe zaharrak bere indarra mantentzen du.


Baztandarren biltzarra Elizondon.


Elizondo herrian kioskoa eta udaletxea eguzkitan.


Naturak sortutako "eskulturak" bata bestearen atzetik datoz.


Bertizko lorategiaren ostean, basoan barneratzen gara.

Orrialde nagusiraNafarroa garaiko iparraNola iritsiZer ikusiInformazio praktikoaArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403