Gipuzkoako Barnealdea Arantzazu-Oñati-Loiola-Bergara
|
OÑATI
ZULOAGA margolariak "Euskal
Toledo" deitu ziola diote, eta arrazoirik ez zitzaiokeen falta izango.
Izan ere, gorabeheraz betetako herri honek bisitariari aberastasun monumental
zabala erakusten dio, bertako Unibertsitatea bezalako harribitxiak adibidez.
Inguruko monumentu megalitikoek erakusten diguten moduan
paraje hau aspalditik populatua izan da, batez ere Neolitiko eta Brontze
Arotik. Hurrengo mendeetako historia sendien arteko liskarrek (banderizoen borrokek), populazioren askatasun nahiak eta bi probintzien artean bizitzeak markatuko ditu. Lehenbizi, Oņati Gipuzkoan barne kasu bitxia dela esan behar da, zeren
zuzenean Erregearen menpe bizi beharrean (Hego Euskal Herriaren gehiena
bezala), hainbat mendetan zehar lehenbizi Jaurerri eta gero Konderri izan
zen. Horrek esan nahi zuen belaunaldiz belaunaldi populazioak noble-sendi
baten nahien menpe bizi behar izan zuela: Oņatiko Jaunen menpe.
AZKOITIA IZARRAITZEN magalean dagoen herri dotore hau, Azpeitiarekin edozertarako duten lehiagatik eta pilotari-harrobi amaiezina izateagatik aparte, bere Jauntxoengatik edo jauretxeengatik ere ezaguna da. Dena den, XI. mende hasierako dokumentazioan jadanik beste izen batekin ageri zen, hots, San Martin de Iraurgi izenarekin. Hiri gisa 1324an fundatu zen, eta beste hirurekin batera "Hiri Nagusia" izaera lortu zuen. Bere garrantziaren adibide dira Korrejidorea bertan bizitzea edo Diputazioaren egoitza izatea hiru urtetik behin. 1457an dagoeneko hiriari gaur egun ezagutzen dugun izena jarri zioten.
AZKOITIKO ZALDUNTXOAK 1763-66 urteek Azkoitiko historian eta baita Araba, Bizkaia, eta Gipuzkoakoan eragin nabaria izan zuten. Urte horietan, Frantzisko Muniabe Idiakez (1723-1785) Peñafloridako Kondeak, beste kultur maila handiko noble batzuekin batera, kultur talde bat sortu zuen.
Frantziako entziklopedisten eraginez, Euskal Herrian
ikerketa zientifikoak bultzatu eta euskal kultura suspertzeko asmoa zuten.
Horretan oinarrituz, pixka bat geroago Euskal Herriaren Adiskideen Elkartea
sortu zuten. Peñafloridako Kondea bera, noblea izateaz gain, zientzialari,
idazle eta politikaria zen, eta Madrilgo Gorteetako Diputatu izan zen.
Nahiz eta Carlos III erregeak elkartea sortzeko baimena eman, honek foruak
murriztu nahi izan zituenean bere kontra egin zuen. 1766an aduanak aldatu
zituztenean Azkoitia (Azpeitia ere bai) matxinada garrantzitsuaren lekuko
izan zen, nekazariak erabat asaldatuz.
IKUSTEKOAK Azkoitiko Udaletxea, herriko plazan kokatua, armarri deigarri batez
nabarmentzen da. Andra Mari Jasokundeko Parrokia, San Martin Iraurgiko
baselizatik datorrena, XVI.-XVII.ekoa da, gotiko estilokoa, eta bere barruan
erretaula bikaina eta "Cavaille-Coll" organo aparta gordetzen
ditu besteak beste.
Dorretxeen artean Baldakoa (XII.-XIII. mendekoa, Azkoitia bera baino
zaharragoa) aipatuko dugu lehenbizi, hortxe bizi izan zelako San Inazioren
amaren sendia.
Zubieta, Idiakezekoa edo "Etxe Beltza" (Erdi Aroko dorre bitxia;
2. Gerra Karlistan erre ostean kolore ikusgarri horrez margotu zuten),
Insaustikoa (barrokoa, Peñafloridako Kondearen elkartearen egoitza),
eta Floreaga Etxea ere ikustekoak dira.
