ARBAIUNGO
ZINTZURRA
Milioika urtetan zehar, Zaraitzu (Salazar) ibaiak Irunberri inguruko
mendiak zulatu ditu, eta prozesu luze honek eraginda, gure begiek gozatuko
duten ikuskizun natural hau dugu.
Haitzebaki sakon honek 6 km-ko luzera du, eta bere inguruekin batera
Arbaiungo Zintzurraren Erreserba Naturala osatzen du, 1.164 hektareatan
zehar. Dozena erdi kilometro hauetan zehar ur zalapartatsuak bizkor isurtzen
dira, 200 metroko altuera duten horma bertikalen oinetan.
Ingurune basati hau almadizainen pasabiderik ikusgarriena izan zen aspaldi.
Pirinioetako basoetatik sokaz lotutako egur-enbor luzez egindako almadi
edo tren artikulatuak gidatzen zituzten almadizainek. Ur gaineko
garraio-mota honen bidez ibaia oztopatzen zuten haitzak pasa zitzaketen,
eta baita ur-jauzi txiki eta ugariak ere. Gaur egun berriz, ur hauetatik
egurrezko almadiak igaro beharrean, osagai artifizialez egindakoak pasatzen
dira, Arbaiungo zintzurra raftina egiteko toki aproposa baita.
INGURUNE
BASATIA
Inguru honetako klima mediterraniar hezea bada ere, zintzurraren barruan
zenbait topoklima ezberdin daude. Faunari dagokionez, hainbat espezie
bizi dira bertan, baina denen artean nabarmentzen direnak sai arreak dira.
Hauetako 200 bikotez osatutako kolonia bat bizi da bertan, eta ezagutzen
den koloniarik handiena dugu berau. Zortea eta pazientzia izanez gero,
bestelako hegazti harrapari asko ikusteko parada izan dezakegu: sai zuriak,
arrano beltzak, belatz handiak, beleak, gabiraiak...
ISO
MENDATEKO BEGIRATOKIA
Behatoki hau Nafarroan aurki dezakegun ikusgarrienetakoa da. Nabaskoze
eta Irunberri arteko errepide alboan dagoenez, gainera, bertara iristea
ezin errazagoa da (ikus ibilbidea).
Arroilaren sarreran kokatua dagoenez, leku pribilegiatu batean, ia haizpitarte
osoa gure menpe dugu bertatik, eta ikusten duguna benetan arnasa kentzeko
modukoa da: 200-400 metro arteko bi pareta bertikal, bata bestearen parean,
eta hantxe behean, suge luze baten antzera, erruduna. Sinestezina
dirudi ibai batek lan izugarri hori egin ahal izatea.
ZINTZURRA
BARRUTIK
Ibilbidean zehazten den moduan arroilaren barruko aparkalekura iritsi
ostean, eskuineko aldean bidezidor bat abiatzen dela ikusiko dugu.
Bidea oso erraza da, beti ere hormaren kontra doalako eta bakarra delako.
Bertatik, ordu laurdeneko ibilaldi baten ondoren, bidearen azkenean bista
ikusgarriak dituen balkoitxo natural batera iritsiko gara. Puntu horretara
iritsirik ez egin aurrera, ez baitago prestatuta eta arriskutsua gerta
daitekeelako.
Bidetxo polit horretan zehar goazela, bizpahiru lekutatik ibaira bertara
jaisteko aukera izango dugu, eta bero eginez gero, ur freskoetan bainutxo
bat ere har genezake. Jaitsiera-lekuak maldatsuak dira, baina arrisku
gutxikoak.
IRUNBERRIKO
ARROILA
1987tik Natur Erreserba izendatua, Irunberrikoa Nafarroako naturaren
beste altxor horietako bat da. Arbaiungoa basatiagoa bada ere, Irunberriko
zintzur honek bere barrualdetik joateko aukera eskaintzen digu (iristeko
ikus ibilbidea), horrelako haizpitarte ikusgarri baten edertasunaz barrutik
gozatuz.
ZINTZURRAREN
BARNEAN
Kilometro bateko luzera eta 120 metroko desnibela duela, bere barrenetik
Irati ibaia doa sigi-saga, ganibet batek egingo lukeen bezala lurra goitik
behera ebakiz, milioika urtetan zehar. Kilometro horren barruan, sarrerako
tunelaren eta amaierakoaren artean (argiztatu gabekoak eta nahikoa ilunak),
ibaiaren alboan paseoa egiteko aukera ematen digun antzinako trenbidea
dago.
Iratiko Trenak 1911ko apirilaren 23an egin zuen bere lehen bidaia. Zangoza
eta Iruñea artean, penintsulako lehen tren elektrikoa izan zen.
Lehenbizi egurra garraiatzeko erabiltzen bazen ere (lehenago lan hori
ibai gaineko almadietan egiten zen), pertsonak ere eraman zituen, 1955ean
desagertu arte. Amaierako tunela igarota, Deabruaren Zubia ikusiko dugu,
arku bakarrekoa eta frantziarrek 1812an urperatua.
Paregabeko ingurune honetan fauna interesgarria bizi da, hegaztiak batez
ere: sai arrek osatutako kolonia garrantzitsua, sai zuriak, sorbeltzak,
gau hontzak...
IRUNBERRI
Irunberriko herria ere (Lumbier), Irati eta Zaraitzu ibaiek bat egiten
duten inguruan kokatua, paseo bat merezi duten leku interesgarri horietakoa
da, bertan ondare historiko-artistiko garrantzitsua gordetzen delako.
Horrela, eraikin zibilen artean, hegal zabala eta arkupeak dituen XVI.eko
Udaletxea azpimarra dezakegu.
Eraikin erlijiotsuei dagokienez, herria ondo hornituta dagoela esan beharra
dago: San Adrián, Santa Maria Magdalena, San Bartolomé eta
Trinitateko baselizez gain, San Benito Komentua ere ikus dezakegulako.
Baina guztien gainetik herriko bi eliza nabarmentzen dira, XVIIko Santa
Maria Magdalena (margo eta tailu ederrez apaindutako erretaula barrokoak)
eta XIV.-XV. mende bitarteko Jasokundeko eliza gotikoa (erretaula nagusia
nabarmentzen da).
ZANGOZA
Zangoza Aragoirekiko mugaren ondoan egoteak eta bereziki Santiago Bidean
atsedenleku garrantzitsu izateak merinaldeburu izateraino (XIII. m.) garatzea
ekarri zuten. Gaur ikus dezakeguna garrantzi historiko horren ondarea
da: tenplu erlijiotsu eta eraikin zibil ederrez josita ageri zaigun erdi
aro itxurako hiria.
IKUSTEKOAK
Zangozak, Iruñetik datorren bisitariari ongi etorria egiteko,
Aragoi ibaia, zeharkatu behar duen zubi metalikoa eta atzean dagoen Santa
Maria La Real eliza monumentala agertzen dizkio; hiriaren edertasunaz
ohartzen has dadin.
Eliza erromanikoa XII.-XIV. mende bitartean eraiki zuten, eta bere elementurik
ikusgarrienen artean dorre oktogonala eta barruko Rocamador-eko Andre
Mariaren irudi gotiko eta ekisaindu prozesional handia azpimarratuko ditugu;
baina batez ere, Erdi Aroko lanik zailenetakoa izandako itzelezko ataldea
(XII. m.), eta eskulturez gainezka dagoen harrizko erretaula
izugarria.
Kale Nagusiari jarraikiz, segituan Anues (XV.eko gotikoa) eta Iñigez
Abarka (XVII.eko Berpizkundea) jauregiak pasatuko ditugu; kalearen beste
aldean, arkupedun Udaletxea, eta laster, berriz ere eskuinaldean eta bata
bestearen aldamenean jarriak, Sebastianen jauregia (XV.eko gotiko berantiarra,
Enrique Labrit azken Bianako Printzearen jaiotetxea) eta Paris Iñigez
Abarkatarren jauregia (XVI.eko Berpizkundea).
Amaieran, Foruen Plazan Asisko San Frantziskoren Komentu gotikoa ageri
zaigu, 1266ko elizaren ostean eraikia. Barruan Klaustroa eta Erdi Aroko
hilarri diskoidal bilduma interesgarria ikus ditzakegu.
Lehengo bide beretik atzera itzuli eta segituan eskuinetara egiten badugu,
laster Bianako Printzearen Jauregi-Gaztelu luzearekin topo egingo dugu,
XII.-XIII. mendeetan Nafarroako Errege-Erreginen egoitza izandakoa. Gaur
egun, eraikin nagusia eta alboetako bi dorreak geratzen dira.
Bide honek elizara itzuliko gaitu, eta oraingoan Kale Nagusiaren eskuinalderantz
zuzentzen den Alfontso Borrokalaria (geroago Enrique Labrit bihurtuko
zena) izena daraman kalea hartuko dugu, gainontzeko monumentuak horren
inguruan antolatzen baitira.
Horrela, Ongai-Vallesantoro Jauregi barrokoan (Turismo Bulegoa) elementu
kolonialak eta batik bat zurez landutako hegal ikusgarria miretsiko ditugu.
