![]() |
![]() |
![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() |
Lapurdiko kostaldea Hendaia-Ziburu-Donibane
Lohitzune-Miarritze-Angelu-Baiona
|
Abbadiako Parke Naturalera eta bertako Jauregira hondartzaren muturretik oinez edo Hendaiatik bertatik kotxez gertura gaitezke. Santa Ana Muturraren ondoan dago, eta hemendik Dunbak edo Bi Bikiak izeneko haitzak oso hurbiletik behatzeko aukera izango dugu, aurrean ozeanoa bakarrik geratzen zaigula. Kostaldeko errepidea jarraituz bi kilometrotara Dunbak beste aldetik ikusiko ditugu, eta pixka bat aurrerago flisch izeneko fenomeno geologikoa behatu ahal izango dugu, hostopilezko labarrak nolabait esateko.
De Gaulle zubia igaro eta Donibane Lohitzunen sartuko gara. Kostalde honetako herririk polit eta girotuenetako bat da, erdi-arrantzale erdi-turistikoa. Erdialdean Louis XIV. plaza dugu, eta Republique eta Gambetta kale tipikoetatik barrena nahiz itsasoari begira hondartzan zehar, baita itsasargitik Santa Barbara natur guneraino ere, ibilera oso atseginak egin daitezke. Donibane zeharkatu ostean, 3 km-tara, ezkerreko aldean Erromardie hondartza dugu. N 10 errepideari jarraituz, Donibane Lohitzunetik 6 km-tara Getaria topatuko dugu, eta ezkerretara egingo dugu herri sakabanatu honen erdigunean sartzeko. Herriko Etxearen Enparantza, pilotalekua eta eliza, Lapurdiko tipikoak dira, eta euskal txaletekin batera, multzo polita osatzen dute. Hiru hondartza ditu segidan: Cenitz, Harotz Costa eta Parlementia. Lehen bien artean portua dago. Hondartzen gainean, bista politak ditugu begiratoki batetik, baita farotik ere. Saraleginea Museoan margo, eskultura eta arkeologi aztarnak ere ikusgai ditugu. Ordutegia: egunero (astearteetan izan ezik) 14:30-18:30, maiatzetik urrira. Sarrera: 10 libera. N-10 errepidea berriz hartuz, 2 km-tara Bidarteko sarrera dugu ezkerreko aldean. Zuzen eta gorantz eginez, herri nekazari honen erdialde txikiraino ailegatuko gara. Herriko plazak Lapurdiko enparantzen xarma gordetzen du, Herriko Etxe, frontoi, eliza eta hilerriak osotasun benetan atsegina eratzen dutelarik. Plazatik bertatik irteten den Rue de la Madaleine kaleari jarraituz, St. Madalena Kaperara iritsiko gara, labarren gainean. Hemendik, bistak ederrak dira, eta ilunabarrak zoragarriak. Bere hondartzak basati eta garbienetakoak dira: Parlementia (surferako egokia), Ouhabia (zikinagoa eta erabiliagoa), Erdialdekoa, Erretegia (kala basatia), Pavillon Royal eta Ilbarritz, jada ia Miarritzen.
Miarritzeko beste aldean itsasargia dugu, eta honen atzean Angeluko hondartzak hasten dira, dikez banatuak Aturri ibaiaren bokaleraino. Hiri erresidentziala da, oso sakabanatua, eta ez dauka ia erdialderik, eta are gutxiago antzinako monumenturik. Honek, eta bere hondartzetan zehar bizi diren surflari eta gazteen giroak telebistan ikusten dugunarekin nahastu eta Euskal Herriko Californiatzat jotzeko tentazioa sortzen digu. Hondartzarik populatuenak lehenak dira, Chambre d´Amour eta Sables d´Or. Lehendabizikoak oso kondaira zaharra ere badu: dirudienez, bi neska-mutiko maitemindu, Oura eta Hereda, San Martin muturraren haitzulo batean ezkutatu ziren, eta itsasgorak ustekabean harrapatzearen ondorioz biak ito ziren. Istorio hura erromantizismoak beretzat hartu ondoren, Napoleon I. eta Josefina ere kobazuloaren bisitari izan genituen. Gaur egun, sarrera hura garbitu eta lorategiz inguratua dago. Hondartzen Bulebarra igaro eta Barrara iristean, Aturri ibaiaren gainean dagoen itsasargira hain zuzen, eskuin aldera egingo dugu, ibaia ezkerrean utziz Baionaraino. Hiri hau Ipar Euskal Herriko hiririk populatuena da, eta bere hiriburu administratibo eta ekonomikoa. Erromatarren garaitik ezaguna, ordudanik hainbat herrik inbaditu dute. Urrundik ikusten den lehen gauza, katedral gotikoa da, zerura begira dituen orratz luzeekin. Barruan jada, monumentuak ikusi ahala, bere kale, taberna eta dendetako giroan murgiltzea denbora-pasa atsegina bilaka daiteke. |
![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() ![]() |
Iradokizunik baduzu, akatsik topatu
baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu:
ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa) Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403 |