Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraUrrobi Irati ibaiakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Urrobi eta Irati ibaiak Donibane Garazi-Arnegi-Luzaide-Orreaga-Itoitz-Agoitz-Garralda
Sarrera Nola iritsi Zer ikusi Informazio praktikoa Argazkiak

Nola iritsi

SANTIAGO BIDEA Oraingo honetan ere Nafarroa Behereko hiriburuan hasiko gara, Donibane Garazin. Hemen Iruñerako bidea hartuko dugu, Auritzeraino utziko ez duguna. Segituan Uharte-Garazitik pasatuko gara.

Hemendik aurrera, Nafarroa bien arteko mugaraino bailara polita zeharkatuko dugu. Muga hori 8. km-an aurkituko dugu, Arnegin. Arnegi, gaur egun Nafarroa Behereko herria, lehen Luzaideko auzoetako bat zen. Gaur egun muga-aldea bentaz beterik dago, eta zentroan, ezkerrera, eliza nabarmentzen da.

Muga igaro eta berehala, Ibañeta mendatea igotzen hasiko gara, eta 3 km aurrerago jada Luzaide (Valcarlos)-eko Elizaldean sartuko gara. Kondairaren arabera, 14 lapur atzerritarrek 14 etxe eraikiz sortu zuten herri hau. Bost auzo sakabanatutan antolatuta dago, bata bestearen atzetik: Pekotxeta, Elizaldea, Azoleta, Gaindola eta Gañekoleta. Berehala konturatuko gara (arkitekturan, euskaran), hemengo jendeak askoz kontaktu gehiago duela Nafarroa Beherearekin Garaiarekin baino. Eliza bera, Erromesen monumentua eta hilerriko hilarriak nabarmentzen dira.

Igotzen jarraituz, paisaia gero eta ederrago eta basatiagoa bihurtzen doa. Zuhaitz eta haitzez beteriko mendien arteko bailara estua, segada baterako egokia... Argi dago 778an lurralde inguru hau baskoien aldekoa zela. Elizaldetik 11,5 km-tara haran osoa ikusteko paregabeko begiratokia dugu. Beste lau kilometro egin eta Ibañeta mendatean izango gara. Ezkerrean, San Salbador baselizaren alboan, Errolanen monumentua eta aparkaleku-begiratoki handi bat ditugu.

Pagadi eder bat zeharkatuz, pare bat kilometro ondoren, Orreaga (Roncesvalles) mitikoan izango gara. Kolejiata hau, milaka erromesen atsedenleku izateaz gain, gertaera handi askoren lekuko ere izan da (Orreagari berari buruzko informazio zehatza datorren astean eskainiko dizuegu).

Auritzerako bide ederrean, bi zuhaitz-lerroren artean, segituan errepidearen ezkerraldean harrizko Erromes-Gurutze handi bat ikusiko dugu. 2,5 km-tara Auritz (Burguete) dugu, eta bere erditik zeharkatuko dugu, etxe zuri eta politek edertzen duten kale nagusitik. Herri hau, lehenago “Burgo de Roncesvalles” deitua, XVIII. mendean harresiz inguratua zegoen; kale nagusi hau erromatarren bide eta Done Jakue bide ere izan zen antzina.

Auritz utzi eta handik kilometro batera, bi bidegurutze (bata bestearen ostean) ikusiko ditugu, eta bigarrenean ezkerretara egingo dugu, Iruñerako bidea utziz eta Agoitzera zuzenduz.

URROBI IBARRA

Orain arte ibai honen inguruan ibili gara, baina hemendik aurrera haren alboan egingo dugu bidea, eta hainbat aldiz gainetik ere pasatuko dugu. Arboladi handia igaro ostean, bidegurutzetik 9,5 km-tara Arrietako Bentak izenekoaren lehenbiziko etxeetatik pasatuko gara.

Beste bost km egin eta Uritz zeharkatuko dugu. 20 biztanle besterik ez dituen herri nekazari hau haran honetan aurkituko ditugunen eredu izan daiteke, aurrekoa eta hurrengo Nagore herria ere izan daitezkeen bezala. Urrobiren inguru honetan garrantzitsuena paisaia da. Leku bereziki ikusgarri gutxi ikusiko dugu, baina osorik hartuta, oso ibilbide atsegina da.

Nagoretik 3 km-tara, hala ere, gure begirada harrapatuko duten bi aitzakia handi eta bitxi agertuko zaizkigu, bidearen ezkerraldean.

Berehala Itoitzeko Urtegiaren lanak ikusten (pairatzen) hasiko gara. Ibilbidearen 56,5. km-an Itoitz herrixka (geratzen dena) txiki baina ezin ospetsuagoa topatuko dugu. Espero dezagun denbora luzean bisitatu ahal izatea. Aurrerago eskuinetarantz hartuz, urtegia eta inguruko lanak “distira osoz” behatzeko aukera izango dugu. Tamalez, behatu bai, baina ikusten dugunaz gozatzeko arrazoi gutxi izango dugu.

