PLENTZIA

Butroi ibaiaren azkenetako meandro batean herri turistiko eta gogoangarri
hau aurkitzen da, Gorlizekin partekatzen duen hondartza itsasadarraren
eskuinaldean geratzen bazaio ere. Ibaiaren beste aldean, Barrika eta bere
labar miragarriak. Horrenbestez, Plentzia bata bestea ukitzen dauden hiru
herri hauen erdian kokatzen da, eta horregatik hiruak jorratuko ditugun
atalaren buru izango da.
IKUSTEKOAK
Barrikatik etorriz Plentziaren sarreran dagoen oinezkoentzako zubi politean
pasealeku oso atsegina abiatzen da. Pasealekua itsasadarraren ondotik
doa (errepara iezaiozue txalupa koloretsu eta kirol-ontzi zurixka mordoari),
portu zaharretik (gaur egun gehiago da kirol-portua) eta Udaletxe ondotik
segitzen du, eta bata bestearen atzetik, Plentziako eta Gorlizko hondartzak
inguratzen ditu. Horren erdian, lehen aipatutako Udaletxea eta ondoko
Kasinoa aipatu behar ditugu, biak ere Astillero Plazan kokatuak.
Alde zaharrean, berriz, bere kaleen erdi aroko trazadura, eta herria
inguratzen zuten harresien hondakin batzuk azpimarratuko ditugu. Kale
estu eta maldatsu hauek dominatuz Madalenako Andre Mariaren eliza dugu,
erdi aroko elementuak gordetzen dituen Berpizkundeko tenplua, gotorleku
itxuraduna. Eliza Enparantzan, Santiago Atea ikusiko duzue, sarrera funtzioa
zuen arkua hain zuzen ere. Bertako etxeek ere osotasun polita sortzen
laguntzen dute.
Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Bizkaia
28 km.
4 m.
3.277
%29
6 km2
546 bizt./km2
Karmenak (uztailak 16)
Madalenak (uztailak 22)
San Antolin (irailak 2)
|
BARRIKAKO
LABARRAK
Plentziako itsasadarraren beste aldean Barrika herritxoa geratzen da;
berdegune zabalaren erdian kokatzen den populagune atsegina, baina herriaren
sarrerako Jubilatuen Etxe ikusgarria izan ezik, azpimarratzeko moduko
eraikin gutxi eskaintzen ditu. Barrikak gordetzen digun altxorra, altxor
izugarria, bestelakoa da.
Horrela, Udaletxea dagoen erdigunetik itsasorantz abiatzen bazarete (Udaletxea
eskuinean utzi eta hurrengo bidegurutzean eskuinetara joz, adibidez),
bakarrik ametsetan ikusten den paradisu horietako batera iritsiko zarete.
Barrikak, batez ere badiaz bestaldeko Astondopunteren parean, Gaztelua
izeneko puntan, Euskal Herriko labarrik ikaragarrienak dituela esan genezake.
Zelai irregularrez osatutako mantu orlegi eder batek estaltzen dituela,
itsasotik handioski irteten diren labar basati eta zurixka hauek jada
berez sekulako ikuskizuna osatzen dute, baina badago gehiago ere...
Ezkerrean ozeano zabala, gure aurrean Astondopunte-Uztrikoetxe lur mutur
ikusgarriak, euren arteko kalak, eskuinean Plentzia-Gorlizko hondartza
eta herriak, gure azpian Muriola hondartzatxo ezkutua, atzean aipatutako
zelai galantak... Gaztelu-punta zoragarri honetan orduak eta orduak eman
ditzakegu, txundituta, horrelako mirari bat nolatan den posible pentsatuz.
GORLIZ

