Administrazioeko iturriek zabaldutako informazioen arabera, Euskal Herrian martxoaren 31ko arratsaldea arte 441 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak, 8.225 kutsatu eta 3.185 dira ospitaleratuta daudenak. Agintariek sendatutzat eman dituzte orain arte 1.528 gaixo. Hona kopuruok lurraldeka:
- Hildakoak 441: Araban 133, Bizkaian 148, Gipuzkoan 44, Nafarroan 113, Iparraldean 3 (Zuberoan 1, Lapurdin 2).
- Kutsatuta testeaturik positibotzat emandakoak 8.647: Araban 2.105, Bizkaian 3.102, Gipuzkoan 1.113 eta Nafarroan 2.305. Iparraldeko datu fidagarririk gabe segitzen dugu.
- Ospitaleratuta daudenak 3.089. Herrialdeka ez dugu datu osaturik aurkitu gaur.
Haserrea eragin dute martxoaren 30eko EITBko albistegiek jende askoren artean. Sare sozialak horren lekuko. Telebista publikoko langile ugari ere kexatu da, hala nola LAB eta ELAko atal sindikaletan bilduta daudenak. Lehenak adierazi du ez dela onargarria "denona izan behar lukeen Euskal Telebista Telebatzoki bihurtzea"; bigarrenak, funtsezkoa ez den jarduera ororen itxiera iragarri zutenetik albistegiek berebiziko ahalegina egin dutela Eusko Jaurlaritzaren eta Confebask patronalaren iritzia herritarrei zabaltzeko.
EHUko irakasle talde batek jarri du martxan ikerketa: lehenik, haurrei eurei eskatzen zaie nola sentitzen diren adierazteko, eta ondoren gurasoentzako –edo etxe horretan bizi diren helduentzako– galdetegia dator. Besteak beste, “familiei umeekin gaiaz hitz egitea ahalbidetuko dien lanabesa" izan nahi du.
Maiatzaren 4an hasi eta uztailaren 10era bitarte egitekoa zen. Epaitegiko lehen auzialdiko presidenteak adierazi du ez dagoela baldintza egokirik horretarako, osasun krisia dela-eta.
Koronabirusaren pandemia tarteko, 2002tik ikusi gabeko prezio baxuetara jausi da petrolioa. Covid19ak eragindako mugikortasunaren gutxitzeak badu zerikusia, baina baita Saudi Arabia eta Errusiaren artean hasitako salneurri-lehiak ere.
Kalean ezin saldu, berez gogorrak dituzten baldintzak okerragoak bilakatu ditu krisi honek manteroentzat. Euskal Herrian bezala, baita Bartzelonan ere. Hango manteroen borroka ezaguna da eta oraingoan ere, ez dute bi aldiz pentsatu: Top Manta markako tailerrean maskarak, batak eta txano kirurgikoak josteari ekin diote, ospitaleak hornitzea helburu.
AEBen zigor ekonomiko eta komertzialek itota eta merkatuetarako sarbiderik gabe, zaila ari zaio Irani pandemiaren aurka borroka egitea. Alemaniak, Frantziak eta Britainia Handiak laguntzea erabaki dute, oinarrizkoak diren produktuak bidaliz.
500 milioi euroko programa onartu du Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak, enpresa txiki eta ertainek eta autonomoek finantzatzeko izan ditzaketen beharrei aurre egiteko. Horretarako, hitzarmenak sinatu ditu hamabost finantza-erakunderekin eta Elkargirekin.
Enrique Maya Iruñeko alkateak (Navarra Suma) Facebook bidez iragarri duenez, Covid-19aren testean positibo eman du. Isolatuta lan egingo duela iragarri du mezu berean. Nafarroako Foru Erkidegoan hainbat kargudunek eman dute positibo jada: Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, Manu Ayerdi Garapen Ekonomikoko kontseilariak eta Eduardo Santos Migrazio Politika eta Justizia kontseilariak besteak beste.
Eliteko kirolari asko agertu da azken asteetan koronabirusaren krisiari aurre egiteko ekintzak proposatzen. Zenbait hedabidek asko txalotu dituzte jarrera horiek, II. Mundu Gerran juduak nazien atzaparretatik salbatu zituztenen mailan jarriz. Jon Tornerren blogean konparazio horiei buruz hausnartzeko zenbait gako aurkituko dituzue.
