ESTIBALITZ
Monasterioa, Gasteiz-Lizarra norabidean hiriburutik kilometro gutxira,
herrialde honetako harribitxi erromanikoa da. Bertako Andra Mari
Arabako zaindaria; ibilbide honi hasiera emateko arrazoi nahikoa
da.
Gasteizko ekialderantz abiatzen den errepidean,
Elorriagara iristean (8. km.) Frantzia-Iruñearantz desbideratuko
gara, N-10 errepidea hartuz (hau gero N-1ekin batuko da). N-1ean
sartu aurretik, tartean Ilarratza eta Matauku daude, biak ere (oraindik)
Gasteizko auzuneak. N-1 autobidean dagoeneko, Iruñerako norabidea
hartuko dugu, baina segituan Argomaiz-Ozaetan irtengo gara.
URIBARRI-GANBOA URTEGIA
Autobidetik at jada, Ozaeta norabidea hartu, ezkerrera,
eta laster (Maturanara iritsi baino pixka bat lehenago) Garaioko
Parkean barneratzen den bidea ikusiko dugu, kartel marroi batek
seinalatua. Izena eman dion antzinako herria zegoen lekuan kokatua,
120 hektareako penintsulatxo batean, edonolako zerbitzuz hornitutako
parke hau dago, egunpasa burutzeko eremu bikaina. Fauna eta flora
interesgarria biltzen duen aisialdi-eremu honetan, jende gehien
erakartzen dutenak hondartza artifizialak (lakua bezain beste) eta
zelai zabalak dira, eguzkia hartzeko aproposak.
Parkeari bira eman ostean errepidera itzuli eta
ondoko Maturana herritxoa bisita dezakegu. 3 km. beranduago, urtegia
inguratzen segitu nahi badugu, ezkerrera jo beharko dugu, beste
3 kilometrotan Marieta zeharkatuz (35,5 km.). Hemendik aurrera urtegiko
urbazterrera hurbiltzeko gure ezkerrera bideska bat baino gehiago
aurkituko dugu, baina horietako batzuk egoera txarrean daude. Ondo
daudenak (askaldegi eta guzti prestatutako guneak) Marietatik 3,5
kilometrotara hasten dira.
Atsedenleku-multzo honen erdigunea Landa
da (43 km.), aparkaleku handi bat eta zenbait jatetxe biltzen dituen
aisialdirako gune jendetsua. Bidegurutzean momentuz ezkerrera joko
dugu (gero itzuli egin beharko dugu), 4 kilometrotara urtegiari
izena ematen dion Uribarri-Ganboan sartzeko. Lehen esandako moduan,
puntu honetan Landara itzuli, eta bere ondotik Bergararantz zuzenduko
gara.
DEBA GARAIA HARANA
Gipuzkoaren barnean jada, Arlaban Gainean ezkerrera,
lehenbizi Gatzaga Mendatea igaroko dugu, aldapa gogor samarrean
behera Gatzagan sartuz (55 km.). Gatzaren ustiaketarekin loturiko
herritxo xarmangarri hau harresiz inguratua zegoen. Oraindik Erdi
Aroko kale-trazadura eta harresietako sarrera batzuk mantentzen
ditu. Eraikin zibil interesgarriekin batera San Millan eliza (herria
bezain zaharra baina XVI.ean berreraikia) aipa dezakegu.
Udaletxea ezkerrean utziz, bide polit eta bihurgunetsua
segituz, segituan Dorletako Andra Mari santutegira iritsiko gara;
txirrindularien zaindariarengana, alegia. Gaur egungo eraikina XVII.ekoa
da; aurrealdean Erdi Aroan landutako sinbolo ezberdinak ikus daiteke.
Gatzagako behealdean errepidea hartuko dugu, oraindik
ere beherantz, hainbat baserriren artean pasatu ondoren Eskoriatzara
hurbilduko gaituena; bertan, hegoaldetik sartu eta herria zuzen
zeharkatuko dugu. Aurreko herritik bezala, hemendik ere errege galtzada
igarotzen zen, kale-errepidearen alboetako etxeek frogatu moduan.
