Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraUrdaibai erreserbaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Urdaibai erreserba Mundaka-Busturia-Gernika-Santimamiñe-Elantxobe

MUNDAKA

Urdaibaiko paradisuaren atarian egonik, Mundakako herria ezin da patuaren kexu izan, amets egin daitekeen lekurik ederrenetako batean kokatua baitago. Ozeano zabalak eta Urdaibaiko (edo Mundakako) Itsasadarrak bat egiten duten tokian kokatua, bere aurrean Izaro uharte bakartia duela, herri osoak izugarrizko begiratokia osatzen du.

Horrez gain, Mundakak arrantzale-herri txikien xarma gordetzen jakin izan du, udan behin-behineko igerileku bihurtzen den portu txikiarekin eta labirinto modukoa eratzen duten kaletxo irregularrekin. Azkenik, azken hamarraldietan bere izena atzerrian zehar zabaldu baldin bada, surfa praktikatzeko Europako lekurik egokienetakoa delako da.

ITSASOARI LOTURIKO HISTORIA LUZEA

Tradizioaren arabera Mundakako Elizatea Bizkaiko zaharrena da, eta Gernikako Juntetxean lehenbiziko aulkia egokitu izan zaie (ohore honengatik ere Bermeorekin eztabaida dute). Kondairaren arabera, Eskoziako Errege baten alaba-printzesa kostalde honetaraino ailegatu zen. Bertan geratu, eta 880. urtean Bizkaiko lehen Jauna izango zen Jaun Zuria mitikoa ekarri zuen mundura.

Ordudanik herriak beti itsasoarekin lotura oso zuzena izan du. Izan ere, proportzionalki itsasgizon gehien eman duen Bizkaiko herria da. Bestalde, bitxikeria gisa, Izaro uhartea bereganatzeko Bermeo eta Mundakaren arteko estropada ospetsuaz, mundakarrek beste bertsio bat dute. Luis Pedro Peña Santiagok jasotako istorioaren arabera, estropada aurreko egunean bermeotarrek, adiskide plantak eginez, mundakarrak mozkorrarazi eta horrela hurrengo eguneko garaipena ziurtatu zuten.

IKUSTEKOAK

Aipatu dugun moduan, Mundaka batik bat begiratoki pribilejiatua izateagatik nabarmentzen da, eta beraz, lehenbizi gomendatzen dizuegu herriaren inguruko itsasaldean zehar paseatzea, ez zarete damutuko-eta. Horrenbestez, erdialdean dagoen Talaiako Pasealeku zoragarrian hasi gaitezke (Zenbat herriri gustatuko litzaioke horrelako plaza bat edukitzea!).

Itsasadarrari aho zabalik begira gaudela (itsasgoran oso ederra bada ere, itsasbeherako ikuskizuna izugarria da), eskuinetarantz joaten bagara, Ondartzape kalatxo ezkutua eta Txorrokopunta ikusgarria igarotzen ditugula, Laidatxu hondartza txiki eta atsegineraino ailegatu gaitezke, begiratoki luzea osatzen duen ibilera izugarrian. Agian ez zarete asetuta geratu eta bide labur hau errepikatzeko gogoa izango duzue; hala bada, beste alderantz errepikatu, merezi du-eta. Bestela, Lorategi eta Goiko kaleetatik erdiguneko kale-labirintoan barnera gaitezke, berriro hasierako Talaira iristeko asmoz.

Kale hauetan zehar onena norabiderik gabe ibiltzea da (herria txikia da eta ez zarete galduko), bertako bitxikeriekin topo eginez. Esaterako, Portuaren amaieratik gertu dagoen Kurtzio kalean, izen bereko Kalbario edo Gurutzeria gotikoa aurkitzeko parada izango duzue, 1611koa. Honen atzean Simitur Etxea dugu, herrian daudenetatik zaharrenetakoa. Azkenik, lehenago edo beranduago, berriz ere Talaiaren ondoan dagoen Jose Antonio Agirre Enparantzara ailegatuko gara. Udaletxea dugu bertako eraikin garrantzitsuena, arkupe zabal batekin. Kasinoa ere bere leiho-begiratoki zabalengatik nabarmentzen da.

