HENDAIA
Kokapen pribilegiatuduna, alde batean Bidasoa ibaia, Txingudi badia eta,
oro har, Iberiako penintsula dituela, eta bestean hondartza luzea, Abbadia
Parkea eta Europako kontinentea dituela, Hendaia betidanik pasabide garrantzitsua
izan da.
GERTAERA HISTORIKOAK
Urruñako herrixka XII. mendean sartu zen historian, bertan Santiagoko
bidea egiten zuten erromesentzako ospitale bat zegoelako. Bertako biztanleak
batez ere itsasora begira bizi ziren, arrantzan, ontzigintzan nahiz kortsario
gisa (jarduera honek XIX.a arte iraun baitzuen), baina batez ere balearen
arrantzan.
Bestalde, bere kokapena zela-eta, askotan aldameneko Hondarribiari eraso
egiteko erabili izan da, nazio askotako militarren aldetik. Guda askotxo
ezagutu ostean, Iraultzaren eta Napoleonen ondoren hondatuta geratu zen.
Berpizkundea XIX. erdialdean etorri zitzaion, turismoaren garapenak lagundurik.
Azkenik, 1940ko urriaren 23an, bertako tren geltokian Hitler eta Franko
diktadoreen arteko elkarrizketa ospetsua izan zen. Gaur egun, turismoaren
urrezko garaietara itzultzeko ahaleginetan ari den herria XVI. mendekoa
da eta suntsipen eta erreforma franko ezagutu ditu; barrualdea lapurtar
estilokoa da, nabe bakarra eta gizonentzako galeriak dituela. Sarreraren
eskuinaldean bataio-ponte bitxia topatuko dugu, eta kanpoaldean bere sinboloen
misterioa gorde duen harrizko gurutzea.
Bidasoaren gaineko balkoi moduko Rue des Pécheurs delakoan, Pierre
Loti idazlearen Baker Etxea geratzen zaigu. Hemendik aurrera, ibilera
zoragarrian Bidasoaren gainetik goazela, jaisten hasiko gara. Lehenbizi
ibaia eta badia balkoi natural moduko batetik ikusten joango gara, eta
jaitsi ahala, gero eta gertuago, baina beti eder.
TXINGUDIKO BADIA
Txingudi Euskal Herri eta Kantauri osoko hezegunerik garrantzitsuenetakoa
da. Hegazti mota ugarik (belatzek, kaioek, usapalek...) negua igarotzeko
aukeratu ohi dute badia hau, eta beste batzuek (lertxunek, enarek, arranoek...)
igarobide gisa erabiltzen dute, Txingudi paradisu ornitologiko izugarria
bihurtuz. Esandakoa, Hondarribia ederra atzean dugula, ur gaineko sekulako
paseoa.
Tamalez, inguruan hainbeste jende bizi denez, eta normalean ekologiaren
gainetik interes turistikoak jartzen direnez (kirol-portu berria esaterako),
ekosistema garrantzitsu honen bizi-iraupena ez dago ziurtaturik.
ONDARRAITZ HONDARTZA
Hendaiakoa Euskal Herriko hondar fineko hondartzarik luzeena dugu, guztira
3 km ditu-eta. Era berean politenetakoa ere bada, bertatik ezkerraldean
Hondarribi aldea eta eskuinaldean Santa Ana muturra eta Dunba
ikusgarriak behatu ditzakegulako. Hondartzaren erdian antzinako Kasino
neo-arabiar ikusgarria dugu.
ABBADIA PARKE NATURALA
Antonie Abbadia (1810-1897) hendaiar abenturazale, zientzialari eta euskaltzaleak
(Zazpiak Bat leloa berarena da), aita euskalduna eta ama irlandarra
zituen. Bera ere Dublinen jaio zen. Lehenbizi Urruñan, 1853an,
eta gero beste leku askotan ospatutako lehen Euskal Jaiak berak antolatu
zituen; gero, lurralde asko esploratu eta ikertu zituen, eta azkenik,
bere izena daraman gaztelua eraikiarazi zuen.
Gaztelua lan neogotikoa da, erdi aroko gotorleku-jauregietan, Loirako
gazteluetan eta ingeles jauregietan oinarritua, eta gaur egun, astronomia-behatokiaren
funtzioa betetzen du. Jauregia izen bereko parkearen erdian dago, Hendaiako
Hondartzaren eta Loiako Badiatxoaren artean, tartean Santa Ana muturra
eta Dunbak edo Bi Bikiak bilduz, eta sarrera dohainik
da.
