Nafarroa garaiko iparra II
Amaiur-Elizondo-Bertiz-Doneztebe-Zubieta
|
ABIAPUNTU GISA NAFARROAKO independentziaren sinbolo den Amaiur herria aukeratu dugu, herritxo txikia baina oso etxe politak erakusten dituena. 1522ko heroiak gogorarazten dituen monolitoa herriaren goialdeko mendiska batean dago, kale nagusia hartu eta ermitan ezker-gorantz abiatzen den bidezidorran bost minutu ibiliz. Monumentuak 1521ean, Nafarroa jada Gaztelaren menpe zegoela, egoera horren kontra altxatu, Amaiurgo Gaztelua hartu eta setio latza jasan ondoren 1522ko uztailaren 19an amore eman behar izan zuten nafarrak omentzen ditu. Elizondorako bidean 7,5. km.an Elbete pasako dugu (1680ko Jarola jauregi barrokoa), Baztango hiriburu den Elizondo berari itsatsia. Bertako eraikin zibil eta erlijiotsu interesgarriak bisitatu ostean, hurrengo geldialdia Iruritan egin dezakegu, Dorrea eta Gaston Iriarte jauregiak, eta San Salbador eliza ikusi asmoz. Ondoren Iruņea-Mugairerantz joko dugu. Norabide berri honetan, 2,5 km.ra eskubialdean oso baserri-dorretxe ederra ikusiko dugu, bere tonu arrosak zeharo nabarmentzen duena. Arraiotzen bertan jauregi gehiago ere aurkituko dugu. Laster Oronotz-Mugaire zeharkatu eta herriaren amaieran Bertizko Jaurerri-Parke izugarrirako sarrera ikusiko dugu (18,5 km.). Bertizko parke botaniko eta baso ederrez gain, herrian bertan Jasokundeko Andra Mari eliza (XVII. m.) eta Arretxea Jauregia bisita daitezke. Esan behar da, monumentuez gain, pasatzen ari garen herri hauek guztiak nafar estiloko baserri-etxe ederrez josita daudela, etxe-multzo bikainak osatuz. Berdin gertatzen da esaterako, Narbarte hurrengo herritxoan. 23,5. km.an ezkerrera Donezteben sartzen gara, izen bereko bailararen erdigunean eta Bidasoa ibaiaren ertzean kokatua. Monumentu izendaturik dagoen alde zaharrean eraikin gotiko, Berpizkundeko eta barrokoak aurkituko ditugu, zonaldeko herri-arkitekturaren adibide ederrak, eta baita San Lorentzo eliza ere (hiru gorputzeko kanpandorre zuriska eta karratua). Herriko irteeran, zubi bat zeharkatu aurretik ezkerrera joko dugu, Saldias norabidean, horrela, 3,5 km.ra lehenbizi Donamariako Bentak auzora, eta bertan ezkerrera Donamaria herrira iritsiko garelarik. Herritxo hau Jauregi Dorretxe (XV. m.) ikusgarriaren itzalpean dago, harlanduzko eraikinaren bigarren gorputza egurrezko oholeriak estaltzen duen dorre ikaragarria, agian Euskal Herriko politena. Bertako elizaren dorrea ere aipagarria da. Donamariako Bentak auzoan berriz, ezkerrera egin eta Oitz gure eskumaldean utziz, 31. km.an Urrotzen sartzen gara (XVI.eko San Migel eliza). Sartu eta berehala ezker-gorantz erdigunea zeharkatuko dugu, Leurtzako Urtegirako norabidean. Honetarako, herria bukatzean hasten den bideska segitu, beti zuzen eta gorantz, gure alboetan gero eta arbola gehiago agertu eta paisaia gero eta ederragoa bihurtzen den bitartean. 4,5 km.ra gure eskuinera beste bide bat irtetzen da, kartel marroiaz seinalizatua; berau segituz, paraje basatiaren erdian dagoen Leurtzako Urtegira iritsiko gara. Inguru zoragarri honetako edertasunaz (batez ere udaberrian) gozatu ostean, Donezteberaino itzuliko gara, eta bertan ezkerrera hartu, Leitzarantz. Laster Elgorriaga igaroko dugu, balkoi koloretsuak erakusten dituzten etxe politez zipriztindua. 2,5 km. aurrerago berriz, Ituren, lorez estalitako baserri-etxeak ikusgai jartzen dizkigun herri gogoangarria. Hauez gain, eliza honetan gordetzen den XVII. mendeko erretaula ere aipatzeko modukoa da. Bailara polit honetako hurrengo hiruzpalau kilometroek, Zubietaraino doazenek hain zuzen, bertako Ihauteri mitikoetako usaina dakarkigute gogora, joaldunen ikustaldiaz eta zanpantzarren zarataz batera. Zanpantzarrak Zubietatik urtarrileko azken igandearen osteko astelehenean irtetzen dira, eta Iturendarrek bisitaldia hurrengo egunean itzultzen diete, bidearen erdia elkarrekin eginez. Talde ikusgarria mozorrotutako hainbat pertsonek osatzen du. Zubieta ere, nola ez, etxe ederrez osatutako beste herri polit bat da, ibilbide honetako guztiak bezalaxe. Orain itzuleran, berriz ere Doneztebetik igaroz, herria Iruņerantz zeharkatuko dugu, zubi bat pasatu eta errepide orokorrean Behobia-Irun norabidea hartzeko. Tartean (79,5. km.an) Igantziko Bentak igaroz, azkenean Bidasoaldeko herririk ederrenean bukatuko dugu, hau da, Lesakan. |
|
Iradokizunik baduzu, akatsik topatu
baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu:
ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa) Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403 |