Azkenik, Itoitzetik 4 km-tara, Agoitzera iritsiko gara, urtegiaren aldeko eta aurkakoen “kuartel nagusia” den leku horretara. Ikusi beharrekoetara bakarrik mugatuz, monumenturik nabarmenena San Migel Arkaingeruaren Eliza dugu, lehendik zegoen erromaniko baten gainean XV.ean hasia (lehengo hartatik dorrea mantentzen du), eta barruan erretaula ederra duena. Auzola edo Bidelepu Erdi Aroko Zubia ere azpimarratzeko modukoa da.

IRATI IBARRA

Azken bidegurutzera itzuli eta eskuinetara eginez, gure urtegi “maitatuak” ito nahi duen bailara eder hau zeharkatuko dugu. 4. km-an gure gainean begiratoki itzel baten itxura duen mendia dugu, eta handik pare bat kilometrotara, Usotzeko Presa.

Bertatik 500 metrotara, aparkatu eta Irati ibaiaren gaineko egurrezko zaldain edo zubitxo bat dugu, ur bizien gainean zintzilik dagoena, baina oraindik erabilgarri. Handik gutxira, eskuinetara, urperaturik geratuko den? beste herrixka bat daukagu, Artozki, bere etorkizuna noiz erabakiko den zain. Bide ikusgarri honen zatirik handiena haizpitarte baten artetik doa, ibaia gure eskuineko aldetik doala.

80. km-an, eta bertako zentral hidroelektrikoa pasatu ostean, Orotz-Beteluko udalerrian sartzen gara. Bertan zenbait trikuharri daude kokatuak. Laster paisaia aurre-pirinioarra berragertuko da, eta bidea, haritzez eta pagoez jantziko da. Tartean Olaldea iragango dugu.

Beste lau kilometro ibili eta ezkerretara egingo dugu, Auritz (Burguete)rantz. Ariztokia izeneko gain honetatik panoramika polita dugu.

Azkenik, ibilbidea pagadi eta harizti zabalen artean kokaturiko Garraldan amaituko dugu. Herri hau 1898ko sutearen ostean berreraiki zuten.

Zer ikusi

ORREAGA

Kondaira eta historia uztartzen diren toki mitiko honetan, Euskal Herrian gutxien populatua dagoen herri bateko biztanle bakanek gure ondare historiko-artistikoaren altxor handienetako bat zaindu digute: Orreagako Kolejiata eta bere inguruko eraikinak.

Baskoien garaipenik handienaren lekuko izan zen Ibañeta Mendatearen pean, Orreaga Santiago Bideko etaparik garrantzitsuenetakoa zen, eta ondorioz, erdi aroko Europan paper garrantzitsua bete zuen. Gaur ospe horren oroimena besterik ez zaigu geratzen, baina batez ere, bertako osotasun monumental izugarria.

LABURPEN HISTORIKOA

Orreagako Kolejiata 1127an eraiki zuten, erromes ugariei fisikoki eta izpiritualki laguntzeko asmoz, lehenbizi Ibañeta Gainean, baina bost urte beranduago mendatepera lekualdatu zuten. Lekua jada lehenagotik ere oso ezaguna zen, 778ko bataila ospetsua kontatzen zuen gesta-kantak entzutetsu bihurtu baitzuen.

Lehenagoko ospe horrekin, eta Antso Azkarrak eliza eskuzabalki hornitu zuela kontuan izanik, XII. mendearen amaieran dagoeneko Kolejiatak sekulako entzutea lortu zuen, eta 1219an kontsakratua geratu zen eliza. Hortik aurrera, hurrengo mendeetan zehar, Kolejiatako ondasunak eta boterea gero eta handiagoak bihurtu ziren, eta ondorioz, bertako prioreak hautatzeko orduan borroka ugariak sortu ziren.

Azkenik, XVII.-XVIII. mendeetan izandako sute handiek, gerrek eta desamortizazioak bere hondamendia ekarri zuten, baina azken mendean berriz ere garrantzia berreskuratu du. Historikoki San Agustin Ordenako fraideek okupatu izan dute (XIII-XVII), baina gaur egun monje diozesiarrek zaintzen dute.

IKUSTEKOAK

Kolejiata bera bisitatu aurretik, errepidearen beste aldean dagoen Itzandegia Bisitarientzako Zentroan Nafarroaren, Santiago Bidearen eta Orreagaren historiari buruzko erakusketa iraunkorrak toki honen garrantzi historiko-artistikoa konprenitzen lagunduko digu. Horregatik, bertatik hastea aholkatzen dizuegu. Zabalik: urte osoan egunero, 10:00etatik 20:00etara. Sarrera kasu guztietan dohainekoa da.