Hemendik aurrera, parke handi, dotore eta atsegin honetan barrena paseatuz,
itsasoraino, Santa Ana muturreraino hurbiltzea merezi du, bertatik ozeanoaren
gaineko bistak eder-ederrak baitira. Ondoan, Pirinioen amaiera eta kostaldearen
atzerapena adierazten duten ur gaineko bi haitz handi horiek ditugu, Dunbak
edo Bi Bikiak.
Kondairak dioenez, Jentilek, habaila batez lagundurik, haitz horiek jaurti
zituzten, Baionako Katedrala suntsitu asmoz, baina bekorotz batean labainduz,
oreka galdu eta haitzak Hendaiaraino iritsi ziren, Dunba Zabala
eta Dunba Luzie izenak hartuz. Beste bertsio batzuek zera
diote: Jaungorri pirinioarrak, gose zelako haserre, Aiako Harritik bota
zituela, Jentilen hilobia markatzen dutela...
Santa Ana muturraren eskuinaldean Loia badiatxoa daukagu, bere barnean
hondartzatxo edo kala basati samarra gordetzen duena. Parkea egunero dago
zabalik, 15-18 artean, eta uztail-abuztuan, 10-13 eta 15-19 ordu bitartean.
Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
|
Lapurdi
39 km.
25 m.
12.966
daturik ez
8 km2
1.621 bizt./km2
Itsasoko Jaiak
Txipiroi Festa (uztailaren erdialdean)
Euskal Astea (abuztuak 8). |
DONIBANE
LOHITZUNE
Urdazuri ibaiaren bokaleko lur-mutur batean kokaturik, Sokoa eta
Zibururekin badia bat osatzen duen herri hau Lapurdi kostaldeko herririk
koloretsu, animatu eta politenetakoa da, eta horrenbestez turistikoenetakoa
ere bai.
HISTORIAN ATZERA JOZ
Donibane Lohitzune, erdi aroan Santiago Bidea egiten zuten erromesen
ospitale izan zen, eta hortik hasita, geroz eta garrantzi gehiago hartu
zuen. XV. mendeaz geroztik, aldiz, Ternuako bakailaoarentzako portu garrantzitsu
bihurtu zen. Izan ere, lehenbizi balearen edo bakailaoaren arrantzan aritzeagatik,
eta gero kortsarioen jatorri izateagatik, Donibane Lohitzuneren historia
beti itsasoarekin lotua egon da.
Itsas merkataritzaren garaian, Haraneder, Xiban eta Hetchepare kortsario
ospetsuek sugegorri-habia bihurtu zuten kostalde hau, Lapurdi
gehiena beren eskuetan zuten ingelesen hitzetan. Nafarren eta espainiarren
erasoak jasan behar izan zituen, eta azken horiek 1558an eragindako sutetik
Ezkerraenea etxea bakarrik salbatu ahal izan zen.
XVII.ean bere oparotasun garairik onena etorriko da, eta 1660an, hiria
betiko markatu zuen gertakizun bat burutu zen: Louis XIV. (Eguzki-Erregea
izango zena) eta Maria Teresa de Austria infanta espainiarraren arteko
ezkontza.
Bestalde, itsasoak ere hainbat ezbehar ekarriko dizkio, olatuen erasoek
hiriaren erdia baino gehiago suntsitu baitzuten. Azkenean, XVIII.ean egindako
lanei esker sostengatu ahal izan zituzten bertako etxeak.
IKUSTEKOAK
Hiriaren bisitaldia hasteko lekurik onena Turismo Bulegoa da, Ziburutik
gatozela ezkerretara. Honen alboan arrantza-portua dugu, eta atzean Ziburu,
osotasun paregabean.
Kale bat harantzago Louis XIV. Enparantza animatua dago, erdian kiosko
ikusgarria duela. Bertako Mokoenia Jauregian ostatu hartu zuen Frantziako
errege izango zenak, ezkontze garaian, eta hortik datorkio izena plazari.
Udan goiz eta arratsaldez bisita daiteke, igande goizetan izan ezik (helduen
sarrera 25 libera). Alboan 1635.eko Herriko Etxea dugu. Iraultza garaian
etxarte hori gillotinaren egoitza izan zen.
