MUTRIKU
Betidanik arrantzarekin lotua, bere armarrian irudikatzen den balearen
arrantzak erakusten duen moduan, maldan gora antolatua dagoen herri polit
hau itsasgizon eta pertsonaia garrantzitsu askoren jatorria da, Trafalgarreko
batailan hil zuten Txurruka Almirantea kasu. Neolitiko arotik populatua,
hiri gisa 1209an fundatu zen, eta XVI. mendearen erdialdean berau zeharo
suntsitu zuten suteak pairatu behar izan zituen. Hirigintzari dagokionez,
herriaren goiko aldeko bi plazak eta beheko portua lauzatutako kaleen
bidez lotuak daude, Gipuzkoan ongien zaindu den alde zaharretako bat osatuz.
IKUSTEKOAK
Txurruka Enparantzan, gaur egungo herri-gune nagusian, Txurruka berari
eskainitako estatua altxatzen da, erdi-erdian. Plaza inguratuz eraikin
interesgarriak ditugu, hala nola, Udaletxea (hiru armarri dituela), Jasokundeko
Ama Birjinaren Eliza neoklasikoa (kapera batean Zurbaranen margo bat dago
gordea), eta harlanduz eginiko Galdona Etxea, lehen solairuan armarria
erakusten duena.
Mutrikuko Kondea kalea hartuz Arrietaren Etxea aurkituko dugu. Plazatik
Erdiko Kalea hartzen badugu, aldiz, XVI. mendeko Zabiel Jauregiarekin
topo egingo dugu, gaur egun Kultur Etxea dena. Beherantz eginez, antzinako
parrokia gotikoa dagoen bigarren plazaraino iritsiko gara, eta pare bat
aldiz eskuinerantz joz, Barrenkalen Olazarra-Mizkia Etxea gure parean
geratuko da, bere harlanduzko aurrealde, balkoi eta armarriarekin.
Porturaino jaisten den Tranpakaletik jarraitzen dugun bitartean, XVIII.eko
Montalibet Jauretxea eta Berriatua Dorretxea edo Sulengokua
(1533ko suteari aurre egin ahal izan ziolako) behatzeko parada izango
dugu.
Azken honek, bere atarian arku bikoitza eta arku konopialeko leiho bikiak
erakusten dizkigu, erreformak jasan aurreko aztarna gisa.
Amaitzeko, zenbait dike eta hondartza-kala harritsu artifizial (edo igerileku
natural, nahiago duzuen moduan) baten inguruan arrantza-portu oso atsegina
dugu, bertatik paseo ederra egitera gonbidatzen gaituena.
SATURRARAN
HONDARTZA
Ondarroatik oso gertu badago ere, Mutrikuko udalerrian dagoen hondartza
honek Gipuzkoako hasiera markatzen du, eta kostaldean daudenetatik basati
eta ederrenetakoa da. Uren gainetik gailentzen diren itsas-haitz handi
eta ederrez inguratuta, alboko berdegune, atzeko Ondarroako herria eta
bertoko hondar fina lagun dituela, herrialde honetako hondartzarik atseginenetakotzat
jo dezakegu. Gainera, ez dago apenas urbanizaturik eta itsasbeheran ezkutuko
kala bat baino gehiago agertzen dira (eskuinaldeko eskailerak igarotzen
badituzue, ezusteko bat baino gehiago izan dezakezue).
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Gipuzkoa
56 km.
49 m.
4.750
%85
28 km2
170 bizt./km2
San Isidro (maiatzak 15)
Madalenak (uztailak 21-25)
Kalbarioak (irailak 14-16)
Arrantzaleen Eguna (irailak 16)
|
DEBA
Izen bereko itsasadarraren eskuinaldean kokaturik, ia herriaren erdialdean
bertan, hondartza karratu eta laua dauka, kirolean aritzeko oso egokia.
Kokapen horrek uda pasatzeko jende askok aukeratzen duen turismo-gune
bihurtu du Deba. Dena den, esan behar da Debako udalerrian Itziar eta
Lastur guneak ere sartzen direla; eta halaber, itziartarrak izan zirela
itsas bazterrean gune bat sortu eta garatzeko beharra sentitu zutenak.
Gune hori 1343an fundatuko zuten, Monreal de Deba izenez.
Hortik aurrera, bertako portuak garrantzi handia bereganatuko zuen, salerosketa
eta arrantzaren bitartez herriaren garapena ekarri zuelako. Joan den mendean
portuak krisi larria bizi izan zuen, baina horri aurre eginez-edo, beste
jarduera berri bat sortu zen: udaldia, itsas bainuei eta hondartzako atsedenari
lotua.
