Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Urdaibai erreserbaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Urdaibai erreserba Mundaka-Busturia-Gernika-Santimamiñe-Elantxobe




45 km 2-4 egun

 

Euskal Herrian nazioarteko ospea lortu duen lur-zati bat baldin badago, horrek Urdaibai du izena, batez ere 1984az geroztik UNESCOk (Hezkuntza Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak) Biosferaren Erreserba izendatu zuenetik. Izan ere, Oka ibaiaren inguruan zabaltzen den ingurune zoragarri honek sekulako interes naturala gordetzen du, bai paisaiaren aldetik eta bai fauna eta floraren aldetik ere. Penintsulako eremu hezerik garrantzitsuenetakoa den honetan, hainbat habitat eta baldintza ekologiko ezberdin bizi dira elkarrekin, eta bertako itsas-padura eta basoak animalia ugarientzako (batez ere hegaztiak) bizileku edota atsedenleku paregabea suertatzen dira. Natur-interes ukaezin horri itzelezko paisaiaz gozatzeko zortea gehitzen badiogu, batez ere bisitatuko dugun Oka itsasadarrean bertan, esan genezake ibilbide hau gure herrian zein ingurukoetan burutu daitekeen ederrenen artean dagoela. Oso leku gutxitan ikusi ahal izango duzue itsasoaren gorabeherek hemen sortzen dituzten bezalako paraje aldakorrak. Gainera, horretaz guztiaz gain, Bizkaiko kobazulorik garrantzitsuenetakoak diren Santimamiñekoak bisitatzeko aukera izango dugu, eta baita ondoko Oma haran idilikoa ere, bere oihan margotuarekin. Azkenik, abiapuntu gisa Bizkaiko buru izandako Bermeo itsas herria har dezakegu, erdibiderako euskaldunon hiriburu sentimental eta sinbolikoa den Gernika utzi, eta amaiera emateko, herrialdeko herririk bitxienetakoa den Elantxobe aukeratu. Ados egongo zarete hain kilometro gutxitan edertasun gehiago biltzea ia ezinezkoa dela...


Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403