Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraDeba-Urola-Oria kostaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Deba-Urola-Oria kostaldea Saturraran-Mutriku-Itziar-Zestoa-Zumaia-Getaria-Zarautz-Aia-Orio

DEBA BEHEA Gipuzkoako kostaldeko lehenbiziko hondartza, eta baita ikusgarrienetako bat, Saturraran arrokatsua da, oraindik Ondarroaren ondoan.

Lehenbiziko herria, halere, hondartza eder honetatik errepidera atera, eta ezkerretara eginez aurkitzen dugun Mutrikukoa dugu, alde zahar interesgarri bezain aldapatsua (autoa herriaren goiko partean utzi beharko duzue) duen itsasgizon ospetsu askoren sorterria. Errepidea jarraituz, kilometro bat geroago, Portu atsegineraino jaisteko bidea topatuko duzue (horra bai sar daiteke autoz). 500 metro aurrerago, aldiz, aparkatzeko lekurik uzten ez duen begiratoki handi bat duzue.

Ibilbidearen 7. kilometrorako parkin-begiratoki handi bat pasatu ostean, hurrengo herria dugu ikusgai, berau zeharkatzen duen ibaiaren izen bera duena: Deba. Erdigunean barneratzeko ibai gaineko zubia igaro eta ezkerretara joko dugu, eta horrela hondartzaraino ere hurbilduko gara (km. batera, ezkerreko aldean). Hori bai, hondartza zabalaz gozatu baino lehen merezi du erdialdeko eraikinak behatzen hastea.

Herritik irten eta berehala, ezkerretara, itsasgaineko hainbat behatoki agertuko zaizkigu, bista politekin, eta baita haizearen eraginez era bitxian okertutako arbola ikusgarria ere (10,5 km.). Geroxeago itsas bazterrak utzi eta barrualdera sartuko gara.

11,5. km-an (gasolindegia baino 500 metro lehenago) gure ezkerretara etxabe edo loja gorri bat ikusiko dugu, aparkatzeko leku nahikoa duena (adi ibili behar da ikusteko), eta parean (errepidearen beste aldean) gorantz abiatzen den bidexka bat (autoei sarrera debekatzen dien seinaleaz). Bidexka horrek, zuzen-zuzenean, inguru honetako begiratoki naturalik ederrenetako bateraino eramango gaitu, bisitatzea biziki gomendatzen dizueguna: Santa Katalina Ermita.

Errepidean gora, laster gure hurrengo helmuga ikusten hasiko gara: Itziar. Bertaratzeko, 14,5. km-an eskuin aldera hartu (autopistarako sarrera pasatu eta 200 metrotara), eta 300 metro harantzako berriz ere eskuinetara (zuzen joz gero Lasturrera iritsiko gara, baina hori gero hartuko dugun norabidea izango da). Gotorleku itxurako Itziarko Santutegi entzutetsuak, oso antzina eraikia baina XVI.ean berritua, erretaula plateresko ederra eta Itziarko Andre Mariren irudi erromaniko oso zahar bat (itsasgizonen zaindaria) gordetzen ditu besteak beste.

Lehen aipatutako bidea hartuz (orain eskuin aldera) Lastur nekazari-auzora hurbilduko gara, Industrigunea Elgoibarrerako bidean zeharkatuz. Horrela beti zuzen joan ondoren, 21. km-an eskuinerantz desbideratuko gara, bide oso estu batetik barrena 1,5 km-tara Lasturgo erdigunetxora iristeko. Lastur “euskal zezena”ren sorterria da (euskal sokamuturra asko bertako zezenekin egin ohi dira), eta bertako erdigunetxoak zezen-plaza bitxi baten itxura dauka. Honez gain, aldameneko Plazaola Errota ere bisita daiteke.

Elgoibarrerako bideari eskuinerantz eta gorantz segituz, panoramika politak agertuko zaizkigu, eta bukaeran (29,5 km) Madariagako atsedenleku-begiratoki ederrera ailegatuko gara. Bertan atzera egingo dugu.

UROLAREN INGURUAN

40. km-an kostaldeko errepiderantz itzuli ostean (tarteka bista oso politez gozatzeko aukera izango dugu), ibilbidearen 44,5. km-an (errepidearen 34. km-an) ezkerreko aldetik Elorriagara eramango gaituen bidea hartuko dugu (adi egon behar da), zuzen eta gorantz segitu behar duguna. Lehenbizi, auzora ailegatuko gara, sigi-saga zeharkatuko duguna, eta 500 metro geroago, Elorriagako atsedenleku-askaldegiraino. Horrela, berau zeharkatuz gure aurrean topatuko ditugun “flysch” erako hondartza eta labarrez gozatzeko moduan izango gara.

