Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Hauteskundeak 2008

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

ARGIAko artikuluak

Ezkerrak kontra-botereak ezarri ditu Frantzian

Mikel Asurmendi

Errepublikako presidente Nicolas Sarkozy izan dugu hastapenetik gure azterketen ikuspuntuan. Presidentziarako hauteskundeak izan ez arren, Nicolas Sarkozy galtzaile izan da herri eta kantonamenduetako bozetan. Eskuinak hainbat plaza galdu ditu ezkerraren mesedetan.
 
Abstentzioa %33,50 izan da. 2001eko jite bereko bozen antzeko parte-hartzea izan da. Parte-hartze apala, halere. Orduan eskuina garaile izan zen eta bien bitartean izan diren beste bozetan ere bai. Beraz, ezkerrak nolabaiteko kontra-botereak ezarri ditu herritarrengandik hurbilago dauden erakundeetan.
 
Paris, Lyon, Lille, Toulouse, Estrasburgo hiri handiak PSko auzapezen esku daude. Marseilla jokoan zegoen bigarren itzulian eta UMPko esku geratu da hala ere. Ezkerrak kontseilari asko irabazi ditu departamenduetako erakundeetan (Kontseilu Nagusiak). Frantziako Estatuan oro har, oposizioak Nicolas Sarkozyren UMPren alternatiba daukan erakutsi beharko du. Zentro-ezkerra edo askotariko ezkerra ote den ikuskizun dago.

 

IPARRALDEKO HERRI KONTSEILUAK ETA KANTONAMENDUAK

 

Jean Espilondo Angeluko auzapeza

 

Baiona, Miarritze, Angelu hiri handienetako herriko etxeak zeuden jokoan. Hurrenez hurren, Baionako Jean Grenet (UMP) eta Miarritzeko Didier Borotra (Modem) auzapezek berritu dute kargua. Angelun ordea, Jean Espilondo (PS) da auzapez berria, Modemeko Robert Villenavek galdu du auzapez kargua.

 

Hendaian berriz, PSko Kotte Ezenarrok galdu eta Battitte Salaberri independenteak (enpresaria) irabazi du. Uztaritzen Dominique Lesbats (eskuindarra) izanen da auzapez. Battitte Amestoy abertzaleak boz eskasengatik ez du aulkia erdietsi. Bidarte eta Urruña herrietan halaber, auzapezak eskuinekoak izanen dira. Maulen Mixel Etxebeste (enpresaria) independentea da auzapez berria.

Iparraldeko herri kontseiluetan ezker alderako lerratze gisako bat izan da. Hots, Angeluko auzapez Jean Espilondo sozialistak balantza ezker aldera desorekatu du amiñi bat.

 

Abertzaleek bozen ia %15a erdietsi zuten lehen itzulian. Hirugarren indarra eta alderdi giltzarria bilakatu dira, baina bigarren itzulian zentro-eskuinak edo ezkerrak bidea ixten dio oraindik. Edota ezker frantziarrarekin aliantza egiten dutenean, zentro-eskuinak gogor ihardesten die abertzaleei.

 

Azkenik, Pirinio Atlantiarrak departamenduko Paue hiriburuan PSko Martine Lignières-Cassou da auzapez berria. Modemeko presidente François Bayrou eta UMPko Yves Urieta auzapez ohia izan dira galtzaileak.

 

Jean-Michel Galantek kontseilari aulkia galdu du

 

Baigorri kantonamenduan EH Baiko Jean-Michel Galantek galdu du kontseilari nagusiaren aulkia. UMP-Modemek babestutako Jean-Baptiste Lambert izan da hautatua. Zentro-eskuinak ez du barkatu kontseilariaren zazpi urtetako oposizio abertzalea.

Modemeko Bernard Auroyk berritu du kontseilari kargua Uztaritzeko kantonamenduan, EH Baiko Mixel Mendiburu bidean geratuz. Ustekabea Hendaiako kantonamenduan izan da: UMPko Daniel Poulu diputatuak kargua galdu du. PSko Kotte Ezenarro da kontseilari nagusi berria.

 

Modemeko Jean-Jacques Lasserrek segituko du Pirinio Atlantikoak departamenduko presidente izaten. Alabaina, ezkerreko eta kontseilari independente berriek gero eta zailago jarri diote karguaren berrizendatzea. Oro har, 52 aulkitik 26 zentro-eskuinak betetzen ditu, 23 ezkerrak eta hiru independenteek.

 

Abertzaleak aitzina baina...

 

Abertzaleek, batez beste, bozen ia %16 egin zuten kantonamenduetan lehen itzulian. Jean-Michel Galantek %30 eta Mixel Mendiburuk ia %20. Alta bada, bigarren itzulian, zentro-eskuinak gogor ekiten die beren asmoei. Bozen araberako karguak erdiesteko beste urrats bat falta zaie abertzaleei.

 

Azkenik, euskaltzale gisa ezagutuak eta independente gisara hautatuak izan diren pertsonak nabarmendu behar dira: Battitte Salaberri Hendaian eta Maulen Mixel Etxebeste (biak enpresariak eta auzapez berriak) eta ABko Alain Iriart kontseilari nagusi berria.



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2008 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan