Euskal Herriko Mugimendu Feminista hainbat sindikaturekin eta alderdirekin bildu da, “zainketen kolapsoa eragozteko” martxan jarritako mahaiaren lehen jardunaldian. Eskaera argia egin dute: Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak parte hartu behar dute sortu duten mahai tekniko, politiko eta feministan.
Halaber, iragarri du mahaiak biltzen jarraitzeko asmoa duela, eta azpimahaiak sortuko direla gai jakin batzuk lantzeko: eremu feminizatuak, etxeko langileak, zaintzak, osasuna eta hezkuntza, indarkeria matxista eta arrazista, LGTBIfobia; prekaritatea, bizitzaren degradazioa eta eskubideen urraketa eta burujabetzaren galera.
Berria-n egindako elkarrizketan, mugimenduko kide Josebe Iturriotzek "Ez dugu ulertzen Urkullu eta Txibite gurekin ez biltzea", adierazi du.
ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE eta HIRU sindikatuek gaurko deituta zuten Haserre gaude lelopeko grebak segimendu handia izan du etxeetan eta lantokietan, antolatzaileen arabera. Sindikatuek osasuna, enplegua eta lan baldintzak defendatzearen alde borrokatzera deitu dute.
Alarma egoeraren aitzakian egunotan herritarrok polizia-indarkeria bereziki nozitzen ari garela-eta, gehiegikeria horren aurrean ditugun eskubideak ezagutzeko eta nola jokatu jakiteko argibideak eman ditu LAB sindikatuak.
Euskal Herrian zein gordintasunez ari gara jasaten Covid-19aren erasoa? Zein abiadura darama gurean, beste batzuen aldean? Kutsatutako jende kopuruak oraindik aski fidagarriak ez direnez –denek aitortzen dute proba urriegien poderioz benetako kasuen zati bat baino ez dugula ezagutzen– gaurkoz datu sinesgarrienak diren hildakoen kopuruak alderatu ditugu ARGIAn bi aldiz: lehenbizikoz martxoaren 23a arteko datuei begiratu genien eta bigarren ahalegin honetan martxoaren 26an, osteguna, ilunabarrean ofizialki finkatutzat emandakoei erreparatuko diegu.
Ipar Euskal Herriko Hitza-k aditzera eman duenez, koronabirusak bazterrak inarrosi ditu munduan barrena, baita gure mundu tipia ere: Nafarroaren Eguna, Eusko Eguna eta Sarako Biltzarra bertan behera utzi dituzte antolatzaileek, besteak beste. Herri Urrats festa ez da izanen, iragarri bezala, maiatzaren 10ean.
Egunotan sare sozialetan ikusten ari garen irudiak dira: polizia geldi dagoen herritarra jotzen, edo lurrera botatzen, indarkeria baliatuz mobilizatzen, kalean dagoena gogor iraintzen edo haren aurka oldartzen… Alarma egoera hau polizia-indarkeria baliatzeko aitzakia ez dela gogoratuz, ekintza hauek guztiak ikertzeko eskatu dio plataforma batek Espainiako Barne Ministerioari.
Isolamendua arintzeko “eta modu dibertigarrian zientziaren inguruko kontzeptuak ikasteko”, apirileko egun bakoitzerako etxean egiteko moduko esperimentu bana proposatzen du Elhuyarrek kaleraturiko taulak: bata haurrei zuzendua, bestea gazteei.
Boris Johnson koronabirusaz kutsatu da, The Guardianek kaleratu duenaren arabera. Lehen ministroak berak ere baieztatu egin du kutsaketa, eta auto-isolamenduan dagoela adierazi du. Hala ere, Gobernuaren gidaritzan jarraituko duela jakinarai du Twitter bidez.
Over the last 24 hours I have developed mild symptoms and tested positive for coronavirus.
— Boris Johnson #StayHomeSaveLives (@BorisJohnson) March 27, 2020
I am now self-isolating, but I will continue to lead the government’s response via video-conference as we fight this virus.