Gure abiapuntuan lehen jaramon handirik egin ez diogun baina kanpoaldetik begiratuta Mundakaren silueta eratzen duen eraikin erlijiotsua dago: Andre Mariaren Eliza. Bizkaiko zaharrenetakoa da, eta 1050ean jada parrokia zen. Gaur egun ikus dezakeguna, berriz, 1635ekoa da, geroagoko dorre neogotikoa duela. Berpizkundeko jainkotegi ederrenetako da eta bere elizpeak Bizkaiko Berpizkundeko atalderik bikainenetako bat ikusteko aukera eskaintzen digu.

Orain, ondo babestutako Portu txikia inguratuz, gaur egun batik bat kirol-portu funtzioa duena, herriaren beste aldea eta, batez ere, izen bereko bidea hartuz, Santa Katalina Ermita dagoen lur muturrera hurbilduko gara. 1879an eroria, ermita hori berreraiki egin zuten beranduago. Bere inguruan Karlistadetako gotorleku baten hondakin batzuk geratzen dira.

Baina batez ere, lur mutur honetan, aurrekoan bezala, onena itsasgainean paseatzea da, alde guztietako itzelezko bistekin gozatuz. Gainera, hemen inguruan hain ospetsua den Mundakako Olatua sortzen da, mundu osoko surflariek hain gustukoa dutena. Olatu hau Mundakako Barran jaio eta Laidako hondartzan amaitzen da, tartean Europako ezker-olaturik onena omen dena sortuz. Ondorioz, Mundaka surflarientzako ere paradisu bihurtu da.

Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Bizkaia
44 km.
5 m.
1.805
%75
4 km2
451 bizt./km2
Aratusteak
San Juan (ekainak 24)
San Pedro (ekainak 29)
Andra Mari (abuztuak 15)

 

 

 



 

GERNIKA

1937ko bonbardaketa faxistak eta Pablo Picassoren koadroak mundu osoan ezagun bihurtu duten “Bakearen Hiri” hau iman bat bezalakoa bihurtu da eta Munduan zehar barreiaturiko euskaldunak Euskal Herrira etortzen direnean, ezinezkoa izaten zaie Gernikara hurbildu gabe geratzea, eta berdin gertatzen zaie gure herria bisitatzen duten atzerritar askori.

Gernikako historia, Juntetxea eta Arbola, jende askoren iritziz, Euskal Herriaren, euskaldunen eta euskal izaeraren isla bihurtu dira. Izan ere, kanpotar askok Gernikan Euskal Herriaren “laburpen” moduko bat ikusten dute (herriaren historia luzean, euskalduntasunean, tragedietan, Juntetxeko demokrazian, Arbolak sinbolizatzen dituen ohitura zaharretan eta askatasun-nahian, erlijiotasunean, azoka-giroan, artean, jaietan...). Eta badute horrela pentsatzeko arrazoirik.

HISTORIAN ATZERA

Historiaurretik populatua (Santimamiñeko kobazuloetan K.a. 15000. urteko aztarnak daude), erromatarren garaiko arrasto gehien duen Bizkaiko bailara da Gernikako Itsasadarra. Jada erdi aroan, 1366an Don Tello Kondeak Gernikako Hiria fundatu zuen, Bizkaia barruko komunikazioetarako leku estrategiko batean. Hurrengo mendeetan burgesiaren menpe egondako hiri honek ez zuen gorabehera handirik ezagutu, noizbehinkako suteak eta uholdeak izan ezik. Eguneroko bizitzak nekazaritza, merkataritza eta artisautzaren inguruan jarraitu zuen.

Halere, arbola baten azpian komunitateko arazoez jardutearen ohitura zahar horrek indar berezia hartu zuen Gernikan, bertako arbola eta juntetxea Bizkaiko garrantzitsuenak bihurtu baitziren. Horrela, 1876 arte Bizkaiko legeak bertan idatzi ziren, herri bakoitzeko bi ordezkari bilduz. Gaztelako errege-erreginek ere bertan zin egiten zuten Euskal Foruak errespetatuko zituztela.

Azkenik, euskal eskubide eta askatasunen hiri bihurtu zen honetan, 1937ko apirilaren 26an, lau ordu luzetan zehar, Condor Legioaren hegazkin alemaniarrek bonba-zaparrada izugarria jaurti zuten, hiria erabat suntsituz eta ordu arte herritar zibilen artean mundu osoan izandako sarraskirik odoltsuena eraginez (etortzear zeuden basakerien “esperimentu” gisa-edo).

