Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraLizarra-IruñerriaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Lizarra-Iruñerria Irantzu-Lizarra-Iratxe-Gares-Erreniaga-Zizur nagusia-Iruñea

LIZARRERRIA INGURUKO MONASTERIOAK Ibilbide honen hasiera zistertarren Irantzuko Monasterioa (XII.-XIV. mendekoa) izango da, Abartzuzako udalerrian eta Lizarratik gertu. Borgoñako monasterioetan oinarrituz bailaratxo idiliko batean eraikia, jainkotegiak oin angeluzuzena eta hiru barneluzego ditu; sabaia gurutzeriakoa da. Klaustro gogoangarria (errepara iezaiezue iturriaren inguruko arkuei) jatorriz XIII.ekoa da, baina berreraikia dago. Gela Kapitularra eta tximinia handiko sukaldea (arku apuntatuak eta gurutzeriako sabaia dituela) ere aipatzeko modukoak dira. Kanpoaldean gurutze ikusgarri bat ere bada. Zabalik: egunero 10-14 eta 16-20 ordu bitartean. Helduentzako sarrera 300 pezetakoa da; umeena 250 pta.koa.

Herrirantz itzuliz, errepidetxo atseginaren ondoko atsedenlekuaren eta gurutze monumental baten ondotik pasatuko gara, Abartzuza bertara iritsi baino kilometro erdi lehenago. Herriko bidegurutzean eskuinerantz joko dugu.

Hemendik 7 km-tara zuzen joanez, Lizarran sartuko gara, eta zuzen eta ezkerrerantz hartzen badugu, erdialdera iritsiko gara. Osotasun monumental aberats horretan, merinaldeko hiriburuak erdi aroan izan zuen garrantzi zibil eta erlijiotsu handiaren adibide ugari agertuko zaizkigu, esate baterako Rua auzo monumentalaren inguruko jauregi eta tenplu ugariak.

Monumentuz josita ageri zaigun auzo honen ondotik, Logroñorako errepidean, km. pare batera eta jada Aiegiko udalerrian, Iratxe topatuko dugu, eraiki zen bezalaxe (ondorengo erreformarik gabe) ailegatu zaigun monasterio bakarretakoa.

Benediktarrek fundatua, X. mendean dagoeneko hortxe zegoen. 1045ean penintsulako erromesentzako lehen ospitalea bertan eraiki zuten, eta XI.ean Santa Maria la Real eliza altxatzen hasi ziren (azpimarragarri dira absideak, leihateria, apezpiku baten hilobia eta dorre herreriarra). Klaustro plateresko ederra XVI.ekoa da. Zabalik: astegunetan (abenduan, astelehenetan eta astearte arratsaldetan izan ezik) 9:30-13:30 eta 17-19 artean; asteburu eta jaietan 8:30-13:30 eta 16-19 artean. Sarrera doanekoa da.

Monasterioaren ondoan Ardo Museo bat duzue, eta bertatik oso hurbil, Jurramendi edo Mendixurra (Montejurra), karlisten mendi ikusgarri eta sasi-sakratua.

SANTIAGO BIDEAN ALDERANTZIZ

Aiegitik Lizarrarantz itzuliko gara berriz, baina oraingoan, haren ondotik pasatuko gara, Iruñerako bidean. Bidean Bilatorta (erromatarren garaiko aurri edo hondakinak eta erliebe aurrerromanikoak), Lakar (XII. mendeko Santa Engrazia basilika), Lorka, Zirauki (zubi erromatarra) eta Mañeru nekazaritza kutsuko herrietatik edo horien ondotik pasatuko gara, paisaia osoa laborantza lurrek hartua duten eskualde batetik barrena.

Azken herri hau pasatu eta handik bi kilometrora, izen bereko askaldegi edo atsedenleku bat aurkituko dugu, bista politak dituen mendate baten magalean (34 km daramatzagu dagoeneko). Beste bi kilometrotara, Garesen (Puente La Reina) sartuko gara. Ilzarbe Bailarako hiriburu, Santiagoko Bidearen bi ibilbideek bertan bat egiteari zor dio duen izaera historiko-artistiko garrantzitsua.

Gareseko erdigunea zeharkatu ostean, eskuinetarantz joko dugu, “Campanas-Eunate” norabidean, eta handik 2 km-tara Obanos herriaren ondotik pasatuko gara. Herritxo atsegin honetan San Joan Bataiatzailearen Eliza neogotikoa ikusteko parada izango dugu, besteak beste, baina horrez gain bertako kaleetatik paseatzeko ere herri egokia da.

Garesetik honantz etortzeko erabilitako errepidean beste bizpahiru kilometro egin ondoren, berriz, gure eskuin aldean Nafarroako tenplurik misteriotsu eta harrigarrienetariko bat ageri zaigu, Eunateko Andre Mariarena eta bere elizpe oktogonala alegia. Gareseraino bide beretik itzuliz, oraingoan eskuinetara hartuko dugu, errepide nagusi honetatik Iruñerantz hurbiltzeko.

IRUÑERRIA

Lizarra-Iruñea errepide orokor honetan aurrera egin ahala, gure hurrengo helmuga gero eta hurbilago eta ikusgarriago agertzen joango zaigu, hots Erreniagako Parke Eolikoa. Lehenago, halere, ibilbidearen 54. km-an Legarda (XIV.eko Jasokundeko Eliza gotikoa eta erretaula nagusi platereskoa) igaroko dugu.

Bertatik 3,5. km-tara azkenean, eskuin aldean Erreniaga (El Perdon) mendatean gora doan bidea ikusiko dugu. Hortik joz gero, eta bertatik kilometro batera, askaldegi baten ondotik igaroko gara, eta laster Parke Eolikoan barneratuko gara. Erromesen omenezko monumentutik Iruñearen gaineko bista oso politaz goza dezakegu.

Errepiderantz itzuliz, gainetik pasatuko garenez, Iruñerantz joateko oraingoan ezkerrera egin behar dugu. Azkenik, haren atarian aurkitzen dugun Zizur Nagusia igaro ondoren (San Andres eliza gotikoa), Erresuma Zaharreko, gaur egungo Nafarroako eta berez Euskal Herri osoko hiriburu den Iruñea berde, monumental eta ederrera iritsiko gara.

Orrialde nagusiraLizarra-IruñerriaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403