Mikel Asurmendi, ARGIAko kazetaria
Espainiako Estatuan ez dira hauteskunde presidentzialak, alta bada, hala bailiran jokatzen ari ote den susmoa dugu. Frantziako Estatuan berriz, orain gutxi izan ziren presidentzialak, Nikolas Sarkozy presidente berria izaki. Oraingo hauek herri eta kantonamendu bozak dira. Hala izanik ere, presidentearen itzala Hexagonoko angelu guztietara iristen da.
Kanpainako menuak karta anitza ezezik, jaki nahasiak eskaintzen ditu
Frantziako Estatuko presidentea Espainiako presidentea baino gehiago da dudarik gabe: Estatu burua da, Espainian erregea nola presidentea halaxe Frantzian. Errepublika da ordea, erregerik ez da beraz. Herri eta kantonamenduetan presidentea hautagaia izan gabe ere, bere eragina berealdikoa izan da historian zehar. Nikolas Sarkozyk errege baten antzo jokatu nahi, ordea.
UMPko hautagaiek ez dute Sarkozyren presidente berriaren gerizpean kanpaina egin nahi, ordea. Urte erdi batean, Sarkozyk presidente izatean irabazi zuen popularitatea kareletik joan zaio. Carla Bruni kantari eta modelo italiar-frantziarrekin uztartu izanak –hirugarren emaztea dagoeneko– ez dio hitzeman zituen erreforma politikoak egokiro garatzen lagundu: langabeziak arazoa izaten segitzen du betiere. Eliseoko bikote berriak gastatzeko erakusten duen ahalmena eta bizitzaren garestitzea ez dira aise ezkontzen herritarren begietan. Adibide bat besterik ez da.
Hartara, Frantziako hiri handietako UMPko hautagaiak –Paris, Marseilla, Bordele, Nantes...– presidente eta alderdikidearen itzalean babesa aurkitu beharrean, sostengu iluna antzematen hasiak dira. Ezkerrak, krisi gorrian izan arren, boz hauetan aurreko bietan –presidentzialetan eta orokorretan– baino xantza gehiago izanen duela esaten da politikako solas-lekuetan. Hainbat hirietan, ezkerra eta zentroko UDF-Modem alderdiak hainbat akordioetara iritsi baitira, antza. Badago dioena hala ere, posibilitate horiek UMPko hautagaiek asmatuak eta aireratuak baino ez direla. Eskuina, batez beste, garaile izanen dela hiri handietan, baita orobat departamenduetako kontseilu nagusietan eta herrietan ere.
Hauteskunde hauetan, Espainiakoetan ez bezala, zaila begitandu zaigu kiniela egitea. Izan ere, Frantziako herri bozetan, eskuina, ezkerra, berdeak, baita tokian tokiko “nazionalistak” edo “abertzaleak” zerrendetan nahasiak baitoaz. Alegia, politikariak ez dira “gorriak” edo “zuriak”. Grisak dira. Garai batean, ironiaz esana, alderdi politikoek “haragia” edo “arraina” izan behar zutela esaten zen, bata ala bestea, ezin bestera izan, ezin biak izan. Gaur egun, hauteskunde kanpainako menuak karta anitzak ezezik, jaki nahasiak eskaintzen ditu.
Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoan: herri eta kantonamendu bozak
Frantziako eskaintza politikoak inon nahasiak badira gure Iparraldean dituzu, eta herri bozetan bereziki. Paueko Kontseilu Nagusian zehatzagoak dira edozein gisaz. UDF-Modem zentristak dira nagusi. Eremu euskaldunetan garaile dira Jean-Jacques Lasserre presidente euskal-biarnesaren –frantximant ziur, baina ez gorri ez zuri, ez arrain ez haragi– ildokoak: Bidaxunen –bertakoa da bera–, Maulen –Pepela Mirande– eta Amikuzen –Barthelemy Aguerre– kontseilariak zentristak dira. Biak euskal hiztunak, baita Zuberoako beste kantonamenduko –oraingoan bozkatzen ez dena– kontseilari nagusia ere: Michel Arhancet.
Oposizioa, Alderdi Sozialista (PS) –UMPko kideak kantonamendu gehienetan aliatu ditu UDFk, edo alderantziz– Maule, Angelu eta Hendaiako kontseilari nagusiak bereganatuko dituelakoan ari da kanpaina honetan, baita lehen aldikoz historian Departamenduko presidentea ezkerrekoa izatea itxaron ere. Ez dirudi hala izanen denik, normalena zentro-eskuinak dauzkan kontseilariak berriz ere hautatuak izatea da. Gainerako guztia sorpresa liteke eta aro berri baten etorreraren iragarpena.
