Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraZuberoako haizpitarteakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Zuberoako haizpitarteak Aharratze-Kakueta-Santa Grazi-Holtzarte-Larrañe-Irati

KAKUETAKO ARROILAK

Naturak Zuberoari eman dizkion altxorren artean, ezinbestean azpimarratu behar ditugu bertako mendi-zintzurrak, eta hauen artean ezagunenak, Kakuetakoak.

Uhaitza ibaiak zeharkatzen duen haizpitarte hau sinestezinezko parajea dugu: pare bat kilometrotan zehar, altueran 350 metroraino iristen diren eta leku batzuetan elkarrengandik 3 metrora besterik ez dauden bi horma natural.

Gainera, Pirinioetako lekurik basatien eta zoragarrienetako den arroila hau turismorako prestaturik dago, eta horrela bidezidor, helduleku, zubitxo eta abar luze batez lagundurik, edozeinek du paseo zoragarri hau egiteko aukera. Halere, eguzkiaren izpiak kostata sartzen diren pareta hauen arteko lehen espedizio zientifikoek mende honen hasiera arte itxoin behar izan zuten.

IBILBIDEA

Santa Grazi herrira iritsi aurretik dugu arroilerako sarrera. Bertan sarrerak saltzen dituzten kafetegia dugu (helduek 25 libera eta umeek 22). Sarreran bertan, segurtasun-neurriak zorroztu nahi izanez gero (ez da derrigorrezkoa) kasko urdin ugarietako batzuk ere har ditzakezue. Gero, ibilbidean zehar, larrialdi-deiak egiteko aparailuak ere badaude, badaezpada. Bideak ez du inongo zailtasunik, baina horrelako neurriak ondo daude badaezpada.

Haizpitartean sartu aurretik, lakutxo bat utziko dugu eskuinaldean, eta berehala, haizpitartean barrena sartuko gara (ibilbide osoa ondo seinalatuta dago). Sartzen garen unetik bertatik, gero eta txundituago geratuko gara, errekaren albotik doan bide lauaren bi aldeetan horma miresgarriek ikuskizun apartak erakutsiko dizkigutelako, bata bestearen atzetik. Leku batzuetan zerua doi-doi ikusten den horma erraldoi eta orlegi hauen artean, ur-jauzitxo ederrak behatzeko aukera izango dugu tarteka, zein baino zein zoragarriagoa.

Argazkiak egiteko aukera baduzue, hobe duzue lehenago ibilbide osoa egin eta itzuleran egitea, bestela konturatu aurretik karretea amaituko zaizuelako. Halaber, kontuan hartu leku heze honetan argi gutxi sartzen dela eta agian hiruoineko bat ere beharko duzuela.

Azkenik, ibilbidea bukatzeko oraindik nondik sortzen den ez dakiten eta zuzenean hormatik irteten den ur-jauzi handi eta ikusgarri batera iritsiko zarete. Metro batzuk aurrerago amaitzen da bidea, estalagmita eta estalaktita harrigarriak dauden Aintzirako Harpean hain zuzen. Hortik aurrera bidea zeharo zailtzen da eta espezialistentzat bakarrik gomendatzen da. Beste guztiontzat onena bide beretik itzultzea da.

Arroilen egutegia eta ordutegia: Egunero martxoaren 15a eta azaroaren 15a bitartean, goizeko 8etatik iluntzeraino. Azkenik, hiru bat orduko joan-etorrirako kontuan hartu oinetako erosoak eramatea.

SANTA GRAZI

Euskal Herriko ekialdeko azken ertzean galdurik, artzain-herrixka sakabanatu hau xiberotarren xarma ongien gordetzen duten horietakoa da. Mendiartean 630 metrotan kokatua, bere izena III. mendean Iruñean sekulako martirioak jasan zituen Santa Graziana hispaniar noblearengandik datorkio.

Bestalde, Santa Grazi, historikoki, Zuberoa eta Nafarroako Erronkariren arteko pasabiderik zaharrenetakoa izan da, Santiagoko Bidearen zati izateaz gain. Horren froga, eta baita herrixkaren arima ere, 1085eko eliza erromanikoa da. Leireko Monasterioaren aginduz erromesentzako ospitale gisa eraikia, atzeko mendixken aurrean solemnitate handiko itxura islatzen du, hainbeste mendetan zehar inguru bakarti hauetako errege izan denaren solemnitatea alegia.

Itxura bitxia duen eliza honen arkitektura (alde batean bi teilatuko kanpandorre garaia eta alboan teilatu maldatsu eta bakarra duela) inguruko etxeetakoekin bat eginik dago, osotasun ederra eratuz. Barrualdea hiru barneluzegotan banatua dago, eta aldarearen inguruko kapitel polikromatuak nabarmentzen dira bereziki, Bibliako pasarteak irudikatzen dituztenak.

Elizaren alboan hilerri interesgarria daukagu. Bertan, elizaren ataldearen alboan, hilarri diskoidal zaharren artean landutako gurutze eder bat aurkituko dugu. Azkenik, elizaldearen ondo-ondotik Ehujarreko Arroilara eramango gaituen bidezidorra abiatzen da.

HOLTZARTEKO ARROILAK ETA ZUBIA

Zuberoako Pirinio aldean, Larrañetik gertu, Euskal Herriko parajerik ikusgarrienetako bat dugu Holtzarte. Izan ere, honako hau Zuberoako beste arroiletatik bereizten duena zera da, zintzurraren gainean zintzilik dagoen pasabide edo zubitxoa, Indiana Jones-en filmen antzerakoa.

Honi esker, zintzurretako bat goialdetik eta erdi-erditik behatzea eta gozatzea ahalbidetuko digu, paregabeko ikuskizuna eskainiz. Kakueta behetik gora ikusi baduzue, oraingo honetan Holtzarte goitik behera behatzeko aukera izango duzue. Dena den, zubi hau filmetakoak baino askoz ziurragoa da, burdinezko kableek eusten diotelako, eta pasabidearen ezker-eskuin altuera handiko sare bana dugulako, istripuak gerta daitezela zailduz.

IRISTEKO MODUA

Larrañe baino hiru bat kilometro lehenago dugun Logibarko Aterpetxearen atzealdeko aparkalekutik irtengo gara. Aparkalekutik errekaren sorbururantz abiatuko gara, hura eskuinean dugula gorantz joaz. Bidea gogortu egiten da tarteka, eta euria egin badu lokazturik egon daiteke, baina bide bakarra da, eta beraz ez dago galtzerik.

Erreka beti eskuinean dugula, batzuetan pixka bat urrundu behar badugu ere, bista ederrak dituen 40 bat minutuko bide honetatik goraino iritsiko gara. Bidea agian gogor samarra izan dela baina halere erabat merezi izan duela konturatuko zarete. Zuen aurrean Olhadoibia (ezkerrean) eta Olhado (eskuinean) haizpitarteak elkartzen diren aparteko lekua ikusiko duzue.

Bide izugarri honi jarraituz berehala txundituta utziko zaituzten zubia ikusiko duzue, Euskal Herrian daudenetatik ederrena (besterik baldin badago). 200 metroko altueran dagoen zubia basoa ustiatu ahal izateko egin zen, eta esan dugun moduan, zeharkatzea oso zirraragarria baina arriskurik gabea da. Pentsa ezazue bertako bista, jasan litekeen zorabioa baino askoz ederragoa dela.

Orrialde nagusiraZuberoako haizpitarteakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403