Plazaren eskuinaldean oinezkoentzako Rue Gambetta abiatzen da, giro handikoa
eta dendaz betea. Oroigarriren bat erosteko leku egokia duzue. Karrikaren
erdialdean gutxi gorabehera, Saint Jean Baptiste Eliza dugu, lehenbizi
erromanikoa eta gero gotikoa. 1649an handitu egin zuten. Barrualdea ederra
da, eta besteak beste, gizonezkoentzako galeriak, organoa, erretaula barrokoa
eta egur landuzko sabaia nabarmentzen dira.
Bertan egin zuten ezkontza ospetsu hura, eta ohartzen bazarete, sarrera
nagusiaren eskuinaldean ezkontza burutzeko erabili zen atea adreiluz estalita
dago. Sakristian Erregeak utzitako oroigarriak daude.
Gambettarekiko perpendikularrean edo paraleloan, beste kale tipiko eta
animatu batzuk ere aurkituko ditugu: Garat, Etchegaray, Rue du Midi...
Louis XIV.aren Plazara itzuliz, esaterako, eskuineko aldean Rue de la
République txikia dugu, eta bertako jatetxeen artean 17.ean lehen
aipatutako Ezkerraenea Etxea dugu, 1558ko sutean salbatu zen bakarra.
Puntu honetan zera proposatzen dizuegu, plaza zeharkatu eta abiapuntu
izan dugun Portua Infantaren Kaitik inguratzen hastea. Bertan Haraneder
edo Joanoenia Etxea dugu, Infantaren Etxea, ezkondu aurretik
Maria Teresak bertan ostatu hartu zuelako.
Eraikinaren atzealdean, Mazarin kalean, Grevin Museoa dugu, Donibaneko
hainbat pertsonaia eta gertakari aurkezten dizkigun Argizari-Museoa (errege-erreginen
arteko ezkontza ere bai noski). Zabalik: apiriletik urrira, 10-12 eta
14-18:30 ordu bitartean (uztaila eta abuztuan 14-20). Asteburuetan eta
eskolako opor garaian, 14etatik 18etara. Urtean zehar, erreserbatuz gero
bakarrik (taldeek). Sarrera: Helduek 35 libera, umeek 17´5.
Kalearen 2.ean Granga Baïta Etxea aurkituko dugu, hots, Wellington
Jeneralak kuartel nagusia kokatu zueneko etxea. Kaleak XVII.-XVIII.eko
beste eraikin interesgarri batzuk ere baditu.
Kaira itzuliz, handik gutxira Itsasargira iritsiko gara, badia osoa eta
Sokoako Gotorlekua lasai behatzeko toki aproposa. Hemen hondartza luze
bezain ederra hasten da, baita honen atzeko dike bitxia ere. Ez da oso
ohikoa horrelakorik ikustea hondartza batean, baina horri esker, Donibane
Lohitzunek askoz hobeto jasan ahal izan ditu itsasoaren erasoak. Errepara
ezazue lehenbiziko etxeetara iristeko dauden aparteko zubi pasa-bideetan.
Dikearen gaineko ibilera atseginean zehar hondartzaren erdialdean dagoen
Kasinoraino iritsiko gara. 1928an arts deco nouveau estilo abangoardistan
egina, hondartzan trabatutako itsasontzia bailitzan pentsatua dago. Hondartzaren
azkeneraino jarraituz, Santa Barbara Muturreraino eta natur gune ederreraino
iritsiko gara.
Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
|
Lapurdi
23 km.
6 m.
13.632
daturik ez
19 km2
703 bizt./km2
Maskaradak (Ihauteriak)
San Juan (ekainak 24) |
SOKOA
Arrantzan diharduen herrixka honen interesgunerik handiena bertako gotorlekua
da. Enrike IV.aren aginduz eraikia, espainiarren erasoei aurre egin eta
Donibaneko Badia babesteko pentsatua dago. Bestetik, bere inguruan eta
herritxoan zehar ibilaldi polita egin daiteke.
ZIBURU
Ziburu Urruñatik XVII.ean independizatu zenetik, Donibane Lohitzunerekin
lotu nahi izan du (ondoan daude), baina ez du inoiz lortu. Izan ere, Ziburu
eta Donibane betidanik lehian ibili dira. Ziburu maila kaskarragoko herritzat
zeukaten, eta Donibaneko baztertuen babesleku bihurtu zen.
