Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraNafarroa garaiko iparraNola iritsiZer ikusiInformazio praktikoaArgazkiak ikusi
Nafarroa garaiko iparra II Amaiur-Elizondo-Bertiz-Doneztebe-Zubieta

ELIZONDO-BAZTAN

Baztan 15 herrik osatzen duten bailara da, udalerri bakarrean (Nafarroako handiena eta euskaldunenetakoa) antolatuak. Ibilbidean harana zeharkatuko dugunez, oraingo honetan bertako herri nagusian zentratuko gara.

Hau bi kale luzeren inguruan antolatua dago. Kale hauetan zehar (batez ere Kale Nagusian) hainbat sortetxe eta jauretxe aurkituko dugu, baztandarren kaparetasun edo nobletasuna agerian jarriz: Arizkunenea, Istekonea, Arozarena edota Arretxea (Bailarako Juntexe izandakoa)

Santiago Eliza gorrixkak atalde monumentala eta bi dorre ditu kanpoaldean, eta gurutze latinoko barrualdean San Jose eta Errosarioko Ama Birjinaren erretaulak. Baita ere, plazan dagoen XVIII. mendeko Udaletxea, San Pedro eta Santa Engrazia baselizak eta Bidasoaren gaineko harlanduzko bi zubi zahar nabarmenduko ditugu. Inguruetan zenbait trikuharri eta menhir kokatzen da.


BERTIZKO JAURERRIA

Nafarroako iparraldean, Doneztebe eta Elizondo artean, Oronotz-Mugaire herria dugu, eta herri honetan Euskal Herriko Lorategia kontsideratua dena.

Parkearen sorrera Jaurerria berez XIV. mendearen inguruan sortu zen, eta hortik aurrera zenbait sendi nobleren ondarea izan da, baina istorio honetan pertsonaia klabea XIX. mendekoa dugu. Pedro Ziga baztandar abokatu, bidaiari eta poliglotak 1889an jaurerria erosi zuen. Hortik aurrera, sarrera inguruan dugun XVIII. mendeko jauregia berriztatu, eta parkearen beste aldean Aizkolegiko jauregitxo modernista eraiki zuen.

Bitartean, egin zituen hainbat bidaietatik zuhaiska eta arbola exotiko ugari ekartzen zituen, lorategia gero eta gehiago apainduz. Ondorioa, gure begien gozamenerako sarrera inguruko lorategi zoragarria. 1949an hil zenean, Ziga jaunak Diputazioari eta Apezpikutzari utzi zien, bere ezaugarriak ez aldatzea baldintzatzat jarriz. Azkenik, 1984an Natur Parke izendatu zen.

Parkearen ezaugarriak Jaurerriak 2.000 Ha. ditu, pago, haritz, gaztainondo eta abarrez beterik. Gainera, bertan azeriak, orkatzak, basurdeak, basakatuak, igarabak eta hegazti mota zenbagaitza (aztoreak, gabiraiak, txantxangorriak...) bizi dira.

Parkea berez bi zatitan bereizten da: sarreran dugun Lorategia eta Bertizko jauretxea (egun Naturaren Interpretazio Zentrua) batetik, eta Parke Naturala bestetik.

Lau hektareako Lorategia sarreraren ostean hasten da. Honek bertako eta urrutiko landaretza mota ugari gordetzen du. Dena behar bezala ikusteko, zenbakiekin markatutako bide bat har dezakegu. Arbola eta zuhaiska bakoitzak bere izen eta jatorria dakar. Lorategia bera gutxi balitz, zenbait urjauzi eta urmahel artifizialek are gehiago apaintzen dute ingurua. Azkenik, Bidasoa ibaiaren gaineko begiratoki bat ere badago.

Lorategitik irten eta eskuinerantz, 2.000 Ha.ko Parkean bertan sartzen joango gara. Ondo seinalizatutako bidezidorretan zehar (eskatu eskuorria sarreran) atlantiar motako baso-erakustaldi ederra izango dugu. Aipatutako zuhaitz mordoen artean errekatxo ugariren hotsa entzungo dugu. 2. kilometroan (Markesenea baserriaren ondoan) ezkerrera hartuz, bidea Aizkolegin amaitzen da, sarreratik 11 km.ra. Ibilaldi luzea da, eta maldan gora, baina era berean zoragarria.

Zabalik: Parkea apiriletik urrira 9-20 artean; bestela 10-18. Lorategia asteburuan 10-14 eta 16-19 artean; astean zehar 10-14 eta 16-18 artean. Interpretazio Zentrua Lorategia baino ordu erdi lehenago ixten da; gainera, astelehen goizetan itxita egoten da. Helduen sarrera 200 pezetakoa da.

Orrialde nagusiraNafarroa garaiko iparraNola iritsiZer ikusiInformazio praktikoaArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403