IKUSTEKOAK
Mutrikura joateko zubiaren parean, aurrez aurre, Agirre Etxea dugu. Ispiluen
Saloia azpimarratzea merezi du. Ontziola kaletik erdigunerantz abiatuz,
Eguneko Zentroaren ondotik, Foruen Plazan sartuko gara. Bertan dagoen
XVII. mendeko Udaletxe barrokoak hiru armarri ikusgarri ditu bistan.
Kale bat harantzago ibiliz gero Plaza Zaharrean sartuko gara, eta bertan,
Debako perla, XIV.eko Santa Maria Eliza eta bere klaustroa aurkituko ditugu.
Hasiera-hasierako eraikin gotikoa XIV.ekoa izan arren, XVI.ean berreraiki
egin zuten, zutabe estiloan. Estalitako sarrera nagusian Birjinaren bizitzako
eskulturez apaindutako sekulako atari polikromatua ageri zaigu. XVI.eko
Klaustroan gurutzeriazko sabaia eta leihatea nabarmentzen zaizkigu.
Elizatik irten eta eskuinerantz, Ifarkaletik paseatuz, Bañez eta
Aldazabal-Murgi Etxeen ondotik pasatuko gara. Bietan armarriak azpimarratuko
genituzke, eta bigarrenean, harlandu eta burdinazko balkoiak bereziki.
Kalea amaitzean, errepidea eta Calbeton Zumardi zabal eta atsegina zeharkatu
ondoren (berdegune handia osatzen du), Santiago hondartzara iritsiko gara.
Honen eskuinaldean haitzen gaineko Pablo Sorolabal Pasealeku ederra abiatzen
da, itsasbehera badago lapari hondartzaren gainetik, eta bestela, itsasgoran,
itsaso zabalaren gainetik. Pasealekuak altuera dezente hartzen badu ere,
itsasgora larrietan dutxa bat ere har zenezakete. Hondartzatik ibilian,
Cardenas Pasealekuko txalet politak behatu ostean, itsasadarraren gainean
amaituko dugu. Hemen, neska-mutikoek beren buruak edo arrantzaleek beren
kanaberak uretara nola jaurtitzen dituzten ikus dezakegu.
Itsasadarra lagun dugula, Mutrikurako zubirantz abiatuko gara, Arrantzale
Ibiltokitik barrena. Gure ibilera hasi dugun leku berean amaituko dugu,
zubiaren gainean, ezkerraldean harlanduzko Sasiola Dorrea dugula. Gure
aurrean dugun ibaiaren gainean, ohar zaitezte nola amarratuta dauden txalupak
egurrezko kaitxo-eskailera bitxietara.
SANTA
KATALINA BASELIZA
Itziarko gasolindegia baino 500 m. lehenago aparkatu ostean (ikus ibilbidea),
errepidearen beste aldean bidetxo partikular asfaltatu eta estu bat abiatzen
da gorantz (autoentzako sarrera debekatua duena). Oinez 10 minutu ibili
ostean, baserri batera ailegatuko gara, eta eskuineko aldean lurrezko
bidezidor bat hartuz baselizara iritsiko gara (baserritik ikusten da).
Egiako auzoan kokaturiko baseliza hau begiratoki pribilegiatu eta zoragarria
da, bertatik Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldearen zati handi bat ikus
daitekeelako. Gutxienez XVI. mendekoa, Kostaldeko Santiago Bidearen erreferentzia
puntu bat da.
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Gipuzkoa
51 km.
5 m.
5.064
%76
52 km2
97 bizt./km2
Zoro Ferria (urte berriko 1. larunbata)
Debarraren Eguna (maiatzeko 3. larunbata)
San Pedro (ekainak 28)
San Roke (abuztuak 16)
|
ELORRIAGA
PARKEA-AITZURI HONDARTZA
Deba eta Zumaia artean, itsaso aldera hartuz (ikus ibilbidea), Elorriagako
herrixka eta atsedenleku ederra ditugu, eta hortik abiatuta, flisch izeneko
fenomeno geologiko ikusgarria erakutsiko digun Aitzuri hondartza. Elorriagako
(edo Elorrixako) askaldegi edo atsedenlekua, egun-pasarako paraje egokia
da, Elorreta Jatetxeaz gain, jateko mahaiak, jolas-parketxoa eta inguruko
labar eta hondartza basati eta zoragarrietatik ibiltzeko bidezidor seinalatuak
prestaturik dituen eremu zabala delako. Nahiz eta gu Aitzurira hurbilduko
garen, itsasorantz hainbat ibilera ezberdin aukera ditzakegu, zein baino
zein ederragoa.
AITZURIKO
KALA
Atsedenlekua itsasora begira zeharkatu ondoren, beherantz eta ezkerrerantz,
bidezidor bat hartuko dugu, sigi-saga uretaraino eramango gaituena. Amaieran
Aitzuriko kala harritsu edo hondartza basati eta ederrean sartuko gara.