Together we will beat this. #StayHomeSaveLives pic.twitter.com/9Te6aFP0Ri
Estatua itxi eta hiru egunera heldu da lehen ministroa kutsatu dela dioen berria. Ordura arte, sinesgaitz jokatu zuen Johnsonek, eta jende gehiago kutsatuz gero gizartea inmune bilakatuko zela ere adierazi zuen publikoki.
Martxoaren 26ko datuen arabera, 11.600 pertsona kutsatu dira herrialdean, eta 578 dira jada hildakoak.
Frantziako Estatuaren antolaketa administratiboari segi, ezin dugu jakin koronabirusaz kutsaturiko zenbat ipar euskal herritar dagoen. Akitania Handiko zifrak dira hurbilenak –orotara 305.000 euskal herritarrez gain beste 5.682.000 biztanle ditu eremu geografiko horrek–. Martxoaren 25ean bezperan baino 122 kutsatu gehiago zeuden, kopurua 875era igoz.
Ibai Trebiño Caracasen da eta handik aletu ditu koronabirusak Venezuelan eragin duen egoera eta horri aurre egiteko gobernuaren neurriak.
Le Monde egunkariak bildu du Orange telefono konpainiak plazaratu duen informazioa. Horren arabera, Paris metropolitanoa osatzen duen hiri multzoan bizilekua duten herritarren %17k alde egin zuen bertatik martxoaren 12 eta 13an, Emmanuel Macronek Frantziako estatu osoan hilaren 17an konfinamendua ezarri aurretik. Telefonia mugikorrean Frantzian nagusi den Orangek bere bezeroen geolokalizazioa jarraituz egin ahal izandu ikerketa hori, nahiz eta konpainiak azpimarratzen duen abonatu bakoitzaren pribatasuna beti zainduko duela. Azterketa estatistikoak erakusten du Paris metropolitanoko milioitik gora jendeok nora joan diren ere: antza denez, Frantziako estatuko eremu askotan banatzen dira nahiko homogeneoki, baina leku batzuetan egoiliarren kopurua oso nabarmen hazi da, zehazki Re uharteak, Bordeletik goraxeagoko kostan, biztanleak %30 ugaritu dira martxoaren 12-13tik.
Munduko herritarren herena konfinatuta dago beren etxebizitza eta gainerako zerbitzuetan. Joko Olinpikoak beren historian lehen aldiz atzeratu egin dituzte. Jarduera ekonomikoa goitik behera doa eta herrialde bat bestearen atzetik, konfinamenduak agintzen ari da. Konfinamendua agintzen azken herrialde erraldoia India izan da. 1.300 milioi biztanleri 21 eguneko "konfinamendu totala" agindu diete.
Ez da munduko beste herrialdeek ateak itxi dizkietela txinatarrei, ez, orain alderantziz da: Txinak larunbatetik aurrera ez du onartuko atzerritik inor bertara sartzerik.
Neurri hori hartu Pekinek argudiatuz berak lortu duela Covid-19 izurria kontrolatzea –nahiz eta ez ezabatzea– eta aldiz munduan ia hesirik gabe ari dela hedatzen. Ez du nahi orain birusa berriro atzerritik hel dakion.
Larunbatetik aurrera eta epe muga jakinik gabe etenda daude kanpotarren bisita guztiak. Agintariek ohartarazi dute pertsonal diplomatikoa eta gobernuak espreski baimendutako pertsona inportanteak sartu ahal izango direla.
Norbaitek Txinara bidaiatzeko asmoa bazuen, bere herrialdean Pekinek daukan enbaxadan aurkeztu beharko du eskaria, azalduz zein garrantzia handiko lanak egin behar dituen Txinan. Zertzelada gehiago ondoko egunetan ezagutuko dira.
Berria egunkariak daraman kontabilitatearen arabera, Euskal Herrian martxoaren 26ko arratsaldea arte 239 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak, 5.372 kutsatu eta 2.024 dira ospitaleratuta daudenak. Hona kopuruok lurraldeka:
- Hildakoak 230: Araban 94, Bizkaian 65, Gipuzkoan 21, Nafarroan 49, Iparraldean 1.