Aurrean Amadores kalea hasten da, Santiago eliza erromaniko-gotikoraino
eramango gaituena, bere almenadun dorre eta atalde ikusgarriekin.
Borrokalariaren kaletik aurrera eginez, hurrengo plazatxoan XIII.eko
San Salvador eliza gotikoa ageri zaigu, eta hurrengo kale-ahoan Iñigez
Medrano jauregia (XVI. m.). Eskuinetara joanez berriz, Karmengo Andre
Mariaren Komentua. Gotikoa, XIV.eko klaustro polita eta Eliz Dorreetako
Erlojuen Museo bitxi bat gordetzen ditu barruan.
Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
|
Nafarroa
45 km.
404 m.
4.553
%4
70 km2
66 bizt./km2
Errege Eguna (urtarrilak 6)
San Sebastian Eguna (urtarrilak 20)
San Sebastian jaiak (irailak 11-17) |
LEIREKO
MONASTERIOA
Izen bereko mendizerran eta Esako urtegian handioski goratuz, Leireko
San Salbador Monasterioa Nafarroako monumentu historiko-artistiko garrantzitsuenetakoa
dugu.
Jatorriz Behe Erdi Arokoa, (lehen berria 842. urtekoa da), bere mailarik
gorena XI.-XII. mendeetan lortu zuen Antso III. Nagusiak berreraiki eta
Erresuma Zaharreko erdigune izpirituala bihurtu zenean. Nafarroako errege-erreginen
mausoleoa ere bertan egoteak ospea handitzen lagundu zion.
Monumentu erromaniko handios honetan (penintsulako iparraldeko lehena)
bereziki azpimarratu beharreko elementuak honakoak lirateke: sarrerako
hiru absideak, kripta harrigarria bere kapitel baxu eta itzelekin (denak
ezberdinak), XII.eko Porta Speciosa atalde erromanikoa (aberastasun
artistiko handiko eskultura-bilduma zabala, tinpanoaren inguruan), eta
eliza erromaniko-gotikoaren barrualdea (Leireko Andre Mariaren eta San
Salbadorren tailuak eta Nafarroako errege-erreginen Panteoia ikus ditzakegu
besteak beste).
Zabalik: astelehenetik larunbatera, 10:15-14 eta 15:30-19 ordu bitartean;
igandeetan, 10:15-14 eta 16-19 artean. Helduentzako sarrerak 225 pta balio
du; umeentzakoak 50 pzta.
XABIERKO
GAZTELUA
Aragoirekiko muga zaintzen duen mendixka batean, San Frantzisko Xabier
(1506) nafar zaindariaren jaiotetxe-gaztelua aurkituko dugu, urtero martxoan
egiten diren Xabierraldien helmuga.
Jatorriz XI. mendeko talaia soila, geroago dorre eta gune berriak eraiki
zituzten, eta 1952an berriztatua izan zen. Gazteluan jada, barruko egongelak
bisitatu ahala altxor bat baino gehiago topatzen joango gara:
Ate eta harresien osteko Ate Nagusiaren armarria, Arma-Etxaldea, Kristo
Sainduaren Kapera (sainduaren heriotza-egunean odol-izerdia isuri omen
zuen tailuarekin), Omenaldi-Dorrea (Sainduaren Gela eta San Migel Kapera),
Kaperauen Gela (Gazteluaren historiarekin eta erlijioarekin loturiko gauzak
ikusgai), Gazteluko Terraza, Gela Handia (sukalde-janleku-egongela), Pinakoteka
erlijiotsua... Honi atxikirik Basilika ere miretsi dezakegu. Zabalik:
asteartetik igande goizera, 9-13 eta 16-19 ordu bitartean. Sarreran gure
borondatea eman dezakegu.
ERRIBERRI
Historikoa eta monumentala, labore-lur eta mahastiz inguratutako hiri
honetan Nafarroako mende askotako historia laburbildua dago. Nekazaritza
eta ardo lur horien erdian bertako gaztelua altxatzen da, itzela eta handiosa,
urrunetik ikusten den hiria bere mendean duela eta Nafarroako alde zahar
aberatsenetako baten aurrerapena dela.
HISTORIA
1147. urtean Gartzia Ramirez Konpontzaileak Lizarrak zuen foruaren moduko
bat eman zion, biztanle gehiago erakartzeko, eta hortik aurrera hiria
azkar garatzen joan zen. Erdigunea zabaldu eta antzinako barruti erromatarraren
hegoaldean beste gune bat eraiki zuten.