Jaisteko itsasbehera aprobetxatu badugu, kalaren edertasun osoaz gozatuko
dugu, flisch edo hostopil-labar hauskorrez eta itsasoaren
hondotik zeharka eta paraleloki goratzen diren harri luze eta zabalez,
goian dagoen helburu bati seinalatzen ari direla diruditen forma bitxi
eta ikusgarriak eginez. Oro har, hondartza honek eta ingurukoek paisaia
ezberdin eta zoragarria osatzen dute, ohikoak ez diren hondartza basatien
multzo ikusgarria.
FLISH
FENOMENO GEOLOGIKOA
Material gogor eta bigunak liburu baten orriak bezala tartekatzen dituzten,
eta mugimendu eta toleskuntzen eraginez gora begira eta makurtuta agertzen
zaizkigun lur-geruza hauek lurraren barnea ikertzea ahalbidetzen digute.
Beste fenomenoa, berriz, itsasoaren indarrak higatu dituen itsas haitzetako
ildaska edo nerbioak dira, itsasbeheran ageri direnak (Aitzurin adibidez).
ZESTOA
Zestoa hainbat auzotan sakabanatutako udalerria da, horietan zaharrena
(erdigunea bera baino zaharragoa) Aizarna izanik. Jakina denez, XVIII.
mendean aurkitu ziren ur beroetatik datorkio ospea Zestoari (Gezalaga
iturrian jaio eta sodio, sulfato eta klorurotan aberatsak). 1804. urtean
bainuetxe ospetsua eraiki zuten ondorioz, eta XIX. mendean zehar eta XX.aren
hasieran oso modan jarri zen.
IKUSTEKOAK
Zestoako erdigunean, nola ez, herria ospetsu bihurtu duen Bainuetxea
nabarmendu behar dugu, hots, honen inguruan jasotako eraikin multzoa.
Horrez gain,, Zestoak bestelako monumentu interesgarriak ere baditu, adibidez
antzinako harresietatik geratzen diren San Jose eta Inmaculada ateak,
Cesareo Diaz kalearen bi muturretan.
Andre Mariaren Jaiotzaren Eliza XVI. mendekoa da, mendearen erdi aldera
guztiz kiskalita utzi zuen sute baten ostean berreraikia (herriaren zati
handi batekin batera). Halere, elementu batzuk (dorrea XVIII.ekoa) geroago
eginak dira. Udaletxean Gipuzkoako Batzar Orokorrak bildu ziren, eta horren
ondorioz, herri bakoitzari egokitutako jesarlekua gordetzen dira gela
batean. XVIII. mendekoa da, eta arkupeak eta armarriak ditu.
Jauretxeei dagokienez, plazan bertan dauden Iraeta eta Lizenziadokua (biak
XVI.ekoak), Portalekua edo Jantzi-Etxe (XVI. m.) eta geroagoko Aritxe
Zaharra (XVIII-XIX. m.) azpimarra ditzakegu. Azkenik, erdiguneko bidegurutzean
bertan harrizko gurutze ikusgarria ikusiko duzue.
LILI
JAUREGIA
Herriaren behealdeko Zubiaurre zubiaren eskuinaldean (ikus ibilbidea)
leku polit batean Erdi Aroko jauregi-jauretxe ederra jasotzen da, izatez
bi etxe direlako, bata bestearen kontra, Lili Jauregia eta Lilibea Jauretxea.
Gaur egun baserri gisa erabilia, Lili-Idiakez familiaren ondarea zen etxe
eder hau gotiko-berpizkunde estiloan harlanduz eginiko monumentu oso interesgarria
da. Ohar zaitezte adibidez leiho bikoitzetan.
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Gipuzkoa
44 km.
52 m.
3.184
%87
44 km2
72 bizt./km2
Santa Krutz (maiatzak 3)
Ama Birjina (irailak 8)
|
EKAIN
KOBAZULOA
Lili Jauregiaren ondotik doan bidetik (ikus ibilbidea) Sastarrain Baserri-Eskolara
iritsiko gara, eta honen atzeko zelaian hainbeste hika-mika sortzen dituen
haitzulo honen sarrera agertuko zaigu (bisitarientzako itxita dago). 1969an
aurkitutako 150 metroko haitzulo honek Goi-Paleolitikoko animalien pintura
eta grabatu oso garrantzitsuak gordetzen ditu (zaldiak, oreinak, arrainak...).
Gertatzen dena zera da, nahiz eta Zestoatik oso hurbil egon, koba bera
Debako udalerrian kokatua dagoela (Deba herria oso urruti badago ere),
eta bi udalak, bakoitza bere aldetik, pinturak (beti ere kopiak, inoiz
ez orijinalak) turistikoki ustiatzeko proiektutan ari direla; ikusiko
dugu zer gertatzen den.
