DONIBANE
LOHITZUNE
Urdazuri ibaiaren bokaleko lur-mutur batean kokaturik, Sokoa
eta Zibururekin badia bat osatzen duen herri hau Lapurdi kostaldeko
herririk koloretsu, animatu eta politenetakoa da, eta horrenbestez
turistikoenetakoa ere bai.
HISTORIAN ATZERA JOZ
Donibane Lohitzune, erdi aroan Santiago Bidea egiten zuten erromesen
ospitale izan zen, eta hortik hasita, geroz eta garrantzi gehiago
hartu zuen. XV. mendeaz geroztik, aldiz, Ternuako bakailaoarentzako
portu garrantzitsu bihurtu zen. Izan ere, lehenbizi balearen edo
bakailaoaren arrantzan aritzeagatik, eta gero kortsarioen jatorri
izateagatik, Donibane Lohitzuneren historia beti itsasoarekin lotua
egon da.
Itsas merkataritzaren garaian, Haraneder, Xiban eta Hetchepare
kortsario ospetsuek sugegorri-habia bihurtu zuten kostalde
hau, Lapurdi gehiena beren eskuetan zuten ingelesen hitzetan. Nafarren
eta espainiarren erasoak jasan behar izan zituen, eta azken horiek
1558an eragindako sutetik Ezkerraenea etxea bakarrik salbatu ahal
izan zen.
XVII.ean bere oparotasun garairik onena etorriko da, eta 1660an,
hiria betiko markatu zuen gertakizun bat burutu zen: Louis XIV.
(Eguzki-Erregea izango zena) eta Maria Teresa de Austria
infanta espainiarraren arteko ezkontza.
Bestalde, itsasoak ere hainbat ezbehar ekarriko dizkio, olatuen
erasoek hiriaren erdia baino gehiago suntsitu baitzuten. Azkenean,
XVIII.ean egindako lanei esker sostengatu ahal izan zituzten bertako
etxeak.
IKUSTEKOAK
Hiriaren bisitaldia hasteko lekurik onena Turismo Bulegoa da, Ziburutik
gatozela ezkerretara. Honen alboan arrantza-portua dugu, eta atzean
Ziburu, osotasun paregabean.
Kale bat harantzago Louis XIV. Enparantza animatua dago, erdian
kiosko ikusgarria duela. Bertako Mokoenia Jauregian ostatu hartu
zuen Frantziako errege izango zenak, ezkontze garaian, eta hortik
datorkio izena plazari. Udan goiz eta arratsaldez bisita daiteke,
igande goizetan izan ezik (helduen sarrera 25 libera). Alboan 1635.eko
Herriko Etxea dugu. Iraultza garaian etxarte hori gillotinaren egoitza
izan zen.
Plazaren eskuinaldean oinezkoentzako Rue Gambetta abiatzen da,
giro handikoa eta dendaz betea. Oroigarriren bat erosteko leku egokia
duzue. Karrikaren erdialdean gutxi gorabehera, Saint Jean Baptiste
Eliza dugu, lehenbizi erromanikoa eta gero gotikoa. 1649an handitu
egin zuten. Barrualdea ederra da, eta besteak beste, gizonezkoentzako
galeriak, organoa, erretaula barrokoa eta egur landuzko sabaia nabarmentzen
dira.
Bertan egin zuten ezkontza ospetsu hura, eta ohartzen bazarete,
sarrera nagusiaren eskuinaldean ezkontza burutzeko erabili zen atea
adreiluz estalita dago. Sakristian Erregeak utzitako oroigarriak
daude.
Gambettarekiko perpendikularrean edo paraleloan, beste kale tipiko
eta animatu batzuk ere aurkituko ditugu: Garat, Etchegaray, Rue
du Midi... Louis XIV.aren Plazara itzuliz, esaterako, eskuineko
aldean Rue de la République txikia dugu, eta bertako jatetxeen
artean 17.ean lehen aipatutako Ezkerraenea Etxea dugu, 1558ko sutean
salbatu zen bakarra.
