Meteorologiako euskal agentziak hainbat estazio meteorologiko ditu, eta horietako bat Zaldibarko Eitzaga auzoan bertan. Bertako datuak ez daude ikusgai:
Ekologistak Martxan taldeak lindanoa egon daitekeela ohartarazi die Zaldibarko esku-hartza taldeei:
Zaldibarko esku-hartze taldeei alerta
— EkoBarakak Martxan (@EkoBaraka) February 8, 2020
Kezkaz jarraitzen dugu zer gertatzen den; izan ere, #Lindano zabortegian egotearen susmo sendoak ditugu, eta sortu den sua itzaltzeko ezintasuna, lindano usaina nabarmena da.@ekologistak. pic.twitter.com/YqRdzkR0fA
AEBetako geofisikoen elkarteak (American Geophisical Union) bere blogean eman du Bizkaiko zabortegiko hondamendiaren berri. Azken paragrafoan dio: "Zabor biltegien horrelako lerrakuntzak arrisku ezagunak dira eta iraganean jendearen heriotzak eragin izan dituzte, baina gehienetan hondakin kudeaketa txarra duten herrialdeetan. Horrelako luizi handi bat Europako zabor biltegi batean gertatea ez da ohikoa".
Geofisiko iparramerikarrek gogoan izango dituzte berrikitan Etiopian gertatu zena bezalako ezbeharrak: 2017ko 18an Addis Abeba hiriburu ondoko Khose biltegiko zabor mendia gainbehera etorri eta azpian dozenaka jende harrapatuta hil zuen.
"Garbage dump landslides are a known hazard, and in the past they have caused substantial loss of life, but usually in countries with poor management of waste. A major garbage dump landslide in a European country is unusual.
— American Geophysical Union -- next up: #OSM20! (@theAGU) February 8, 2020
By @davepetley in #AGUblogshttps://t.co/jGzFFdj8BP
Sare sozialetan hainbat hedabidek (Vanguardia, esaterako), EFE berri agentzia iturri gisa aipaturik, zabaldu dute Eusko Jaurlaritzak Zaldibarren airea neurtzeko egindako ekimenaren berri. Eibarko udalak bere sarean Eusko Jaurlaritzaren zigilua daraman ohar hau zabaldu du. Bertan dio Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza sailak, Eusko Jaurlaritzaren Airearen Kalitate Kontrolerako Sareko unitate mugikor bat eraman duela otsailaren 8 goizean, inguruko kutsadura maila behatzeko. Sail horretako teknikariak uneoro ari omen dira egoera aztertzen. Lehen neurketek omen diote kutsadura mailak "parametro normaletan" mantentzen direla.
Era berean, Ura agentziako ikuskatzaileak joan omen dira Zaldibarko zabortegira, eta egunero hartuko omen dute ur lagin bat, errekara doan uraren egoera zaintzeko:
🔊 Egindako lehen neurketek dena normaltasunez dagoela adierazten dute, eta edozein gorabehera antzemanez gero, berehala jakinaraziko zaie herritar guztiei. (2) pic.twitter.com/DPhGU5ZNtP
— Eibarko Udala (@EibarkoUdala) February 8, 2020
Zaldibarko zabortegiaz ari garen arren hedabide guztiotan, udal eremuz herri horren auzoa delako Eitzaga, biztanleengan izan dezakeen eraginari begira hobe egingo genuke zabortegia Ermuan edo Eibarren dagoela esanda. Google-n berehala froga daitekeenez, Verter Recycling 2002 enpresak kudeatzen dituen zaborretatik Ermuako udaletxea eta plaza kilometro bakarrera geratzen dira eta Eibarko Ipurua futbol zelaia bi kilometrotara. Sare sozialetan hori arrazoiz azpimarratu du zabortegia sutan dagoelako kezka adierazi duen zenbait herritarrek.
Zaldibar? pic.twitter.com/RD2D4ZuQ3P
— zakilixut11 (@zakilixut11) February 8, 2020
Hauek @rrubennige-k Ermuatik zabaldu dituen kearen irudiak. Txioetan salatu du herritarrei ez zaiela larrialdi azalpenik eman eta galdetu du ea "airearen kalitate normala" hori den, "kea normala" ote den:
Beste argazki hau @maikinthemiddle erabiltzaileak zabaldu du eta salatu du Ermuako herritarrek ez dutela informaziorik jaso arnasten ari direnaz. Ermuako udalari galdetu diotenek ez dutela erantzunik jaso eta gainera, sare sozialetan erabiltzaile hauek isildu eta blokeatu dituela udalaren kontuak:
Larunbata iluntzean Ermuan egindako protestaren argazkia zabaldu du Iker Zaitegik:
Eldiario.es hedabideak zabaldu du informazioa. Bertan dioenaren arabera, Erne sindikatuak salatu du lehen egunean erreskateko taldeak erabili zituen buzoak Iurretako egoitzan egon direla, lurrean, plastikozko poltsetan sartuta eta kartel honekin: "Prezintatuta, amiantoz kutsatzeko arriskua". Ernek zabaldutako argazki hau larunbata arratsaldekoa da, ezbeharretik 48 ordura. Eldiario.es-ek albistean jaso ditu Erneren adierazpenak, eta diote, tamalez, hainbat ordutan inork ez ziela jakinarazi Zaldibarren zeuden hondakinen izaeraz.