ZUMAIA
Jatorriz Narrondo eta Urola ibaiek bat egiten duten lekuaren inguruan
sortua, azken hau itsasoratu baino ehunka metro batzuk lehenago alegia,
Zumaiak bi alde behintzat nahikoa ezberdin erakusten ditu. Horrela, Urolaren
bokalearen ezkerraldean alde zaharra eta herria beraren zatirik handiena
kokatua dagoen bitartean, eskuinaldea inguru naturalak betetzen du ia
osorik, Santiago hondartza eta itsas padurak hain zuzen. Giza eta natur
elementu edo bi alde hauek Zumaiaren izaera egituratzen dute, baina tamalez,
bietako bat (padura) desagertzear egon liteke, bertan kirol-portua egin
ostean.
LABURPEN
HISTORIKOA
Aipatutako moduan Zumaia bi ibaien arteko topagunean jaio zen, monasterio
baten inguruan. 1292ko lehen berrian behintzat Santa Maria izeneko monasterio
hori aipatzen zen, dirudienez gaur egungo parrokia altxatzen den lekuan
kokatua. 1347az geroztik, denbora aurrera joan ahala, herria garatzen
joan zen, Gaztela eta Flandes arteko merkataritzarako portu izateak eta
Santiago Bideko kostaldeko iraganlekua izateak lagundurik. Geroago, mende
gorabeheratsuak ezagutu ostean, mende honen hasieran turismoa ezagutuko
du, kostalde gehienak bezala garapen handia jasanez (Zestoako Bainuetxetik
ere gertu dago).
IKUSTEKOAK
Debatik gatozela, eskuinaldean Narrondo ibaiaren azken metroak bidelagun
izango ditugu, bertan hainbat txalupa koloretsu ikusiko ditugularik. Herriaren
alde zaharrean sartu edo errepidea segitzeko bidegurutzea iragan ondoren,
berriz, Foronda Kultur Etxea guri begira agertuko zaigu, XX. hasierako
almenadun gaztelu dotore itxuraz.
Bidegurutzean bertan dugun Turismo Bulegoa atzean utziz, ezker aldean
San Jose kalean Ubillos Jauregia topatuko dugu, alde zaharreko lehen monumentu
azpimarragarria. Jatorrizko dorretxeari XVI.ean beste dorre bat eta patio
ederra gehitu zizkioten, Berpizkunde estiloari jarraituz. Inguru horretatik,
hiriko zaindariaren babesleku atsegina den Arritokieta Ermita hurbileraino
igo zaitezkete.
San Jose kaleari jarraituz izen bereko karmeldarren Komentua ikusiko
dugu segituan, 1609an fundatua, eta berau inguratuz, Udaletxea topatuko
dugu, Foruen Enparantzako eraikin nagusia, alde zaharraren bihotzean.
Une honetan, herri askotako alde zaharretan gertatzen den bezala, onena
pixka bat galtzea izan daiteke, norarik gabe paseatzea, kasualitateak
txoko eta altxor ezkutuak topatzea ekarriko digulako, Intxaurtxoetako
Kalestua, esaterako.
Paseo horretan ezinbestez aurkituko duzuena gotorleku itxurako San Pedro
Parrokia da. Harlanduz egina, XIII.-XIV. mendeetan hasi ziren eraikitzen,
baina dorrea XV. mendekoa eta sabaiak XVI.ekoak dira. Barruko nabe bakarrean
eta gurutzeriako sabai ederraren pean altxor bat baino gehiago daude gordeak:
triptiko flandes bat, XVI.ean Juan de Antxietak eginiko erretaula nagusia
edota eskaintza-ohol margotua (1475eko Gibraltar-eko itsas bataila gaitzat
harturik), besteak beste.
Parrokiaren ondoan Ganboatarren Jauregia dugu, egin zenetik oso aldatua
baina erdi aroko elementuak kontserbatzen dituena. Aipatzeko moduko beste
jauretxe batzuk: Goikotorre (babeserako dorrearen zenbait elementu geratzen
dira), Torreberri (kanpoko hormak bakarrik), Olazabal (hareharrizko eta
armarridun jauregi ederra) eta Kondekua (burdinurtuzko balkoia).
Alde Zahar gehiena zeharkatu ostean Amaia Plazara iritsiko gara, eta
bertan, ezkerreko aldetik, hain zuzen, Itzurun Hondartza garbi eta ederreraino
eramango gaituen bidea abiatzen da. Ondoko beste bide batetik berriz,
barrualde ederra duen eta begiratoki aparta den San Telmo Baselizaraino
iritsi gaitezke (XVIII.eko erretaula errokokoa). Beste aukera bat plazaren
ondotik, Urola itsasoratzen den tokira arte joatea da, beste aldean padura
ikusgarria eta aurreraxeago bere atzeko Santiago Hondartza fina behatzen
ditugun bitartean.
