ORREAGA
Kondaira eta historia uztartzen diren toki mitiko honetan,
Euskal Herrian gutxien populatua dagoen herri bateko biztanle bakanek
gure ondare historiko-artistikoaren altxor handienetako bat zaindu digute:
Orreagako Kolejiata eta bere inguruko eraikinak.
Baskoien garaipenik handienaren lekuko izan zen Ibañeta
Mendatearen pean, Orreaga Santiago Bideko etaparik garrantzitsuenetakoa
zen, eta ondorioz, erdi aroko Europan paper garrantzitsua bete zuen. Gaur
ospe horren oroimena besterik ez zaigu geratzen, baina batez ere, bertako
osotasun monumental izugarria.
LABURPEN HISTORIKOA
Orreagako Kolejiata 1127an eraiki zuten, erromes ugariei
fisikoki eta izpiritualki laguntzeko asmoz, lehenbizi Ibañeta Gainean,
baina bost urte beranduago mendatepera lekualdatu zuten. Lekua jada lehenagotik
ere oso ezaguna zen, 778ko bataila ospetsua kontatzen zuen gesta-kantak
entzutetsu bihurtu baitzuen.
Lehenagoko ospe horrekin, eta Antso Azkarrak eliza eskuzabalki
hornitu zuela kontuan izanik, XII. mendearen amaieran dagoeneko Kolejiatak
sekulako entzutea lortu zuen, eta 1219an kontsakratua geratu zen eliza.
Hortik aurrera, hurrengo mendeetan zehar, Kolejiatako ondasunak eta boterea
gero eta handiagoak bihurtu ziren, eta ondorioz, bertako prioreak hautatzeko
orduan borroka ugariak sortu ziren.
Azkenik, XVII.-XVIII. mendeetan izandako sute handiek,
gerrek eta desamortizazioak bere hondamendia ekarri zuten, baina azken
mendean berriz ere garrantzia berreskuratu du. Historikoki San Agustin
Ordenako fraideek okupatu izan dute (XIII-XVII), baina gaur egun monje
diozesiarrek zaintzen dute.
IKUSTEKOAK
Kolejiata bera bisitatu aurretik, errepidearen beste aldean dagoen Itzandegia
Bisitarientzako Zentroan Nafarroaren, Santiago Bidearen eta Orreagaren
historiari buruzko erakusketa iraunkorrak toki honen garrantzi historiko-artistikoa
konprenitzen lagunduko digu. Horregatik, bertatik hastea aholkatzen dizuegu.
Zabalik: urte osoan egunero, 10:00etatik 20:00etara. Sarrera kasu guztietan
dohainekoa da.
Arrazoi berberagatik, Kolejiatako osotasun monumentalaren sarrera nagusiaren
ezkerraldean dagoen Museoa bisitatuko dugu ondoren. Bertan era guztietako
eta balio handiko altxorrak behatu ahal izango dituzue: bitxiak, tailuak,
eskulturak, margoak, liburuak eta abar luzea.
Bakan batzuk aipatzearren, Carlomagnoren zilar urreztatuzko xake-jokoa
(XIV. m.), zilarrezko Ebanjelario erromanikoa (XIII.aren hasiera), Altxorraren
Ama Birjina, kantu-liburu erraldoi batzuk, Pedro Axularren Gero
euskarazko liburuaren lehen edizioa (1643)... aipa ditzakegu, baina beste
asko ere gordetzen ditu. Zabalik: uztailaren 1etik irailaren 15era, asteartetik
igandera, 11-13:30 eta 16-18 ordu bitartean. Urte osoan zehar, igande
eta jaiegunetan. Helduen sarrera 200 pta.
Kolejiatan sartu eta berehala, eskuinean XVII.eko Klaustroa dugu, elurrak
aurreko gotikoa hondatu ostean eginikoa. Bertatik, Antso Azkarraren (tradizioaren
arabera etzanda dagoen estatuaren 2,25 metroak Erregearenak berarenak
dira) Mausoleo ikusgarria dagoen XIV.eko Gela Kapitularrean sartuko gara
zuzenean, Navas de Tolosako bataila ospetsua irudikatzen duen beirategi
eder eta handi batek argiztatzen duelarik.
Errege honek 1212ko batailan apurtu zituen kateak ere gordetzen dira,
bataila horren oroimenez gaur egun ezagutzen dugun Nafarroako Armarria
osatzen duten kate berberak.
Klaustroaren ondoan Orreagako Kolejiatako Andre Mariaren Eliza dugu,
Frantziako gotikoaren hasierakoa, hiru nabeduna eta Ama Birjinaren zilarrezko
irudi ederra nabarmentzen dela (XIV. m.). XIII. mendekoa, mende bat lehenagoko
eliza erromanikoaren gainean egin zuten. Alboko barneluzegoetan arrosetoi
txikiek koroatzen dituzten arkutxoak elkarri gainjarriak ageri dira. Burualdeko
beirategi meheak ere ikusgarriak dira.
Osotasun nagusi honetatik irteten bagara, errepidearen ezkerraldeko monumentu-multzoa
bisitatu aurretik ohar zaitezte bidegurutzean bertan nolako arroka dagoen,
Orreagako Bataila mitikoaren 12. mendeurrena gogoratzen duen monumentua
bihurtua. Aldamenean XIII.eko Santiagoren Kapera kokatua dago, antzinako
parrokia izan zena. Bertako kanpaiak Ibañetan zehar zetozen erromesak
orientatzeko erabiltzen ziren.
Ondoan Sancti Spiritus Hil-Kapera (edo Carlomagnoren Ziloa) dugu, XII.
mendeko erromanikoa. Bertan, ospitalean hildako erromes ugari lurperatzeaz
gain, tradizioaren arabera Orreagako Batailan hildako heroiak ere ehortzi
zituzten. Azkenik, errepidean 300 bat metro aurrerago egiten badugu, XIV.
mendeko Erromesen Gurutze ikusgarriaren parera iritsiko gara.
Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
|
Nafarroa
47 km.
952 m.
32
%22
14 km2
2 bizt./km2
Ama Birjinaren Eguna (irailak 8) |
IBAÑETA
MENDATEA
Orreagatik pare bat kilometrotara (ikus ibilbidea), hainbestetan aipatu
izan dugun 778ko abuztuaren 15eko bataila mitikoaren eszenategia dugu,
baskoiek (musulman batzuen laguntzarekin) Karlomagnoren gudaroste garaiezina
garaitu zutenekoa. Segada atzealdetik hasi eta gudari-talde osoa harrapatu
omen zuen, eta aurrean zihoan Karlomagnori beranduegi iritsi zitzaion
horren berri.
Sarraskiaren erdian Frantziako Pare eta Karlomagnoren iloba zen Errolan
ere hil zuten, eta horretan oinarriturik, gertaera hura fantasiatsuki
kontatzen duen Errolanen Kanta sortu zen, Europako erdi aroko lan garrantzitsuenetako
bat. Gaur egun, Ibañeta Mendatean Errolanen Monolito-Monumentu
ikusgarriak gertakari hura gogoratzen digu.
Egun argia bada, aurrean dugun bailara eta haizpitartearen bista zoragarria
da, eta lainotua badago, atzean dugun Salbatore Baselizaren kanpaiak mendatean
gora datozen erromesak orientatzen entzungo ditugu. Honen alboan, hainbat
eta hainbat erromesek oroigarritzat utzitako gurutze-pila bitxi eta ikusgarria
dago, esfortzuaren ondorengo eskerron gisa-edo.
|