Kolonbiako ELN gerrillak su-etena iragarri du koronabirusaren krisiak irauten duen bitartean. Bake prozesurako eskua luzatu dio Ivan Duque herrialdek presidenteari, baina haren inguruko bozeramaileek ez dute erantzun baikorrik eman.
Burdinazko ukabila erabiltzeagatik ezaguna da Richard Lizurey jeneral frantziarra: Zad-aren kontrako operazioa zuzendu zuen eta ezagunak dira jaka horien aurkako errepresioari buruzko eztabaidari garrantzia kenduz egin izan dituen adierazpenak ere. Bera aukeratu du Frantziako lehen ministroak koronabirusari aurre egiteko.
Espainiako Gobernuak adierazi du Zaldibarko zabortegian otsailetik lurperatuta dauden langileen erreskate lanak mantendu ahal izango direla Covid-19aren aurkako neurri bereziak indarrean egonda ere. Bestalde, EH Bilduk salatu du Jaurlaritzak ez duela agindutako epeetan eman zabortegi inkontrolatu horrekin lotuta EAEko legebiltzarrera eraman beharreko dokumentazioa.
Koronabirusaren krisiak gogor jo du AEBetan eta Donald Trumpek hasieran gaitzaren hedapenaren aurrean hartu zuen jarrera aldatu behar izan du. Estatu Batuetako presidentearen iritziz, herrialdean Covid-19ak 200.000 heriotza eragiten baditu, bere gobernuak "lan ona" egin duela erakutsiko luke. Aberatsen eta pobreen arteko arrakalak inperioaren bihotzean zer eragin dituen ere esplikatu du Axier Lopezek artikulu honetan.
Espainiako Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduerak etetea agindu duen arren, Amazon multinazionalak lanean jarraitu ahal izango du. Egoera horren aurrean, bertako langileek segurtasuna exijitu dute.
Adierazpen gogorrak egin dituzte EAEko Gobernuak eta patronalak Pedro Sánchezen gobernuak hartutako neurrien aurrean.
Viktor Orban Hungariako lehen ministro ultraeskuindarrak ia nahi duen guztia egin ahal izango du Covid-19aren aurka egiteko aitzakian onartu duen lege aldaketari esker. Neurrien artean, gobernuak baimendu gabeko informazioa publikatzeagatik bost urterainoko espetxe-zigorrak daude. Albiste honetan kontatu dizugu.
Errektoreordeak sinatutako gutuna bidali die Euskal Herriko Unibertsitateak ikasle guztiei martxoaren 25ean, adieraziz nola jaso behar duten formazioa koronabirusak ekarri duen egoera berrian. Gutunak dio: "Badakigu, oro har irakasleen lana unibertsitateak ezarritako estrategiaren arabera betetzen ari dela, baina gerta liteke, aparteko kasu batzuetan, hori horrela ez izatea". Egoera berrira egokitu ez diren ikasgaien kasuan, gutunak ikasleei dei egiten die "egoki iruditzen bazaie" irakaslearen izena "adieraztera".
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Departamentuak jakinarazi du dokumentu bat prestatu duela akreditatzeko funtsezko jarduera batean lan egiten duela hori daraman langileak. Beharrezkoa izango da hori gainean eramatea mugikortasuna justifikatzeko. Lotura honetan deskarga daiteke PDF formatuan.
Munduan koronabirusagatik hildako gehien dituen herrialdea da Italia. 812 pertsona hil dira azken 24 orduetan eta guztira 11.591 dira bizia galdu dutenak gaitz honek jota.
Martxoaren 30eko arratsaldean, hona Covid-19 izurriak gaur arte eragin dituen biktimen kopuru nagusiak, Worldometers zerbitzuak 17:59ean zenbatuta:
- Hilak 36.865 hildako. Herrialdeka: Italia 11.591, Espainia 7.340, Txina 3.304, Frantzia 3.024, Iran 2.757, AEB 2.616, Erresuma Batua 1.408, Holanda 864, Alemania 560, Belgika 513, Suitza 348, Turkia 168, Hego Korea 158, Suedia 146, Brasil 141, Portugal 140, Indonesia 122...
