Arabako Mendebaldea Añana-Gesaltza-Valderejo(Parke
Naturala)
|
AÑANA-GESALTZA Gesaltza Euskal Herrian aurki dezakegun paisaiarik sinestezin
eta surrealistenetakoa da, gizakiak moldatutako paisaia gainera. Izan
ere, Arabako mendebaldean dagoen herri hau bere gatzaga ospetsu eta fantasmagorikoengatik
da ezaguna. Historialarien iritziz hauek II. mendean jadanik lantzen ziren, eta 942. urterako beraiei buruzko agiri idatziak daude. Batzuek historiaurrean ere kokatzen dituzte. Erdi Aroan gatzak izan zuen garrantzia zela-eta, gatzagak ustiatzearren monastegiak, jauntxoak eta baita errege-erreginak ere lehia bizian ibili ziren. Beste gatzagekin ere izan ziren eztabaidak, konpetentzi mugak zehazteko orduan. Horrela, Gesaltzako gatza Portugal eta Extremaduraraino iristen zen, eta ezin zen Nafarroan edo Aragoin sartu. Gatza lurrunketaren bidez lortzen dute, Muera ibaiaren
ur gazia mendiko maldetan kokatutako ehunka larrain edo terrazatan banatuz.
1908. urtean esaterako, 19 gizon eta 38 emakumek 1.500 tona gatz ekoiztera
iritsi ziren. Gaur egun, ekoizpenak errentagarritasuna galdu duen arren,
bitxikeri turistiko gero eta garrantzitsuagoa bihurtu da. Horrela, gatzagetako
lana ikustea, paisai bakar honetan esperientzia ikusgarria izan daiteke.
Udan gainera, eguzkiari esker, gatzaga zuri-urdinek dir-dir egiten dute,
diamanteak bailiran.
VALDEREJO PARKE
NATURALA Ia osorik Burgosek inguratzen duelako-edo (bertan sartzeko ere Burgosetik egin behar da), Arabako mendebaldeko muturra Euskal Herriko txokorik ezezagunenetakoa izan da betidanik. Isolamendu horrek eta bertako biztanle bakanen (gaur egun 20tik behera) eta naturaren arteko elkarbizitza onuragarriari esker, gaur sekulako parajea biltzen duen parke natural honetaz gozatzeko aukera geratu zaigu.
PARKEAREN EZAUGARRIAK Parkearen barruan lau herrixka geratzen dira baina bakarrik bi (Lalastra eta Lahoz) daude populatuak, bailara honetan emigrazioak eragin handia izan baitu. Negu gogorrei eta isolamenduari aurre egiten dieten biztanle hauek nekazaritzaz eta abeltzaintzaz arduratzen dira, eta beraien bizimoduan elkar laguntza eta auzolana ezinbestekoak dira. Giza presio txikiak karezko horma ikusgarriek inguratzen duten bailara erdi biribila hain ondo zaindua egotea azaltzen du. 1992an Parke Natural izendatua, bertako 3.500 hektarea aberatsetan zehar baso-mosaiko zabala aurkituko dugu, batez ere pinudi, pagadi, artadi eta ameztiak. Baina agian interesgarriena, Vallegrull mendigunearen eta orokorrean haran osoaren ikustaldi ederrez gain (eta geroago datorren Puron ibaiaz gain), bertan bizi den fauna joria da: sai arre ugariak, basakatuak, basurdeak, azeriak, belatz handiak, arrano beltzak... noizbehinka agertzen den otsoa barne. | ||
Iradokizunik baduzu, akatsik topatu
baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu:
ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa) Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403 |