Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraLizarra-IruñerriaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Lizarra-Iruñerria Irantzu-Lizarra-Iratxe-Gares-Erreniaga-Zizur nagusia-Iruñea

LIZARRA

Euskal Herriko jai askotan dantzatzen den Larraindantzaren jatorria hementxe koka dezakegu, eta bertako gaitariek ere ospe handia izan dute betidanik, bertako folklorea mantentzen jakin duen herriaren seinale. Baina batez ere, Lizarraren gaur egungo garrantzia izen bereko merinaldearen buru eta Nafarroaren erdi-mendebaldeko hiri nagusia izatetik datorkio, eta azkenaldiko ospea, berriz, bertan sinatutako itun politiko garrantzitsuagatik.

Horrez gain, Urbasa eta Andia mendilerroen pean egoteak ingurune ederraz gozatzeko aukera eskaini dio (Urederraren sorburu izugarria kasu). Azkenik, edo agian lehenbizi, Lizarra historiaz eta monumentuz beteriko hiria da, eta horren lekuko dira azken mila urteetako gorabeherek utzitako arrasto aberatsak.

LABURPEN HISTORIKOA

Antso Ramirez Erregeak XI. mendean fundatua, Santiagoko Bidea bertatik pasatzeak garapen handia ekarriko dio. Horrela, populatutako burgo berriak eraiki ziren, 1266. urtean gune bakar batean batu zirenak. Horrenbestez, Erdi Aroan hiriak garrantzi handia erdietsi zuen, eta bere urrezko garaia bizi izan zuen.

Ordudanik, eta azkeneko urte hauek arte, garrantzi historiko handiena eduki zuen gertaera XIX. mendean izan genuen, Karlisten gotorlekurik nagusienetakoa bihurtu baitzen. Gaur egun, merkataritzan (bere ekonomian betidanik garrantzitsua) eta industrian diharduen hiri monumentala bihurtu da.

IKUSTEKOAK

Ega ibaiak sortzen duen eta hegoaldera begira dagoen meandro baten barrualdean kokatua dago Lizarra, poltsa baten barruan bailegoen. U moduko horren eskuinaldean (ekialdean) auzo monumentala hedatzen da (antzinako Frankoen burgoa), ibaiaren bi bazterretan zehar (hiriaren zatirik handiena kokatzen denaren beste aldean, hots, “poltsa”ren kanpoaldean). San Pedro Ruakoa auzo osoa monumentu izendaturik dago.

Horrela, hirian zehar doan ibilbidea Turismo Bulegotik oso gertu dagoen San Martin Plazatik has dezakegu. Iruñea eta Logroño arteko errepidearen albo batean dago, ibai gaineko zubiaren parean, eta auzo osoaren erdigunean kokatua dago. Plazaren erdian Berpizkundeko Txorroen Iturria ikus dezakegu, XVI. mendekoa. Plaza honetan Antzinako Udaletxe barrokoa (XVII. mendekoa) nabarmentzen da beste eraikinen gainetik, nahiz gaur egun epaitegi funtzioa betetzen duen.

Honen aurrean Rua luzatzen da, auzoa alderik alde zeharkatzen duen kale nagusia. Udaletxe Zaharra aurrean dugula, eskuinaldean San Pedro Ruakoa elizara igotzeko eskailerek eta tenpluak berak sortzen duten osotasun ikusgarria ageri zaigu. Ilunabarreko argi leunaren azpian inguru honek itxura ezin ederragoa hartzen du.

Eliza-gotorlekuaren aurrealde polita (errepara iezaiozue arku polilobulatuari) XII.aren azken urteetakoa da, erromanikoa. Dorre garaia defentsarako helburuz eraiki zen. Barrualdean, trantsiziozko (XIII. mendea) abside eta alboko sabaiez gain, erromaniko eta gotiko estiloetako irudi-multzo garrantzitsua mirets dezakegu. Azkenik, bi galeria besterik gordetzen ez dituen klaustro erromanikoa azpimarratu behar dugu, XII.aren azkenetakoa hau ere.

Berriz ere eskailerak jaisten baditugu, Ruaren jarraipena den San Nikolasen hasieran, Nafarroako erromanikoaren eraikin zibil bakarra dugu: XII. mendeko Nafarroako Errege-erreginen Jauregia. Antso Jakintsuak altxarazia, bertan leihoak eta kapitelak nabarmentzen dira, eta gaur egun, Gustavo de Maeztu Museoaren egoitza da.