Arrantzan jardun zuen, eta portua eta itsas garraioa zela medio Donibane
Lohitzunerekin izandako lehiak konpontzeko, Lancre eta Espaignet-en
aginduz 500dik gora pertsona erre zituzten, sorginkeriaren salaketa edo
aitzakiapean.
Bi herriak lotzen dituen zubiaren ondoan Erretiratuen Komentua dugu,
dotrinan, mezan eta kantuetan euskara erabili zuten lehenetakoa. Ondoan
Ravel Kaia dugu, izan ere, 12. zenbakian Maurice Ravel konpositore ospetsuaren
jaiotetxea dago. Bere etxea Flandes estiloko bakarra da, Lapurdiko etxe
koloretsuen artean.
Atzeko kalean XVI.-XVIII. mendeko Saint Vincent eliza dugu, bere pagoda
itxurako kanpandorre eta barrualde politarekin. Azkenik, merezi du inguruko
kaletxo tipiko eta irregularretan barrena ibiltzea, inskripzioak jasotzen
dituzten ateburuetan erreparatuz.
MIARRITZE
Miarritze, Donostiarekin batera, Euskal Herriko hiririk ederrena da,
eta noski, Ipar Euskal Herriko hiriburu turistikoa. Haitz ikusgarriz zipriztindutako
itsasalde zoragarriak bere garaian Europa osoko errege-erreginak erakarri
zituen, eta hauen atzetik elite diruduna, batez ere Belle Époque
izeneko urrezko garaian.
Naturak eskaini dion ingurune izugarria aski ez balitz, gaur egun lehenbiziko
turista horiek utzitako jauregi dotore eta luxuzkoak miresteko aukera
ere badugu. Miarritze Ipar Euskal Herriko harribitxia da,
eta hiri garesti samarra bada ere, bertatik paseatzea preziorik ez duen
dohaineko gozamena da.
HISTORIA
Historiaurrean populatua zegoela dirudien arren, bere historia ofiziala
balearen arrantzarekin batera hasiko da, Portu Zaharraren inguruan bizi
ziren itsasgizonen eskutik. Baleak urritu ahala herrixka hau krisialdi
larrian sartu zen, eta batzuek Ternuaraino arrantzan joan behar izan zuten
bitartean, beste batzuk kortsario bihurtu ziren.
Turismoa XVIII.ean hasi zen, bainuetxea zabaldu zenean, eta bere urrezko
garaia, Napoleon III.ak udako gortea bertaraino aldatu zuenean izan zen.
Europako gorte askok eta pertsonaia garrantzitsu ugarik jarraituko diote
honi, eta gero, Belle Époque garai zoroan, bestelako turismo dirudun
bat ere erakarriko zuen. Miarritze osotasun eder eta dotorea bihurtzen
duten eraikin gehienak bi garai hauen artean altxatu ziren.
Gaur egun, bertaratzen den turismoa masiboagoa da, batez ere udaran,
baina hiriak ez du horregatik bere glamourra galdu, ez horixe.
ERDIGUNETIK EUSKAL KOSTALDERA
Miarritzeko zentroa Clemenceau Plaza dela esan genezake. Hemendik pasatzen
dira hiriko bide nagusiak eta honen inguruan kokatzen dira zerbitzu ofizial
gehienak.
Momentuz itsasorantz joan beharrean Verdun Etorbidea hartu (taxien ondotik)
eta ezkerrerantz, lorategi batzuetan dagoen Turismo Bulego handitik hurbil,
Txokolatearen Museo bitxia bisita dezakegu. Plazara Edouard VII. Etorbidetik
itzul gaitezke, Herriko Etxe eta Komisaria ondotik pasatuz.
Plaza ezkerrerantz zeharkatuz, Broquedis karrika dugu, eta bertan Miarritzeko
Museo Historikoa, turismoa etorri aurreko hiriaren bizimodua erakusten
duten gauzez osatua. Zabalik: egunero (astelehen-igandetan izan ezik)
10-12 eta 14:30-18 ordu bitartean.
Kale honek zuzenean eraikin interesgarriak dituen Gambetta karrikara
eramango gaitu (Grand Hôtel esaterako). Zuzenean hiri honetako bitxikeria
bateraino zuzenduko gaitu: errotonda baten atzean ikusiko duzuen (baina
konturatuko ez zareten) horma-irudi erraldoi bezain harrigarria. Harrigarria
zeren gerturatzen ez bazarete benetako paisaia dela pentsatuko duzue,
hain errealista baita. Txundituta geratuko zarete.