- Kutsatuak 764.866. Herrialdeka: AEB 145.42, Italia 101.739, Txina 85.195, Espainia 81.470, Alemania 63.929, Frantzia 44.550, Iran 41.495, Erresuma Batua 22.141, Suitza 15.760, Holanda 11.750, Belgika 11.,899, Turkia 10.827...
- Sendatuak 160.148.
Munduko estatistikak herrialdeka jarraian ikusteko:
Lizarran egin zuten moduan, Zestoako zahar-etxean ere langileek erabaki dute egoitzan egitea itxialdia, birusa kanpotik ekarri eta bertan dauden 44 adinekoak ez kutsatzeko. "Erabaki zaila? Ez pentsa, segituan ikusi genuen hori zela egin behar genuena eta lasaitua hartu dugu, bai zaharrengatik, baina baita etxekoengatik ere", adierazi digu zahar-etxeko zuzendariak.
Carlos Gimeno hezkuntza sailburuak astelehen arratsaldean egindako agerraldian iragarri du aurreikusita zeuden azterketak bertan behera geratu eta 2021eko ekainera atzeratuko direla, COVID-19aren krisia dela eta nahikoa segurtasunik ez dagoelako.
Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako 660 lanposturentzako eskaintza publikoa da honakoa, horietatik 226 euskarazkoak, eta 41 espezialiteteetan banaturik. "Ezin dugu jakin datozen hilabeteotan zein osasun egoera izango dugun”, adierazi du Gimenok.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak akreditazio formulario bat jarri duela martxan lanera joan behar duten langileek agiri ofizial bat izan dezaten. Espainiako Gobernuak aktibitate ekonomikoa murrizteko errege-dekretua kaleratu ondoren hartu du neurri hori.
Ekonomia Garapen eta Azpiegituren sailak osatu du formularioa, "betetzeko erraza dena" eta bertan enpresaren eta langilearen oinarrizko datuak agertuko lirateke, funtsezkoak diren lanak egiten dituela eta horretarako mugitzeko beharra duela adieraziz.
Poliziak eta ertzainek "kontrol zorrotzak" egiten jarraituko duela ziurtatu du Beltran de Herediak langileei lanera joatea "errazteko" eta agiri hori erakutsi beharko dutela.
Berria egunkariak administrazioeko iturrietatik bildutako informazioen arabera, Euskal Herrian martxoaren 30ko arratsaldea arte 402 pertsona hil ditu Covid-19 izurriak, 8.225 kutsatu eta 3.185 dira ospitaleratuta daudenak. Agintariek sendatutzat eman dituzte orain arte 1.528 gaixo. Hona kopuruok lurraldeka:
- Hildakoak 402: Araban 123, Bizkaian 133, Gipuzkoan 41, Nafarroan 102, Iparraldean 3 (Zuberoan 1, Lapurdin 2).
- Kutsatuta testeaturik positibotzat emandakoak 8.225: Araban 2.049, Bizkaian 2.937, Gipuzkoan 1.071 eta Nafarroan 2.146. Iparraldeko datu fidagarririk gabe segitzen dugu.
- Ospitaleratuta daudenak 3.185: Araban 353, Bizkaian 1.233, Gipuzkoan 357, Nafarroan 955. Iparraldean datu fidagarririk gabe jarraitzen dugu.
2020-03-31an editatua, 08:08an.
Etxeko langileetako batzuek lana galdu dute koronabirusaren krisi honetan. Soldataz gain, lo-tokia ere galdu dute, lan egiten zuten leku berean bizi baitziren. Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat elkartek erresistentzia kutxa jarri du abian 65 langileri hilabeteko alokairua ordaintzen lagundu ahal izateko.
Sebastian Kurz kantzilerrak jakinarazi du astelehenean hemendik aurrera edozein saltokitan sartzeko derrigorrezkoa izango dela aho eta sudurrak estaltzen dituen maska jantzita eramatea. Kantzilerrak argitu du herritarrek eraman beharreko maskak ez direla osasungintzako langileek daramatzatenak bezain babesgarriak, baina laguntzen dutela kutsaduraren hedatzea eragozteko. Gainera, agintariak herritarrei gomendatu die salerosketez gain beste jendeekin harremanetan ari diren egoera orotan jantzita eramateko aurpegiko babesgarria.