San Nikolas kalea segitzen baduzue Gaztelako Ate edo sarrerara iritsiko zarete, eskuinerako lehen kale-ahoan, eta dagoeneko errepide orokorrean zaudela, ezkerretara Rocamadorreko Andre Maria. Eliza honek, XII.eko abside erromanikoa eta Ama Birjinaren irudia izan ezik, beste guztia XVI. mendeko barroko estiloan egina du.

Leku beretik itzuliz, hasierako San Martin Plaza igaro ostean, segituan San Kristobal Jauregia ikusiko dugu, ezkerraldean. XVI. mendeko eraikin plateresko honen barruan (gaur egun Fray Diego Kultur Etxea) Berpizkunde estiloko patio atseginari bisita egin diezaiokegu.

Pixka bat aurrerago, Erdi Aro kutsuko armarridun etxeen artean paseatuz, barrokoaren hasiera garaiko (1613) Gobernadorearen Jauregi dotorera iritsiko gara. Kalea amaitu eta berehala, ibai gaineko Kartzelako Zubia dugu, 1873an suntsitu zuten erromanikoaren gainean berreraikia.

Zeharkatu aurretik, eskuinaldean dugun Santo Domingo elizaraino igo gaitezke, gaur egun Jubilatuen Egoitza dena. Alboan Gazteluko Santa Maria Jus eliza erromaniko-barrokoa dago, antzinako Juduen Sinagogaren gainean eraikia. Azkenik, ibaiaren alde hau bukatzeko, aurrealde gotikoa duen Hilobi Santua bisitatuko dugu.

Atzera egin eta lehen aipatutako Kartzelako Zubia igaroz (begira zein galant geratzen diren ibai gaineko etxe-multzoak) hiriko gunerik handienean sartuko gara. Ezkerreko Ruiz de Alda kale monumentala hartuz, handik gertu San Migel eliza dagoen plazatxora iritsiko gara. XII.-XIV. mendeetako eraikin erlijiotsu honek ikonografikoki oso aberatsa den aurrealde erromaniko berantiarra erakusten digu lehenik, eta jada barnean, XV. mendeko Santa Anaren erretaula eta Ama Birjina erromanikoa.

Hona etortzeko erabili dugun kaleari segituz, hiriko merkataritza-gunean sartuko gara, Kale Nagusia eta Inmaculada Pasealeku paraleloaren inguruko kaleek osatzen dutena. Aurre-aurrean dugun Kale Nagusiaren eskuinaldeko Foruen Plazan sartuko gara, bertan San Joan eliza dugu-eta. Ate gotiko bat eta erromaniko bat dituela, aurrealde ez zen amaitua mende honen hasiera arte. Barruan erretaula azpimarratuko dugu.

Foruen Plazatik Juan de Labrit kalera eramaten duen izkinatik atereaz gero, laster San Pedro Lizarrakoa tenplura irits gaitezke, herria bera baino zaharragoa dena (1024koa gutxienez). Pixka bat harantzago, berdegune batean Puy-ko Andre Mariaren eliza agertzen zaigu, 1951koa baina XIV. mendeko Ama Birjina gotikoa gordetzen duena.

Berriz ere San Pedron, eskuinetara eginez gero ibaira hurbilduko gara, tartean Erretiratu edo Recoletotarren Monasterio ondotik pasatuz. Azkenik, ibai-meandroaren barnealdean dagoen Pasealeku atseginaren ondoan, eta eraikin erlijiotsu eta zibilen zerrenda luzeari amaiera emateko, beste bi ikus genitzake: Santa Clara eta San Benito monasterioak. Amaitzeko, ibilbide monumental luzearen ostean, ongi etorriko da berdegunean atseden hartzea.

Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
44 km.
483 m.
12.552
%9
15 km2
838 bizt./km2
Puy-ko Ama Birjinaren jaia (maiatzak 25)
Herriko jaiak (abuztuko lehen igandearen aurreko ostiralean hasita)
San Andres azoka (azaroak 30)

 

 

 

 

 

GARES

Garesen bat egiten dute Santiagora doazen Nafarroako eta Aragoiko bideek. Horrenbestez, hiriak monumentu-aberastasun oso zabala du ikusgai. Hiriaren erdal izenaren jatorria Arga ibaiaren gaineko zubi ederretik dator, XII. mendean harriz egina, eta puntu erdiko sei begi dituena. Ohartzen bazarete, zubi honen zutabe batean oso mezu polita duen plaka beltz bat aurkituko duzue.

Hiriaren sarreran Tenplariek fundatutako Gurutzefikapenaren Eliza kokatua dago. Barruan XIV.eko Gurutzefikapenaren tailu ederra gordetzen du. Erromesen kalean edo Kale Nagusian, Santiago eliza dugu, XII.ean altxatua eta XVI.ean berregina. Lehen tenplu erromanikotik XII. mendeko bi atalde ederrak geratzen dira. Barrualdean, irudi sakratuak eta bitxigintza bilduma garrantzitsua daude.

San Pedro Apostoluaren eliza XV. mendekoa da, baina ondoren zenbait eraberrikuntza egin zaizkio. Azkenik, Sancti Spiritus-eko Gomendatzaileen Komentuko eliza aipatuko dugu. Hiriko kaleetan zehar presarik gabe ibiltzea aholkatzen dugu, etxe eta jauregietako armarriak lasai behatzen ditugun bitartean.

EUNATEKO ANDRE MARI

Obanosetik gertu dagoen (ikus ibilbidea) tenplu hau Santiago Bidean dauden originalenetakoa da. Erromaniko berantiar estilokoa (1170. urte ingurukoa), planta oktogonala du eta nerbio lau angeluarrez estalia dago. Aldarean berriz, Andre Mariren tailu bat aurkituko dugu.

Kanpoaldea edertasun handiko apiriko edo atrium batek inguratzen du, landare-motiboz apaindutako kapitelak dituzten zutabeekin. Zortzi aldeetatik soilik hiru dira jatorrizkoak, gainontzekoak XVIII.ekoak direlako.

Bere jatorriari buruz, tenplariekin lotu izan dute batzuek, baina seguru aski San Joanen ospitale-Ordenaren hil-kapera izan zen. Ahozko tradizioak, berriz, Erregina batek altxarazi zuela dio, eta bertako harriek anderearen hilobia gordetzen dutela azpian.

Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
24 km.
347 m.
2.124
%5
40 km2
50 bizt./km2
Santiagoak (uztailak 25)

 

 

 

 

IRUÑEA

Iruñea zaharra, Arga ibaiak zeharkatzen duen eta mendiz inguratuta dagoen goi-lautada baten erdian kokatua dago. Lautada horretan Euskal Herriko hiriburu historikoa den honetara gerturatzen ari garela, ez zaigu silueta monumental berezirik agertzen, ez baitago urrunetik nabarmentzen den monumenturik, baina hiri barnean gaudenean gauzak biziki aldatuko zaizkigu.

Victor Hugok 1843an idatzi zuen moduan “Iruñea, agintzen duena baino askoz gehiago ematen duen hiria da”. Horrela izanik, historia soberan duen hiri honi adjektibo asko eskaini dakizkioke: berdea, garbia, erlijiotsua, ordenatua, noblea, lasaia... eta uztailaren bigarren asteko iraultzan: zoroa, kosmopolita, parrandazalea, basatia, eleanitza...

IRUÑEA HISTORIKOA

Baskoiek Iruñea deitzen zioten tokian historiaurreko aztarnak aurkitu badira ere, lehen gauza jakina zera da, K.a. 75-74an Ponpeiok Pompaelo izeneko herri bat fundatu zuela, bere tropa erromatarrek negua pasatzeko.

Hiriak, hortik aurrera, erromanizazioaz gain, germaniarrek eragindako suntsiketa (275. urtea), bisigodoek azpiratu izana (VIII.a arte) eta musulmanen konkista-nahia (VIIIan) ezagutu zituen aldi ezberdinetan. 778an Karlomagnok harresiak suntsitu zituen, baina baskoiek mendekua hartuko zuten Orreagan. Orduan, IX. mendean, sortu zen Nafarroako Erresuma.

