Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraUrdaibai erreserbaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Urdaibai erreserba Mundaka-Busturia-Gernika-Santimamiñe-Elantxobe

MUNDAKAKO "ITSASEDERRA" Mendebaldeko kostaldetik Urdaibaiko Erreserbari sarrera eman eta bere barnean kokaturik dagoen lehenbiziko gune garrantzitsua Bermeo dugu, eta horregatik, Uribealdeko ibilbidearen bukaera izan arren (hantxe azaldu dugu zehazkiago), honako honi ere hasiera emateko egokiena ere bada. Hain zuzen ere, arrantza-portuan eta bere inguruko etxe tipikoetan zehar itzulinguruka ibili ostean, Kasinoa har genezake abiapuntutzat, errepidearen ondoan.

Herritik irten eta berehala (1,5 km.), ezkerreko aldean, hemendik aurrera ugariak izango diren begiratoki ederren artean lehena izango dugu, hau da, Lamera Puntako Begiratokia. Honek, Bermeo herria, Izaro uhartea, Mundakako itsasadarra, honen osteko Ogoño muturra... elementu polit askok sortutako osotasun ederra behatzeko aukera emango digu, ibilbide honetan behin baino gehiagotan gertatuko zaigun moduan.
Segituan ezkerretara egiten badugu, Mundaka herri labirintiko-atseginean sartuko gara, eta zeharkatzen badugu, surf-paradisua den itsas-ibai izugarrira ailegatuko gara. Gernikarako errepidea hartu aurretik, herriaren amaieran bertako hondartzatxo politaren ondotik (hemen dena baita polita) pasatuko gara.

Errepidean jada, 1 km-tara Portuondo begiratoki itzela dugu, Laida hondartzan itsasoaren gorabehera ikusgarriak behatzeko ezin egokiagoa. Zuzen-zuzen jarraituz, berehala Sukarrietan sartuko gara. Herri polit honetan (nola ez, ba, inguru honetan kokatua badago) San Andres eta Legendikako Andre Mariaren parrokiez gain, bertako tokirik erakargarriena Txatxarramendi Uhartea da, Ikerketa Ozeanografikoetarako Institutuaren egoitza idilikoa.

Aipatutako Txatxarramendi Irlara zubitxo batetik irits gaitezke, Busturia herri nekazariko Axpe auzoan sartu eta ezkerretara. Zubia amaitu eta ezkerretara abiatzen den oinezko bidexkari jarraituz, irlatxoaren beste aldean dagoen begiratoki ederreraino ailegatuko zarete. Busturia zeharkatzen dugun bitartean (bista politez gain, Madariaga dorrea, Altamira Jauregia eta Andre Mariaren Parrokia gotikoa), tarteka ur-bazterrera hurbiltzen diren hainbat bidexka abiatzen ikusiko duzue. Edozein hartuta ere, ziurtaturik daude bista atseginak. Barrualderago ere, paisaia gizatiarragoa da, baserriak eta nekazaritza-guneak nabarmenduz, baina horrek ez dio edertasunik kentzen inguruari.

Aurreko herriko San Blas eta San Kristobal auzuneak igaro ondoren, Murueta herrian sartuko gara, eta berehala, gure ezkerretara, Muruetako Ontzitegiak ikusiko ditugu.

EUSKAL HIRIBURU SINBOLIKOA

Segituan, aurreko herria bezala, jarduera nagusitzat nekazaritza duen Foruako herrian sartuko gara, eta kilometro pare bat geroago bertako erdigunera iritsiko gara. Puntu honetatik jada, urrunean, Gernikako silueta ikusten hasiko gara.

Segituan barneratuko gara Gernikako hirian, ezbehar baten ondorioz mundu osoan ezaguna dena eta ibilbide honen zein itsasadarraren erdian kokaturik dagoena. Historiaren, artearen eta sinbologiaren arloan euskal hiritarrontzat pisu oso handia duen hiri hau bisitatzea ezinbestekoa bilakatu da, bai guretzat eta bai kanpotarrentzat ere, askoren ustez gure izaera oso ondo islatzen duen herria baita.
Bertatik Kortezubi-Lekeitio norabidean irtengo gara, eta beraz, itsasadarraren eskuin aldeko zatiari ekingo dio.

Gernikatik hiru kilometrotara eskuinera desbideratu beharko dugu, Santimamiñeko Kobak jartzen duen seinaleari jarraiki. Bide honetatik 2,5 km-tara Lezika Jatetxera ailegatuko gara.

Lehenik (ordutegia errespetatu behar denez), 200 metro aurrerago aparkatu osteko eskaileretan gora dauden Santimamiñeko Koba ikusgarriak bisitatuko ditugu, gure historiaurrearen ezinbesteko erreferentzia.