IKUSTEKOAK

Gernikako Azoka ospetsua egiten den Juan Calzada kalearen eskuin muturrean (hiriaren erdi-erdian) Eriako Lorategi atsegina dugu, eta bertan, Ursoloko edo Merkurioren Iturria. Bertatik, eskailera batzuk igoz, Pasealeku Plazara iritsiko gara. Hemen, Gernika Gudarostearen oroimenez, friso bat kokatua dago balkoian.

Segituan, ezkerreko aldean dagoen Seberino Altube Auditorioaren ondotik, Gernikako eta agian Euskal Herriko sinbolorik maitatuena ikusiko dugu: Arbola gordetzen duen Juntetxea. Juntetxeak, 1826-33 urte bitartean estilo neoklasiko hutsean eraikia, Antiguako Andre Mariaren eliza du nukleo gisa, gaur egun Bizkaiko Batzar Nagusiaren kokaleku dena. Bere barnean, gainera, areto oso bat estaltzen duen itzelezko (235m2) beirategia miretsi daiteke. Bertan, arbola eta euskaldunon irudikapen ederraren inguruan Juntetxean izandako herri guztietako armarriak ikus daitezke. Lorategian Gernikako Arbola ospetsuak (zaharra, oraingoa eta berria) ditugu, gure herriaren askatasunen sinboloak. Juntetxea bisitatzeko ordutegia: egunero, 10-14 eta 16-18 ordu bitartean (udan 19ak arte).

Juntetxearen atzealdean, Santa Klara Komentua, Jaurerriko Antzinako Ospitalea (aurrekoari erdi-puntuko arku batez lotua) eta Bizkaiko Foru Artxibategia (Lumoko antzinako Udaletxea; bere agirien artean Foru Zaharra nabarmentzen delarik) ditugu, Arbolak izan duen historiaren lekuko gisa.

Multzo honi itzulia eman ostean, ezkerraldean Alegria jauregiarekin egingo dugu topo, XVIII.ean hiriko barroko estilo ederrean guztiz berreraikia, eta gaur egun Euskal Herriko Museoa dena. Bertan gure herriarekin zerikusia duten hainbat gai lantzen dira. Zabalik: asteartetik larunbatera, 10-14 eta 16-19 ordu bitartean (igandeetan 10-13:30). Museoa Europako Herrien Parkearen sarreran dago. Atseden hartzeko egokia den parke honetan, Euskal Herri atlantikoaren lau ekosistemak bilduta daude: pagadia, hariztia, artadia eta ibaiertzeko landaretza.

Parkearen alboan (egurrezko zubitxo batetik pasa daiteke bertara), zelaitxo batean, Gernikako bi eskultura ospetsuak ditugu: Bakearen Monumentu izan nahi duen Txillidaren “Gure Aitaren Etxea” (Arbolari eskainitako zazpi metroko eta 180 tonako hormigoizko leiho moduko bat, 1988koa) eta Henry Moore-ren “Large Figure in a Shelter - Irudi Handia Aterpe Batean” (brontze urtuzko 20 tonakoa, antzinako bizimodua irudikatzen duen biztanlea oskolaren babesik gabe dagoela esan nahi du; 1986koa da). Azken honen atzean Udetxea jauregia dago, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren Patronatuaren egoitza.

Egurrezko zubitxoaren azpitik beherantz doan Allende Salazar etorbidetik, zuzenean Andre Mariaren elizara iritsiko gara. 1418an gotiko estiloan hasia, ez dute 1715 arte amaituko, Berpizkundeko estiloan hain zuzen. Dagoeneko hiriko alderik zaharrenean, ezkerrerantz jaitsiz, bertako erdigune den Foruen Plazara iritsiko gara. Plazaren jiran kokatuak, Euskal Diasporaren Aretoa, Udaletxea, Turismo Bulegoa eta Gernikako Historiaren edota Bakearen Museoa ditugu, azken hau astelehenetik larunbatera 10-14 eta 16-19 ordu bitartean (udan 10etatik 19etara) eta igandeetan 10etatik 14etara.

Azkenik, kalez kale ibili, batez ere azoka eguna bada (astelehenero), giro polita dago-eta, edota Artekaletik Jai-Alaira iritsi zaitezkete, San Joan Ibarra plazatik igaroz, Azokara ailegatu (aurrean “Astelehena Jai” baserritarren omenezko eskultura), eta bertatik Eriako Lorategiraino itzuli.

