Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Hauteskundeak 2008

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

Balorazioak

Porrotaren zergatiak (Baleren Bakaikoa)

Baleren Bakaikoa, EHUko irakaslea

Baleren Bakaikoa (Argazkia: Maddi Soroa)

Hasteko, azpimarratu behar da hauteskunde orokor hauek ez direla batere normalak izan. Hori begibistakoa izan da edozein aldetik begiratuta. Izan ere, Alderdien Lege anti-demokratikoa zorrotz aplikatu da eta Batasuna, EHAK eta EAE-ANV jokoz kanpo utzi dituzte, eta ahotsik gabe geratu da Hego Euskal Herriko hiritarren zati handi bat.
 
Gero, abstentzioaren deia luzatu zuen ezker abertzaleak. Abstentzio horren deia ETAk gogortu zuen eta jakina, ETAk honelako deia egiten duenean, kirioak dantzan jartzen dira. Eta zer esanik ez agintean dagoen alderdiko militante xume bat hiltzen badu. Horrek guztiak, demokraziaren itxura erabat eraldatuta utzi zuen eta zer esan euskal sozialismorantzako bideaz, sozialismora heltzeko langile xumeak hil behar badira; zaila benetan ulertzea.

Emaitzei buruz esan behar da herritarren zati esanguratsu bati eskatzen bazaio bozik ez emateko, normala dela parte hartzea urritzea, nahiz eta Nafarroan hainbeste ez nabarmendu. Hala ere, zenbaki horiek kontabilizatzea ez da batere erraza izango, abstentziorako deialdia egin dutenak horretan saiatuko diren arren.

 

Bestalde, kanpaina estatu osoko bi alderdien arteko lehia bezala planteatu dute eta gehienok amua irentsi dugu. EAJ bera ere jokoz kanpo bezala ibili da, nahiz orain arte, EAEn bederen, alderdi nagusia izan. Bazirudien PSE-EEri protagonismoa utzi nahi izan diola, beldurtuta balego bezala, planteatu dituen erronkak direla eta. Ondorioz, bai EAJ, baita CIU, ERC eta BNG irentsita bezala geratu dira. Saltsa horren guztian NaBaik bereari eutsi dio, erraz gainera, eta hori positiboki baloratzekoa da eta eredu izan beharko luke abertzaleontzat datozen garaietarako alderdikeria gainditu nahi badugu eta hiritarren interesei eta nahiei erantzun egokia eman.

 

Berriro, hautesle euskaldunok aukera ederra galdu dugu ordezkari boteretsu bat Madrilen lortzeko. Izan ere, herriaren interesen ikuspegitik EAJ, EA, EB-Berdeak eta Aralarri elkarrekin joateko eskatu zitzaien, horrela euskal talde indartsu bat posible izango zelako datozen erronkei aurre egiteko. EAJk muzin egin zion eta horren ordaina hemendik aurrera jasoko dugu, ezin izango baitugu edo oso zaila izango baitzaigu erabakitzeko eskubidea gauzatzea. Horretaz gain, EA desagertu egin da Madrileko foroan; alderdi honek suarekin jokatu du behin eta berriro eta azkenean erre egin da.

 

Espainiako bi alderdiek fronte nazionala osatu dute periferiako nazioen aurka, nahiz bestelako itxura eman, baina frontea beti ere. Aldiz, euskaldunok, Ipar Euskal Herrian ez bezala, ez gara izan “aitaren etxea defendatzeko” gai, berriro alderdikeria gailendu baitzaigu; eta emaitzak, Iparraldean eta Nafarroan elkartuta joanda, onak, EAEn aldiz, kaskarrak, EAJrenak barne. Horretan, beraz, badaukagu zer ikasi bi herrialde horietan eta are gehiago Quebeceko abertzaleengandik.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2008 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan