Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraLea Artibai eskualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Lea-Artibai Eskualdea

LEKEITIO

Berarekin antza nabaria duelakoan gaudenez (desberdintasunak oso ugariak badira ere), Lekeitio "Donostia txikia" izenda genezake.

Horrela, herri hau ere badia eder baten barrualdean altxatzen da, ezkerraldeko talaia izugarria den lur mutur baten eta eskuinaldeko Lea ibaiaren bokalearen artean.

Gainera, badiaren bestaldean San Nikolas uhartea geratzen zaio eta azkenik, bertako hiru hondartzek herriaren berezko edertasuna dotore janzten dute.

HISTORIA

Lumentzako kobazuloan agertutako aztarnek inguru hau azken 30.000 urtetan populatua izan dela erakusten dute, eta erromatarren garaiko aztarnek jada bertan gune populatu iraunkorra bizi zela diote, erabat ziurtaturik ez badago ere.

Dena den, Lekeitioko historia ofiziala 1325ean hasten da. Lehenago batipat arrantzale eta itsasgizonez osatutako gunea zen. Urte horretan Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak fundazio-gutuna eman zuen, hiri bihurtuz eta zenbait pribilejio luzatuz. Urte batzuk beranduago, Alfonso XI.ak fundazio-agiri hau berresteaz gain, hiriko harresiak altxarazi zituen.

Hurrengo mendeetan bere ekonomia itsasoari lotua ibili zen, arrantzan ala itsas-garraioan (kortsariak ere izan ziren); itsasuntziak ere bertan eraiki eta konpontzen zituzten. Baita ere, denbora aurrera joan ahala, merkatari-sare handia sortzen joan zen eta azkenik, sendiek beren baratze eta mahastiak zaintzen zituzten.
Hala ere, nahiz eta itsasoari begira bizi, hainbat mendetan zehar, itsasgizon lekeitiarrak beren portuaren izaeraz kexu izan dira, txikia, hondartsua eta sakontasun txikikoa zelako. Arazoak arazo, XVI. eta XIX. mendeen artean Lekeitiokoa Bizkaiko bigarren arrantza-portua izan da (Bermeoren atzetik), XX.ean Ondarroak postu hori kendu zion arte.

ENPARANTZA ETA ELIZALDEA

Herriaren erdian, ezkerraldean erdigunea, aurrean portua eta badia eta eskuinaldean hondartzak dituela, Independentziaren Enparantza kokatzen da, eta bertan, Jasokundeko Andra Mari Eliza.

Bizkaiko monumenturik baliotsuenetakoa den eliza honen izaera bi hitzetan laburbiltzen badugu, 720 urtean fundatu, XIII. mendean kontsagratu eta XV.ean handitutako estilo gotiko berantiarreko eraikina dela esan genezake, barruan gotiko eta flandiar estiloko erretaula ederrak dituena. Gehiago zehaztuz, aintzinako tenplu erromaniko baten gainean eraikia, Santiago katedralarekin batera Bizkaiko gotikoaren eraikuntzarik ederrena da.

Amaitu zenetik behin baino gehiagotan berritu izan da, eta horrela, kanpoko dorrea eta barruko girola XIX.ekoak dira. Hasieran hiru nabe bazituen ere, gaur egun bost erakusten ditu.

Barruko kaperen artean Santa Anarena azpimarratu behar dugu, flandiar jatorriko erretaula eta hilobiak direla-eta. Erretaula nagusia 1514koa da, Estatu osoko hirugarren handiena (Oviedokoarekin batera eta Sevillako eta Toledokoen atzetik) bihurtuz. Datu hori duen garrantziaren lekuko da.

Kanpoaldeko itxura gotiko hutsa da, kontrahorma, trazeriadun-lehiatila, arrosa-leiho, arku ezin meheagoetara loturiko arbotanteak, gargolak, orratzak... miresteko aukera eskainiz. Hau guztia gutxi balitz, bere aurrealdea Bizkaiko gotikoen artean apaingarri gehien erakusten duena da.