AUSTRIA: MASK-WEARING MANDATORY IN SUPERMARKETS https://t.co/lf7G3NQROc
— Serge F. 🇪🇺 (@EdeDinant) March 30, 2020
Aurten egitekoak ziren Olinpiar Jokoak Tokion. Denbora luzez hasiera data mantendu nahi izan badu ere, azkenean Nazioarteko Olinpiar Batzordeak (NOB) atzeratu egingo direla jakinarazi zuen joan den astean, 2021 urtera, baina garai zehatzik eman gabe.
Hala, kirol munduko hainbat arlotatik eskatu izan da Jokoak udaberrian egin daitezela, Tokion udara askoz beroago eta gogorragoa delako. Hala ere, NOBek azkenean betiko egunak aukeratu ditu ekitaldietarako: uztaileko laugarren ostiralean hasi eta bi aste geroago amaituko dira, uztailaren 23tik abuztuaren 8ra iraungo dute beraz.
Erabaki horrek beste kirol ekitaldi asko moldatu beharra ekarriko du seguruenik; Frantziako Tourrak, adibidez, aurtengo planifikazio bera erabili beharko du eta astebete aurreratu bere irteera.
Olinpiar Jokoak udaran egitea Japoniako Gobernuaren eta telebista kateen eskakizunetako bat zen.
Larrialdiaren itsumustuan, agintariek erabaki dute –ekonomiaren izozteko neurrietan irakur daitekeenez– laborari profesionalei baimentzen zaizkiela elikagaiak ekoiztu, transformatu eta merkaturatzeko mugimenduak. Poztuko gara baldin eta horrek gure baserritarrei herritarrok elikatzeko lana errazteko balio baldin badu: zuzeneko salmenta, plazetako azokak, komertzioetara erraz iristea... Baina agintariek ez digute eragotzi behar batera edo bestera elikagaiak sortzen ditugun ortuzain amateurroi ere. Aitzitik: agintariak enteratu ez badira ere, krisia elkarrekin gainditzea nahi dugun jende guztiok sustatu behar genuke gure inguruko lorategiak ortu bihurtzea, edertasunari erabilgarritasuna uztartuz.
Koronabirusaren krisiaz hitz egin dugu Abya yalako analista eta militantearekin: egungo egoera azaltzen laguntzen duen aldez aurreko testuinguruaz, munduko hainbat tokitan ematen ari zaion erantzunaz, edo etorkizunak ekarriko dizkigun arrisku eta aukerez. Patxadaz eta perspektibarekin pentsatzeko saiakera izan da, egunotan hain zaila gertatzen dena.
Martxoaren 29 gauen azaldu ditu lehen sintomak Simonek, eta isolatuta dagoela jakinarazi dute. Bere egoera ona da. Martxoaren 21ean izan zituen lehenengoz sintomak, baina egindako froga medikuak ezezkoa eman zuen.
Marling Castillo etxeko langilea da eta gaur egun Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Etxeko Langileen Taldearen ordezkaria da. Gipuzkoako Oarsoaldea bailarako emakume migratzaileekin aritzen da lanean. Haien atea ere jo du koronabirusak. Langile batzuk kaleratu dituzte; beste batzuk 24 orduz lanean aritzera behartu dituzte; eta badira beraien kabuz erabaki dutenak etxetik ez ateratzea, nahiz eta gaueko langileak ez izan, sartu-irtenean hasiz gero zaindua kutsatzeko beldurra baitute. Banaka-banaka ari dira langileei deitzen, zer moduz dauden jakiteko. Datu basean 300 izeneko zerrenda dauka Castillok.
Marian, Lucero eta Esther etxeko langileak (izenak asmatutakoak dira) ohituta daude lana beltz eta baldintza kaskarretan egitera. Koronabirusaren hedapenak ordea, torlojuak estutu ditu. SOS Arrazakeriaren bidez jarri gara beraiekin harremanetan eta bakoitzak bere egoera kontatu digu.
Etxeko Langileen Nazioarteko Eguna da martxoaren 30a. Sektorean lan baldintza duinen alde borrokatzen duten elkarteek ekintzak prestatuak zituzten gaurko. Covid-19k jarduerak bertan behera utzi ditu, eta are okerragoa, etxeko langileen lan eta bizi baldintzak egun batetik bestera lehenaz gain hondatu ditu. Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren Etxeko Langileen Taldeak gaurko txalo zaparrada beraien alde izatea eskatu du.