Correo egunkarian Sergio Garciak erreportaje zabal batean azaldu ditu Zaldibarko zabortegian harrapatuta dauden bi langileen izen eta zertzeladak. Alberto Sololuze da bata, 62 urtekoa eta Markinan bizi dena; aurretik auto kontzesionarioetan lan egin ostean, azken urteotan Zaldibarko betelanera iristen ziren kamioien zamak kontrolatzen ari zen baskulan. Bigarrena Joaquin Bertran da, 51 urte ditu eta Zallan bizi; hondeaketa lanetan ari den enpresa txiki bat zeukan, zeinetan lan egiten zuten bere semek eta ilobak. Kazetariari esan diotenez, iloba ere zabor mendiak azpian harraptzeko zorian egon zen.
Hala dio Eusko Jaurlaritzak gaur Zaldibarreko zabortegiaren behaketa lanez zabaldu duen agiriak. Honen laburpenak egin dituzte euskaraz Berria-k eta gaztelaniaz Correo-k, esaterako. Bietan nabarmentzen denez, Ingurumen Saileko ikuskariek aurkitutako akats larriei erantzunez Verter Recycling enpresak Jaurlaritzari iritsarazitako agirien artean aurkeztu zuten ingenieritza aholkularitza baten informea argudiatuz zabortegia egonkor zegoela. Izenik ez da jakin oraingoz.
Desagertutako pertsonen familiei eta enpresako langileei babesa adierazi die Zaldibarko Udalak. Zabortegiaren baimenen bilakaera nola izan den azaldu du eta zehaztu du "jardueraren izaera kontuan hartuta, jarduera kontrolatu eta fiskalizatzeko eskumena ez da Udalarena, baizik eta Eusko Jaurlaritzarena". Komunikatuaren amaieran dioenez, "lur-jausia gertatu den ingurua (etxeak, bideak...) begiratzen ari gara, herritarren eta ondasunen segurtasuna bermatzeko".
Hemen:
[KOMUNIKATUA] Desagertutako pertsonen familiei eta enpresako langileei gure babesa eta animoa helarazi nahi dizkiegu.
— Zaldibarko Udala (@ZaldibarkoUdala) February 8, 2020
[COMUNICADO] Queremos trasladar nuestro apoyo y ánimo a las familias de las dos personas desaparecidas y a todas las personas trabajadoras de la empresa. pic.twitter.com/iSJcfpW7mG
Hala adierazi dio EITBri Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordeak. EITBek 2019ko ekainaren 10eko ikusketa bat aipatzen du akats larrien iturri gisa (ARGIAk atzo azaroko beste agiri bat erakutsi zuen bere albisteetan, konfirmatzeko dago ea ekaineko arau-urraketaren jarraipena den ala bigarren urraketa larri bat atzeman zuten agintariek azaroan). Ingurumen Sailak 5 mailatan sailkatzen ditu Zaldibarkoa bezalako enpresen arau-betetzeak eta honi notarik txarrena, akats larriek eraginda.
Elena Moreno Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordea #Zaldibar-ko zabortegiari buruz: "Tximiniak ez ziren metanoa ondo neurtzen ari, pilatzeko baimenik ez zuten materiala zeukaten pilatuta eta baimenik gabeko betelan bat egin zuten" https://t.co/uLQ4b4qYTx
— EiTB Albisteak (@eitbAlbisteak) February 8, 2020
Gaur Ingurumen Sailak aitortu du oraindik inolako disziplina neurririk hartu barik zeukala zabortegia.
Zaldibarko zabortegiak zeukan arazo bakarra ez zen, antza, arauen kontra metatu eta pilatutako amiantoa: goizaldean su hartu du zabortegiak, lehendik neketsuak ziren bilaketa lanak –bi etenaldien artean– gehiago zailduz. EITBren informazioen arabera bazkalondoan piztuta segitzen zuen. Amiantoa ez den beste zerbaitek eragin behar izan du sute hori.