Sarrera nagusitik irtenez, ezkerrean XIX.eko Arostegi jauregi ederra dugu, eta honen atzean monumentu multzo interesgarria. Lehenbiziko eraikin handia 1368ko Dominikoen Monastegia da (Berpizkundeko, gotiko eta barroko elementuekin), eta alboan duena Salinastarren Etxea.

Bien artean igaroz, Santo Domingo kalean, segituan eta erdian Uriarte Jauregi barroko ederra (eskailera, armarri eta arkupedun atari eta Erdi Aroko dorre batekin), Berpizkundeko Turpin Dorrea (aurrekoari itsatsita) eta Torre Zaharra (Dominikoen Monastegiari itsatsita) ikusiko ditugu.

Azken hau seguraski hiriko eraikin zaharrena izango da, eta aintzinako harresietako zatia zen.Erdi Aroko harresi honek metro batzuk aurrerago ere segitzen du (komentuaren beste aldean ere bai).

Kale tipikoetan zehar ibiliz, berriz ere hasierako puntura itzuliz, hots, enparantzara, honen beste aldean dagoen Udaletxea bisita dezakegu, XVIII. mendeko barroko estiloan egina.

ERDIALDEA

Udaletxearen izkina batean hasten den Apalloa kalearen kantoian XVII.eko Oxangoiti jauregia dugu (ohar zaitezte atalde eta landutako hegal ederretaz), eta piskat aurrerago ezkerrera XVII.eko San Jose eliza barrokoa. Honen aurreko zabalgunearen beste aldean Kofradia zaharra topatuko dugu.

Apalloa kaleari jarraikiz, lorategi erromantiko baten erdian dagoen Agustinatarren Komentura iritsiko gara, neobarroko frantziarraren estilokoa, eta piskat aurrerago eta ezkerrera, XVII. mendeko Kristo Piedad baseliza, Kristoren irudi flandiar batekin.

Puntu honetan ere, bide beretik edo alboko batetik, etxe lekeitiarren artean paseatuz, berriz ere Udaletxeko izkina horretaraino itzuliko gara.

PORTUKO AUZOA

Leku horretxetan bertan ezkerrera hasten den Arranegi kalean zehar ibiltzen hasten bagara itsas-herri honen ariman sartuko gara. Izan ere, portuarekiko paraleloki doan kale hau (geroago Arranegiko Zabala eta Ezpeleta kalea deitua) arrantzaleen auzoaren bide nagusia da.

Jauntxoen eta herri xehearen bizileku izandako kale honetan zehar erreparatu ezazue ezkerrera ateratzen joango diren kaleetan, auzo eta herri osoaren irudi orokorra hartzen joateko.

Adibidez, lehenean, Azpiri kalean, Uribarri Jauregi-Etxea eta XV. mendeko sua geratzeko harresiaren zati bat ikusteko parada izango duzue. Harresi honek auzunea bitan zatitzen zuen.

Aurrerago, eskumarako lehen kaleahoa pasatu ostean, Upaetxea dugu, XVII. mendeko armarriarengatik zein landutako hegal eta balkoiengatik nabarmentzen dena. Aurreraxeago, jada Ezpeleta kalean, San Pedroren Irudia dugu ikusgai, eta azkenik, talaia izugarriaren muturrean, San Juan gotorleku-baseliza.

BADIA INGURATUZ

Talaia honetatik, itsaso, badiaren erdiko irla, portu, eliza, herri eta hondartzetako ikustaldia benetan zoragarria dela esan dezakegu.

Izan ere, herriaren ikuspegi osoa edukitzeko alderik garrantzitsuena falta zaigu, itsasaldea hain zuzen ere.
Horrela, Talaitik, Arrantzaleen Kofradia ondotik pasatuz arrantza-portua inguratzen hasiko gara, urtero Antzar-Egunaren jaialdian giro izugarria sortzen den portua alegia. Berau Txatxo Kaitik inguratuz, zuzenean Isuntza hondartzan sartu gaitezke, edo bestela bere gaineko pasealekutik igaro. Herrian bertan dagoen hondartza honen beste aldean, itsasbehera badago San Nikolas irlaraino eramango zaituzten harrizko bide bat agertuko zaizue.

