Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan

Hauteskundeak 2008

Bilaketa

Bilaketa Bilaketa

ARGIAko artikuluak

Boto zenbaketan, nortzuk dira "besteak"?

Unai Brea

NOK

Bipartidismoaren Espainian ehun hautagaitza inguru aurkeztu dira hauteskunde orokorretara. Horietatik 34 ez dira 1.000 boto eskuratzera iritsi, eta asko ezta 100 ere. Alderdi zerrenda osoa irakurtzea dateke irribarre egiteko arrazoi bakarra, barregura gutxi eragin digun kanpainan. Denetik dago lapikoan: betiko alderdiak, garai batean handiak izandakoak, CDS bezala, gaur hutsaren hurrengo; autonomia erkidego bati dagozkionak, edo probintzia bati, edo (bai, badira halakoak) eskualde edo hiri bakarrean aurkezten direnak; eskuin muturrekoak; ezker muturrekoak, ez hainbeste; aldarrikapen zehatz bati lotutakoak, ez-erretzaileen alderdia esaterako; ekologista-berdeak, kolore horren ñabardurak adina hautagaitzarekin; balore tradizionalen aldekoak; txantxa egitearren aurkezten direnak… Sailkaezinak ere badira, bozka sistema elektronikoaren aldeko alderdia edo boto zuria eskatzen duena, berbarako.

Ez dira hedabideetan agertzen ia, baina batzuk gauza dira uste baino boto gehiago lortzeko. Zezenketen eta animalienganako tratu txarren aurkakoek, 41.000 estatu osoan, zezenek bozkatu ezin duten arren. Los Verdes-Grupo Verdek, probintzien erdian soilik aurkeztu arren, 30.000 (orlegi guztiak batuko balira…). Por Un Mundo Más Justo-k (Mundu Justuago Baten Alde), ia 22.000.

 

Beste batzuek gehiago kezkatzen gaituzte. Eskuin muturreko taldeez ari gara, jakina. Esate baterako, orotara hiru Falange desberdin dituzu, esku erdia baino gehiago. Hiruren artean 18.000 boto atera dituzte. Argitu dezagun, hala ere, horietako bat Asturiasen baino ez genuela, eta 60 papertxo eraman dituela. Beste biek 500 boto pasatxo eraman dituzte Hego Euskal Herrian. Bistan denez, ez die inork ukatu parte hartzeko aukera. Ezta AuN edo Frente Español-eri ere (4.000 boto inguru bien artean, horietako 109 Araba eta Bizkaian eskuratuak).

 

Eta ez genuke gainbegiratu hau alderdi bi aipatu gabe amaitu nahi. Batetik, hamaika herrialdetan –tartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa- bozkagai izan den Alternativa Motor y Deportes (Motorra eta Kirolak Alternatiba), 3.764 botoren irabazle, horietatik 1.000 baino gehiago euskal lurraldeetan. Dakigunez, egunkari salmenten kopuruek eta hauteskundeen emaitzek ez dute bat egiten, bestela erne hauekin… Nafarroako Ordezkaritza Kannabikoak, berriz, Nafarroan ez ezik, estatuko beste hiru probintziatan aurkeztu du bere burua, eta guztietan boro kopurua handitu du. 7.700 atera ditu guztira.

 

- Hautekundeetara aurkeztutako alderdi guztien zerrenda: www.generales2008.mir.es



Erantzunak

Ez dago erantzunik.

© 2008 ARGIA.com

Helbidea:
Industrialdea, 15 · 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
· Telefonoa:
943 371 545
/ Faxa:
943 373 403

Edukin nagusira joan

Menu nagusira joan