Ondotik, nekazariek populatutako Iruñerriari (antzinako haren ondorengo hirixkari), San Zernin eta San Nikolas burgo askeak gehituko zaizkio. Ordudanik, bizi-maila ezberdinak burgoen arteko gorroto eta liskarren zergati bilakatuko dira.

1319an hiria Eliz Agintarietatik Koroaren eskuetara pasatuko da, eta hortik aurrera harresiak altxatu eta Erresumako hiriburu bihurtuko dute, 1512an Gaztelaren eskuetan geratu zen arte. Dena den, Nafarroak bere foruak mantenduko ditu, XIX. mendean beste probintzia soil bat bihurtzen duten arte, herriaren iritziaren aurka. Mende horretan, Iruñeak frantziarren okupazioa eta karlistadetako urte gogorrak ezagutuko ditu.

XX. mendearen hasieran harresietako zati bat bota eta hiria zabalduko dute. 1932an Euskal Autonomia antolatzeko udalek Iruñeko Asanbladan bozketa burutu zuten, eta 1978az geroztik Nafarroako Foru Komunitateko hiriburua da.

“JAIA”

Mundu osoko jairik ospetsuenetakoak diren hauek bederatzi egunetan (uztailaren 6tik 14ra) hiriaren aurpegia erabat aldatzen dute, eta urte osoko hiri lasaia zoramen kolektibo bihurtzen da.

Egun horietan jantzi dotoreak gorde eta praka-niki zuriak (laster zikinduko direnak) eta zapitxo gorri ospetsua janzten denetik, eguneko 24 orduak topera bizi, ordutegiak alde batera utzi, mundu osoko lagunak egin eta bederatzi egunetan zehar mozten ez den jaian murgiltzea besterik ez dugu egin behar, “gorputzak eusten dion bitartean”. Une horretan parkeak ere logela masiboak bihurtzen dira.

Iruñera bakarrik San Ferminetan etorri bazarete, edo alderantziz, soilik urtean zehar bisitatu baduzue, ez dituzue hiriko bi aurpegiak ondo ezagutuko.

Jai hauen jatorria XIV. mendean egon liteke, urriaren 10a inguruan (orduko San Fermin eguna) nekazarien azoka bat egiten hasi zenean. Arrakasta ikusita, uda hasieran beste bat antolatzen hasi ziren, geroago jai bihurtzen hasiko zena. Horrela, agintariek San Ferminen onomastika urritik uztailaren 7ra eramatea eskatu zuten, jai hauen barnean ospatzeko. Gaur ezagutzen ditugunen antzeko lehenak 1591n ospatu ziren.

Jaiak uztailaren 6ko eguerdiko 12etan hasten dira, txupinazoarekin (Udal Plaza telebistan dirudiena baino askoz txikiagoa da, eta parte hartu nahi baduzue askoz lehenago agertu beharko duzue), eta uztailaren 14ko gaueko 12etan amaitzen dira, “pobre de mí”arekin (ekitaldi ofiziala leku berean izaten da, eta peñena Gaztelu Plazan).

Hurrengo eguneko goizeko 8etan, “bizirik” daudenek “villavesaren entzierroa” egiten dute, zezenen ordez konpainia horren autobusaren aurretik. Bitartean, egun eta gaueroko parrandaz gain, bestelako ekintza ospetsuak ere badira:

Uztailaren 6ko arratsaldeko 4etan, Riau-Riauan, Udalbatza Udaletxetik San Lorenzo parrokiaraino dauden 400 metroak oinez egiten ahaleginduko da, Astraingo Valsa dantzatzen duten ehunka gazteren artean.

Uztailaren 7ko goizeko 10etan Prozesioa izaten da, Udalbatza, txistulari, dantzari, erraldoi, agintari zibil eta erlijiotsuekin batera, eta batez ere, saminezko jotak kantatzen dizkioten santuaren irudia aldamenean daramatela.

Baina San Ferminak batik bat zezenengatik dira ezagunak munduan, entzierroengatik hain zuzen. Eguneroko goizeko 8etan izaten den gizon-emakume eta zezenen arteko lasterketa arriskutsu honek 850 bat metroko luzera dauka, eta gauzak normal joanda, hiru minutu inguru irauten du.