Gorliz Plentziako jarraipen naturala da, herri bakarra bailiren, eta
batak bestea jotzen daudenez gero, ez dakigu non amaitzen den bat eta
non hasten den bestea (hondartzan berdin gertatzen da). Herri batik bat
turistikoa da, jende gehien erakartzen duena bertako hondartza luze eta
atsegina da, baina herriaren barnean ere badago zer ikusia: Sorkundeko
Andre Mariaren eliza (X.-XI.ean eraikia eta XVIII.ean berritua, dorre
barrokoa nabarmentzen delarik), Udaletxe gorrixka, Elurretako Andre Mariaren
edo Andre Mari Agirreren ermita (bista politak dituen atsedenleku batean),
edota Guruztokia (1776).
UZTRIKOETXE
MUTURRA
Barrikako alde ezin ikusgarriago honetaz gozatzeko aukera izan badugu,
zilegi da beste aldera begira gauza bera egitea, honek ere sekulako ikuskizuna
eskaintzen digulako. Horretarako, lehenbizi, Gorlizko itsasargi modernoraino
hurbilduko gara, eta itzuleran Uztrikoetxe lur mutur izugarrian barneratuko
gara.
Oinezko ibilbidea Gorlizko hondartzaren amaieran abiatuko da, gorantz
hasten den errepide ondoko burdinazko langa altu baten sarreran (Gorlizko
Itsasargia seinalatzen duena). Nahiz eta asfaltaturik egon, Kukulu Behekoa
baserri-auzoraino igotzen den bidea oinezkoentzat bakarrik da, kanpoko
autoek pasatzea debekatua dutelako. Baserri eta zelaien arteko bide polit
honetan zehar, beti zuzen eta gorantz goazela, 45 minutu barru Itsasargi
zurira iritsiko gara, eta Billano uharte inguruko panoramika ederrez gozatzeko
aukera ere izango dugu.
Itzultzean, eskuinetara abiatzen den bidezidor bat hartuz, gure bigarren
helburua lortuko dugu, itsasgaineko labarrak inguratuz Uztrikoetxe muturrera
hurbiltzea, alegia. Bertan, itzelezko ikustaldiaz gozatzeaz gain, Azkorriagako
Gotorlekuaren hondakinak ere topatuko ditugu.
GAZTELUGATXE
DONIBANE

Bizkaiko kostaldean, Bakio eta Bermeo artean, gure herriko monumenturik
ezagun eta, era berean, misteriotsuenetako bat ikusiko dugu. Olatuek errukirik
gabe astintzen dute inguru hau, behin eta mila aldiz, eta orduantxe ageri
zaigu inoiz baino basatiago, irailaren azkeneko itsasaldi gogorretan alegia.
Metro batzuk harantzago Aketx harkaitza lagun bakarra duela, Gaztelugatxeko
Donibane ermita eta harkaitza edozein olerkari inspiratuko lukeen leku
magikoa da.
Harkaitza antzina uharte izan zen, baina Getariako Arratoia
bezala, kostari lotzeko jendeak harrizko zubi bitxi samarra erantsi zion.
Arrazoia: Donibaneren irudiaren aurrean errezatzeko asmoz uharteraino
gerturatzen ziren ehunka erromesak arriskurik gabe pasa zitezela. Izan
ere, Donibaneren tailua harkaitzaren gainean dagoen ermitan gordetzen
da.
Zubiak bi begi bakarrik ditu, baina irla ukitu ondoren, 231 harmaila
dituen eskailera-gurutzebidea hasten da, sigi-saga ermitaraino ailegatuz.
Azken harmailan ikusiko duzuen giza oinatza herri-sinismenak Donibane
santuari berari egotzi izan dio, horraino iritsi zelako froga gisa. Ermita
honek X. mendetik hamaika gorabehera jasan ditu, ermita, gotorleku, babesetxe
edo tenplarien monasterio gisa, hainbat aldiz suntsitu eta berriz altxatu
baitute.
Goitik, 100 metroko altueran, itsasoaren indarra nabaritzen da, eta kostaldeko
ikuspegia ikaragarria da, baina agian gehien txunditzen duena zera da,
igaro berri dugun galtzada-bide ingurutsuaren ikuspegia; irreala dirudi.
Azkenik, ermitaraino behin itsasbeheran eta beste behin itsasgoran igotzea
aholkatzen dizuegu, sentsazioak eta bistak oso ezberdinak baitira.
BAKIOKO
SAN PELAIO
Gaztelugatxetik oso gertu (ikus ibilbidea) Bakioko San Pelaio ermita
erromanikoa dugu, XII. mendekoa eta Bizkaian dauden onenetarikoa. Barneluzego
bakarra duela, zakarki apaindutako kapitelak, atriuma, absideko zirrikitu
moduko leiho artistikoa eta kanpoaldeko ataurrea dira nabarmentzekoak.
BAKIO