- Kutsatuta testeaturik positibotzat emandakoak 5.372: Araban 1.435, Bizkaian 1.850, Gipuzkoan 661 eta Nafarroan 1.411. Iparraldeko datu fidagarririk gabe segitzen dugu.
- Ospitaleratua 1.656: Araban 325, Bizkaian 849, Gipuzkoan 201, Nafarroan 649 eta Iparraldeko datu fidagarririk gabe segitzen dugu.
Martxoaren 26ko arratsaldean, hona Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometers zerbitzuak 17:37an zenbatuta:
- Hilak 23.028. Herrialdeka: Italia 8.215, Espainia 4.145, Txina 3.287, Iran 2.234, Frantzia 1.331 (atzoko zifra), AEB 1.100, Erresuma Batua 477, Holanda 434, Alemania 239 , Belgika 220, Suitza 191 , Hego Korea 131...
- Kutsatuak 510.000. Herrialdeka: Txina 81.285, Italia 80.539, AEB 75.665, Espainia 56.197 , Alemania 43.646, Iran 29.406, Frantzia 25.233, Suitza 11.712...
- Sendatuak 122.245. Horietatik 74.,051 Txinan.
Covid19ari loturiko osteguneko datu ofizialak jakinarazi dituzte eta gora egin dute berriz ere kasu positibo egiaztatuek. Guztira, 62.013 dira kasu positibo baieztatuak, aurreko egunean baino 4.492 gehiago. ZIUn 3.612 herritar daude eta hildakoen kopurua 8.100 biztanlekoa da guztira (aurreko egunean baino 712 gehiago). Sendatu direnak berriz, 10.361 dira guztira (999 gehiago).
Orain arte, 361.060 proba egin dituzte.
Mundu erdia konfinatuta egoteak eta produkzioaren zati bat geldirik, airearen kalitatea hobetzea ekarri du; bereziki Italian eta Txinan antzeman dute kutsadura gutxiago. Baina Munduko Meteorologia Erakundeak ohartarazi du horrek ez duela berez aldaketa klimatikoa mantsotuko, karbono dioxido maila iazkoa baino altuagoa baita oraingoz. Areago, behin osasun larrialdia igarota CO2 isuriak izugarri igoko diren beldur da erakunde hori, 2008ko finantza krisiarekin gertatu zen bezala.
Segi irakurtzen Urko Apaolazak gai horren inguruan idatzitako analisia
.
Batez ere etxean baliabide teknologiko nahikorik ez duten haurrak gogoan, hedabide publikoak “Bitartean, etxetik ikasten” saioa eskainiko du datorren astelehenetik aurrera ETB3n eta Eitb.eus-en.
Ospitale eta zahar-etxeetako langileek, garbitzaileek edota saltzaileek ez dute garraio publikoa ordainduko ostegun honetatik aurrera Lapurdi, Zuberoa eta Behe Nafarroan, Euskal Elkargoak hala erabakita.
Aernnovak Berantevillan duen fabrikako enpresa batzordeak greba mugagabea deitzea erabaki du, martxoaren 31tik aurrera, koronabirusak eragindako egoeraren aurrean langileen "osasuna bermatzeko".
Denon ahotan da koronabirusak mundu mailako ekonomiara ekarriko duen krisia oso handia izango dela. Norainokoa ordea? Inork ez daki, baina ostegun honetan Roverto Azevedo Merkataritzaren Munduko Erakundearen (MME) lehendakariak adierazi duenez, “2008koa baino handiagoa”.
Irakasle eta ikasleak etxetik eta internet bidez ari diren garaiotan, Jakindun irabazi-asmorik gabeko proiektuak gogoratu du zientzia ikasgaiei lotutako bideoak eskaintzen dituela bere webgunean, euskaraz eta doan, “bideo laburrak eta azalpen errazekin”. Hezkuntza komunitatearentzako baliabide izan nahi du ekimenak.