Modu batera edo bestera 600 urte iraun duen tradizio honek Hesietan hasi eta Santo Domingo, Merkatariak, Estafeta eta Zezen-Plazaren artean aldapa gogorrak, bihurgune itxiak, kale estuak eta beste hainbat oztopo igarotzen ditu, bihotza lehertzear jartzen duen lasterketa ausart eta arriskutsuan.

Goizean arineketan egin duten sei zezenak arratsaldeko zezenketan hilko dituzten berberak dira, baina bertan, ikuskizuna plazaren erdian baino gehiago, peñek betetzen dituzten eguzkiko harmailetako festan aurkituko dugu.

GAZTELU PLAZAREN INGURUA

Gaur egungo hiriko bizitzaren arima Gaztelu Plazan aurki dezakegu, Alde Zaharraren eta Zabalgunearen artean. Norbaitekin geratu eta paseatzeko aproposa den leku hau kafetegiz inguraturik dago eta erdialdeko kioskoa hiriko edozein ekintza burutzeko zentro neuralgikoa da. Luis el Hutín-en gaztelua bertan egon izanagatik datorkio izena, eta 1550 eta 1931 artean hazi egin da (1843 arte zezen plaza izan zen). Bertan Iruña Kafetegia eta Goienetxe Jauregia nabarmentzen dira.

San Inazio kaletik irteten bagara, Sarasate Pasealekua topatuko dugu, Espainiako erregeen estatuez beterik, eta bere bi muturretan XIX.eko Justizia Jauregia eta Nafarroako Jauregi neoklasikoa (Nafarroako gobernuaren egoitza) ditugu. Azken honen barnean, artelan garrantzitsuak daude, hala nola, Tronoaren Gela, Kapera eta Goya eta abarren margolan garrantzitsuak.

Eraikin honen alboan Errege Artxibategia dugu, erdi aroko agiri garrantzitsuak biltzen dituena, eta aurrean Foruen Monumentu garaia, goian kateak apurtuta eta foru-legeak eskuetan dituela brontzezko estatua batek koroatua. 1903an herri-ekimenaz eraikia, euskarazko eta gaztelaniazko inskripzio eta figura sinbolikoz jantzia dago.

ALDE ZAHARRA

Pasealeku honen amaieran, eskuineko aldean, San Gregorio eta San Nikolas merkataritza kaleetatik Gaztelu Plaza ingurura itzul gaitezke. San Nikolas eliza, 1117an eraikia, burgoen arteko liskarrek behin eta berriz berraltxatzera behartu dute. XIV.ean dorrea altxatu zen. Elizaren aurrean, 19. zenbakia duen etxean, Pablo Sarasate biolin-jole ospetsua jaio zen.

Amaieran, ezkerrean, Zapatari kalean hiriko armarria duen jauretxe eta hainbat eraikin zibil interesgarri ditugu (40. zenbakiko barrokoa, 50.ekoaren aurrealde apaindua eta 53.eko Guendulain Kondearen Jauregi klasikoa, esate baterako).

Azken honen aurrean (Zapatari kalean ezkerrerantz jo dugu), Kontseilu Plazaren erdian, eraikin interesgarriz inguraturik, 1788ko Neptunoren Iturria agertzen zaigu. Plaza hau diagonalki zeharkatuz San Francisco Plaza girotsuarekin topo egiten dugu, Nafarroako Liburutegi Nagusiaren aurrealde modernista nabarmentzen delarik.

Hori ere zeharkatuz, Ansoleaga kalean Konptuen Ganbara gotikoa aurkituko dugu, antzinako Otazuren Jauregi, Nafarroako Erresumako Kontu-Epaitegi eta gaur egun Bianako Printzea elkartearen egoitza dena. Hemendik gertu, San Lorenzo elizan 1717ko San Ferminen Kapera dago, santuaren irudiarekin.

Ansoleaga kalearekiko paralelo doan Kale Nagusian jauregi hauek azpimarratuko ditugu: Kondestablearena (2. zenbakian, XVII.-XVIII.ean artzapezpikuen egoitza), Redin Cruzat (31.ean, Siziliako Erregeorde eta Galiziako Gobernadore izandako Martin Redin-en omenezko inskripzioa) eta Ezpeletakoa (barrokoa eta oso apaindua, 65. zenbakian).