Se suspenden las labores de rescate de las víctimas en el desprendimiento de #Zaldibar por las malas condiciones y seguridad @BomberosEuskadi @BomberosBizkaia @guredot_dotb @durangondigital @anboto @UvrErtzaintza @ermuberri @112_SOSDeiak pic.twitter.com/Y329RIW2wB
— Bomberos Iurreta (@BomberosIurreta) February 8, 2020
Larunbat bazkalondoan eten dituzte bigarren aldiz Zaldibarko Eitzaga auzoko zabortegiko ezbeharrean desagertutako bi langileen bilaketa lanak, oraingoan euriagatik, menditik autopistarantza amildutako hondakin meta erraldoia desegonkorra dela eta. Lehenbiziko aldiz ostiral goizaldean eten zuten erreskate lanek, iturri ofizialen arabera, amiantoarekin egin zutelako topo; 14 orduz egon ziren orduan etenda bilaketa lanak.
ZALDIBAR, segurtasun arrazoiengatik desagertutako bi pertsonen bilaketa bertan behera geratu da gaurkoz. Bihar goizean aztertuko da bilaketa segurtasunez jarraitzea posiblea den.
— SOS Deiak - 112 (@112_SOSDeiak) February 8, 2020
Ertzaintzaren droneak hartutako irudiak:
Zaldibar. Ertzaintzaren dronak hartutako irudiak pic.twitter.com/9obGWj0dUl
— Ertzaintza (@ertzaintzaEJGV) February 8, 2020
LAB sindikatuak, atzo, otsailak 6, Zaldibarren gertatu zen istripu larriaren harira, adierazi nahi du:
-Gure elkartasuna eta sostengua adierazi nahi diegu desagertu diren langileen senideei, lagunei eta ahaideei.
-Eskatzen dugu ikerketa sakona egin dadila, edonolako erantzukizunak argitu eta arduradunak seinalatu daitezela.
-Eskatzen dugu zabortegiaren baimenak ikertu behar direla.
-Salatzen dugu, Administrazioak jakin arren amiantoa zabortegian zegoela, ez dela dagokion prebentzio neurririk bideratu material kantzerigeno honen hondakinak kentzeko zereginetan ziharduten langileak haren arriskupean egon ez zitezen, haien osasuna eta bizitza arriskuan jarriz.
-Material kantzerigeno honen zuntzen arriskupean berez jardun den pertsona oro identifikatu behar da, arriskupean egon diren langileen zerrendan sar daitezen eta etorkizunean kontrol medikua egin dadin.
Honengatik guztiarengatik eta Eusko Jaurlaritzaren hainbat Sailek ardura izan dezaketelakoan, berresten gara lan harremanen eredua aldatzeko premian, non langileen segurtasuna eta osasuna ipiniko den eliteen interes ekonomiko eta politikoen aurretik.
Ekologistak Martxan taldeak euskal administrazioek zabortegien gainean duten kontrol eza salatu Zaldibarko zabortegiko istripua dela eta. Talde ekologistak ohartarazi du Zaldibarko zabortegian Eusko Jaurlaritzak irregulartasunak antzeman zituela 2019ko ikuskapen batean, "baina eduki zituen ondorioak edota neurriak ez dira ezagutzen".
Ekologistak Martxan taldeak, bi langileren egoera deitoratuz, salatu du Zaldibarko hondakin biltegiak gertatutako istripua ez dela gauza berria Bizkaian: gogoratu du Zallan dagoen beste batek hainbatetan su hartu duela, azkena duela gutxi, eta ez dela jakin horretaz administrazioak zein neurri hartu duen. Ostegunean ezbeharra jazo den Zaldibarkora etorrita, Eusko Jaurlaritzak 2016an eman zion hondakin ez arriskutsuak metatzeko baimena, tartean amiantoa botatzekoa ere bai, baina hala ere, ez zabortegiak ez zeukan erreskate brigadentzako jarduera-protokolorik, hori dago erreskate lanetan azaldu den ezustekoaren oinarrian, elkarte ekologistaren ustez.
Horrez gain, informazio bat ere aurreratu du Ekologistak Martxanek: 2019an Eusko Jaurlaritzak irregulartasunak atzeman zituela Eitzagako zabortegian egindako ikuskapenean: "Espediente bat ireki al du? Zigorrik izan al da? Zer nolako neurri hartu ziren?", galdetu du.
Ekologistak Martxan taldeak adierazten du oraindik ezbeharraren xehetasun guztiak ezagutu gabe ere zera gelditu zela bistan: "Euskal administrazioek ez dute zabortegien gainean eta uzten dituzten substantzietan beharrezko kontrola, ezta baimenak eman ondoren leku horiek behar duten jarraipena egiten. Hau guztia dela eta, Ekologistak Martxan taldeak gai honen jarraipena egingo du erantzukizunak eskatzeko".
Ekologistak Martxan taldeak salatu duenetik jakin da Eusko Jaurlaritzak irregulartasun larriak aurkitu zituela 2019an Zaldibarko Eitzagako zabortegian egindako ikuskaritzan. Sare sozialetan zabaldu da Jaurlaritzako ikuskariak egintako txostenaren kopia.