Paseoaren bukaera aldean, itsas barra hasi aurretik aipatzeko moduko
beste bi eraikin ditugu: Kresala Beobide Museoa (zumaiar egilearen
lanak ikusgai dituela) eta Paola Itsasargia, mendixka-balkoi baten gainean
ezin hobe kokatua. Puntu honetan ibai ondotik atzera egin, Narrondo ibaiaren
bokalean bertan oinezkoentzako zubi batetik Gernika Ibilbide atseginean
zehar paseatzen jarraitu, eta berriz ere ezkerretik Urola zeharkatuko
dugu, Zumaiako naturgunerik ikusgarri eta interesgarrienean sartzeko:
itsas padura.
Inguru zigortu honek (kirol-portua 2003. urterako bukatua egongo omen
da eta dagoeneko paduraren beheko erdia betetzen du), itsasaldiaren arabera
aurpegi bat ala bestea erakusten du, baina biak ederrak, eta horrez gain
padura eta dunek ekosistema bakana osatzen dute, beranduegi izan baino
lehen bisitatzea gomendatzen duguna.
Padura eta hondartzaren artean Santiago Ermita (XIII. mendekoa eta Zuloagak
erosia) eta Santio Etxea Zuloaga Museoa konplexua dauzkagu,
eibartar egile ospetsuaren lanez gain Goya, Zurbaran eta beste batzuenak
ere erakusten dituena. Errepidearen beste aldean, aldiz, Laia
Euskal Herriko Artisau Produktuen Museoa dago. Nekazaritza munduko tresna
eta produktuak ikusteko aldian behin erakusketak antolatzen dira bertan. Azkenik, Santiago Hondartza
zabala eta hondar finekoa geratzen zaigu, Getariarako bidean.
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Gipuzkoa
37 km.
10 m.
8.324
%73
11 km2
757 bizt./km2
San Telmo (Bazko ondorengo astelehena)
San Pedro (ekainak 29)
|
GETARIA
Getariak herri txiki bati eskatu dakiokeen guztia dauka: Gipuzkoako
lehenbiziko hirietakoa, pertsonaia oso garrantzitsuren sorterria, inguru
zoragarria, monumentu natural eta artifizial ederrak, herri-giro polita
eta gastronomiarako zaletasun nabaria.
Lehenago ere bai, baina batik bat 1209. urtean Alfontso VIII.ak gotorleku-hiri
gisa fundatu zuenetik, Getaria beti itsasoari begira bizi izan da, bereziki
balearen arrantzan nabarmenduz (hiriko armarria ikustea besterik ez dago).
Bere izena Kea eta Erria hitzetatik omen dator;
izan ere, San Anton mendia arerioen edo baleen presentzia zaintzeko talaia
pribilegiatua izan baita.
Arrantzan eta nabigazioan jarduteagatik zenbait pribilegio jaso zituen.
XV. mendean, San Anton (Getariako Arratoia) artean irla bat
izaki, portuko etxeak lotu zituzten, herria ordenatuki garatzen joanez.
GETARIAKO
SEME KUTUNAK
Getaria arrantzale, itsasgizon eta nabigatzaileez osaturiko herria da.
Esaterako, 1711n, Domingo Bonaetxea jaio zen, Polinesiako lehen esploratzaile
eta Tahitiko konkistatzaile izan zena. Itsasoan jardun ez bazuen ere mundu
osoan ezaguna bihurtu den Cristobal Balenciaga jostunen artean jostuna
ere Getariako semea zen, eta bertako hilerrian hilobiratua dago.
Baina munduan zehar herri honen izena ezaguna bada, munduari bira egin
zion lehenbiziko nabigatzailearen sorterri izateagatik dugu. Getariako
armarrian ere munduko esfera ageri da, Primus Circunderisti me
esaldiaz inguraturik.
Juan Sebastian Elkano 1487an jaio zen, eta 1519ean bost itsasontzirekin
batera bere abentura fantastikoari ekin zion, Magallanes-en agindupean.
Hura 1521ean Filipinetan hil (indigenen aurkako borrokan) eta hiru ontzi
galdu ostean, Elkanok espedizioaren agintea hartu zuen. 1521eko abenduaren
21ean Victoria ontzi bipiatuan Tidor-etik 47 europar eta 13 indiar irten
ostean, 1522ko irailaren 6an 18 gizon besterik ez dira iritsiko Sevillara
(espedizioari ekin zioten 265 gizonen izenak Getariako monumentuan daude).
Elkano 1525ean hil zen, bigarren espedizioan, eta Ozeano Barearen zabaltasunean
hilobiratu zuten.
IKUSTEKOAK
Errepidearen alboan, herria, Malkorbe hondartza eta portua bere mende
hartuz, Elkanoren Monumentu handiosa dugu, Samotraziako Garaipenean
inspiratutako brankako irudi batek burutzen duen 1922ko lana. Alboan dugun
Aldamar Parkean, frontoia, Udaletxea, Turismo Bulegoa eta Hemen
arte-galeria ditugu, errepidearen bi alboetan.
