Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraEnkartazioakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Enkartazioak Gueñes-Zalla-Balmaseda-Karrantza-Pozalagua

ENKARTERRIKO SARRERA Bizkaia ukitzen duen lehenbiziko ibilbide hau hasteko Gueñes aukeratu dugu, bisitatu behar dugun eskualdeko ekialdeko muturrean. Zehatz-mehatz esatearren, herriko udaletxea eta eliza kokatzen diren gunean hasiko gara, Bilbotik dakarkigun errepidea utzi eta Galdameserako norabidea hartzen dugun bidegurutzean bertan. Erromatarren garaian merkatal gune garrantzitsua, gaur egun ondare interesgarria zaintzen duen erdi nekazari erdi hiri kutsuko udalerria da. Erdigunean, lehenbizi udaletxeak berak gure arreta piztuko du, Urrutiatarren jauregi burges ikusgarria, eta metro batzuk atzerago, Andra Mari Parrokiaren aurrealde bikaina, “Eguzkia” izenaz ezaguna eta gotiko loretsu eta isabeldarraren arteko trantsizioaren adibide ederra. Eliza bera XVI.ekoa da, XI-XII. mendeko beste baten gainean berreraikia. Honez gain, Gueñesen jauretxe bat baino gehiago ikusteko parada duzue, Arangoiti, Estrada edo Zeribai kasu.

Eliza eskuman utziz, Zallarantz abiatuko gara, horrela kilometro batera Aranguren auzotik pasatuz. Zallako erdigunea bera, pare bat gehiagotara harrapatuko dugu. Altzarigintzan ospe handia duen herri honetan monumenturik aipagarrienak barneluzego bakarreko San Migel Parrokia (XII. mendekoa eta XVIII. mendean berreraikia) apaindua, eta Terreros Erdi Aroko Dorretxea direla esan dezakegu.

Erdigunean bertan, Balmasedarako norabidea geroagorako utziz, une honetan eskumarantz joko dugu, Otxaran-Sopuerta bidean. Horrela, hiruzpalau kilometroren bueltan Otxaran auzo menditsura iritsi eta berriz ere eskuinera joko dugu, bide politean zehar laister gure hurrengo helmuga ikusgarria ikusiko dugularik: Urreztieta (Avellaneda) eta bertako Juntetxea.

Jauretxe eta dorretxez jositako Garape-Sopuertako auzo hau Bizkaiko nobleziako zati garrantzitsu baten jatorria izan da, Enkartazioetako Juntetxearen bilgune izateaz gain. Juntetxea bera edo Urreztieta dorretxea, paraje ederrean kokatutako gaztelu itxurako eraikin ikusgarria da. Gaur egun, bertan Enkarterriko Museoa dugu, eskualde honetako historia eta bizimodura hurbilduko gaituena. Zabalik: asteartetik larunbatera 10-14 eta 16-18 artean (udaldean 10-14 eta 17-19); jaiegunetan goizez. Sarrera dohainik.

Berriz ere Otxaranen, oraingoan Balmasedarantz joko dugu, lehenbizi eskuinerantz eta laister alderantziz. Azkenik, 14,5. km.an Balmasedan sartuko gara, kilometro erdi geroago elizaren ondoan aparkatzeko leku egokia dugula. Historian garrantzi handikoa izan den hiri honek Erdi Aroko kale-trazadura gordetzen du, Bizkaiko ikurrik ospetsuenetakoa den Muza Zubi Zahar eta hainbat monumentu erlijioso eta zibilekin batera. Orokorrean, Bizkaiko alde honetako hiririk interesgarrienetakoa da.

Hiriko sarreran dagoen bidegurutzean berriz, oraingoan Turtziozerantz abiatuko gara. Puntu horretatik hiru bat kilometrora dagoen bidegurutzean ere ezkerrera jo behar dugu, beti ere mende-balderantz.

ARTZENTALES ETA TURTZIOZ Ibilbidearen 21,5. kilometroan Artzentalesen sartzen gara, auzo guztiak erabat sakabanaturik dituen udalerrian alegia. Horietako bat, Traslaviña berdetsua, pare bat kilometro aurrerago pasatuko dugu. Udalerriaren zentrua honen ondoko San Migel kontsideratu dezakegu, bertan aurkituko baititugu San Migel Linares eliza eta udaletxea. Bien arteko plazaren erdian, oraindik aintzinako Kontzejua biltzen zuen haritzak dirau.