Hemen, surflarien gustukoa den Euskaldunen Kostaldea Hondartza (Plage
Côte des Basques) eta itsasoko lehen bista ederra duzue, lorategi
batzuen gainetik.
PORTU ZAHARRA ETA AMA BIRJINAREN HAITZA
Kostaldearen gainetik, eskuinean jada hiriko miraririk handienetakoa
ageri zaigu, Portu Zaharra (Port Vieux) babesten duen lur muturra. Itsasoan
barneratzen den mutur honen inguruan, batez ere Hondartza Handiari begira
duen aldean, haitz ikusgarriak (batzuk askeak eta besteak lurrari lotuak)
barreiatzen dira, zein baino zein ikusgarriagoa eta ederragoa.
Antzina, baleak Portu Zahar txiki honetaraino ekarri ohi zituzten, bertan
zatitzeko asmoz. Gaur egun hondartza txiki eta lasaia da. Bertatik hiriko
hirigunerantz jatetxe eta hotelez beteriko izen bereko kalea irteten da.
Itsasoaren gaineko pasealekuari jarraikiz, mundu gerran hildakoei eskainitako
ohiko monumentuaren aurrean, Itsas Museoa dago kokatua, hiriko interesgarriena.
Museo moderno honek era atseginean itsasoaren mundura hurbilduko gaitu,
euskaldunen eta itsasoaren arteko harremana jorratuz, hainbat animalia
eta tresna erakutsiz, itsasoaren gaineko geologia, meteorologia edo etnografiazko
gelak prestatuz...
Baina bisitariek (bereziki haurrek) arrain ontzi handiez gozatuko dute,
zetazeo, marrazo eta batez ere fokak ikustean. Egunero zabalik 9:30-12:30
eta 14-18 artean, jai-asteburuetan etenik egin gabe eta udan 24:00ak arte.
Helduen sarrera 45 libera.
Aurrean dugun Ama Birjinaren Haitza (Rocher de la Vierge), lur mutur
honen punta zoragarria da. Lurrera 1881eko burdinazko zubitxo batek lotzen
du (lehen zegoen egurrezkoaren ordez). Haitz luzea Ama Birjin zuri baten
babespean dago, kondairaren arabera, bizitza salbatu zien bertako itsasgizon
batzuek jarria. Azken muturrean, itsasoaren indarra zuen oinpean sentituko
duzue.
ARRANTZALEEN PORTUA ETA BASTA HAITZA
Itsas gaineko ibilbidean aurrera eginez gero, itsasoaren gaineko harkaitzen
ikuspegia gero eta ikusgarriagoa bihurtzen da, batez ere pixka bat gorago
dagoen Talaiara (XVIII. mendean itsasargia izandakoa) igotzen bagara.
Honen inguruan lorategiz inguratutako bidezidorretan zehar ibil gaitezke,
oso ibilbide ederrean. Bidezidor horietako batetik Arrantzaleen Portura
(Port de Pêcheurs) jaitsiko gara. Kai txiki honek xarma berezia
gordetzen du, bere etxe zuri eta txikiek ez dutelako zer ikusirik hirian
zehar ikusgai ditugun jauregi handiosekin. Dena den, gaur egun gehienak
turistentzako jatetxe edo dendak dira.
Pixka bat harantzago, Sainte-Eugénie eliza neogotiko eta ikusgarriaren
azpitik igaroz, Basta haitzera iritsiko gara. Hau ere, Ama Birjinarena
bezala, lurrarekin zubi baten bidez lotua dago, baina oraingo honetan
zubi hori higatutako itsas harriz egina da, itxura polita hartuz. Barneratuz,
edozein lekura begiratuz bistak zoragarriak dira: Hondartza Handia, itsas
haitzak, Ama Birjinaren Haitza, ozeano zabala, hiriko eraikinak, iparraldeko
itsasargia... Izugarria.
HONDARTZA HANDIAN ZEHAR
Miarritzeko Hondartza Handia edo Grand Plage orain arteko guztiarengatik
eta bere luzeran zehar altxatzen diren eraikin dotoreengatik, Euskal Herrian
dugun ederrenetakoa kontsidera dezakegu, Kontxarekin batera.
Betidanik hondartza nahiko aristokratiko, familiar eta lasaia izan bada
ere, azken urteetan surflari askotxo ere ikus daiteke bertako uretan.
Bestalde, Du Palais Hoteletik aurrera Miramar Hondartza izena hartzen
du.