Hemendik aurrera porturantz jaisten diren San Roke, Elkano, Nagusia eta
Aldamar kale paraleloek osatzen duten alde zahar atsegina zabaltzen zaigu.
Alde zaharraren ezkerrean dugun Gaztetape hondartzatik gertuen dagoena
San Roke da, eta bertan Etxe gotikoak deitutakoak ditugu,
29-35 zenbakien artean. Hauen pean txakolinerako upelategi zaharrak gordetzen
dira, sabai ojibalak dituztenak. 35ekoa osorik dago.
Elkano kaleak herriko eraikinik esanguratsuenetakoak gordetzen ditu;
horrela, arrantzale-etxe estu, garbi eta koloretsuen artean. XIX. mendeko
Romero Etxe aipagarria dugu. Kale Nagusian berriz, etxe tipikoen artean,
bi jauregi nabarmentzen dira, Udaletxe Zaharra 3. zenbakian eta Etxe Barrokoa,
33.ean, baina batez ere, erdigune osoa mendean hartzen duen Salbatore
Eliza.
1429an amaitu eta XV.etik aurrera handitutako gotikoaren perla honek
hiru nabe eta sabai ojibal oso lerdenak ditu. Bi ate eta beste hainbat
dorre ditu (zaharrena Inkisizioarena, iparraldekoa). Gaur egungo dorreak
sei gorputz ditu, eta 1755ean bukatu zuten; bost urte geroago, tximista
batek sabaia hautsi eta teilatu arrunta jarri zioten. Eliza honetan, 1397an
Gipuzkoako herrietako ordezkariek Gipuzkoako Anaiartea eratu zuten. Dena
den, beste tenplu batzuekiko berezi egiten duena zera da, kaleen trazadura
dela-eta, barrua aldapan duela, gora begira eta egitura irregularra duela.
Benetan bitxia.
Halaber, eliza bera harresien zati zenez, kaletxoetako bat (Katrapona)
haren azpitik igarotzen da, defentsa-bateria bat jartzea ahalbidetuz.
Elizaren hormen artean estuturik, Zarautz eta Olasotarren Erdi Aroko Dorretxea
aurkituko dugu. Izen bereko kalean antzinako Aldamar Dorrea azpimarratuko
dugu, frontoiaren atzealdean. Kale berean, 12an, Balenciagaren jaiotetxea
dugu.
Azkenik, merezi du hondartzan eta kaian zehar paseotxo bat egitea, hain
famatua den Getariako Txakolina dastatzen dugun bitartean. Bertatik herriaren
beste ikuspegi eder bat edukiko dugu. Kaia eta Arratoia elkartzen
diren lekuan arrantzaleen Monumentua dago.
GETARIAKO
ARRATOIA
Kondairaren arabera, Keta arrantzale gazte eta galantak, Itegi eta Alsakarteko
andereek bere maitasuna lortzeko hasitako hil ala biziko borroka ikusirik,
ikararen ikaraz jainkoei harri bihurtzea eskatu zien, eta horrela sortu
zen San Anton mendia. Bi emakume liskartiek, hori ikusita, damututa eta
tristerik, gauza bera eskatu omen zuten, eta horrela alde batean Haitzakoarria
eta bestean Itegi Punta sortu ziren.
Kondairak kondaira, gaur egun San Anton parke handi eta zoragarri bihurtutako
itsasoaren gaineko talaia izugarria dugu. Oinezkoen bidetik igoz, ohartzen
bazarete, haitz baten gainean zizelkatutako emakume baten silueta ikusiko
duzue.
SANTA
BARBARA BASELIZA
Getariatik gora, Santa Barbara auzoan (ikus ibilbidea), oinezko bidea
hasi eta 100 metro ingurura, eskuinetik gorantz doan lurrezko bidezidorra
hartuko dugu, gerotxoago galtzada moduko bat bihurtuko dena.
Bide honetan zuzen eta beherantz segituz gero, urrunean jada baseliza
ikusiko dugu. Baserri batzuetara iristean ezkerretara egin eta bertara
ailegatuko gara, guztira ordu laurdeneko paseo laburrean. Bertatik Zarautzeko
eta bere hondartzako bista ederrak ditugu. Baseliza 1705ean fundatu zuten,
eta Zarautzetik ere ederki ikusten da.
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Gipuzkoa
30 km.
17 m.
2.402
%93
11 km2
218 bizt./km2
San Anton (urtarrilak 17)
San Salbador (abuztuak 6)
Elkanoren Lehorratzea (lau urtetan behin, abuztuaren 6a)
|
ZARAUTZ
Historian zehar garai bakoitzak eta naturak berak eskaini dizkion aukerak
ondo aprobetxatzen jakin duen herriaren adibidea izan daiteke Zarautz,
turismoa jarduera nagusi duen gaur egungo herri aurreratua bihurtu arte.