Kantonamendu bozak
Euskal Herria Bai (EHB) da hautagaitza homogeneoena. Abertzaletasunean homogeneoak, baita gizarte ereduari begira ere bai, EAJ ez baitago koalizioan. Baigorri kantonamenduko kontseilari nagusiak kargua atxikitzea normalena litzateke, galtzea berriz porrota. ABko Jean-Michel Galant bermea dute abertzaleek. ABko Alain Iriart ere hautagaia da, baina independente gisa aurkezten da. Honek kontseilari nagusia izateko xantza handia du, eskuinak ez baitu hautagairik aurkeztu kantonamenduan. Solas-leku politikoetan diotenez, gisa honetara, frantses eskuinaren bozemaileen sostengua jaso du Iriart abertzaleak.
Alain Iriarten hautuak abertzaleen munduan dagoen kontrobertsia agerrarazi du. Nahiz eta egiari zor kontrobertsia edo eztabaida ez den oraindik kaleratu. Hots, hogeita hamar edo berrogei urteetako militantzia garaiaren ostean, abertzaleak indar giltzarri dira, baina ez dute aro politiko berria eragiteko edo behartzeko gauza izan. Politika posibilista egin ezean, militante esanguratsu asko tokian tokiko alderdietan –frantses eskuina, ezkerra edo zentrokoetan– leku hartuz doaz. Frantses alderdien zerrendan abertzale bat ez egotea gauza “anormala” bilakatu da.
Horra, urte luzetako borrokak ekarri duen normaltasuna. Gertakari hau aro berri baten ezaugarria izan daiteke, ez dirudi baina alderdi abertzaleen aldarrikapenak –Euskal Departamendua, Laborantza Ganbera eta euskararen ofizialtasuna dira, besteak beste– ekarri beharko lituzkeen aroa heldu denik.
Herri bozak
Herrietako auzapezak, ustekaberik ezean, nahiko egonkor eta finkoak dira. Herri nagusien artean Angelu eta Urruñako auzapez edo alkateak daude zalantzan. Zalantza-balantzan zentro-eskuinekoak izanen dira kasik ziur auzapez. Izanez ere, euren zatiketaren eraginez daude zalantzan, ez oposizio azkarraren edo eraginkorraren eraginez. Areago, bi itzuliko hauteskundeak izanda, bigarren aukeraketak “iraultza arrisku oro” edo aldaketa alegia, betiko lekuan ezarri ohi du.
Azpiegiturek (AHT, 63 autobidearen zabaltzea, 2x2 errepidea...) badute munta handia ere egungo Iparraldeko politikagintzan. Alabaina, berauek ez dira ebazten ez herriko ez kantonamenduko instituzioetan. Hasteko eta behin, askotariko zerrendako jarrera anitzek ez dute azpiegiturari buruzko erabaki sendoa eta batua hartzea errazten. Politikariek berauek nahiko jukutria darabilte erabaki bat hartzeko orduan. Eta boterea zalantzan edo arriskuan ikusiz gero, Jean-Jacques Lasserrek 2x2 errepide proiektuan ikusi zuen bezala, proiektua bertan behera uzten dute, eta kito. Zeregin honetan ere, “bigarren itzuli bat” izango baita, boterearen intereserako garai egokiagoan betiere.
Herritarren arrangura begi-bistakoa da AHTren proiektuaren aurrean. AHTren aurkako taldekoek Mugerren eta Uztaritzen
–bertatik pasa liteke AHT– galdeketa eginen dute azpiegitura honi buruzko herritarren jarrera ezagutzeko.
Gainerakoan, emaitzak datozen asteko astelehen goizetan. Lehen itzulian argitzen ez dena bigarrenean argituko da. Iparraldean baratze-baratze joan baitoaz boz kontuak.
Adierazgarria da isiltasuna
Frantzia goian, Espainia behean eta Euskal Herria bi estatuon artean. Lehen aldikoz historian, Euskal Herriko herritarrek boza emateko aukera dute egun berean. Alabaina, bitxia da euskal alderdi abertzaleen artean zein oihartzun eskasa izan duen hori horrela izateak. Behingoan, euskal nazioaren burujabetasunaren alde edo aurka izan, hautesle guztiak egun berean mobilizatuko dira. Adierazgarria da honen inguruko isiltasuna. Ezker abertzale ofizialak abstentzioa eskatu izanak ba ote eraginik? Edo oro har, abertzaletasunak proiektu bateratua ez izateak Euskal Herriarentzat?
Abertzaletasunaren ahulezia agerian geratu da honen guztiaren gibelean. Edo hala irudi du bederen.
Ez dago erantzunik.
© 2008 ARGIA.com