Beraz, itsasbeheretan uharteraino oinez joateko aukera duzue (bestela bidaia igeriz egin dezakezue), baina kontuan izan bidea nahikoa labainkorra dela eta erortzea erraza dela. Eta noski, joan ostean itsasgora baino lehen itzuli nahi baduzue, uhartean ordu gehiegi ez egin.

Azkenik, hondartza honen alboan, Lea ibaiaren bestealdean Karraspio Txiki hondartza duzue, eta errepidea piskat segituz Karraspiokoa, hiruen artean ederren eta animatuena (nahiz eta bi hauek berez Mendexako udalerrian kokatu).

Herrialdea:
Bilbora:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Bizkaia
56 km.
10 m.
7.483
%87
2 km2
3741 bizt./km2
San Pedro (ekainak 30)
San Antolin (irailak 1-8)
Antzar Eguna (irailak 5, asteburu gertatzen ez bada)

 

 

 

 

 

 

SANTA EUFEMIA ERMITA

URREGARAI MENDIKO ERMITA

Bizkaiko Lea-Artibaiko eskualde euskaldunaren erdi-erdian, Bizkaiko baselizarik interesgarrienetakoa aurkituko dugu, batez ere bere paregabeko kokapena dela-eta.

Santa Eufemia Markina-Xemein eta Aulesti lotzen dituen errepidetik hurbil dago, eta bertako zelaietara kotxez iritsi daitekeenez, inguruan dauden atsedenlekuetatik jende gehien erakartzen duena da, batez ere irailaren 16an.

Egun horretan, sainduaren omenezko eguna ospatzen da, inguruan oso entzutetsua den erromeria batekin (Bizkaiko eta Gipuzkoako jende askotxo hurbiltzen da). Ospakizun nagusia Bedartzandi mendigune arrokatsua eta ermita bera aurkitzen dugun Urregarai mendiaren artean kokatzen den bailaratxoan izaten da. Bertan, pago eta pinuz osatutako basotxo baten erdian, atsedenleku edo askaldegi atsegina dugu, bolatoki eta guzti duena. Ondo bazkaldu ondoren, bi aukera ditugu, zein baino zein ederragoak direnak eta horregatik biak gomendagarriak.

BEDARTZANDI MENDIA

701 metroko menditzar hau oinez edozeinek igotzeko modukoa da, nahiz eta goraino bide nabarmenik ez izan haitzen gainetik igotzea ez baita zaila suertatzen, landare gutxi izatean uneoro non gauden ikusten dugulako. Kontuan eduki beharreko bakarra oina non jartzen dugun da.

Bestalde, mendigune honek bila genitzakeen kobazulo bat baino gehiago ditu, batez ere itsasaldera duen isurialdean. Azkenik, hemendik ere itsasoa ikusgarri ageri zaigu, noski.

AULESTI

Herri zeharo euskaldun hau Euskal Herriko xistera-jokalarien harrobirik ezagunenetakoa da. Jokalari horietako askok Ameriketara emigratu izan dute.

Horrela, bitxikeri gisa, behin baino gehiagotan Aulesti "Euskal Herrian ingeles gehien entzuten den herria" gisa aurkeztu digute.

Egia izan edo ez, egia borobila dena zera da, hainbat auzotan barreiatutako udalerri honek bisitatxo bat merezi duela, erdiguneaz gain bere baserriak, ingurune ederrak, baselizak eta zubiak ezagutzeko.

Herriaren izena bertako dorretxerik garrantzitsuenak eman dio. Pedro Ibañez de Aulestiak eraikiarazitako dorretxe hau 1456koa da, eta kareharrizko kubo sendoa osatzen du (horma batzuk ia bi metroko lodiera dute). Bestalde, nekazal herri honetako Malats auzoan San Martin baseliza gotikoa bisita dezakegu, eskualdeko baserririk zaharrenetako batzuk (Erdi Arokoak) kokatzen diren etxe-multzotik gertu.

