BIDARRAI
Orreagako Monasterioak XII. mendean fundaturiko priorerri hau, azkenean
1723. urtean independizatu zen. Mendixka baten gainean kokaturik, baxenafar
estiloko etxe zuriz osatutako herri honen alde batean frontoia, aterpea
eta Herriko Etxea ditugu, eta bestean, tonu gorrixkako eliza. Hemendik,
inguruko mendi gorritxoen bista polita ikus dezakegu.
HARPEKO SAINDUA
Kotxez hurbildu ondoren, baserri baten atzealdetik abiatzen den galtzada
moduko bat igoko dugu, gure aurrean altxatzen den mendi-zirkurantz. 150
bat metrotara, bidegurutze moduko batean ezkerretara eginez zuzen-zuzenean
haizperaino eramango gaituen lurrezko bidezidor bat abiatzen da. Bertan,
ehunka urtetan gurtu izan duten izerdi egiten duen santua
dugu, hots, giza-itxura duen estalagmita (imajinazio pixka batekin). Ohiturari
jarraiki, ur horrek azalaren gaixotasunak sendatzen ditu, eta sinismen
horrek bultzaturik, jende askok hainbat buruzapi eta arropa utzi ohi du
kobazuloan.
Herrialdea
Donibane Garazira
Altitudea
Biztanleak
Euskaldunak
Azalera
Dentsitatea
Jaiak |
Nafarroa
Beherea
18 km.
74 m
585
daturik ez
39 km2
15 bizt./km2
Besta Berri (Korpus Eguna)
Andre Mari (abuztuak 15) |
BAIGORRI

Baigorriko erdigunea errepide-karrika bakarrean zehar barreiatzen diren
etxeek osatua dago. Hala, kilometro eta erdi sigi-saga doan kale nagusi
honetan, pare bat gune bereiz ditzakegu: Herriko Etxearen enparantza eta
elizaldea.
Herriaren sarreran lehenik plaza topatuko dugu. Errebotean aritzeko Euskal
Herri osoko frontoirik zaharrenetariko bat dago hemen. Alboan Iriberria
izeneko baserri dotorea dugu. Enparantzaren beste aldean Herriko Etxea
eta zenbait jatetxe eta ostatu ageri dira, guztiak ere batasun atsegin
batean bilduak.
ZUBI "ERROMATARRA
Kaleari jarraituz, ateburu politez hornituriko baserri dotoreen ondotik
aurrera eginez, zubi modernora iritsiko gara. Honen parean zubi zaharra
edo erromatarra dugu (nahiz eta gure herrian askotan gertatzen den moduan
XVI. mendekoa besterik ez izan). Ibai gaineko zubiaren arku bakarrak,
zubia estaltzen duten landareek, alde batean dugun Etxausko Jauregiak
eta beste aldean ditugun mendi gorrixkek, oso ikuspegi ederra osatzen
dute.
Puntu honetan pixka bat atzera egin eta Rue Michelene izeneko 2. mailako
kalea hartuz, zubi zahar honetara iritsiko gara (beste aldetik ere bai,
noski). Hona iritsirik, ohar zaitezte zubiaren harri handiek eta atzean
dugun baserriak nolako kontrastea sortzen duten. Ibilbide honen lehen
lerro hauetan erakusten dizuegun hau, Baigorriko beste postal
tipikoetako bat da.
ETXAUSKO JAUREGIA ETA ELIZALDEA
Antzina, agotentzat bakarrik (jatorri zehaztugabeko arraza madarikatu
eta baztertua, Ipar nahiz Hego Euskal Herrian) erreserbatua zegoen karrika
honi jarraiki, Etxausera helduko gara.
XI. mendeko jauregi dotore hau izen bereko bizkondeena izan zen. Bertrand
Etxauskoa Baionako Gotzaina izan zen, hain zuzen ere Pierre de Lancre
kontseilaria bere postutik bota zuena, Sorgin-ehizan egindako gehiegikeriengatik.
