Aingeru Epaltza, idazlea
"Ematen zuen foru hauteskundeetan gertatutakoak halako ondorioren bat izango zuela botoetan, baina Nafarroako mapa politikoan boto bakar batzuk besterik ez dira mugitu 2004tik hona. Diferentzia bakarra da abstentzioa pixkat igo dela, baina %3ra ez da ailegatzen, bakarrik mendialdeko herri batzuetan nabarmendu da, segur aski ezker abertzaleak duen kontrolak funtzionatu duelako.
Garbi dagoena da NaBaik PSOEren bizkar igotzeko zituen aukerak ostiraleko atentatuaren efektuak hautsi dituela, eta baita kanpainan bi hautagai besterik ikusi ez izanak. Dena dela, azpimarratzekoa da NaBai dela Hego Euskal Herriko indar abertzaleen artean eutsi dion bakarra. Horrek pentsarazi beharko lieke gainerako alderdi abertzaleei eramaten ari diren politika egokia ote den, eta pertsona batek egun batean EAJri eta bestean PSOEri botoa ematen dionean ez ote den ari zerbait gertatzen, Arabakoa ikaragarria da alde horretatik.
Estatuan bipartidismoak erloju batek bezala funtzionatu du, IUk agian berdeago bilakatu beharko luke gorriago baino. Niretzako PSOE igotzea ez da ustekabea izan, baina aldi berean PP igotzea bai. Zer legegintzaldi izango dugun? Auskalo. Baina Zapaterori laguntza nazionalismo katalan eta euskaldunetik bakarrik etorriko zaio eta ikusteko dago nola baldintzatuko duen horrek bere agintaldia".
Ez dago erantzunik.
© 2008 ARGIA.com