Erronkari harana Burgi-Erronkari-Urzainki-Izaba-Uztarroze-Linza-Belagoa-San
Martin
|
ABIAPUNTU GISA KOROAK (Las Coronas) mendateko begiratokia aukeratu dugu, Nabaskoze eta Burgi herrien artean. Mendate hau bailararako sarrera da, eta begiratokian dagoen norabide-mapatik, geroago hurbilduko garen Pirinioetako gailurren ikuspegi ederra ikus daiteke. 7,5 km-ra Burgiko turismo-kartel horia dugu. Honen atzean dagoen malkorrera igoz gero, herriko eta inguruetako bista politak izango ditugu. Burgin bertan, merezi du karrika estu eta harritsuetan barrena paseatzea, Pirinio kutsuko egurrezko etxe dotoreen artetik, Eska ibaiaren gaineko erromatar zubi ikusgarriraino. Erronkarirantz goazela, landaretza urriagotzen doala konturatuko gara, eta horren ordez, haitzak, haizpitarteak eta, orokorrean, paisaia harritsua nagusitzen dela. 11. km inguruan Erronkarin (Roncal) sartuko gara, bailarako zentro eta Julian Gayarre tenorearen eta izen bereko gazta ospetsuen sorterri. Iparralderantz goazela, hurrengo geldialdia Urzainki dugu, eta aurrekoak eta hurrengoak bezala, mendiko herri atsegin bat dugu berau. Herriko etxeek osatutako batasun horrez gain, San Martin Tours-en eliza nabarmenduko dugu, harrizko tenplu gotikoa, erretaula barroko bat duela. Beste 4 km-tara Izaba herri ederra dugu, bailarako gune turistiko eta mendizaleentzat garrantzitsuena. Herria eta gasolindegia pasatu eta gero, ezkerretara jo, Otsagira. Bi mendiren artetik goazela, 2,5 km-tara eskuinera Mintxate Zintzurra ikusiko dugu. Bertan aparkatu eta arroila igaro ostean, atzeko bailaratxo atseginean pasea gaitezke. Pare bat km gehiago eta Uztarrozen sartuko gara. Etxeez gain, Santa Grazi elizan Nafarroako organo eta zilargintza erlijioso bildumarik garrantzitsuenetakoa gordea dago. Herritik 3,5 km-tara arku bakarreko zubitxo polita ikusiko dugu, Eska ibaiaren ur hotz, bizkor eta gardenen gainean. Ibilbidearen 40. km-an Lazar mendatera iritsiko gara. Bertatik Pirinioetako beste ikuspegi polit bat bistaratuko dugu. Gero, Izabara itzuliko gara. HIRU ERREGEN MAHAIA ETA PIRINIOAK Izaban ezkerretara abiatu, Belagoarantz, eta hortik 3 km-tara, eskuin aldera, Zurizarantz. Hemendik 10 km-tara, Zuriza mendia igaro, ondoren, Aragoin sartuko gara. Hortik 500 metrotara ezkerretara hartu behar dugu, Zurizako Kanpinerantz (ikusten da). Kanpina inguratu ostean, errepidea bidetxo bihurtzen da, eta hemendik aurrera beti Linzako Babeslekurainoko seinaleei jarraituko diegu. Kanpinetik 5,5 km-tara topatuko dugu. Linzatik Hiru Erregeen Mahaira (edo inguruko beste mendi batera) oinez igo gaitezke. Igoera luzea da, baina ez gogorregia, adin askotako jendea ikusi baitugu berau igotzen. Are gehiago, eguraldi oneko asteburua izanez gero, bidea jakitea ere ez da derrigorrezkoa; bertara doan jende-andana luzeari jarraitu eta kito. Horrela lagunak ere egingo dituzue. Atseden hartu ostean, Erronkariko errepide nagusira itzuli eta eskuinetara joko dugu, Belagoarantz. Bide hori hartu eta 4 km-tara Belagoako Aterpetxe ospetsua eta atzeko mendi altuak ikusiko ditugu urrunean eskuinetara, paisaia ikusgarria osatuz. Jada Belagoa barruan sarturik, lautada zeharkatu eta izen bereko mendatea igotzen hasi baino lehentxeago, aldaparen hasieran bertan eskuin aldean aparkatu eta Belagoako Txoko zoragarria bisitatuko dugu. Belagoako mendate honek, zer esanik ez, sekulako bista zoragarriak ditu, igo ahala are eta ederragoak: mendiak, askotan elurrarekin, bailara, Larrako labirinto karstikoa... eta horretan laguntzen duten begiratoki mordoa. Tartean Belagoako Babeslekua igaroko dugu. Larra munduko karst ingururik handienetako da, eta bere lurpeko galeriak 1.300 metroko sakonerara iristen dira San Martingo Amildegian. Ondorioz, espedizio espeleologiko mordoa erakartzen du. Gaur egun, inguru hau Naturaren Erreserba izendatua dago. Azkenik, ibilbide zoragarri hau mendatearen gainean amaituko dugu, San Martingo 262 mugarri mitikoaren ondoan. Hemen, 1375az geroztik urtero-urtero, uztailaren 13an, Hiru Behien Zergaren Hitzarmena ospatzen dute. Honen bidez, Erronkariko alkateek, ohiko janzkiak dituztela, Frantziako Baretous bailarako bizilagunengandik hiru behi jasotzen dituzte. Zerga honek, larreak zirela-eta antzina izandako borroken bukaera gogoratzen du. |
Iradokizunik baduzu, akatsik topatu
baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu:
ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa) Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403 |