Kale honen amaieran, izen bereko plazan, Recoletas Komentua dugu, eta baita Recoletas kaletik eskuinetara, O Ama Birjinaren Plaza. Izen bitxia duen hau (ez da akats ortografikoa) harresien ondoan dago, eta Arga ibaiaren gaineko bista politak ditu.

Zubitxo batetik Takonera Parkearekin lotua badago ere, guk ez dugu momentuz Alde Zaharra utziko, eta horrela, eskuinerantz Andia kaletik Descalzos eta Jarauta etxe zaharrez jantzitako kale jatorretan barneratuko gara. Bertan XVII.eko Karmeliten Komentua ikus dezakegu.

Kale batetik zein bestetik, Santo Domingo kalera irten gaitezke. Honen hasierako hesietatik entzierroetako zezenak irteten dira, eta parean Nafarroako Museoa altxatzen da. Antzinako Miserikordiako Ospitalearen eraikinean kokatua (1566), Nafarroa populatu zuten lehen gizakiengandik gaur egunera arteko aztarna eta artelanen bilduma ordenatua erakusten digu. Zabalik: asteartetik larunbatera, 10-14 eta 17-19 ordu bitartean; igande-jaiegunetan 11-14 artean. Helduentzako sarrera 500 pezetakoa da, haurrentzakoa 250koa; eta, talde bateko partaide izanez gero, azkenik, 350 pezetakoa.

Santo Domingoko aldapa igo, Ospitale Militarra pasatu eta entzierroaren ibilbideari jarraituz gero, Udal Plazara iritsiko zarete, eta segituan hurrengo galdera egingo diozue zeuen buruari: “Nola sar daiteke txupinazoan hainbeste jende plaza txiki honetan...?”

Aurrean 1755-60ko Udaletxe barroko eta ikusgarria dugu, XV.eko aurrekoaren hondakinen gainean hiru altueratan altxatua: behekoa dorikoa (zuhurtasuna eta justizia irudikatzen duten estatuekin), erdikoa jonikoa (balkoi eder batez) eta goikoa korintioa. Azkenik, Hercules-en estatuak mendean duen frontoi triangeluarra dugu.

Entzierroaren ibilbideari jarraikiz, Merkatarien kaletik zezenen pasabide den Estafeta ospetsuan sartuko gara, denda eta tabernaz betea eta kalerik girotsuenetakoa. Bertan Iturbidetarren Jauregia nabarmendu dezakegu. Kale-amaieran zezen-plaza dugu.

Orain, Estafetarekiko kale paraleloetako bat hartuz (San Agustin, Merced) Iruñeko parterik zaharrenerantz hurbilduko gara, Nafarreria auzora hain zuzen ere. Horrela, Nafarreria kalean bertan ospetsu bihurtutako Santa Zezilia iturri neoklasikoa dugu, San Ferminetan australiar, amerikar eta bestelakoek beren burua botatzen duten iturria, alegia. Honekin lotuta, San Jose Enparantza dugu, eta honen alboan Iruñeko Katedrala.

ANDRE MARIAREN KATEDRALA

Hiriko parterik zahar eta altuenean kokatua, antzinako katedral erromanikoa kokaturik zegoen leku berean, lehenbizi XVIII. mendeko atrium eta aurrealde neoklasikoak erakusten ditu. Barrua bisitatu nahi badugu, kartel batek iragartzen duen moduan, lehenik eskuinera eta gero ezkerrera egin beharko dugu.

Barrualde gotiko ederrak hiru barneluzego ditu, planta latindarrean antolatua eta XVI. mendeko erretaula nagusia nabarmentzen dela. Erdiko nabea bi arrosetoik eta hutsarte-ilara batek argiztatzen du, eta erdi-erdian Karlos III. Noblea eta bere emaztearen mausoleoa nabarmentzen dira, eurak irudikatzen dituzten etzandako estatua ikusgarriak daudela.

Halaber, alboko kaperetako erretaulak azpimarratu behar ditugu, koruko harlandua eta aldare nagusiaren gaineko Sagrarioko Ama Birjinaren irudi erromanikoarekin batera. Nafarroako errege-erreginak honen aurrean koroatzen zituzten.