Horrela, 1237an Fernando III.ak hiri-forua berretsi zionetik, lehendabizi
balearen arrantza jorratu zuen, euskal kostalde ia osoak egin zuen bezalaxe,
(hiriko armarrian ere balea ageri da); ekinbide hau krisian sartu eta
Ameriketako merkataritza ugaritzen hasi zenean, berriz, ontzigintzaren
negozioan sartu zen; eta azkenik, XIX. mendean turismoa eta itsasoa modan
jartzen hasi zirenean, Gipuzkoako gune turistiko zeharo garrantzitsua
bihurtu zen, Donostiak bakarrik gainditzen zuena.
Bestalde, bertako historiaren hasieran eta amaieran bi izen propio garrantzitsu
aipatu beharrekoak dira: herriari izena eman dion eta berau fundatu aurretik
bizi izan zen Zarautz sendia, eta udatiar dirudunak erakarri zituen Isabel
II. Erregina.
IKUSTEKOAK
Zarauzteko edertasunik handiena, turismoa erakartzen duena, bertako hondartza
luze ederra da, Gipuzkoako luzeena, hondar finekoa eta surferako oso egokia
bihurtzen duten olatuak dituela.
Monumentuei dagokienez, Getariatik gatozela, herriaren sarreran bertan
Narros Jauregiaren ondotik pasatuko gara. 1536an Berpizkunde estiloan
egina eta ingeles kutsuko lorategiez inguratua, herriaren ikurretako bat
da. Bertan, beste batzuen artean, Isabel II. bera ostaturatzen zen, hondartzaren
gaineko sekulako bistak ditu-eta.
Kale-errepidearen beste aldean, Arrosategia Parkearen ondoan, Santa Maria
La Real parrokia altxatzen da, nabarmentzeko moduko zenbait elementurekin:
absidearen Berpizkunde-plateresko erretaula, sabai barrokoak eta Lope
Martinez Zarautz-en hilobia.
Eliza inguratu eta San Inazio kaletik aurrera segitzen badugu, laster
Santa Barbara baselizara igotzeko oinezko bidea ikusiko dugu eskuinean.
Gogoratu Getariako atalean bisitatu dugun baseliza hau Zarautz gaineko
balkoi natural batean kokatua dagoela, eta bertatik ikusten diren bistak
oso ederrak direla.
Kamino honen ondoan Vista Alegre Parkea atsegina zabaltzen da, herriaren
gaineko ikustaldi polita eskaintzen digun errotonda duela. Berriz ere
San Inaziotik hondartzara goazela, eskuinera Santa Marina kalea har dezakegu,
izen bereko ermitaren ondotik pasatuz; eta gero ezkerretara, Makatza Dorretxearen
albotik pasatu eta jada Musika Plazan barneratuz.
Enparantza zeharkatuz gero, Kale Nagusian barneratuko gara. Orain eskuinalderantz
hartuko dugu, eta halaxe, hiriko Alde Zaharraren bihotzean barrena abiatuko
gara. Kale honen ordezkari arkitektonikorik nagusiena Torre Luzea da,
Gipuzkoako dorretxerik bikainena kontsideratua. Zarautz sendiarena, XV.
mendean jaso zen harlanduz, hiru solairutan, estilo gotikoan.
Bere aurrean Azoka Plaza zabaltzen da, eta honen beste aldean Berpizkundeko
Portu Etxea, gaur egun Udaletxea dena. Errepara ezazue sarrerako zutabe
korintiarretan.
Eraikin honen atzean beste enparantza bat zabaltzen zaigu; Lege Zaharren
Enparantza hain zuzen ere. Bertan ezkerretara eginez, kalearen kantoian
Dotorekua Etxea agertuko zaigu, hots, armarria erakusten duen XVI. mendeko
jauregi dotorea. Kantoian bertan lehenbizi eskuinetara egingo
dugu, trenbidearen ondoan 1611n fundatutako Santa Klara Komentua bisitatzeko
asmoz.
San Frantzisko kaletik hondartzarantz itzultzen garela, berriz, Frantziskotarren
Parrokiaren ondotik pasatuko gara, euskal literaturaren liburutegi garrantzitsua
gordetzen duena. Nafarroa kale-errepidearen eskuinaldean lehenbizi Donibane
Plaza (kontuan hartu Zarauzko herria plaza eta parkez josia dagoela) ikusiko
dugu, eta segituan, lorategi ederrek inguraturik, Villa Munda izena duena,
gaur egun Musika eskola gisa funtzionatzen ari dena. Pixka bat aurrerago,
aldiz, Sanz Enea Etxearekin topo egingo dugu (gaur egun Kultur Etxea),
herri honetako beste etxe dotore horietariko batekin, alegia.