Zumaiarako errepidean goazela lehenbizi Zestoara desbideratuko gara, 51. km-an eskuinera eginez, 5,5 km. aurrerago bainuetxeak ospetsu bihurtu duen herri honetan sartzeko. Zestoako erdigunean, galtzada bat igaro eta eskuineko aldetik malda luze eta aldapatsua beherantz jaisten dela ikusiko dugu; bertatik jaitsi, zubi bat pasatu eta eskuinerantz egingo dugu, eta handik 200 metrotara, herriko bigarren eraikin ospetsua aurkituko dugu: Lili Jauregia.

Herri honen inguruan gaudela oraindik ere hirugarren gune bat bisita genezake: Ekain Haitzuloko pintura garrantzitsuak (Lili ondoko bidean Sastarrain Baserri-Eskolaraino joanda), nahiz tamalez bisitarientzako itxita dagoen.

Lehenbizi herriguneraino eta gero N-634 errepideraino itzuliz, 1,5 km-tara Urola ibaiaren itsasadarrak Zumaiarako ongi etorria egingo digu (erdigunea gure ezkerrean geratzen dela). Herria Donostia alderantz zeharkatuz, laster gure ezkerrean agertuko diren itsas padura eta haren ondoko hondartza ikusgarriaren albotik pasatuko gara.

73. km-an “Getariako Arratoi” ospetsuaren silueta ikusteko aukera izango dugu; bertaratzeko, herria hasi aurretik dagoen ezkerreko bidea har dezakezue (portura doana), eta mendiaren bidetxoa zabalik badago hari segitu, baina talaia izugarri honetan oinez ibiltzea gomendatzen dizuegu. Getaria euskal kostalde osoko herririk politenetakoa dela argi dago, itsas kutsu nabarmeneko alde zahar eta portua duela, eta ez dezagun ahaztu, Elkano bertako semearen oroimena ere oso bizirik gordetzen duela.

Udaletxearen aurreko bidegurutzean (errepide nagusian), gorantz jotzen badugu, Meagaserantz, herriko parterik altuena zeharkatu eta hilerria ezkerrean utziko dugu, Udaletxetik 2 km-tara ezkerrerako bidegurutze bateraino ailegatzen garen arte. Ezkerreko bidexka horrek (Eitzaga-Santa Barbara norabidean), panoramika ederren artean zabalgune bateraino eramango gaitu (pixka bat lehenagoko bidegurutzean ezkerretara egingo dugu), bertan aparkatuz. Hortik aurrera oinez, Zarauzko hondartzaren gainean balkoi natural gisa ederki kokatutako Santa Barbara Baselizaraino hurbil gaitezke.

ORIAREN BOKALERAINO

Kostaldeko errepideari jarraituz, 87 kilometroan urrunera bistaratu ahal izango dugu kostalde honetako hiriburu turistikoa, bertan sartu aurretik behatoki gehiagorekin ere gozatzeko aukera izango dugun arren. Zarautz, bertako hondartza luze eta zabalek bihurtu du ospetsu batez ere, urtero milaka turista (eta surflari) erakartzen dituena, baina honez gain, ondare historiko-artistiko polita ere baduela igarriko dugu.

Hiria zeharkatu eta bertatik irten ondoren, Orio Gaina igotzen hasiko gara, izen hori bera duen hurrengo herriaren bila. Hori bai, Orioko herrira zuzenean joan beharrean, lehenbizi mendatean bertan eskuinera desbideratuko gara, Aia-Pagoetako Parkerantz. Era honetan, paisaia arbolatsuan zehar doan bide horretan gora goazela, askaldegi handi baten ondotik pasatuko gara, mendatetik 3,5 km-tara Pagoeta Natur Parkearen sarrera aurkitu arte (ezker aldetik beherantz). Parke honetan era guztietako landareak eta animaliak bizi dira, eta bertako interesguneen artean guk Agorregi Burdinola zaharra aukeratu dizuegu.

Orioko Gainetik ekarri dugun bidean aurrera eginez, lau kilometrotara Aiako herria dugu, Pagoeta kokatzen den inguru zabalaren herrigunea. Gipuzkoako udalerririk handienetako eta menditsuenetako bat da, eta zeharkatzen duten bideen gurutzean, San Esteban eliza trinkoa (XV.-XVII. mendeak), XIXko Udaletxea eta Guruztokia azpimarra ditzakegu.

Aia ezkerrerantz zeharkatu ostean, gure bidaiaren bukaera 10 km. geroago dugun Orioko herria izango da, ongi etorria egingo diguten arrantza-ontzien ondoan. Herriari kolorea ematen dioten ontzi hauek sarrerako zubiaren alboan ikus ditzakegu, Oria itsasadarraren gainean. Atzean, herria mendean hartzen duela, San Nikolas Barikoa eliza dugu (XVII. m.), eta bertan, erretaula barrokoa eta batez ere elizpe ikusgarria azpimarra ditzakegu. Plazaren inguruko kaletxoetan jauretxe interesgarriak daude: Kolon Txiki, Piliku, Burundiarena, Longa, Salatxo...

Orrialde nagusiraDeba-Urola-Oria kostaldeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403