Baina guztiaren gainetik, katedral honetan nabarmentzen dena, Klaustro gotikoa da (1277-1472), Europako erdi aroko aberatsenetakoa. Bertan Andre Mari Babeslearen Ataldea, Errege Magoen Adorazioa, Ate Ederra, Errefrektorioa, XII.eko Jesukristoren Kapera, Pere Arnaut eta Johana de Beunçako hilobiak... denak azpimarratzeko moduko lan ikusgarriak dira.

HARRESIAK ETA PARKEAK

Hiriak XVI. eta XVII. mendeetan eraikitako defentsa-harresi haien (menperaezinak omen zirenak) zati handi eta oso ikusgarria gordetzen du oraindik, eta gaur egun hirian zehar egin litekeen ibilera ederrenetarikoa osatzen dute. Bestalde gotorlekuaren zati batzuk parke bihurtu dira. Horrela, xehetasun hauek eta beste batzuek, Iruñea parke eta lorategiz betetako hiri atsegin eta berdea bihurtu dute.

Zezen-plaza eta Labrit frontoiaren artean kokatzen bagara, eskuinean Argak sortzen duen meandro baten inguruan Ilargi Erdia parke erromantikoa behatuko dugu, baratze eta igerilekuen gaineko bista, patinatzeko pista eta arbola asko dituela.

Leku beretik, gure aurrean ibai gaineko Tejeria parke atsegina dugu, eta ezkerrean jada harresiak hasten dira. Ahal bada, goitik zein beheko lorategietatik ibiltzea gomendatzen dugu, batetik zein bestetik Pasealeku ederra baita.

Harresien ipar-ekialdeko ertzean, Argaren meandrorainoko zabaleran, Aranzadiko Bira izeneko parkea dugu, eta bertan udal igerilekuak. Azkenik, berriz ere hirira itzuliz, Errondako Pasealekua eta Takonerako Parkea lotzen dituen harrizko zubi ederra igaroz (errepidearen gaineko Portale Berria), Iruñeko bihotz berdera iritsiko gara.

Takonerako Parkea hirian daudenetatik zaharrena da, Frantziako erromantiko estilokoa, gerizpeko Pasealeku ederrak dituela, bertan hainbat estatua eta monumentu mirets ditzakegu, ahateak eta abar bizi diren uharka batez gain. Baiona Etorbidea zeharkatuz, hiruki itxura duen Antoniutti Parke txikian sartuko gara, aurrekoaren antzinako lubakietan egindako lorategia.

Dagoeneko, honekin lotutako Ziudadelako Parkeak eta berau inguratzen duen Gazteluko Bira Parkeak osatzen duten itzelezko berdegune zoragarrian barneratuko gara. Ziudadela 1571an eraikitzen hasi ziren, Felipe II.aren aginduz, planta pentagonala eta angeluetan bastioiak zituela. Bost aldeek Santiago, San Anton, Victoria, Reina eta Real izenak hartu zituzten.

Alde Zaharrari begira dagoen ate nagusia Ejertzitoaren Etorbidean dago; besteak (Socorro izenekoa) gazteluari bira egiten dio. Pertsonaia garrantzitsuren espetxe izan ostean, gaur egun atseden hartzeko leku ezin egokiagoa da, bai gotorlekuaren barrua zein kanpoaldea. Antzinako lubakietan, adibidez, gaur zoo txiki eta bitxi bat dugu, besteak beste, eta barruan erakusketarako gela batzuk egokitu dira. Honez gain, hemen ere hainbat monumentu klasiko eta moderno behatzeko aukera izango duzue. Errepara ezazue landarez eginiko etxola bitxi pare horretan.

Gotorlekuaren inguruko Gazteluaren Bira, kirolean aritzeko edo ibiltzeko leku ezin aproposagoa da, zelai zabalak dituelako. Honen hego-ertzarekin lotua (ikusi duzuenez berdeguneak bata bestarekin lotuak daude), Foruen Plaza dugu, Nafarroako Mendi, Erdialde eta Erriberako arbolekin jantzia.

Herrialdea:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
449 m.
166.279
%7
24 km2
6.928 bizt./km2
San Blas (otsailak 3)
Santa Ageda (otsailak 5)
San Ferminak (uztailak 6-14)
San Fermin Txikito (irailak 25)
San Saturnino (azaroak 29)

 

 

 

 

Orrialde nagusiraLizarra-IruñerriaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403