Azkenik, herria zeharkatzen duen Lea ibaiaren gainean ojiba-arkuko zenbait zubi interesgarri ikusiko dugu.

 

MARKINA

Euskal Herrian euskara gehien entzuten den eskualdeko bihotzean kokaturiko herri atsegin hau pilotarekin duen harreman estuagatik ere oso ezaguna da.

Horrela, Markina eta bere ingurua betidanik euskal kirolik internazionalenaren, hau da, xisteraren harrobi oso garrantzitsua izan da, eta horrenbestez bertako frontoia Pilotaren Unibertsitatea izenarekin ezagutzen da.

Laburpen historikoa Hiria 1355ean fundatu zen, bertakoek eskaturik eta "Villaviciosa de Markina" izenarekin. Eskatzearen arrazoia zera izan zen, Gipuzkoaren ondoan egotean alde honetatik egindako eraso eta lapurreten menpean bizi zirela. Horrela, urte horretan Don Tello Bizkaiko Jaunak harresiz inguratutako hiria eraikitzeko baimena eman zien, lehenbiziko urteetarako zenbait pribilejio ere luzatuz. Ordudanik, Markinak, beste herri askok bezala, lurralde eta botere ahalik eta gehien edukitzearren sendien arteko liskarrak ere ezagutu zituen, dorretxe ugariek erakutsi moduan. Azkenik, Ameriketarako migrazio handia ezagutu duen inguruan kokatzen da (azken mendean xisteran aritzeko pilotari asko joanak dira); industrializazioak indar handiz eragin ez duen nekazal inguruan hain zuzen.

ALDE ZAHARRA

Markinako erdigunean 1883an Euskal Jaiak ospatu ziren zelai triangeluarra dago, herriko atseden eta ekintza-leku nagusia.

Hiruki honen eskuinaldean Pilotaren Unibertsite ospetsua dugu, Markinako frontoia. Lehenbiziko pilotalekua 1798koa izan bazen ere, gaur ikus dezakegun moduan 1965ean inauguratu zen. Zelaiaren beste aldean berriz, Merced Komentu-Eliza dugu. Komentua 1635etik esistitzen da (aurretik Xemeinen zegoen), eta gurutze latindarreko eliza 1793koa da. Azkenik, Hirukiaren hirugarren aldearen atzean Alde Zaharra hedatzen da, Zear Kaleak mozten dituen Guen, Eraiko, Okerra eta Osteko kale paraleloek osatzen dutena.

Alde Zahar atsegin honen alboan Goiko Portala izeneko plaza polita dago, eta bere albo batean Karmengo Komentu-Eliza. Komentua 1691n fundatu bazen ere, eliza 1724an amaitu zen. Bertan, aurrealdean ageri den Karmengo Ama Birjinaren irudia eta barruan apaingarriz betetako aldare barrokoak azpimarratuko ditugu. Plazan bertan 1787ko Karmengo Iturri handia ikus dezakegu, eta beste aldean Solarte Jauregi klasizista.

Alde Zaharreko beste eraikin interesgarri batzuk aipatzearren: Antxia Dorretxea (herriko eraikinik zaharrena dena, harlanduzkoa eta leiho gotikoekin), alboko Ansotegi Jauregia (erreparatu ezazue bigarren solairuko hutsarte edo leihoetan), Udaletxea (XVII.eko zortzi zutabe barroko erakusten dituena), honen aurreko Andonaegi Jauregi barrokoa (Murgatarren armarria erakusgai duena)...

XEMEIN

Zelaiaren alboko bidegurutzean sortzen den izen bereko etorbidetik metro batzuetara 1952an Markinari anexionatu zitzaion Xemein auzoa dugu (Markina-Xemein izen ofiziala sortuz).