Herrialdea
Bilbora
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak

Bizkaia
33 km.
10 m.
15.523
%71
8 km2
1.940 bizt./km2
Andra Mari eta San Roque (abuztuak 15-16)
Azoka Nagusia (urriko azken astelehena)

 

 

 

 


URDAIBAI BIOSFERAREN ERRESERBA

Izendapen hori Unescok jarri zion 1984an, zalantzarik gabe Europako hezegunerik garrantzitsuenetako baten aurrean gaudelako. Horrela, Gernikako itsasadarraren inguruan zabaltzen diren 22.000 hektareatan zehar dagoen habitat eta ekologia aberastasuna oso leku gutxitan ikusi ahal izango dugu. Baina bere aberastasun ekologikoaz gain, lehen aldiz bisitatzen duenarentzat txundigarriena Oka ibaiaren bokale honen itxuraldaketa da, itsasoa goian egon edo behean egon.

Itsasoaren gorabeherei esker inguru zoragarri honen itxura erabat aldatzen ikustea, itsas padurak eta hondartzak nola agertzen eta desagertzen diren behatzea, lehenago itsaso zabala zirudien urontzi handia areatza zabalaren artean sigi-saga aurrera egiten duten ibaitxoak bihurturik aurkitzea... imajina dezakegun ikuskizun naturalik ederrenetako batez gozatzea da.

ERRESERBAREN EZAUGARRIAK

Babestutako inguru honek 220 km2 ditu luze-zabaleran, hau da, Bizkaia osoaren % 10a inguru, eta 22 udalerri (osorik edo horien zati bat) biltzen ditu, denen artean Bermeo eta Gernika nabarmenduz. Bertan, ezagunena itsasadarra bada ere, denetariko ekosistemak gordetzen ditu, eta horri esker, landaretza eta faunari dagokienez, aberastasun itzela erakuts dezake.

Horrela, Urdaibaiko paraje hauen %70a baino gehiago basoz beterik dago, eta bere biotipo ezberdinetan era guztietako animaliak bizi edo igarotzen dira (Urdaibai Europa eta Afrika arteko hegaztien atsedenleku da): eiderrak, zerrak, lertxunak, anatidoak, espatulak, kaioak, txirriak, kuliskak... Horrelako natur aberastasuna izanik, ez da harritzekoa orain dela milaka urte gizakiak inguru hau bizitzeko aukeratu izana, Santimamiñeko kobazuloek erakusten diguten moduan.

SANTIMAMIÑEKO KOBAK

Kortezubin kokatuak (ikus ibilbidea), haitzulo ikusgarri hauen barruan ezkutaturik zeuden garrantzi handiko margo eta grabatuak ez zituzten 1916-17. urte arte aurkitu, zientzia mailan behintzat. Aurkikuntza hauek eta beste giza aztarna batzuek babestu nahian, Bizkaiko Foru Aldundiak kobazulo horiek erostea eta ikertzea erabaki zuen (ikerketa-lana Aranzadi, Eguren eta Barandiaranen talde ospetsuaren esku utziz), horien garrantzia ikusirik. Animalien pinturak, grabatuak eta erliebeak aurkitu zituzten, gehienak Goi-Paleolitikoaren Madeleine garaiko aztarnak (K.a.14000-9000). Aurkitutako aztarnarik zaharrenak, halere, K.a. 35000-18000 artekoak dira.

Gaur egun, haitzuloetako pinturen areto txikia ikusleentzat itxita geratu da, bisitaldien eraginez haiek hondatzen ari zirela zirudielako eta horiei buruzko ikerketa zientifiko sakona burutu ahal izateko, baina kobak bestelako alde ikusgarri batzuk ere gordetzen ditu, milioika urtetan sortutako karezko formak hain zuzen. Zabalik: astelehenetik ostiralera 10, 11:15, 12:30, 16:30 eta 18:00 orduetan. Ez da erreserbarik egiten; ordu bakoitzean ilaran dauden 15 lehenak sartzen dira.