29,5. km.an Cantabriaren menpe segitzen duen Turtzioz-Billaberde (Villaverde de Trucios) zeharkatuko dugu, Aguera ibaiaren ertzean kokatutako abeltzain-nekazal herritxoa. Bizkaiko mendebaldean dagoen Cantabriar uharte honetan, herri honez gain, segituan bere ondotik pasako garen Villanueva ere kokatzen da, beste populagune batzuen artean.
Berehala errepide makalak gorako joera hartuko du, eta 33. kilometrorako lehenbiziko panoramika politak behatzen hasiko gara, hiru kilometro beranduago Escrita Mendatea harrapatzen dugun arte.

KARRANTZAKO BAILARA Escrita mendateko gaina harrapatu orduko Karrantzaldeko ikuspegi ederrak bata bestearen atzetik etorriko zaizkigu, baina onena zera duzue, kilometro eta erdi jaitsi eta eskuinerantz El Suceso auzora doan bide asfaltatua hartzea. Izen bereko atsedenlekura iritsiko gara, zezenplaza, askaldegi zabal eta zelai lasaigarrietara. Baina batez ere, hau guztia zeharkatuz, El Sucesoko Andra Mari baselizatxo-begiratoki zoragarria topatuko dugu. Karrantzako bistarik ederrenak (benetan izugarriak) bertatik ikusiko dituzue.

Berriz ere Karrantzako “erdigune”-rantz zuzentzen gaituen errepide bakarrean, laster, bisitatu berri dugun mirarira igotzen den bigarren bidea ikusiko dugu. 43,5. kilometroan El Callejo auzo-herritxoa pasatuko dugu, Karrantza udalerria osatzen duten hainbatetako bat, oso udalerri sakabanatua baita. 400 metro aurrerago, bigarren helmugara hurbilduko gaituen bidegurutzea dugu. Horrela, eskuinera biratuz, Bizkaiko Parke Ekologikorantz abiatu gaitezke, lehenbizi errepide batekin topo eginez eta hortik aurrera beti zuzen jo behar dugula. Kilometro batera Biañez auzoa sigi-sagean zeharkatu ostean, kilometro eta erdi eskasean aipatutako Bizkaiko Parke Ekologikoaren sarrera parean izango dugu. Hortik aurrera, hainbat animalia eta landareren artean gozatu.

Errepidea oraingoan El Callejo-n bertan edo 500 metro beranduago harrapa genezake, azken honetantxe ateratzen baita parkeraino doan errepidea (El Callejo auzoa zeharkatzen duena errepidearekin bat egiten duen beste bidexka bat da). Berehala Karrantzako beste auzoetako bat zeharkatuko dugu, Ambasaguas, alegia. Izenengatik konturatuko zaretenez, Bizkaiko zonalderik erdaldunenean gabiltza. Hemen ere zuzen segituko dugu. 3 kilometro geroago, Pozalaguako kobak ondo seinalizatzen dituen eskuineko bidea hartuko dugu. 1,5 kilometrotara ere eskuinera hartu eta Ranero-Pozalagua ezkerretara izango duzue. Berehala Ranero inguruko paisaia harkaitsua behatzeko aukera izango dugu, oraindik urrun samar geratzen bazaigu ere. Ranero auzoa bera laster harrapatuko dugu, eta hau ere sigi-sagean zeharkatu beharko dugu, gorantz eta ezkerrerantz, “Cuevas” jartzen duen karteltxo trakets bati jarraikiz.

Azkenik, lehen aipatutako paraje arrokatsu horretan bete-betean sartzen garelarik, 2,5 kilometrotara Pozalaguako haitzuloetako sarrera metalikora iritsiko gara, etxolatxo baten ondoan. Barruan zain, formarik harrigarrienak sortzen dituzten Europako estalaktita eta estalagmita bildumarik interesgarrienetakoa.

Pozalaguatik itzuli ostean, ibilbidea Karrantzako bailara eder honetako erdigunetzat jo genezakeen Kontxa auzoan bukatuko dugu, Ambasaguasera itzuli eta eskuinera, Bizkaiko zein Euskal Herriko lehen (edo azken) herria den Lanestosarako bidean.

Orrialde nagusiraEnkartazioakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403