Azkenik, Lizardi kaletik barrena berriz Hondartzara iritsiko zarete,
tartean Zuazo-Enea Etxe ondotik igaroz. Bisitaldia hondartza gaineko pasealekuan
amai dezakezue, han-hemenka barreiaturik dauden eskultura ugari eta bitxiak
miretsiz.
Herrialdea
Donostiara
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak
|
Gipuzkoa
27 km.
6 m.
19.806
%72
14 km2
1.415 bizt./km2
San Pelaio (ekainak 26)
Andra Mari (abuztuak 15)
Euskal Jaia (irailak 9)
|
PAGOETA
PARKE NATURALA
Aiako udalerrian kokatua, oso turismo-gune garrantzitsua den Gipuzkoako
kostaldetik gertu, lasaitasun-uharte ederra osatzen du inguru honek.
PARKEAREN
EZAUGARRIAK
Gaur egun Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku dagoen 9.000 hektareako parke
honetan, azken mendeetako giza-presioa txiki samarra izan dela esan beharra
dago, eta ondorioz, baso zabal eta aberatsa gorde ahal izan dute bertakoek.
Horrenbestez, , faunaren inguruko 1982ko azterketa batek dio, bertako
azeriak desagertu egin badira ere, 20tik gora ugaztun (basurdeak, basakatuak,
katagorriak...), bederatzi anfibio eta narrasti eta 46 hegazti mota aurkitu
zituztela. Dena den, animalia hauetako batzuk (ugaztunak batez ere) gauez
ateratzen dira bakar-bakarrik, eta, beraz, berauek ikustea ez da oso erraza.
Landaretzari dagokionez, urte horretako ikerketan 341 espezie aurkitu
zituzten, baina seguru aski gehiago ere egongo dira, eremu pribilegiatu
batean gaude-eta. Bertako espezie garrantzitsuenen artean artea, gaztainondoa,
gorostia, hagina, haritza, lizarra, pagoa (noski), urkia eta abar luzea
aipa ditzakegu.
AGORREGI
BURDINOLA
Parkearen sarrera nagusitik hurbil (iristeko ikus ibilbidea), Iturraran
baserria dugu, gure autoa utz dezakegun aparkalekuaren ondoan. Baserri
hau gaur egun Parkearen Harrera-Gune eta Interpretazio-Zentroa da, eta
berez, Gipuzkoako baserririk zaharrenetakoa dela dirudi, XIV.ean jada
hortxe baitzegoen. Gaur egun duen itxura orain dela lau mendekoaren antzekoa
da.
Baserriaren ondoan Lorategi botaniko interesgarria dugu, eta bertan hainbat
espezie ikusteko parada izango dugu. Honen erdian hain zuzen, Agorregirantz
zuzenduko gaituen bidezidorra abiatzen da, sigi-saga eta beherantz eginez.
Bidea oso ondo seinalaturik dago eta ez dago galtzeko arriskurik. Azkenik,
ordu laurdeneko paseoaren ostean, uraren soinua entzungai dugula, burdinola
ikusgarriaren ingurura iritsiko gara.
Agorregi XV. mendean dagoeneko funtzionamenduan zegoela dirudi, nahiz
eta XVI. erdialderako, ur-emari txikia edo beste arrazoiren bat zela medio,
lanari utzi behar izan zion (errotek bere horretan jarraitu zuten). 1754an,
Joaquin Lardizabalek, Laurgaingo jauna zenak, berriz ere martxan jartzea
erabaki zuen, gaur ikus dezakegun lan bitxia eginez.
Izan ere, lau presen bidez Mindiko-Erreka eta Giltzur-Iturriko-Errekatik
ateratako ura bi altura ezberdinetan kokatutako ur-biltokik jasotzen zuten,
makineria konplexua mugitu ahal izateko (bakarrarekin uraren indarra ez
baitzen nahikoa). Berrikuntza nabaria izan arren, kalkulu batzuk txarto
egiteagatik, ez dakigu burdinolak inoiz funtzionatu ote zuen (ondoko errotak
bai).
Funtzionatu ala ez funtzionatu, egia dena zera da, hau dela Gipuzkoan
geratzen diren antzinako burdinola bakanetako bat, eta horregatik bakarrik,
bere itxura bitxi eta ikusgarriarengatik, eta kokatzen den inguru ederrarengatik,
bisitaldia merezi duela. Zabalik: 10-14 ordu bitartean, urte osoan zehar,
igande eta jaiegunetan; uztaila eta irailean, asteburuetan; abuztuan egunero
(astelehenetan izan ezik) 10-14:30 eta 16-18 ordu bitartean. Noski, parke
zabal honetan egin dezakezuen ibileretako bat besterik ez da honakoa,
basoak beste txoko interesgarri asko gordetzen dituelako.
|