Arrazoi berberagatik, Kolejiatako osotasun monumentalaren sarrera nagusiaren ezkerraldean dagoen Museoa bisitatuko dugu ondoren. Bertan era guztietako eta balio handiko altxorrak behatu ahal izango dituzue: bitxiak, tailuak, eskulturak, margoak, liburuak eta abar luzea.

Bakan batzuk aipatzearren, Carlomagnoren zilar urreztatuzko xake-jokoa (XIV. m.), zilarrezko Ebanjelario erromanikoa (XIII.aren hasiera), Altxorraren Ama Birjina, kantu-liburu erraldoi batzuk, Pedro Axularren “Gero” euskarazko liburuaren lehen edizioa (1643)... aipa ditzakegu, baina beste asko ere gordetzen ditu. Zabalik: uztailaren 1etik irailaren 15era, asteartetik igandera, 11-13:30 eta 16-18 ordu bitartean. Urte osoan zehar, igande eta jaiegunetan. Helduen sarrera 200 pta.

Kolejiatan sartu eta berehala, eskuinean XVII.eko Klaustroa dugu, elurrak aurreko gotikoa hondatu ostean eginikoa. Bertatik, Antso Azkarraren (tradizioaren arabera etzanda dagoen estatuaren 2,25 metroak Erregearenak berarenak dira) Mausoleo ikusgarria dagoen XIV.eko Gela Kapitularrean sartuko gara zuzenean, Navas de Tolosako bataila ospetsua irudikatzen duen beirategi eder eta handi batek argiztatzen duelarik.
Errege honek 1212ko batailan apurtu zituen kateak ere gordetzen dira, bataila horren oroimenez gaur egun ezagutzen dugun Nafarroako Armarria osatzen duten kate berberak.

Klaustroaren ondoan Orreagako Kolejiatako Andre Mariaren Eliza dugu, Frantziako gotikoaren hasierakoa, hiru nabeduna eta Ama Birjinaren zilarrezko irudi ederra nabarmentzen dela (XIV. m.). XIII. mendekoa, mende bat lehenagoko eliza erromanikoaren gainean egin zuten. Alboko barneluzegoetan arrosetoi txikiek koroatzen dituzten arkutxoak elkarri gainjarriak ageri dira. Burualdeko beirategi meheak ere ikusgarriak dira.

Osotasun nagusi honetatik irteten bagara, errepidearen ezkerraldeko monumentu-multzoa bisitatu aurretik ohar zaitezte bidegurutzean bertan nolako arroka dagoen, Orreagako Bataila mitikoaren 12. mendeurrena gogoratzen duen monumentua bihurtua. Aldamenean XIII.eko Santiagoren Kapera kokatua dago, antzinako parrokia izan zena. Bertako kanpaiak Ibañetan zehar zetozen erromesak orientatzeko erabiltzen ziren.

Ondoan Sancti Spiritus Hil-Kapera (edo Carlomagnoren Ziloa) dugu, XII. mendeko erromanikoa. Bertan, ospitalean hildako erromes ugari lurperatzeaz gain, tradizioaren arabera Orreagako Batailan hildako heroiak ere ehortzi zituzten. Azkenik, errepidean 300 bat metro aurrerago egiten badugu, XIV. mendeko Erromesen Gurutze ikusgarriaren parera iritsiko gara.

Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Nafarroa
47 km.
952 m.
32
%22
14 km2
2 bizt./km2
Ama Birjinaren Eguna (irailak 8)

 

 

 

 

IBAÑETA MENDATEA

Orreagatik pare bat kilometrotara (ikus ibilbidea), hainbestetan aipatu izan dugun 778ko abuztuaren 15eko bataila mitikoaren eszenategia dugu, baskoiek (musulman batzuen laguntzarekin) Karlomagnoren gudaroste garaiezina garaitu zutenekoa. Segada atzealdetik hasi eta gudari-talde osoa harrapatu omen zuen, eta aurrean zihoan Karlomagnori beranduegi iritsi zitzaion horren berri.

Sarraskiaren erdian Frantziako Pare eta Karlomagnoren iloba zen Errolan ere hil zuten, eta horretan oinarriturik, gertaera hura fantasiatsuki kontatzen duen Errolanen Kanta sortu zen, Europako erdi aroko lan garrantzitsuenetako bat. Gaur egun, Ibañeta Mendatean Errolanen Monolito-Monumentu ikusgarriak gertakari hura gogoratzen digu.

Egun argia bada, aurrean dugun bailara eta haizpitartearen bista zoragarria da, eta lainotua badago, atzean dugun Salbatore Baselizaren kanpaiak mendatean gora datozen erromesak orientatzen entzungo ditugu. Honen alboan, hainbat eta hainbat erromesek oroigarritzat utzitako gurutze-pila bitxi eta ikusgarria dago, esfortzuaren ondorengo eskerron gisa-edo.

Argazkiak

Errolanen monumentua Ibañetan

Orreagako bataila gogorazten duen monumentua

Itoitz, zigortutako herria


Orreagako eliza

Orrialde nagusiraUrrobi Irati ibaiakNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403