Puntu honetan zera proposatzen dizuegu, plaza zeharkatu eta abiapuntu
izan dugun Portua Infantaren Kaitik inguratzen hastea. Bertan Haraneder
edo Joanoenia Etxea dugu, Infantaren Etxea, ezkondu
aurretik Maria Teresak bertan ostatu hartu zuelako.
Eraikinaren atzealdean, Mazarin kalean, Grevin Museoa dugu, Donibaneko
hainbat pertsonaia eta gertakari aurkezten dizkigun Argizari-Museoa
(errege-erreginen arteko ezkontza ere bai noski). Zabalik: apiriletik
urrira, 10-12 eta 14-18:30 ordu bitartean (uztaila eta abuztuan
14-20). Asteburuetan eta eskolako opor garaian, 14etatik 18etara.
Urtean zehar, erreserbatuz gero bakarrik (taldeek). Sarrera: Helduek
35 libera, umeek 17´5.
Kalearen 2.ean Granga Baïta Etxea aurkituko dugu, hots, Wellington
Jeneralak kuartel nagusia kokatu zueneko etxea. Kaleak XVII.-XVIII.eko
beste eraikin interesgarri batzuk ere baditu.
Kaira itzuliz, handik gutxira Itsasargira iritsiko gara, badia
osoa eta Sokoako Gotorlekua lasai behatzeko toki aproposa. Hemen
hondartza luze bezain ederra hasten da, baita honen atzeko dike
bitxia ere. Ez da oso ohikoa horrelakorik ikustea hondartza batean,
baina horri esker, Donibane Lohitzunek askoz hobeto jasan ahal izan
ditu itsasoaren erasoak. Errepara ezazue lehenbiziko etxeetara iristeko
dauden aparteko zubi pasa-bideetan.
Dikearen gaineko ibilera atseginean zehar hondartzaren erdialdean
dagoen Kasinoraino iritsiko gara. 1928an arts deco nouveau estilo
abangoardistan egina, hondartzan trabatutako itsasontzia bailitzan
pentsatua dago. Hondartzaren azkeneraino jarraituz, Santa Barbara
Muturreraino eta natur gune ederreraino iritsiko gara.
Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak: |
Lapurdi
23 km.
6 m.
13.632
daturik ez
19 km2
703 bizt./km2
Maskaradak (Ihauteriak)
San Juan (ekainak 24) |
SOKOA
Arrantzan diharduen herrixka honen interesgunerik handiena bertako
gotorlekua da. Enrike IV.aren aginduz eraikia, espainiarren erasoei
aurre egin eta Donibaneko Badia babesteko pentsatua dago. Bestetik,
bere inguruan eta herritxoan zehar ibilaldi polita egin daiteke.
ZIBURU
Ziburu Urruñatik XVII.ean independizatu zenetik, Donibane
Lohitzunerekin lotu nahi izan du (ondoan daude), baina ez du inoiz
lortu. Izan ere, Ziburu eta Donibane betidanik lehian ibili dira.
Ziburu maila kaskarragoko herritzat zeukaten, eta Donibaneko baztertuen
babesleku bihurtu zen.
Arrantzan jardun zuen, eta portua eta itsas garraioa zela medio
Donibane Lohitzunerekin izandako lehiak konpontzeko,
Lancre eta Espaignet-en aginduz 500dik gora pertsona erre zituzten,
sorginkeriaren salaketa edo aitzakiapean.
Bi herriak lotzen dituen zubiaren ondoan Erretiratuen Komentua
dugu, dotrinan, mezan eta kantuetan euskara erabili zuten lehenetakoa.
Ondoan Ravel Kaia dugu, izan ere, 12. zenbakian Maurice Ravel konpositore
ospetsuaren jaiotetxea dago. Bere etxea Flandes estiloko bakarra
da, Lapurdiko etxe koloretsuen artean.
Atzeko kalean XVI.-XVIII. mendeko Saint Vincent eliza dugu, bere
pagoda itxurako kanpandorre eta barrualde politarekin. Azkenik,
merezi du inguruko kaletxo tipiko eta irregularretan barrena ibiltzea,
inskripzioak jasotzen dituzten ateburuetan erreparatuz.

|