Santi Leoné historialariak Espainiako hauteskundeak ditu hizpide ARGIA aldizkarirako idatzi duen artikulu honetan (martxoaren 9ko data izango duen zenbakirako):
Beldurrezko zenbait filmetan gai klasikoa da: bi anaia edo bi ahizpa, bikiak, bata gaiztoa eta bertzea ez hain gaiztoa. Martxoko hauteskundeetako istorio beldurgarrian ere bikiak ditugu protagonista Espainian. Bikiak, aukeratutako kanpainan, biek hauteslea iraintzea erabaki baitute: batak, munduaren akabera iragarriz, bertzeak, botoaren truke dirua eskainiz. Eta bikiak, halaber, ikuspegi periferiko batetik munta handiko kontuetan.
Horretan, José Bono PSOEko hautagaiak eman du giltzarria. Politikara zerk bulkaturik itzulia zen galdetuta, hau bota zuen Bonok –buruz ari naiz–: “Gauza anitz aipa nitzake, baina bereziki bi azpimarratuko dizkizut: Maragall ez dago Kataluniako Gobernuan, eta Gobernuaren jarrera ETArekin aldatu egin da”. Bikiak, beraz, espainiartasunean, eta norgehiagoka nazionalismo periferikoen aurkako grinan. Justiziaren edo dena delakoaren hondar epaiak ikusi bertzerik ez dago.
Nafarroan, aipatu bikitasuna biderkatu egiten da, Gobernuko alderdia eta haren euskarri zintzoa guztiz berdintzeraino. Navarristen argudioa da: balizko Euskal Herri independente batean edo soilik Hegoalde autonomo bateratu batean, gure biztanleria eskasa baliatuta, Bilbotik gobernatuko gintuzkete. Ez dakit, bada. Edonola ere, argi dago nola gobernatzen gaituzten Espainiatik, gure boto kopuru urria arbuiaturik. Eta horretan ere, bi alderdiak norgehiagoka Nafarroaren espainiartasunaren aldeko suan.
Denak zaku berean sartu dituztelako, lehen errugabetzat jota libre atera zitezkeenek, orain erruduntzat joak izateko aukera guziak dituzten bezala, lehen legalak zirenak legez kanpo daude orain. Cuatro telebista ikusteari utzi diot eta, hortaz, ezin erran zergatik Gobernuak behartuta ikusi duen bere burua erabaki horiek hartzera. Bikien arteko dema honetan, ez dakit nork irabaziko duen. Susmoa dut PPk galduko duela, hainbat eragin txarren askatzen jakin ez duelako. Irabazten duena irabazten duela, gutxiengoen esku egonen da desberdintasuna sartzeko zeregina eta espainiartasunaren garra pixka bat –sikiera– epeltzeko lana.
Nafarroan, emaitza posibleen artean, bi, bi eta bat izanen litzateke hoberena (hau da, bi jarleku NaBai-rendako, eta bat PSNrendako). NaBai-koek diote, azken batean, etorkizunean norbaitekin negoziatzekotan, sozialistekin negoziatu beharko dutela. Arrazoia dutela uste dut. Baina, ikusiak ikusita, hori pozgarria ala negargarria ote den, irakurleari dagokio erabakitzea.
Ez dago erantzunik.
© 2008 ARGIA.com