AZPEITIA UROLAREN ezkerraldean eta mendiz inguraturik dagoen udalerri honek gehien bat industria jorratzen du gaur egun, baina bere historiaren ondorioz jauretxe askotxo kontserbatzen du. Izan ere, Azkoitiarekin batera Hiri Nagusi titulua zeukan, eta biek Errege-Gobernariaren eta Diputazioaren egoitzak hiru urtero txandakatzen zituzten. XVIII. mendea arte Batzar Nagusiak ere bertan biltzen ziren. Lehen aipamena 1027. urtekoa da, Iruñeko Apezpikuaren aktetan, "Garmendia de Iraurgui" izena agertzen zela. Hau, geroago "Salvatierra de Iraurgui" bihurtuko zen, eta 1397tik aurrera gaur ezagutzen dugun izena jarri zioten. Dena den, hiri gisa, 1310ean Gaztelako Erregeak, Fernando IV.ak, fundatu zuen. Azpeitiko historian bi gertaera garrantzitsu azpimarratu behar dira: San Inazio Loiolakoaren jaiotza eta 1766ko matxinada.
Loiolako San Inaziotaz eta bere omenezko basilikaz
geroago luzatuko garenez, matxinadaz zera esango dugu, azkoitiarrekin batera
burutu zutela eta bere arrazoia aduanak Ebrotik kostalderaino eramatearen
erabakia izan zela.
IKUSTEKOAK Herriko Plazan Udaletxea dago, lehenago Agustindarren monasterioa izan
zena, kanpandegiak argi uzten duen moduan. Angelu batean hiriaren armarria
dauka.
Herriko Plazaren erdian musika-kioskoa dugu, eta bere inguruan mugitzen
da populazioaren bizitza eta giroa. Eliz kaletik sartuz, berriz, San Sebastian
Eliza aurkituko dugu. Hementxe bataiatu zuten San Inazio.
Antzina dirudienez gune tenplari bat zen, eta XVI.ean berriztatu eta
handitu egin zen. Bi mende beranduago lehenagoko atari platereskoari beste
neoklasiko bat atxiki zitzaion. Elizaren aztarnarik zaharrena berriz,
Erdi Aroko kanpandegia da. Barrualdean, Aldare Nagusiko erretaula barrokoa
nabarmenduko dugu, eta noski, koruaren azpian San Inazio bataiatu zuten
pontea, langa barroko handi batez babestua.
Elizatik gertu mudejar estiloko adreilugintza-lanak dituen Antxieta Etxea
dugu. 1507an eraiki zen, Juan Antxietakoaren aginduz. Azpeitiar hau Errege-erregina
Katolikoen musikaria zen. Berriztatua dago.
Enparan kalean aurkituko dugun Basozabal Etxea hiriko eraikin zibilik
zaharrena da, XV. mendekoa, hain zuzen. Hori dela-eta, "Etxe-Zar"
izenarekin ezaguna da.
Beste eraikin interesgarri bat Altuna Etxea da, Udaletxetik hurbil dago
eta mudejar estiloan eraikita.
Enparan Dorrea 1320. urtean eraiki zen, ibaiaren igarolekuak kontrolatzeko.
Alboetako eraikinak 1760. urtekoak dira. Abitaingo Iturriak elizaren inguruan
daude, antzinako harresien ondoan eta udal-garbilekuekin batera. 1842.
urtean egin zituzten, estilo neoklasikoan, eta gaur egun berriztatuak
daude.
Burdinbidearen Euskal Museoa hiri honetako bitxikeriarik apartena izan
liteke, tren zaharrak ikusteaz gain beraietan sartu eta lokomotora ketsuak
bultzaturik Azpeitiatik Lasao auzoraino joan daitekeelako.
Museoan, lokomotora, tranbia, trolebus, automotore eta mota guztietako
bagoiez gain trenbide munduko erloju-bilduma aberatsenetako bat dago eta
baita makina-erremintako museoa ere.
Bisita gidatuak: asteartetik ostiralera 10:15-13:30 eta 15:30-19:00 ordutegiekin,
larunbatetan berdin eta igande-jaiegunetan goizez. Telefonoa: 943- 15
06 77. Sarrera dohainik da eta Azpeitiko Tren Geltoki zaharrean dago.
BERGARA
Monumentuz josita dagoen hiri hau 1268an fundatu zen, nahiz eta berataz
lehen idatzia 1050ekoa izan eta inguruko trikuharriek erakusten duten
moduan aspaldidanik populatua egon. IKUSTEKOAK. Bisitaldia San Martin Plazatik hasiko dugu, bertan monumentu konzentrazio
handia dugulako. | ||||||||||||||||||||||
Iradokizunik baduzu, akatsik topatu
baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu:
ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa) Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403 |