Emilio Lopez Adan, idazlea
Hauteskunde hauetan ez zen hil ala biziko partidarik jokatzen. Behar bada Pabeko Kontseiluan ezkerra izanen da nagusi edota Angeluko auzapeza aldatuko, baina funtsezko aldakuntzarik ez zen espero: baziren, halere, ikustekoak; nire irudiko, hauek:
1.-Frantzia osoan bezala, ezkerrak baliatuko ditu Sarkozy Lehendakariaren higatzea eta tantoak irabaziko?
2.-Abertzaleen boz kopurua ohi baino gorago joanen da? Edo, beste modu batez errana eta kantonamenduetako bozei begira, ABk, Batasunak eta EAk sortu Euskal Herria Bai koalizioa aitzinamendu bat izan da?
3.-Herrietan nekez neurtuko da boz abertzaleen kopurua. Herri bakoitza autonomia osoarekin ibili da, eta hiru taktika ezberdin baliatu: abertzaleak bere kabuz –Baionan edo Donibane Lohitzunen bezala–, talde abertzale organizatuak beste alderdi baten zerrendan sartu hitzarmen baten bidez –Angelun eta Miarritzen, adibidez–, edota hitzarmenik gabe sar lekuan lekuko hautagaien artean. Arazoa nahasiagoa da herri batzuetan non baitira bai zerrenda abertzale bereziak, bai eta eskuineko eta ezkerreko zerrendetan sartu abertzaleak ere. Entrismoaren taktikari ikusi zaio alderdi baikorra: zerbaiten egiteko hobe dela gobernuan “zikintxo” egotea oposizioan “garbi” baino. Taktika horiek, denak batera, bisibilitate eta eragin gehiago emanen diote abertzaletasunari?
Ondorioak ikusita –orain artekoak bederen–, hauxe hiru galderei buruzko zerbait:
1- Ez da ezkerraren aldeko uzkailtzerik izan. Baionako eta Miarritzeko auzapez eskuindarrek bigarren itzulia beharko dute irabazteko eta Angelun sozialistak atera dira lehen, bigarren itzulian irabazteko posibilitate... murritzekin. Eskuineko nagusien harrokeria apaltzeko bederen balio balu, ez da gaizki.
2- eta 3 - Abertzaleen bozen tendentziak konfirmatzen dira: leku dinamikoena Lapurdiko bazter euskaldunak dira, emaitza politekin; barnealdean ere aitzinamendua bada, nahiz eta apala; Lapurdiko hiri nagusietan, erran nahi baita Baiona-Angelu-Miarritze konurbazioan, egoera minoritarioa berriz ere manifestatzen da. Badirudi eremu euskaldunetan batasunaren aldeko nahiak gehitu diola Arrasateko hilketak Batasunaren irudiari eman liezaiokeen itxura ezkorrari; berriz, Miarritzeko abertzale-ezkertiarren emaitza onak konparatzen badira Baionan Euskal Herria Bai-ko zerrenda unitarioak ukan gibelamenduari, ematen du hiri nagusietan ondorioa alderantzizkoa izan dela.
Ez dago erantzunik.
© 2008 ARGIA.com