IBILBIDE MOTZ HONEN
HASIERA Aņana-Gesaltza herria izango da, erdigunearen ondo-ondoan
ditugun gatzagek sortzen dioten itxura surrealistarekin. Uda aldean
hurbiltzen bazarete, gainera, gatzaga
ikusgarri hauetan nola diharduten lanean ikusiko duzue, hainbat
mendetan zehar egin duten modu berean.
Mendebalderantz goazela, 5. kilometroan aurkituko
dugun bidegurutzean Valderejoko Parke Naturalaren lehen kartela
ikusiko dugu, eta horixe izango da eredua hemendik aurrera, errepide
bakarti hauetan zehar bidea oso ondo seinalizaturik aurkituko baituzue.
Kartel horri jarraituz, segituan Getarian sartuko
gara, Uribarri Gaubea udalerri zabaleko lehen auzo-herria. Monumentu
erromanikotan aberatsa, gainera Erdi Aroko dorretxe ugari erakusten
du, beren artean Luyando eta Hurtado Mendozakoa.
Lehenbiziko populagune hau zuzen zeharkatu ostean,
lau kilometro ingururen bueltan, alde batean Angosto eta bestean
Villaņanez guneak geratuko zaizkigu. Eskuinaldeko Angostoko Ama
Birjinaren Santutegi edo Komentua XVI. mendeko erretaula erakusgai
duen jainkotegi polita da. Villaņanez herritxoan bere aldetik, Baronatarren
dorretxe ikusgarria nabarmentzen da. Gotorlekuak dorretxeaz gain,
oraindik antzinako lubakia mantentzen du.
Ibilbidearen 13. kilometroan berriz, udalerri osoko
erdigune funtzioa betetzen duen Uribarri Gaubea herria dugu.
1,5 km. geroago, dagoeneko Burgosen sartzear gaudela,
Gurendes herrixkatik pasako gara, Omecillo ibaia menperatzen duen
mendixkatxo batean.
Hortik aurrera gure bidea Gaztelako (Burgoseko)
lurraldeetan jarraituko dugu, Valderejok erdi betetzen duen arabar
mendebaldeko penintsula honetan sartzeko aukera bakarra horixe delako
(Arabako barnealdetik abiatuz). Horretan ari garela, 16,5. kilometroan
San Millan de San Zadornil herritxoan sartuko gara eta 100 metro
igaro ondoren ezkerrera egingo dugu (Burgosen ere Valderejorako
bidea oso ondo seinalizaturik dago).
Lehenengo hau zeharkatu ostean, hurrengo herritxoa
San Zadornil izango da, bertan eskuinerantz jo beharrez. 2,5 km.
beranduago, saindu berbera aipatzen duen hirugarren populagunea:
Arroyo de San Zadornil.
Azkenik, 23,5. kilometroan berriz Araban sartzeaz
batera Valderejo Parke Naturala hasten dela nabarituko dugu, landaretza
gero eta ederragoa baita.
Laster, parkeko zerbitzugune den Lalastra herrixkara
iritsi, eta naturgune izugarri honek eskaintzen dizkigun lekuetaz
gozatzen hasteko moduan izango gara.
|