Bertan zenbait dorretxe interesgarri dugu, hala nola, Barroeta (dorretxe baino jauregi itxura gehiagoz, XVI.ean berreraiki eta XVII.ean handitua, bertan Belgikako Fabiola Erreginaren aitona jaio zen), Bidarte, Ubilla, Kareaga eta Ugarte izenekoak. Baina beste ezeren gainetik nabarmentzen dena Markinako parrokia den Xemeingo Jasokundeko Andra Mari Eliza erraldoia da. Lehenbizi monastegia omen zena XVI.ean Berpizkundeko tenplu bihurtu zen.

Kanpoaldetik (pinakuludun kontrahorma indartsuak ezik) itzelezko eliza bat besterik ikusten ez bada ere (Bizkaiko areto-elizarik handiena da), barrualdean gurutzeria-sabaidun hiru nabeak askoz ederragoak dira.

Alboko hilerri klasizistak ere bisitatxo bat merezi du. 1851n egina, gainetik pasako dituzuen antzinako hilobien artean elementu neogreko eta neoegipziarrak daude.

ARRETXINAGAKO MIXEL DEUNA

Berriz ere bidegurutzera itzuli, eskubira jo eta piskat aurrerago ere eskubira eginez, Arretxinaga Etorbidetik oinez hurbil dagoen izen bereko ermitara ailegatuko gara.

Probaleku baten ondoan egonik, kanpotik ez dauka ezer berezirik, baina sartzen bazarete (ia beti zabalik egon ohi da) Euskal Herriko ermitarik bitxiena zergatik den konturatuko zarete.

Barruan hiru harritzar ikusiko duzue, eta erdian Mikel Deunaren irudia. Gertatzen dena zera da, hiru harri erraldoi horien kokapen harrigarria ikusita, urte askotan zehar berauek aurrehistoriako trikuharri bat edo bestelako hil-monumentu bat osatzen zutela pentsatu izan dela. Gaur egun, duela 40 milioi urte gertatutako fenomeno geologiko bitxi baten ondorioz sortu zirela badakigu.

Dena den, tenplua eliza katoliko gisa XI-XIII. mendetik existitzen bada ere, leku hau askoz lehenagotik sakratua zela uste da, seguraski Kristautasuna iritsi baino lehenago ere bai.

Herrialdea:
Bilbora:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Bizkaia
50 km.
72 m.
4.708
%89
64 km2
74 bizt./km2
San Joan (Bolibar - ekainak 24)
Karmenak (uztailak 16)
San Migel (Arretxinaga - irailak 29)

 

 

 

 

 

ONDARROA

Euskal Kostaldeko beste herri askori bezala, Ondarroari arrantzale-kutsu nabarmena dario; frogatzeko portutik paseatzen den bitartean arrainaren usaina nabaritzea besterik ez dago.

Bizkaiko azken izkinan kokatzen den herri honek, Artibai ibaiak itsasoratu aurretik egiten duen azken meandroaren barrualdea betetzen du.

HISTORIA APUR BAT

Ondarroa Maria Diaz de Haro Bizkaiko Andereak 1327an fundatu zuen. Herri hau betidanik itsasoak eman dionetik bizi izan da, merkataritzak, ontzien eraikuntzak... eta batez ere, arrantzak eman dionetik, alegia. 1794an, Konbentzio Gerraren erdian, frantziarrek Ondarroan sartu, elizan lapurtu eta herriari su eman zioten, 100dik gora etxe harrapatuz.

IKUSTEKOAK

Aipatutako meandroaren eta atzean duen mendiaren pean barreiatuz, Ondarroako kale eta etxeek "v" moduko bat osatzen dutela esan genezake, horren puntan herriko erdigunea eta bere eraikinik bereizgarriena kokatuz: Santa Maria Eliza. Haitzaren gainean gotiko estiloan eraikia (1480 inguruan), XVIII. eta XIX. mendeetan zenbait erreforma ezagutu zuen, eta gaur arte aipatu beharreko hainbat bitxikeria iritsi zaigu. Adibidez, "upelategi" izena ematen dieten arkupe handien gaineko aterrazamendu sistema berezia du, beren azpian itsasuntziak babestuz.