Pertsonaia hau bera, Jeanne de Albret eta kalbinisten aurkako erlijio-guduetan,
katolikotasunaren defendatzaile sutsua izan genuen. Axularri ere lagundu
zion Sarako erretore izan zedin. XVI. mendeko erlijio-guduetan kiskalita
geratu zen gaztelua. Geroago berriztatua, ezkontzaren ondorioz Jean Isidore
Harizperen esku geratu zen, zeina Napoleon III.aren garaian mariskal izatera
iritsi baitzen. Bitxikeria gisa, bertan ostatu hartu duten beste pertsonaia
ospetsuetako bat Charlie Chaplin bera dugu.
Erdi aroko bi dorre dituen kanpoalde karratu eta zuri horrekin batera
(jauregi batean oso ohizkoa ez dena), kontuan hartzen badugu barrualdeko
arma-gela, erdi aroko eskailera izugarria eta bestelako gelak ere badituela,
emaitza gisa arkitekturaren harribitxi bat dugu, 1997. urtean Frantziako
Jauregi Zaharren Saria merezi izan zuena. Zabalik: martxotik azarora,
astelehenetan izan ezik, 10-12 eta 14-17:30 ordu bitartean. Helduentzako
sarrera: 35 libera.
Hirugarren zubia igaro ondoren Saint Etienneko elizara iritsiko gara.
Estilo erromanikoan egindako lau habe eta beste hainbat kapitel gordetzen
ditu, baita abside gotiko bat ere. Barrualdea barneluzego bakarreko tunel
moduko bat da. Bertan XVIII. mendean hispaniar erara urreztaturiko erretaula
barrokoa eta zurezko sabai polikromatua azpimarratuko genituzke. Bertan,
Lapurdin ohikoak (Nafarroa Beherean, aldiz, salbuespen) diren gizonezkoentzako
galeriak ere aurkituko ditugu.
Azkenik, kale nagusitik berriz ere plazaraino itzul gaitezke, tartean
baserri eder gehiago ikusiz. Nolanahi ere, ezin dugu Baigorriri buruzko
informazioa bukatutzat eman Nafarroaren Eguna aipatu barik. Nafarroa bien
arteko anaikidetasuna azpimarratzen duen jai koloretsu honetan, alde bateko
zein besteko taldeek, dantza eta musikaz baliatuz, kaleak animatuz egon
ohi dira egun osoz, apirilaren bukaera aldera.
Herrialdea:
Donibane Garazira:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
|
Nafarroa Beherea
11 km.
156 m.
1.557
daturik ez
69 km2
23 bizt./km2
Nafarroaren Eguna (apiril bukaera)
Herriko Jaiak (abuztuaren 1. astea) |
DONIBANE GARAZI

Donibane Garazi Euskal Herriko hiribururik txikiena da (Nafarroa Beherean),
baina aldi berean herririk politenetako bat ere bai, Ipar Euskal Herrian
gune turistiko oso garrantzitsua izateaz gainera.
HISTORIA PIXKA BAT
Antzina Akitaniako Dukerriaren mende egon zela diote, baina handik gutxira
Nafarroako Erresumaren zati izatera pasatu zen. 1383 eta 1417 urte bitartean,
mendebaldean izandako zisma-garaian, Avignongo Apezpikuaren egoitza bertan
kokatua izan genuen, Aita Santuak Baionakoa bakarrik onartzen zuen bitartean.
XVIan espainiarrek eta nafarrek hiria txandaka hartu zuten
beren mende. Bake-garaian harresietatik kanpo garatu eta Ziutadela eraiki
zuten, aurreko gazteluaren ordez. Dena den, erdi aroko itxura duen hiria
izaten jarraitzen du oraindik.