AI00006/4S zenbakidun espedientean (PDF) ageri denez, 2019ko azaroaren 9ko datarekin egin zuen Zaldibarko zabortegirako bisita Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko ikuskariak. Aldez aurretik enpresari abisatutako bisita zen, ikuskaritza programatua, eta hala ere Verter Recycling enpresak ez zuen lortu ikuskaritza hura ondo pasatzea.
Baimenak betetze mailan inspekzioak eman ditzakeen bost puntuazioen artean, betetze maila onetik txarrera, Zaldibarkoari ikuskariak notarik txarrena jarri zion: agirian bertan garbi geratzen denez, nota txar horrek adierazten du enpresan aurkitu dela baimenaren betetze mailan oker nabarmen edo larriren bat.
Agintariek azaldu beharko dute zertan geratu zen espediente hura.
Zaldibarko Eitzaga auzoan Verter Recycling enpresak kudeatzen duen zabortegian galdutako 50 eta 60 urteko bi langile dira. Ezbeharra ostegunean (otsailak 6) 16:00ak aldean gertaturik, laster hasi ziren erreskate lanak, ilundu ostean ere gauez jarraitu zutenak, harik eta agintariek goizaldeko 01:30 inguruan erabaki zuten arte lanak etetea, ostiral goizean segurtasun batzorde berezi batek jarraitzeko baldintzak erabaki arte.
Eguerdian Eusko Jaurlaritzako larrialdietarako daukan SOS Deiak jakinarazi duenez, agintari eta adituen bilera berezi batean erabaki dute gaur langileen bilaketa-lanei berriro ekitea, horretarako eskatuz amiantoa bezalako hondakin arriskutsuen erabileran trebatutako ekipo baten laguntza:
Ia 14 orduz egon dira etenda lanok, berriro bazkalondoko 15:00ak pasata ekiteko.
Etenaren arrazoia amiantoan zetzan. Ustez, Eitzagako zabortegiak hondakin ez arriskutsuak kudeatzeko baimena zeukan arren, amiantoarekin egin zuten topo bertan lanean ari zirenek. Goizean polemika piztu da baimenon inguruan. Alde batetik, (Naiz-ek aurreratu du xehetasun hau lehenbizi) hondakin arriskutsuentzat dela aipatzen duelako 2016an Eusko Jaurlaritzak Verter Recycling enpresari zabaldutako Ingurumen Baimen Bateratuan behin eta berriro espreski aipatzen delako puntu hori. Aldiz, Berria-k zabaldu duenez, agintariek istripuaren hasieratik jakin behar zuten zerekin egin zezaketen topo sorospen zerbitzuek, amiantoa biltzeko baimena espreski ematen zitzaiolako enpresari 2007an emandako Ingurumen Baimen Bateratuan.
Geroago, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileek Radio Euskadi-n adierazi dute Verter Recyclingek bazuela amiantoa kudeatzeko baimena, Naiz-ek berak zabaldu du enpresa honek baimen hori daukala justu 2017tik.
Goizean entzun dira langileen eta sindikatuen kexuak, lehenbiziko erreskate lanetan aritu direnek amiantoa bezalako gai arriskutsu bati dagokion babes neurri barik jardun direlako. Geroago zabaldu diren irudietan, inguruan zaintza lanetan ari diren Ertzaintzako agenteak janzki bereziak beztituta ageri dira.
Urte luzez Bilbotik Irun aldera edo Donostiatik Barakaldorantz joan diren milaka herritarrak ohituta zeuden Ermua inguruko bihurguneen goiko aldean ageri zen bete-lan gero eta erraldoiago hura ikusteaz. Masa itzel hori maldan behera abiatu da orain eta autopistaren erdia denbora luzez eduki beharko dute itxita: bidea oztopatzen duen pila kentzen hasiz gero gainera etorriko da goitik anitzez gehiago... eta ikusteke dago segurtasun azterketak ez ote duen autopista osorik etetea eskatuko hurrengo euritearen beldur...
Visiting urban waste collection and reduction sites should be a compulsory school tour. Open a cookie pack to swallow two inner cookies and mentally construct the package surface path. The shame of human activity lies in destiny. Ultimate desolate landscape of the sins of... [+]
Europako Batzordeak beste behin adierazi du Eusko Jaurlaritzak legedia bete zuela Zaldibarko zabortegiaren kasuan. Zaldibar Argitu plataformak nabarmendu du Lakuak bidalitako informazioa soilik izan duela kontuan Bruselak.
In February, two years have passed since the Zaldibar landfill fell. In March comes the second anniversary of the pandemic, when we stay home for two months. Two disasters. The second covered the first, but the management of the Eitzaga disaster taught us how the pest was to be... [+]