Segituan gure eskuinera, hondartzaren gainean, Bellevue Kasinoa ikusiko
dugu, jokoaren aspaldiko urrezko garaiak noiz itzuliko zain. Kasinoaren
ondoan eta hirian pixka bat barneratuz gero, oinezkoentzako Mazagran merkatarien
kale animatua dugu, zerbait erosi nahi badugu leku egokia.
Hondartzaren pasealekutik segituz, aurreraxeago eta bata bestearen alboan,
Udal Kasinoa eta Igerilekuak ditugu (bien artean ekipaien gordelekua).
Azkenik, Hondartza Handiari amaiera emanez, Hôtel du Palais izeneko
eraikin benetan zoragarria dugu, inguratzen duten lorategien artean.
PALAIS HOTELETIK ITSASARGIRAINO
Eugenia de Montijok Villa Eugenia izenarekin altxarazia, 1855ean bukatu
zuten, baina 1903an sute baten ondoren handitu eta hotela bihurtu zuten,
luxuzko hotela noski. Seguru aski hiri osoko eraikinik ederrena da (nahiz
eta lehiakide asko izan), eta tonu zuri-gorriek oso ikusgarri bihurtzen
dute.
Berriz ere hirian barneratuz, hotelaren ondoko Victoria Erreginaren Etorbidean,
1864ko Guadalupeko Kapera Inperial neobizantziarrarekin egingo dugu topo
laster. Ezkerrerantz eginez, Judutarren Sinagoga ber-bertan agertuko zaigu,
eta berriz ere Palais Hotelerantz itzuliz, kupula urdin ikusgarria duen
Eliza Ortodoxo errusiarra.
Hotel Palais igarota, hondartzaren gaineko lorategietan, Eugenia enperatrizaren
estatua dugu ikusgai, beste batzuen artean. Baina agian, une honetan,
hondartzatik joatea baino hobe litzateke Enperatrizaren Etorbidea hartzea,
kalearen bi alboetan sekulako etxe eta jauregiak ikusiko baitituzue. Horietako
bat aipatzearren, errepara ezazue Disneyland itxurako gaztelu bat irudikatzen
duen eraikin horixka ikusgarrian.
Azkenik, kale osoa igo ostean San Martin Muturreko Itsasargira iritsiko
zarete, ibilaldi honen azken geldiuneraino (segitzen baduzue Angelun sartuko
zarete). Bertatik, zer esanik ez, ikuspegia oso ederra da, baina gainera
1834. urtean eraikitako 44 metroko itsasargiaren 248 eskailerak igotzeko
aukera baduzue, paisaia are zoragarriagoa bihurtuko da. Zabalik: maiatzaren
1etik irailaren 30era, 10-12 eta 14-19 ordu bitartean; eskolako oporretan
14-17:30 ordu bitartean. Sarreraren zenbatekoa borondatezkoa da.
Behean, eguzki-erloju bitxi bat aurkituko dugu lurrean (ordua gure gorputzaren
itzalak seinalatuko du), eta nahi badugu bidezidor eta eskailera batzuetatik
itsasoaren gaineko haitzulo bateraino ere jaitsi gaitezke (itsaso zakarretan
kontuz ibili behar da). Itsasargiaren beste aldean, Angelun dagoeneko,
Chambre d´Amour hondartza ikus dezakegu.
Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
|
Lapurdi
8 km.
5m.
30.789
daturik ez
12 km2
2.566 bizt./km2
Herriko Jaiak (azaroak 7-14) |
BAIONA
Lapurdiko hiriburua izateaz gain, Ipar Euskal Herriko erdigune administratibo,
erlijioso eta ekonomikoa da. Duen izena betidanik euskaldun (Ibai ona
= Baiona) eta landatarren (Bahia + on (handia) = Bayonne) artean eztabaidagai
izan da.
HISTORIAN ATZERA
Aturri eta Errobi ibaiek bat egiten duten muinoan kokatua, hiria itsas
padurak lehortu eta urari lurrak kentzearen emaitza da, eta erromatarren
garaitik dago populatua. Erromatarrek beren kanpamendua bertan ezarri
zuten, hiriaren goiko partean, eta III. menderako inguru honetako gotorleku
garrantzitsuena zen, Lapurdum izena zuela. Segurtasun eza zela-eta, jendea
Baionaren inguruan hasiko zen etxeak egiten, eta horrela jaioko zen hiria.
