Aiara Gorbeialdea Artziniega-Maroņo-Amurrio-Urduņa-Tertanga-Delika-Gorbeiako
parkea
|
NERBIOI IBAIAREN ITURBURURANTZ Arabako ipar-mendebaldeko ertzean kokatua, Artziniega, (Bizkaia utzita) probintzia honetako lehen herria da, eta bere monumenturik garrantzitsuenen artean herritik kanpo dagoen Arteko Andra Mari santutegia (Santuario de Nuestra Seņora de la Encina) nabarmentzen da. Gure ibilbidea hortik hasiko dugu. XVI. mendeko santutegi gotiko ikusgarri honen ondoan (barruan erretaula bikaina dago), bera bezain ederra den antzinako artea dugu, hiriko ikurra, alegia. Honez gain, ondoko museo etnografiko eta parke atseginaz ere goza dezakegu, inguru osoa egun pasa burutzeko leku ederra bihurtuz. Artziniega bera kilometro bat beherago aurkituko dugu, erdigunea Amurriorako bidean zeharkatuko dugularik. Herriko alde zaharrak oraindik Erdi Aroko bidearen zati bat gordetzen du eta bertako harrizko karriketan Aiala eta Barratagure dorretxeak aurkituko ditugu. Aiarako udalerri zabalean barneratuz, lehenbizi Lanteno herria zeharkatuko dugu (Andra Mari Zuriaren santutegi gotikoa). Hiruzpalau kilometro egin ondoren berriz, Menagarai. Bertan eskubira desbideratuko gara, Beotegi-Kexana norabidea hartuz. Horrela, kilometro gutxitan, zonaldeari izena eman zioten Aiaratarren jatorria den Kexana bisitatu ahal izango dugu. Gune txikia izan arren, ondare historiko-artistiko aberatsa gordetzen du. Bertan dira XIV. mendeko Aiaratarren jauregi-gotorleku izugarria, Biloaren Ama Birjinaren kapera-dorretxea (jatorrizko erretaula gotiko bikainaren kopia eta Aiaratarren hilobiekin) eta Domingotarren komentua eta San Joan Bataiatzailearen eliza (XIV. mendeko Ama Birjinaren erlikia ederra ikusgai). Amurriorako bidera itzuliz, segituan Arespalditza igaroko dugu, aurrekoak baino herri handiagoa. XVIII. mendeko Andra Mari elizak aurreko tenpluaren atalde erromaniko berantiarra kontserbatzen du. Udaletxean, berriz, artxibo historiko interesgarria dugu. Laster, Izoria herrian eta eskuinetara, Maroņora hurbilduko gaituen bidegurutzea ikusiko dugu. Zuzen joanda, 3,5 kilometrotara Maroņoko urtegira iritsiko gara. Uraren, beste aldeko etxaldearen eta horren osteko Salbada mendikatearen irudia oso polita bada, haizerik gabeko egun batean gerturatzen bazarete, osotasun eder hori bikoizturik ikusiko duzue, uretan islatu egiten delako, oraingoan irudi harrigarri eta zoragarri bikoitza sortuko delarik. Aho zabalik geratuko zarete. Azkenean, errepidera berriro itzuli eta laster Amurrion barneratuko gara, erdigunean eskuinerako bidea hartuz (Urduņara). XIX. mendearen erdialdean Aiaratik desanexionatu zen hiri honetan eraikin zibil eta erlijioso ugari bisita dezakegu. Eraikin erlijiosoetan, Santa Maria eliza (batez ere XVII. mendekoa, erretaula ederra du), eta San Anton baseliza aipa ditzakegu. Zibilei dagokienez aldiz, ugaritasuna zabalagoa da: Mariaka (herritik kanpo), Ugarte (1718koa, armarriduna eta egun Kultur Etxea), Saerin (Sagarribai auzoan, armarria geratzen da), Mendijur dorretxea (XV. mendekoa, kartzela izandakoa) eta Urrutia jauregia (XVI. mendea). Urduņako uharte bizkaitarrean sartu aurretik, Saratxotik pasako gara, eta bertan jada hurrengo kilometroetan eredu izango den paisaia ikusten hasiko gara: arroilak, haizpitarteak eta pareta bertikaleko mendixkak. Urduņako erdigunean, plazaren inguruan zehazkiago, luzaro aduana izan zen hiri bizkaitar-arabarraren garrantziak utzi ondare aberatsa bisita dezakegu. Urduņatik berriz ere Burgoserako errepidean, momentuz ez gara Delikarantz desbideratuko (gerorako utziko dugu), baina bai ordea Tertangarantz, Urdua mendatea igotzen hasi aurretik. Tertanga herritxoa sigi-saga zeharkatuko dugu segitzea debekatzen digun seinalea aurkitu arte (ezkerrean bi garaje marroixka ditugu). Seinale horren atzean hain zuzen, Tertangako arroila ikusgarrian barneratuko gaituen bidexka hasten da. URDUÑAKO MENDATE IZUGARRIRA igotzen hasiko gara, tarteka panoramika zoragarriak eskainiko dizkiguna. Gaina harrapatu baino lehen Gaztelako lurretan sartuko gara. Berau igaro eta handik kilometro batera, ezkerrera, etxalde baterako sarrera ikusiko dugu, "Junta Castilla-León- Coto Privado de Caza" dioen langa metaliko berde batez. Sartu; ez zarete damutuko. Bidexka zabala txarto asfaltatua dago, bidezulo handiekin, beraz oso kontuz joan behar da. 3,5 km.tara bidegurutze batera ailegatuko gara: ezkerrera "Senda Mirador Esquina Rubén" eta eskuinera "Senda Mirador Caņon del Nervion". Lehenbizi ezkerrera abiatzea gomendatzen dizuegu (1,5 km), bertatik Urduņako Bailararen ikuspegi izugarria izango duzuelako. Puntu horretan, gomendioa beste begiratokira oinez abiatzea izango litzateke, arroilaren ertzaren gaineko paseoa zoragarria delako (3 km). Dena den, bidegurutzera itzuli eta kotxez abiatzen bazarete ere (bidegurutzetik 2 km), iristean ikusiko duzuenaren aurrean, batez ere euri garaia bada eta ur-jauzia sortu bada, erabat txunditurik geratuko zarete: Nerbioi ibaiaren Arroil-Iturburu ezin ikusgarriagoa. Aho zabalik utzi zaituzten mirari hau barrutik, behetik, behatu nahi baduzue, mendatea berriro jaitsi ondoren eskumara Delikarako bidea hartu. Dagoeneko Delikan gaudela, berau zeharkatu, zubi baten azpitik igaro eta herrixkaren amaierako atsedenleku-askaldegian aparkatu, errekaren alboan. Puntu horretatik aurrera Nerbioiren arroil izugarrian barnera gaitezke, iturburu-urjauzipean jartzeraino. GUIURIKO UR-JAUZIA ETA GORBEIAKO PARKE NATURALA Berriz ere Urduņatik pasatzen den errepidean, eskuinerantz Gasteizerako norabidea hartu behar dugu. Tartean, lauzpasei kilometrotara, oraindik ere zonalde honetan arruntak diren arroil-paisaia ikusgarriak behatzeko aukera berri bat izango dugu, eta pixkat aurrerago, gure ezkerraldean, Gorbeiaren silueta zabala ere agertzen hasiko zaigu. Beti zuzen jarraituz, beste hiru bat kilometrotan Guiuri-Gujuli harrapatuko dugu. Beste kilometro batera berriz, kartel marroiska batek Urjauziraino (Cascada de Gujuli) ezkerreko norabidea markatzen digu, 50 metrora dagoen aparkalekuraino. Herriko erdigunetxotik zein aparkaleku honetatik, Guiuriko Urjauzi eder-ederra oso hurbil geratzen zaizue. Ziur egon metro gutxi hauek oinez betetzen badituzue, ikuskizunak zuen edertasun-gosea soberan asetuko duela. Gasteizerako errepidean hurrengo gunea Beluntza izango da; handik 2 km.tara eskumara jo beharko dugu, bestela autopistan sartzen gara. Beste kilometro batera Murgiarantz irten beharko dugu, segituan Ametzagaña zeharkatzeko. 1,5 km.tara azkenean, Gorbeiako Parkeko populagunerik garrantzitsuena eta Zuia bailara-udalerriko hiriburu den Murgia herrian sartzen gara, inguruko edertasunek erakarrita txalet eta bigarren etxebizitzez josia. Inguruko ikuspegi polita, hurbil den Oroko Andra Mari Santutegitik lortuko duzue. Murgiako sarreran ezkerrera egitean, Gorbeia Zentrala norabidean, bide erdian Sarriako eliza ageriko zaigu, bidegurutze bailitzan, bere eskuinetik Markinara eta ezkerretik Gorbeiarantz zuzenduko baikara, (gure kasuan ezkerretik joko dugu). Hortik aurrera, Gorbeiapeko zelai ederretara iristeko, errepidea zuzen segituko dugu, batzuetan sigi-saga baina beti kartel ugariak jarraituz, Zentralera 2 km.ra ailegatuz. Hortik aurrera, Gorbeia Parke Natural ederrean murgilduz, mendia bera igo genezake, Baias ibaiaren bideari jarraikiz. Murgiara itzuli eta berau zeharkatuz, oraingoan Muruarantz abiatuko gara, zuzen eta Gasteizerako norabidea hartu barik. Bidegurutze honetatik 300 metrora agertuko zaigunean berriz, ezkerrera jo beharko dugu, Zarate-Gopegirantz. Horrela, 3 km.ra Manuerga, eta beste bitara Gopegi zeharkatuko ditugu, berehala ezkerrera Muruarantz jo aurretik. Gure helmuga Muruako Urtegia da, errepide-amaieran Gorbeiagaņeko tontorreraino eramango gaituen bidezidorra hasten delako. |
Iradokizunik baduzu, akatsik topatu
baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu:
ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa) Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403 |