Iñaki Antiguedad, analista politikoa
"Batetik abstentzioa zertan gauzatu zen interesatzen zait, nik gertuen daukadan sentsibilitate politikoa kanpoan geratu delako. Atzokoa ez zen, batzuek esan zuten moduan, “demokraziaren jaia” izan. Abstentzio maila ikusita badirudi eutsi egin zaiola azken hauteskunde autonomikoetan eta foraletan egon zen kopuruari: 165.000 eta 170.000 ingurukoa izan da abstentzioa. Dena dela kezkatu egiten nau neurri batean ezker abertzaleak izan duen babesa beste batzuetan askoz ere handiagoa izan delako. Gogoeta bat egin beharra dago, ez hainbeste helburu politikoetaz baizik helbide politikoetaz: ez ote dugun politika egiten sektore bati begira soilik, konbentzituta eusten dion sektoreari begira, alegia.
Bigarren ondorioa da Espainia presenteago egon dela azken hauteskundeetan. Tsunami bipartidistaz hitz egingo da, bipolarizazioaz, baina hemengo indar politiko abertzaleek ere badute errua horretan, joko horretan sartu direnek behinik behin: kanpainan eman duten mezua izan da garrantzitsua dela Madrilen egotea. Nik uste garrantzia handiegia eman zaiola Madrilen egoteari eta hori kontuan hartuta ulertzekoa da hainbat jendek esatea: “Madril hain garrantzitsua bada ez noa nire botoa kopiari ematera, jatorrizko bertsioari baizik”. Nik uste talde soberanistek horren inguruko gogoeta egin beharko luketela".
Ez dago erantzunik.
© 2008 ARGIA.com