OMAKO BASO BIZIDUNA

Santimamiñen bertan dagoen Lezika Jatetxearen paretik, errepidearen beste aldean gorantz abiatzen den bidea hartuz gero gure herriko basorik “ezberdinenera” iritsiko gara, Agustin Ibarrolak modu askotan margotutako pinuek osatzen duten baso-zati magikora hain zuzen.

Oman bertan bizi den margolari honek modu horretan artearen eta naturaren harreman berria bilatu nahi izan du, pinudi honi “bizitza” berria eskainiz; horrela, bisitari bakoitzak osotasuna bere modura ikusiko du, kokatzen den lekuaren arabera ikusiko dituen kolore, itxura eta perspektibak ezberdinak izango baitira. Laburbilduz, gozamena.

Aipatu dizuegun bidea kotxez ere egin dezakezue, baina guk oinez egitea aholkatzen dizuegu, horrela baso margotua zeharkatu eta Oma bailara idilikotik itzuli ahal izango zaretelako (autoz ezin duzue hori egin, eta oinez pare bat orduko txangoa besterik ez da).

Esandako moduan, Lezikatik irteten bazarete, 45 bat minutuan baso bizidun txiki honetara iritsiko zarete (bidearen erdialdetik beti beherantz jo behar duzue). Erdi-erditik zeharkatu eta ezkerretik beherantz doan bidezidor batetik jaisten has zaitezkete. Handik lasterrera eskuin aldetik beherantz jaisten den beste bide batekin bat egingo duzue. Azkenik, Omako 9. eta 10. baserrien artean pasatzen den errekatxo baten gainean amaituko duzue jaitsiera.

Puntu honetan, daukazuen gogoaren eta denboraren arabera, bi gauza egin ditzakezue: errepidetxoan lehenbizi eskuinerantz jo, bailara lasai honetako azken baserrietaraino joan eta gero itzuli, edo besterik gabe, baserri guztiak lotzen dituen errepidetxotik Santimamiñerantz itzultzen hasi.

Bata edo bestea aukeratu, ziurtatzen dizuegu bailaratxo isolatu, lasai eta eder honek barrenean zimiko egingo dizuela; zeharkatzen duzuen bitartean ohar zaitezte baserri eder eta errota zaharretan, zelaietako berdetasunean, lasai asko bizi den ganaduan eta, oro har, paraje osoan. Bizkaian horrelako txoko lasai gutxi geratzen dira.

ATXARREKO SAN PEDRO

Atxarreko ermita hau estuarioaren gaineko talaia paregabea da, itsasadarraren bokalearen zati handia bere mende hartzen duen balkoi naturala baita. Horrenbestez, eta imajina dezakezuen bezala, bertatik beha daitekeen ikuspegia ere horrelakoa izango da, paregabea.

Bertaraino iristeko, Laidatik hurbil dagoen Kanala jatetxe-auzotik irteten den bidea aukeratu dugu (ikus ibilbidea). Horrela, oinezko bidea hasten den ermita-askaldegitxoa atzean utziz, gorantz doan bidexka bat abiatzen da. 50 metro ingurura gure ezkerrean etxe bat utziko dugu, eta hortik aurrera egin beharreko bakarra bidexka-bidezidorrari segitzea da.

Ordu erdi ingurura agertuko zaigun zabalgune handi bat zeharkatu eta berehala, Atxarrera (ezkerretik) edota Ogoñora (eskuinetik) joateko bidegurutze seinalatua ikusiko dugu. Azkenik, galtzada moduko aldapa gogor baten ostean, sekulako bistak eskainiko dizkigun baselizara iritsiko gara, 300 metrotara dagoen “balkoi” batean kokatua.

LAIDA ETA LAGA

Bi hondartza hauek Bizkaiko ederrenetakoak dira, baina batetik bestera hiruzpalau kilometro besterik ez dauden arren, bakoitzak bere fisonomia berezia gordetzen du.

Horrela, Laida oraindik itsasadarraren barruan kokatua dago, eta bere edertasuna itsasaldiek sortzen dizkioten itxuraldaketa izugarrietatik datorkio, batzuetan errekatxoek zeharkatzen duten sekulako hondartza dena hurrengoan txiki-txikia geratzen delako. Lagakoa aldiz, Ogoño muturrak ondo babestu eta sekulako paraje arrokatsua sortzen dion hondartza ederra da, ez hain haizetsua eta eguzkia hartzeko egokia.

Orrialde nagusiraUrdaibai erreserbaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403