Txakolinak ospetsu bihurtu duen herri hau uda pasatzeko ohitura handiko
lekua da, bere inguruan kostalde ederra eta basatia luzatzen baita. Monumentu
gehienak ere inguru ederretan sakabanaturik dituenez, paseatzeko abiapuntu
polita da. Herrian bertan hondartza handi eta zabala azpimarratuko dugu,
urpean aritzeko nahiz surfean egiteko egokia.
BERMEO

ITSASOARI
LOTURIKO LEHEN HIRIA
Bermeo Bizkaia osoan fundaturiko lehen hiria da, Lope Diaz de Haro-k
1239an foru hori eman baitzion. Horregatik, Gernikako Juntetxean berak
zituen lehen aulkia eta botoa, eta bere ordezkariek hitz egiten zutenean,
besteek burutik txapela kendu ohi zuten. Horra hor, beraz, hiri arrantzale
honek historian zehar izan duen garrantziaren seinalea (Bizkaiko Buru
izan zen 1602 arte). Halere, erdi aroan, bandoen arteko guduak eta suteak
zirela medio, herria bera kolokan jarri zen.
Lehendik landutako garrantzia eta lortutako pribilegioek aurrera egiten
lagundu zioten, eta hala, XVI.ean penintsulako arrantzu-flota garrantzitsuena
bertan zegoen. Hortik aurrera arrantzak oparotasun aro luzea ekarriko
dio, populazioa eta urbanismoa asko garatuz. Izan ere, Bermeo beti itsasoari
begira bizi izan da, eta itsasotik etorri zaio dirua, ospea eta prestigioa.
IKUSTEKOAK
Horrelako herri batean egin daitekeen gauzarik atseginena zera da, kaitik
ibili, itsasontzien irten-etorriak ikusi (Bermeok oso kai-mutur aproposa
du, eta gainera Izaro uhartea aurrean du) eta kofradiako salerosketetara
hurbiltzea da. Horrez gain, Bermeok oso alde zahar interesgarria du, eta
bertatik ibiltzeko, hirira etortzen den edonork ikusiko duen Kasinotik
hasiko gara. Hiriaren erdi-erdian dago, kaiaren ondo-ondoan, eta aldamenean
Lamera parke atsegina dauka.
Kaiaren ondotik zeharkatuz, Portu Zaharrerantz abiatuko gara, eta tartean
Santa Eufemia Eliza gotikotik ere pasatuko gara. Bertan gurutzeria bizantiarra,
marmol zurizko erliebea eta Mendozarren hilobi gotiko loretsua nabarmentzekoak
dira.
Alboan pilotalekua eta kofradia ditugu, eta atzean jada, Portu Zaharra.
Honen erdian dauden eskailera batzuetatik Ertzilla Dorre gotikora iritsiko
gara, Alonso Ertzilla poetaren sendiarekin lotua dagoena. Gaur Arrantzaleen
Museoa dugu. Bertan historian izan diren hainbat itsasontzi eta tresnen
bilduma zabala ikusiko dugu. Zabalik: asteartetik larunbatera, 10-13:30
eta 16-19:30 ordu bitartean (igandeetan goizez eta jai-egunetan itxita).
Ertzilla kalean aurrera eginez, laster Sabino Arana Enparantzan aurkituko
gara. Bertan, alde batean Udaletxea (bere eguzki-erloju biekin) eta Santa
Maria Eliza neoklasikoa ditugu.
Bien artean doan Doniene kaletik, San Joan Portaleko arku edo harrizko
atera iritsiko gara. XV.eko harresietatik geratzen den sarrera bakarra
da. Berau igaro eta ezkerrerantz, alde zaharra inguratuko dugu, eta, halaxe,
Arresi kaletik barrena, hasi garen Kasinotik pare bat kale atzerago dagoen
Prantzisko Deuna Eliza eta Klaustro gotikora ailegatuko gara. Bizkaiko
zaharrenetakoa den hau gaur egun azoka bihurtua dago.
Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Bizkaia
36 km.
25 m.
17.036
%78
34 km2
501 bizt./km2
San Juan (ekainak 24)
Madalenak (uztailak 22)
Andra Mari (irailak 8)
|
|