Hurrengo bi mendeetan germaniarrek inbaditu zuten, eta 844an aldiz, bikingoek.
Geroago normandiarrak etorriko ziren, 982an Vaskoniako Dukeak bota zituelarik.
XII.-XV. mendeetan ingelesen menpe egon zen. Mende horietan, halere, handitu
egin zen hiria, erromatarren eremutik Aturrirantz. Richard I. Lehoi-Bihotzek,
Akitaniako Duke eta Ingalaterrako Errege izan zenak, Baionako Forua onartu
zuen, burgesiaren mesedetan eta nobleen aurka. Nobleen altxamendua suntsitu
zuen, eta haiek Uztaritzera joan ziren ihesi, Lapurdiko hiriburu izendatuz
(Iraultza Frantziarra arte halaxe izan zen).
Baiona, garai honetan, penintsula eta Ingalaterra arteko pasabide garrantzitsu
bihurtu zen. Erdi aroaren amaiera aldera, garaiko azken teknologietan
oso aurreratua zebilen, eta halatan, hementxe egin ziren itsaso zabaleko
lehen itsasontziak.
XVI.ean, Frantziak konkistatu ostean, krisi ekonomikoa datorkio, Aturriren
bokalea lokaztu egiten baita. Konpontzeko, Louis de Foix ingeniariak ibaia
desbideratzea lortu zuen, bokale berria Angelun kokatuz. XVII.ean gune
militar eta diplomatikoa bihurtu zen, baina funtzio militar honen ondorioz,
merkataritzak kalte handiak jasan zituen. Urte horietan Gaztelu Berria
eta Ziudadela eraiki eta Gaztelu Zaharra sendotu zuten.
Pirinioetako Hitzarmenarekin batera (1659) oparotasun garaia etorriko
da: Ternuako bakailaoaren arrantza, XVIII.ean Frantziako koloniekin izandako
merkataritza... horren ondorioz, burgesiak hiria edertzeari ere ekiten
dio. 1789ko iraultzan erregimen forala eta Baionako Portuko eskubideak
indargabetzen dira,eta erromatarren garaiko harresiak berriztatzen dira,
garaiko armetara egokituz.
XIX. amaieran, Aturriko Olak irekitzearekin batera, hiria berriz ere
birsortu egin zen, Napoleonen Inperioaren gainbeheraren osteko urte zailak
igaro ondoren. I. Mundu Gerran ez zuen galera handirik izan, baina II.ean
nazien menpe izan zen 1944. urtea arte.
BAIONA HANDIA
Harresien artean babestua (batzuek 3 metroko altuera dute), hementxe
eraiki zuten erromatarrek beren kanpamendua, gaurko katedralaren inguruan.
Angelutik gatozela, Aturri ibaia ezkerrean dugula, hiriaren erdialdean
topatuko dugun lehen gauza Herriko Etxearen atzean dagoen frantziar estiloko
lorategi klasikoa dugu, lorategi publikoa. Bertan Belle Epoque garaiko
kiosko bat dago, Turismo Bulegotik gertu.
Esan bezala, aurreraxeago Udaletxea edo Antzokia dugu, Askatasunaren
Plazan (Iraultza garaian gillotina hemen kokatua egon zen). Plaza honetan
lehenengo merkataritza-karrikak sortzen dira: Port Neuf, tipikoenetakoa,
denda askorekin; Victor Hugo, dotoreagoa, XVII.-XIX.eko burdinazko balkoiak
dituzten etxeekin, edo Rue de la Salies, animatuenetarikoa, erdi aroko
adreilu edo zurezko etxeekin.
Victor Hugo, Salies, Orbe eta Port de Castets karrikak gurutzatzen diren
gunean antzina merkataritza burtsa irekia zegoen. Oinezko
gunearen erdi-erdian gaude.
ANDRE MARIAREN KATEDRALA
Euskal Herrian egindako gotikoaren maisulanik handiena dugu. Baiona Handiko
punturik altuenean dagoenez, hiri osoa bere mendean hartzen du. XIII.-XVI.
artean eraikia, erromatar garaiko eraikin baten eta eliza erromaniko baten
gainean egina omen dago, suzko edo gotiko flamigero estiloan.
Bere historian galera handiak jasan ditu, batik bat suteen eraginez,
baina Iraultzaren eragina ere izan zuen. Begira bestela nola dauden tinpano
asko hutsik. Zerura begira dauden orratz luzeak 1877an amaitu ziren.