Horren ondoren, jatetxe aurreko gorantzako bidea hartu (oinez hobeto), eta lehenbizi, Agustin Ibarrolak moldatutako Baso Bizidun harrigarria eta, gero, Oma Bailara bakartia bisitatzea gomendatzen dizuegu, biak lotuz eta bestaldetik itzuliz sekulako paseo zoragarria egingo duzuelako.

Errepidera itzuli eta eskuin aldetik jarraituz gero, segituan Kortezubi herrian sartuko gara, aldetik aldera zeharkatuz. Bertan, Santimamiñez gain, bestelako historiaurreko aztarna ugari aurki daiteke: Kobaederra, Atxondo eta Elesu kobetan, esaterako.

Zeharkatu eta berehala, Gautegiz-Arteagan barneratuko gara. Zeharkatuz goazela, ia herriaren amaieran, ezkerretara joko dugu (errepidearen eskuinaldean, Kristoren estatua bat ikusi aurreko ezkerreko kalean, nekazalturismoko kartel bat duena), bertako gaztelura hurbiltzeko asmoz. Eugenia de Montijo enperatrizak Arteaga Dorretxea (itxia) berreraikitzea agindu zuen (bere sendia Arteagakoa baitzen), eta gaur ikus dezakegun gaztelua berrikuntza-lan horien emaitza dugu.

ITSASADARRAREN ESKUINALDEKO HONDARTZA ALDAKORRAK Herritik atera eta berehala dugun bidegurutzean ezkerretara joko dugu (bi aldiz), Laga-Laida norabidean, horrela berriz ere ur-bazterrera hurbilduz. Bizpahiru kilometrotan Agirreta eta Isla Beko auzoetatik pasatu eta Isla Goikoa izenekoan sartuko gara. Bertan sartu eta berehala, Urdaibaiko itsas paduraren gaineko ikuspegi oso ederra izango dugu, hemendik aurrera ugaritu egingo diren begiratokietatik hain zuzen.

Segituan sartuko garen Kanala auzotik berriz, ikustaldiak ederrak ez ezik zoragarriak dira, izugarriak, eta laster, Laida hondartza aldakorra ere ikusteko aukera agertuko zaigu.

31,5. km-an Kanala Jatetxea igarota, 200 metrotara eskuinean San Pedro Atxerre 47 min. GR 123 jartzen duen seinalea ikusiko dugu. Zuzen eta gorantz jarraitzen badiogu, 300 bat metrotara, hormigoizko langa erdi-zuria erdi-gorria duen baserriaren pareraino iritsiko gara. Bertan, aldameneko ermitatik gora, Urdaibai gaineko balkoi natural pribilegiatuan kokatutako Atxerreko Ermitarako bidexka abiatzen da.

Berriz errepidean, 1,5 km-ra, Euskal Herriko hondartzarik ikusgarri eta aldakorrenera iritsiko gara, batik bat itsasbeheran: Laida. Azken honen ikustaldi izugarriekin gozatu ostean (itsasbeheran bisitatu ahal izan duzuela espero dugu), pare bat kilometrotara Ogoño mutur edo haitz erraldoia behatzeko aukera izango dugu, eta oso laster, haren babespean dagoen Laga Hondartza ederra, aurrekoarekin zerikusi gutxi duena (askoz babestuagoa baitago), baina bere modura ere eder-ederra.

Lagatik irten ostean, aldi batez itsasaldetik pixkatxo bat urrunduko gara, baina halere paisaiak ez dio polita izateari utziko, ez pentsa. Zuzen goazela, 40,5 km-aren inguruan Ibarrangelua herria zeharkatzen hasiko gara, lehenbizi behealdetik, eta 180ºko bira egin ostean goialdetik. Aipatutako aurreko bi hondartzez gain, herrian bertan San Andres eliza (erretaula barroko-txurrigereskoa, sabai platereskoa eta, dorrean, Jesusen estatua handia) eta ondoko Betikazarre Baserria (elizarekin bat eginda) azpimarratuko ditugu.

Herriaren erdiguneko bidegurutzean zuzen joko dugu, eta beherantz jaisten hasiko gara. Hartara, ibilbide honen amaiera den Elantxobe herri polit eta bitxian sartzeko bi aukera izango ditugu: errepidea azkeneraino jaitsi eta portutxo ederrean sartu, edo bestela, bidegurutzean ezkerrera egin eta goialdean amaitu. Batera nahiz bestera egin, ziur gaude Ogoñoren kontra eskalatzen ari dela dirudien herri hau oso gustuko izango duzuela, bai aipatutako etxe politen antolamenduagatik (ia bata bestearen gainean), eta bai portuaren xarmagatik ere.

Orrialde nagusiraUrdaibai erreserbaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403