IKUSTEKOAK
Donibaneko ohiko kaleak maldan gora antolatuta daude, muino baten gainean
dagoen Ziutadelara begira. De Gaulle edo Marché Plazan Turismo
Bulegoaz gain Herriko Etxea dugu, Mansart Jauregian. Louis XIV. estiloko
etxe gorrixka ederra dugu berau.
Errobi ibairantz hurbilduz, zubian geldituko gara unetxo batez, hiri
honetako postalik ezagunenaz gozatzeko, gure aurrean zintzilik
dauden egurrezko balkoi luzeko etxe zaharrak, zubi zaharra, eliza eta
Ziutadelako mendixka ditugula. Bertan dagoen Nafarroako Atea igaroz gero,
harresien barnean sartuko gara; nahi badugu harresien gainetik ere ibil
gaitezke, igotzeko eskailerak daudelako.
Aurre-aurrean, Notre Dame du Bout du Pont Eliza dugu, baina horren aurretik
Xabierko San Frantziskoren arbasoen jauregia ere hortxe dugu, besteak
beste. Elizaren lehen aulkiak antzinako elizaren garaikoak dira, Navas
de Tolosako garaipena ospatzeko Antso Azkarrak eraikia. Barneluzego bakarrekoa,
beirategietan eta aldarean Nafarroako kateak aurkituko ditugu.
Notre Dameko Atea zeharkatuz, erromesen bidetik, Ziutadelako karrikatik
gora igotzen hasiko gara. Aldapa gogorreko kale harritsu hau Euskal Herrian
aurkitu ditugun politenetako bat da, bere etxe, teilatu eta ateburu koloretsu
eta apainduekin.
32. zenbakian Donibaneko etxerik zaharrena eta politenetakoa dugu, 1510ekoa,
39an Apezpikuen Etxea eta 41ean XIII.eko Apezpikuen Presondegia izandakoa.
Bertatik barruko gelak ikus daitezke, eta beheko solairuan presoak lotuta
edukitzeko iduneko eta zirgilo beldurgarriak. Zabalik: apiriletik azaroaren
15a bitarte, 9:30-19 ordutegia duela.
Etxe interesgarri askotxoren artetik gora segituz Saint-Jacques Atea
topatuko dugu, erromesak sartzen zireneko atea. Hemendik aurrera, igoera
txiki bat besterik ez zaigu geratzen XVII.eko Ziutadelaraino. Aldapa honek
Erregearen Ateraino eramango gaitu. Gero, zubi altxagarriaren ostean,
Gobernatzaileen Pabilioia dago, kanpandorre polit bat duela. Barrualdera
ezin gaitezke sartu, bertan lizeo bat dagoelako, baina begiratokia konparaezina
da.
Kale harritsu beretik beherantz goazela, erdialde parean eskuinetara
karrika bat ikusiko dugu, Frantziako Atera eta plaza nagusira eramango
gaituena. Ateak harresietara igotzeko beste eskailera bat ere badu. Guk
Ziutadelako Karrikatik beherantz segituko dugu, ibaia zeharkatu eta Espainiako
Kalera iritsi arte. Azken hori, merkataritza-kale oso animatua da, oroigarriren
bat erosteko aproposa, etxe atseginen artean artisautza mota askotako
dendak tartekatzen direlarik.
Errobi ibaiaren ur garbietara itzuliz, harekiko paralelo doan bide bat
ikusiko dugu. Bide honetatik eskailera luze batek berriz ere Ziutadelaraino
eraman gaitzake, edo bestela, egurrezko zubitxo polit bat zeharkatuz,
udal kanpinera eta pilotalekura. Harantzago, zubi erromatarra
dugu, erdi arokoa, noski, ingurune arbolatsu eta oso polit batean.
Herrialdea:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
|
Nafarroa Beherea
163 m.
1.726
daturik ez
3 km2
575 bizt./km2
Herriko Jaiak (abuztuak 14-16)
Maskaradak (Ihauteriak) |
|