Gurutze latindarreko planta du eta hiru barneluzego edo nabe. Korua eta
absidea eraikinaren lehen garaiari dagozkio, eta beraz, zatirik zaharrena
da, XIII.ekoa. Barneluzego Nagusian XIV. mendeko arku ojibarrak (altueran
27 metrora heltzen dira) eta beiradura-leiho gotikoak (Genesi eta Ebanjelioko
gaiez apainduak) nabarmentzen dira.
Halere, Katedralaren zatirik azpimarragarriena sakristiako atari gotikoa
da, Ebanjelioko pertsonaiak miresgarriki zizelkatuak dituena. Iparraldeko
zatian arbotante ikusgarriak azpimarratuko ditugu. Klaustroa (kanpotik
sartzen da), antzinako hilerria egondako lekuan dago, eta suzko edo flamigero
estilokoa da. Katedraleko bisita-orduak: 7:30-12 eta 15-19. Igandeetan,
15:30-18:30. Dohainik (klaustroa: 15 libera helduentzat).
Katedralaren inguruko kaleak hiriko tipikoenetakoak dira. Etxe polit
eta meharrak, kale are estuagoetan zehar, kolore biziz margotuak, girotsuak...
Batez ere, Rue de Faures, de Luc eta d´Espagne-koak azpimarratuko
ditugu.
GAZTELU ZAHARRA ETA HARRESIAK
Gaztelu Zaharra (Château Vieux) Gouverneurs-Thiers eta 11 de Novembre
kaleen ertzean dugu, bere lau dorre tzarrekin batera. Ezin da bisitatu.
Antzinako hobia zegoen lekuan egun lorategi batzuk ditugu. Hementxe bertan
japoniar estiloko Lorategi botaniko txikia dago (apiriletik urrira 15-18
ordu bitartean zabalik, igande goizetan).
Azaroak 11 kaletik aurrera eginez (hildakoei eskainitako monumentu handia)
Bv. Lachepaillet-etik igoz, harresi itxurako etxe estu eta lerrokatuak
ikusiko ditugu (Lachepaillet, Rempart eta Tour de Soult kaleetan, harresien
alboan). Harresietako paseo atsegin honek Urrobi ibairaino eramango gaitu.
BAIONA TTIPIA
Errobi eta Aturri ibaien eta harresien artean aurkitzen da. Ibaien arteko
erpina lehen gotorleku zen, eta gaur egun Reduit Plaza, Lavegerie Kardinalaren
estatua ageri dela. Errobi ibaiaren bazter honetan Baiona eta Kanboko
salerosketa-ontzien kaiak zeuden: Agustin Xaho (azoka-gune gaur egun),
Galuperie (azokak egiteko prestatuak zeuden arkupeak, etxe koloretsu eta
ederren azpian) eta Kortsarioen kaiak (Euskal Museoa dugu bertan -itxita
momentuz-, gure bizimodu eta kulturaren inguruko erakusketa zabala aurkezten
digularik).
Baiona Ttipia hiriko parterik girotsuena da; Cordeliers, Pannecau, Galupeire...
karriketatik paseatu besterik ez dago horretaz konturatzeko. Denak St.
Andre plazan amaitzen dira. Honen ondoan 1451eko Gaztelu Berria dugu (Château
Neuf), dorre biribilak eta horma zabalak dituena (3 metrotaraino).
Laffitte Kalean Bonnat Museoa dugu, Leon Bonnat margolari baionarraren
omenez. Bertan, bere margolan eta erretratuez gain, garai eta aro guztietako
lanak ditugu: Rubens, El Greco, Murillo, Goya... Ordutegia: 10-12:30 eta
14-18 (jaietan eta astearteetan izan ezik); ostiraletan, 20:30 arte.
SANTESPIRITU AUZOA
Aturriren beste aldean izen bereko eliza dugu (XV.ean proportzio irregularretan
egina), eta halaber, auzoa mendean hartuta daukan izar itxurako Ziudadela
militarra (ezin da bisitatu), eta behean sinagoga judua.
Herrialdea:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
|
Lapurdi
5m.
41.778
daturik ez
26 km2
1.607 bizt./km2
Herriko Jaiak (abuztuko 1. astea)
Urdaiazpikoaren Azoka (Apiril hasieran)
Jazz Jaialdia (uztail erdialdean)
Antzerki Jaialdia (urrian) |
|