Koronabirusak eragindako arnas-zailtasunei aurre egiteko hain baliagarriak diren oxigeno-botilak (eta leku batean baino gehiagotan falta dituztenak) egiten dituzte Frantziako Luxfer fabrikan. Itxita dago fabrika, eta bizi dugun egoerari aurre egiteko nazionalizatu dezala eta “berehala” berriro ere martxan jarri dezala eskatu diote bertako langileek Emmanuel Macron presidenteari.
Ekimen kultural asko ari dira atzeratzen edo bertan behera geratzen koronabirusaren krisiak eraginda. Ostegun honetan Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiak iragarri bertan behera utzi duela apirilaren 23tik 30era egitekoa zen edizioa. Festibalaren ordez, online ekimen bat jarri dute martxan. Beheko albiste honetan dituzu xehetasun guztiak.
Garraio enpresa batean ari da Xabi Otegi Amundarain eta bizi dugun egoeran beren lana estrategikoa dela argi du, baina galbahea eskatu diete nagusiei: zein den bermatu beharreko zerbitzua eta zein ez, benetan estrategikoa dena baino ez egiteko. “Atzera-aurrera nabil lanean, inolako bermerik gabe”.
Baserritar txikiek ohiko buruhasteez gain mila gehiago dituzte Covid-19ak mugimenduetan eta salerosketan eragin dituen murruzketengatik. Joan den astean zenbait azoka garrantzitsu ez zen egin ahal izan, tartean larunbateroko Tolosakoa. Goierriko Hitza-k azaldu duenez, zortzi saltokirekin atzo ere zabaltzea lortu zuten Ordiziako azoka, Gipuzkoan erreferente ezagunena dena, duela urte batzuk lurraldeko baserritar guztiei barazki eta gainerako produktuen prezioen erreferentzia ematen ziena. Betiko plazan ez baina frontoi estalian egin zuten, bederatzi postu besterik ezin sartuta, hori dela eta postu batzuetan baserritar bat baino gehiagoren mozkinak eskainiz eta bezeroen eta saltzaileen artean urruntasunak zorrotz zainduta. Baina egin egin zen eta albiste inportantea da baserritarrentzako. Baita baratze edo balkoietan ipintzeko landare zain dauden kaletarrentzako ere: Lierni Elortzaren argazkiak erakusten duenez gutxienez landarezale bat bazen azokan.
NBEko idazkari orokor António Guterresek iragarri du koronabirusa borrokatzeko mundu mailako plana abian jarri dutela. Gobernuei eskatu dizkiete ekintza erabakiorrak eta pandemia globalari soluzioa elkarrekin bilatzeko.
Plan honek "bizitza asko salbatuko ditu", adierazi du. Herrialdeei 1.900 milioi euro mobilizatzeko deia egin die, herrialderik zaurgarrienei laguntzera bideratzeko. Gutierresek esan du estatuen erantzun indibidualak ez direla nahikoa izango krisi honetatik irteteko.
Berria egunkariak daraman kontabilitatearen arabera, Euskal Herrian martxoaren 25ko arratsaldea arte 188 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak, 4.468 kutsatu eta 1.656 daude ospitaleratuta.
Ororen buru, aztertuta Garak, Berriak eta EITBk oraintxe (20:15) agerian dauzkaten informazioak, honako argazkia eskaintzen dute datuek:
- Hildakoak 188: Araban 81, Bizkaian 54, Gipuzkoan 20, Nafarroan 33, Iparraldean 1.
- Kutsatuta testeaturik positibotzat emandakoak: 4.468: Araban 1.027, Bizkaian 1.501, Gipuzkoan 463 eta Nafarroan 1.190. Iparraldeko datu fidagarririk gabe segitzen dugu.
- Ospitaleratua 1.656: Araban 310, Bizkaian 674, Gipuzkoan 166, Nafarroan 506 eta Iparraldeko daturik ez dugu. Iparraldeko datu fidagarririk gabe segitzen dugu..
Covid-19aren jarraipen estatistikoak euskaldunoi gure herrigintzak daukan beste zulo galanta erakusten digu.