Gorantz begiratzen baduzue harrituko zaituzten beste hainbat detaile ikusiko duzue, esaterako gailurreria, animalia itxurako gargolak eta batez ere "mamuak", balkoi batetik begira daudela dirudien estatua-galeria, Erdi Aroko gorte bat irudikatzen duena. Eliza honetatik jatorrizko lau kale paraleloak ateratzen dira eta, nahiz eta 1794ko sutearen ondorioz aintzinako etxe gutxi geratu, "alde zahar" honek bere kale estu eta maldatsuen arteko paseotxo bat eskatzen du.

Gorde diren eraikinen artean 1500. urtean eraiki eta geroago erreformatutako Likona Dorretxea aipa dezakegu, lur-eremuari egokitzeko bere fatxaden artean desberdintasun nabarmena erakusten duena. Interes artistikoaz gain, bertan Loiolako San Inazioren ama jaio zen.

Alde zahar honen ikuspegi on bat nahi baduzue, Elizatik Agirretar Txomin kalea gorantz hartuz zuzenean herria menperatzen duen Antiguako Andra Mari ermitara iritsiko zarete. XII.ean lehenbizi eraikia eta berriz 1750ean, Ama Birjinaren irudi ederra erakutsiko dizue. Bidean San Joan eta Santa Clara ermiten ondotik pasako zarete.

Elizan berriz ere, ibaira begira, gure eskuinean laster, Ondarroako postala den Zubi Zaharra harrapatuko dugu, aintzinako egurrezko zubia ordezkatu izan duena.

Zubietaz ari bagara, ezin dugu ahaztu beste aldean dugun Burdinazko edo "Perrotxiko" Zubia. Oinezkoentzako egina, orain dela zenbait urterarte pasatzeagatik ordaindu behar izaten zen (hortixek datorkio ezizena).

Esandako moduan, urte asko ez direla, zubi hau alde bateko pasealeku arbolatsu ederra eta beste aldeko hondartza lotzen zituen bide nagusia zen, baina gaur egun protagonismoa beste batek hartu dio.

Horrela, pixka bat aurrerago dagoen Santiago Calatrava ospetsuaren zubi modernoak herri honen itxura aldatu duela esan genezake. Izugarrizko zubi zuri honek Ondarroako etxeak ebakirik baileuden erakusten dizkigu, arku bakarrari eusten dioten zutoinen arteko espazioen artean ikusiz. Etxe zaharren eta zubi modernoaren arteko kontrastea oso ikusgarria da; era berean , batak bestea osatzen duela dirudi.

Horrenbestez, zubi honen alde batean portu animatua geratzen zaigu eta edozein unetan jardunean ikusiko dugu jendea. Zubiaren bestaldean, Arrigorri hondartza laua, hondartsua eta olatuen aldetik gure kostaldeko lasaienetakoa. Hori bai, ontzien joan-etorria uneoro ikusiko duzue. Hondartza honetatik oinez Gipuzkoako lehen hondartza den Saturraranera abia zaitezkete, itsasgaineko ibilera labur eta ederrean.

Ondarroatik alde egin aurretik ordea, herriko Udalak errekuperatu berri duen museoaz hitz bi egingo ditugu. Museoa Santa Klara Kofradia Zaharrean dago kokatuta eta eraikin enblematiko honetan kondaira, ohiturak, arrantza, txalupa motak eta herriko pertsonaiak bildu ditu. Historiaren atzera-begirakoaz gozatzeko puntako teknologia erabili dute; soinua, usaina, itsasoko zaratak eta Ondarroako hitz bereziak elkartuz.

Herrialdea:
Bilbora:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Bizkaia
59 km.
8 m.
10.115
%83
9 km2
1.124 bizt./km2
Andra Mari (Abuztuak 15)
Arrantzale eguna (Abuztuak 17)

 

Orrialde nagusiraLea Artibai eskualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403