ERRONKARI
Erronkari, izen bereko haranaren zentro geografikoan kokatua dago, eta
bere harrizko landa-etxeek Pirinio estiloko oso herri polita osatzen dute.
XVII-XVIII. mendeko jauretxeen artetik Gambra, Lopez eta Sanz aipatuko
ditugu. Monumentuei dagokienez, XVI. mendeko San Esteban eliza nabarmentzen
zaigu, gurutze latinoko planta eta XVII. mendeko erretaula landua dituela.
JULIAN
GAYARRE (1844-1890)
Erronkariar hau mundu osoan ospetsu bihurtutako tenore bat dugu. Txikitan
artzaina izan zen, baina Madrilera ikastera joan eta musika-zaletasuna
piztu zitzaion; Iruñeko Orfeoian hasi eta Italian ikasteko beka
bat lortu zuen. Bertan estreinako aldiz aritu zen, eta handik aurrera
munduko tenorerik onena izatera heldu zen.
Gaur egun, Erronkarin bere omenezko museo bat dago, eta hilerrian (frontoia
ezkerrean utziz kilometro batera) Mausoleo artistiko ederra ikus dezakegu.
Benlliureren brontzezko lan hau, 1900go Pariseko Erakusketan ikusgai izan
ostean, Maria Kristina Erreginak Madrilera eraman nahi izan zuen.
Herrialdea
Iruñera
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Nafarroa
88 km.
727 m.
364
%4
39 km2
9 bizt./km2
Andra Mari (abuztuak 15) |
IZABA
Izaba Pirinioetako lehen bi mila metroak igotzeko Oinarrizko
Kanpamendutzat kalifika genezake. Izan ere, mendizale askok eta
askok herri hori aukeratzen dute inguruko gailurretara iristeko, edota
eskian aritzeko, abiapuntu edo atsedenleku gisa. Ondorioz, urte osoan
zehar mendi-giro nabarmena sumatuko duzue herri polit honetan.
IKUSTEKOAK
Belagoa, Belabartze eta Uztarroze ibaiek bat egiten duten
tokian (Eska ibaia eratzeko) menditxo batean kokatua, euskal-aragoar-pirinioar
estiloko herri ederra da. Horrenbestez, harrizko etxeek elurte gogorrak
jasateko gai diren teilatu maldatsuak dituzte (tximinia biribilak ere
berea dauka), leihoak harlanduzkoak dira, eta harrizko kaleekin batera,
osotasun ederra eratzen dute.
Sute batek 1429an herria erabat suntsitu eta 1813an frantziarrek ia zeharo
txikitu bazuten ere, etxe nahikotxok beren armarria gordetzen dute oraindik.
San Zipriano elizaren barnean -XVI. mendean harlanduz egina- erretaula
nagusia nabarmen dezakegu, platereskoa eta polikromatua, XVIII. mende
erdialdeko organo barroko ederrarekin batera.
Herrialdea
Iruñera
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Nafarroa
95 km.
813 m.
562
%5
147 km2
4 bizt./km2
Santiagoak (uztailak 25) |
HIRU ERREGEEN MAHAIA
Gailur hau, 2.444 metro dituela, Euskal Herri osoko punturik altuena
da. Frantziako Biarno, Nafarroa eta Espainiako Aragoi elkartzen diren
puntu honetatik (baita igoeran ere), imajinatu dezakezuenez, ikuspegiak
harrigarriak eta izugarriak dira.
Euskal Herriko talaia denez, inguru zabalaren gaineko ikuspegiak txundituta
utziko gaitu. Dozenaka tontor ikusteko aukera paregabea eskaintzen digu:
Iparraldean Auñamendi, mendebaldean Lakora, Lakartxela, Ori, Lapakiza;
hego-mendebaldean Ezkaurre; hegoaldean Ansabere; hego-ekialdean Ossau;
ekialdean Lhurs-Sesques; ipar-ekialdean Peneblanque...
Azkenik, tontorraren gainean nafar mendizaleen zaindari den San Frantzisko
Xabierren brontzezko estatuatxo bat, bere jaiotetxe izan zen gazteluko
maketa bat, ohiko mendi-gutunontzia eta plaka bat aurkituko ditugu.
Gailurrera iristeko ibilbiderik errazen eta motzena Aragoin dagoen Linzako
babeslekutik abiatzen da (bertaratzeko ikus ibilbidea). Gainbehera 1.300
metrokoa da, eta joan-etorria 5-8 ordutan egin daiteke, norbere prestaketaren
arabera; baina ez zaitezte larritu, edozeinek egiteko modukoa da eta.
Bertako aparkaleku handiaren atzean hasten den eta seinalaturik dagoen
(GR12) bidezidorra hartuz, Sobrante mendiko zelaietan gora abiatuko gara,
eki-ipar-ekialderantz.
Sobrante mendixka eskuinetik inguratu ondoren, Sobrante de Linza sakonunean
sartuko gara. Hemen, etxolaren atzean xenda bat hartuko dugu, Lapakizako
hegoaldeko isurialdera sigi-saga igotzen dena.
Eskuinaldetik, diagonalean, gailurreriaren azpian dagoen eskegitako bailaratxo
batera iritsiko gara, ekialdean eta pixka bat beherago dagoen Linzako
Lepoa gaindituz.
Hemendik aurrera, La Solana sakonune handia ezkerraldetik inguratu eta
ekialdetik igoko gara; honako haran honek mendiaren hego-mendebaldean
dagoen Eskuesteko Lepora eramango gaitu.
Azkenik, gailurreria jarraitu ondoren, bidezidor harritsu eta aldapatsu
batetik barrena (izotza baldin badago oso kontuz ibili behar da) gailur
bietara iritsiko gara.
Dena den, ez ahaztu eguraldi oneko asteburuetan bertara benetako prozesioak
izaten direla, eta bideagatik galdetzeko nahiz lagunak egiteko nahikoa
jende eta gehiago ere izango duzuela.
BELAGOA
Belagoako bailara Nafarroako ekialdeko ertzean kokatua dago, eta Pirinioetako
kutsu handia izateagatik, klima heze eta hotza du. Mendi altuez inguratutako
lautada honetan oso jende gutxi bizi da, eta teilatu maldatsuko borda
bakan batzuk besterik ez ditugu ikusiko. Bertako zati bat betetzen duen
Larrako eremu karstikoa, oso bailara polita da fondoko eskia praktikatzeko,
edota besterik gabe, ukitu gabeko eta bista ederreko leku eder honetan
zehar paseatzeko.
BELAGOAKO
TXOKOA
Belagoako mendatearen hasieran, basotxo eder bat zeharkatzen duen bidezidorra
hartuz, minutu gutxiren buruan arbolez inguratutako eta sekulako paisaia
erakusten duen leku idilikora ailegatuko gara, Belagoako Txokora alegia.
|