Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraUribealdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Uribealdea Butroe-Sopela-Plentzia-Gorliz-Lemoiz-Gaztelugatxe-Bakio-Sollube

Izen bereko bailararen bihotzean kokaturik, Butroe Gaztelua Bizkaian geratzen den bakarrenetakoa eta, zalantzarik gabe, ederrena da. Sendien arteko gudak amaitu ostean abandonaturik, XIX. mendean berreraikitzeari ekin zioten, gaur egun erakusten duen itxura lerden eta handiosa hartuz. Jatorriz XIII.eko dorretxea, laster gaztelu bihurtu zuten, eta ganboatarren aurkako borroketan eta Bizkaiko historian zerikusi handia izan zuen. Gaur egun, parke botaniko eder batez inguraturik, 45 metroko altuera duen gaztelu honek kanpoan itxura izugarria eta barruan egitura labirintikoa edukitzeaz gain, erdi aroan girotutako atmosferan barneratuko gaitu. Zabalik: Uda aldean 10:30-20 artean (neguan 11-18). Sarrera 900 pta.tik behera.

Errepidera arbola-ilara bikoitzak lagunduriko bidetxo polita batetik iritsi ondoren, eskuinetara jo eta bertatik 3 km-tara Getxorako bidea hartuko dugu, lehenbizi eskuinetara eta gero ezkerretara. Horrela, 6. km-an Sopelan sartuko gara. Surfaren munduan entzute handikoa, bigarren etxebizitzez jositako herria dugu Sopela, San Pedro elizaz gain (XII.ean egina eta XVIIIan berreraikia) bere erakarpenik handiena inguruko hondartzak eta labarrak izanik. Errepide nagusia eskuinetarantz hartuz, 20 metrotara dagoeneko ezkerretara desbideratu beharko dugu, Atxabiribil Hondartza ederrera iristeko asmoz. Gaineko aparkalekutik, berriz, hondartzaren, gaineko labarren eta itsasaldearen bista politak izango dituzue.

Errepidean dagoeneko, oraingoan ezkerretara eginez, 3 kilometro egin ostean Barrikara iritsiko gara, erdigunean sartzeko ezkerretara eginez. Bertako elizaldea eskuinaldean utziz, segitu gorantzako errepidetxoa, handik 200 metrotara eskuinerantz egin arte. Hortik aurrera oinez, Euskal Herrian ongien gordetako sekretuetako bat (merezi duena baino askoz ezezagunagoa behintzat) ezagutzeko aukera duzue: Barrikako Labarrak. Zoragarria, izugarria, harrigarria... Parajea hori gu deskribitzen saiatu beharrean, onena bertaratu eta zeuek zeuon iritzia ematea duzue.

Hurrengo herria Plentzia da, Barrikatik banatzen duen ibaia inguratu eta zeharkatu ostean topatuko dugun herri turistiko gogoangarria. Plentzia zeharkatuz Gorlizen sartuko gara (etxe-multzo bakarra osatzen dutela esan dezakegu), bi herriek partekatzen duten eta beren erakarpen turistikorik garrantzitsuena den Hondartzaren ingurutik. Hondartzaren azken muturretik hain zuzen (aldapan metro batzuk gora egin eta ezkerretara hartu), Gorlizko Itsasargiraino eta inguruko Uztrikoetxe lur mutur ikusgarriraino eramango gaituen oinezko bidea abiatzen da, biziki gomendatzen duguna; besteak beste, Barrikako mirariak kontrako aldetik mirestea ahalbidetuko gaituelako.

Errepidera itzultzeko aipatutako aldapa igo (hondartza atzean utziz) eta kilometro eta erdira dagoen bidegurutzean ezkerretarantz jo. Ondorioz, Gorlizko erdigunean barneratuko gara, Udaletxe eta eliza gure ezkerrean uzten ditugula geuk ere ezkerrerantz joz. Kilometro batzuetara aurkituko dugun bidegurutzeak berriz ere kostalderaino hurbiltzeko aukera emango digu, ezkerretarantz Bakio-Armintza norabidea hartuz.

Gorlizetik etorriz, laster Armintzan sartuko gara, eta bertako kai-hondartzara iristeko (bi funtzioak betetzen ditu), ezkerretarantz jo beharko dugu. Lemoizko auzune arrantzale honetako kai txiki eta atseginaren inguruan (errepara ezazue hormetako margo ikusgarrietan) paseotxo polita egin dezakegu.

Herritxotik irten ostean, Bakiorako bidean jarraituko dugu. Tartean (2 kilometrotara), dena den, gure lurrari egin nahi izan zaion erasorik bortitzena irudikatzen duen “monumentua” inguratuko dugu: Lemoizko Zentral Nuklear beldurgarria. Hitzak soberan daude.
Itsas bazterrari sigi-saga jarraitzen dion errepide arbolatsuan aurrera, Zentraletik 7,5 km-tara begiratoki polita aurkituko dugu, urrunean Gaztelugatxe inguruak ere ikusteko aukera emango diguna. 5 km. geroago, azkenean Bakion sartuko gara, Bizkaiko txakolina dastatzeko eta bertako hondartzaz gozatzeko aukera eskaintzen duen herri atsegina.

Bidegurutzean eskuinetara joz (ezkerretara ere egin dezakegu, hondartzako muturrera iritsi eta bertatik Gaztelugatxeko bista polita izango dugulako), herria hondartzaren ondotik zeharkatu eta beste alderaino iritsiko gara. Hemen ere gelditzea gomendatzen dizuegu, bertatik hondartza osoaren eta hurbileko labarren gaineko begiratoki oso polita dugulako.

Ekialderantz jarraikiz, pare bat kilometrotara, eskuineko aldean, Bizkaiko baselizarik interesgarrienetakoa aurkituko dugu, San Pelaio Baseliza erromanikoa hain zuzen ere. 500 metro aurrerago Gaztelugatxe berriz ere ikusgai izango dugu, kilometro erdi harantzago dugun begiratoki apartak hobeto behatzea ahalbidetuko digun mirari misteriotsua.

Bertaratzeko aukera emango digun errepidea berriz (begiratoki funtzioa ere betetzen duena) 500 metro aurrerago abiatzen da. Azkenean, aldapa jaitsi eta gure geografian aurki dezakegun mirari natural-artifizial mitiko eta izugarrienetako baten azpian geratuko gara. Orain, eskailera-gurutzebideari jarraiki, eta goiko Gaztelugatxeko Donibane baseliza-haitzaren misterio eta edertasunarekin topo egingo dugu.

Errepidean berriz, laster Bermeoko herri arrantzalea ikusiko dugu, 2,5 km-tara begiratoki natural batetik hobeto behatu ahal izango duguna, atzean Ogoño muturra ere ikusgai dugula. Betidanik itsasoari so bizi izan den Bermeoko herri honetan bertan bizpahiru km. gehiago egingo ditugu.

Dena den, ibilbidea era egokian amaitzeko, eskuinera Mungia-Bilborantz abiatu eta Sollube mendatera igotzea gomendatzen dizuegu, bertatik Bermeoko zein Urdaibaiko zati handi baten bista oso polita duzuelako.

Orrialde nagusiraUribealdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403