Eraikinen artean San Pedro Parrokia (aurrealde barrokoa) eta Ganuza
edo Gaztañadui jauregiak aipa ditzakegu.
Dena den, Eskoriatzako monumenturik interesgarriena
Apotzaga auzoan dago, herri amaieran Intxaurtxueta kaletik ezkerrera
hartu eta eskumarantz igotzen den errepidea hartuz. Antzinako euskal
kanposantuen kutsua ederki gordetzen du Apotzagako hilerri biribilak.
Eskoriatzara itzuli eta ezkerrera, berehala irten
egingo gara, laster errepidea berriz utzi eta Aretxabaletan sartu
behar izango badugu ere. Jasokundeko Andra Mari eliza XVI.ean eraikitzen
hasi zen; dorrea eta elizpea askoz beranduagokoak dira. Honez gain,
XVIII. mendeko Arratabe, Otalora eta Aozaratza jauregiak ere kontserbatzen
dira.
Herria sigi-sagan zeharkatu ostean, Bergararako
errepidera aterako gara beste behin. Dena den, kilometro batera
eskumara jo beharko dugu, Arrasate-Aramaio norabidean. Hurrengo
bidegurutzean eskumara, herriko industriagunea zeharkatuko dugu.
74,5. kilometroan azkenean, Arrasatera hurbildutako
orori ongi etorria ematen dion kartela igaroko dugu. Dena den, herrian
sartu baino, ibilbide honetan egingo duguna segituan ezkerrera jotzea
izango da, Aramaio-Bilbo norabidean (Arrasate herria lehen ibilbidean
jorratu genuen).
500 metrotara dagoen errotonda batean ezker-zuzen
egin ostean, 200 metrora aurkituko dugun beste bat zuzen pasa dezakegu;
horrela eginez gero, bizpahiru kilometro igo ostean Udala auzora
iritsiko gara, Udalaitz mendi zorrotzaren magalean dugun etxe-multzo
polita.
Aipatutako bigarren errotondara itzuli eta oraingoan
eskuinera jotzen badugu, berriz ere Araban sartzeko bidean jarriko
gara, bertako zonalderik euskaldunenean gainera.
ARAMAIO ETA LEGUTIO INGURUKO
URTEGIAK
Aramaioko bailara menditsua baserri eta auzo askok
osatzen dute. Ingurumena ederki zaindu du haran honek. Barreiatutako
auzune horien artean erdigunea berriz, Ibarra dugu. Bertako baserri
ederren artean (bailara osoan bezalakoak), San Bizente Goikoetxeakoaren
omenezko monumentua eta San Martin parrokia nabarmentzen dira.
Nahiz eta bihurgune asko jasan beharko dugun, bailaratik
Legutiorako norabidean jarriko gaituen errepidea benetan polita
da. Adibidez, 5,5 kilometrotara dagoen begiratoki handiak Aramaioko
haran osoa behatzeko aukera ederra eskainiko digu. Lau kilometro
geroago ikusten hasiko garena, gure ezkerraldean eta zuhaitzen artean,
Albina Urtegia izango da.
Beste hiru kilometrotara ordea, Kurtzeta Mendatearen
jaitsiera nabarmenean, errepidearen beste aldean behatzen hasiko
garena Legutioko edo Urrunaga urtegi ikusgarria izango da. Horretarako
begiratoki handi bat ere ikusiko dugu.
Kilometro bat beherago errepide nagusiarekin bat
egiten duen bidegurutzea aurkituko dugu, baina guk momentuz zuzen
jarraituko dugu, Legutioko erdigunean bertan barneratu asmoz. Bertan
San Blas eliza nabarmentzen da, baina harresi-hondarrak ere ikus
daitezke.
Dena den, argi ikusiko dugun mo-duan, herri honetako
erakarpen turistikorik garrantzitsuena urtegia bera da eta bere
inguruan egin daitezkeen txangoak. Horrela, urtegia Bilborantz inguratuz,
lehenbizi Ollerias (Buztingintza Museoa) auzoa pasatu eta ibilbidea
Elosu auzunean buka dezakegu.
|