Hortik aurrera Nafarroako errege-erreginen hiririk gogokoena bihurtu
zen. Errege asko gerturatu ziren bertara, eta ondorioz Errege Jauregia
altxatu eta Erresumako Gorteen egoitza izan zen. 1407an Karlos III Nobleak
hiria begiko egoitza izendatu ostean, merinalde berri baten buru bihurtu
zuen. 1630etik aurrera hiri-gutuna dauka.
Independentzia Gudan, 1813an, Espoz y Mina jeneralak Gaztelua (Nafarroan
daudenetatik agian monumenturik garrantzitsuena) suntsitzeko agindua eman
zuen, frantziarrak bertan babestu ez zitezen, baina 1937tik aurrera, berreraikitzen
hasi ziren.
GAZTELUAK
ETA ANDRE MARIAREN ELIZA
Errege Gaztelu-Jauregi zoragarria zenbait garai ezberdinetan eraikitzearen
ondorio da. Horrela, bi gaztelu ditugula esan genezake.
Teobaldos plazan, zatirik zaharrena edo Gaztelu Zaharra, gaur egun Turismo
Ostatu bihurtua, antzinako barruti erromatarraren gotorlekua zen. Bisigodoek
berriz altxatu zuten eta erdi aroan Nafarroako errege-erreginen egoitza
izan zen. Aurrealdean Talaiako edo Zikoinaren dorrea, leihate
gotikoak eta Berpizkundeko sarrera nagusia azpimarra ditzakegu.
Gaztelu Zahar honi atxikirik, Andre Mariaren eliza gotikoa dugu. XIII.
mendekoa, bere aurrealde gotiko ederra nabarmentzen da, klaustro itxura
duena. Ikonografikoki oso aberatsa da, eta apostoluen, erregina baten
eta Birjina eta umearen estatuak azpimarratu behar ditugu. Tinpanoan Deikundea,
Jaiotza, Errugabeen Heriotza, Egiptorako Ihesa, Tenpluko Aurkezpena eta
Bataioa irudikatuak daude.
Barrualdean, Berpizkundeko erretaula nagusi oparoa eta Heriotza Oneko
Kristoren tailu hispaniar-flandesa ikusi beharrekoak dira. Azkenik Barruko
Ingurapenetik Kanpokora pasatuz (Teobaldos plazatik
Karlos III. plazara), elizari atxikirik (bi gazteluen artean kokatua)
Karlos III.ak eraikiarazi zuen Errege Jauregi gotiko ezin ederragoa dago.
Esandako moduan Nafarroako monumenturik garrantzitsuena eta ikusgarrienetakoa
den hau, gainera, Nafarroako Jaialdien egoitza izaten da urtero.
Jauregiaren erdigunea Erregearen eta Erreginaren ganbarek eta Urrezko
Galeriek osatzen dute, eta bere inguruan, Erreginaren Lorategia, Hiru
Koroen Dorrea, Uharkaren Dorrea (erronda-bideak lotuak), Lau Haizeetako
Dorrea eta Talaiako Dorrea eraiki ziren.
Gazteluaren bisita-ordutegia: egunero 10-14 eta 16-18 ordu bitartean,
itxi baino ordu erdi lehenago arte. Sarrera helduentzat 300 pezetakoa
da. Gazte, ume eta nagusientzat deskontuak egon ohi dira.
PLAZA
ETA ALDE ERROMATARRA
Alde erromatarra eta erdi arokoa banatzen dituen Karlos III. plaza honen
erdian lurrazpian erdi aroko bi galeria bisita ditzakegu, puntu erdiko
eta ojibar arkuak dituztela. Bertan, alde erromatarraren hasieran, Txapitelaren
edo Erlojuaren Dorrea dugu, arku-atari baten gainean kokatua. Hornikuntza-biltegi
eta Kontseiluaren egoitza izan zen.
Bertatik sartuz, Teobaldos ondotik igaroko gara, San Francisco kalean
zehar, eta handik gutxira dagoeneko eraikia behar duen Ardoaren Museoa
topatuko dugu. Kale honen ezkerrean Rua de la Tenderia eta eskuinean Rua
de la Juderia (gaztelu ondoan) ditugu, ibilera atsegina egitera gonbidatzen
digutenak.
ERDI
AROKO GUNEA
Hemen ibilbide bat eskaini beharrean gomendatzen duguna zera da, galtzea,
ertz bakoitzean norabide finkorik gabe ezker-eskuinera jotzea. Izkina
bakoitzean bitxikeria edo edertasun berri bat aurkituko dugu, erdi aroko
Barruti hau ezustekoz beterik baitago: Berpizkundeko eta barroko estiloko
jauregiak, armarri handiak, egur, adreilu edo harrizko hegal ederrak,
etxe-aurrealdeak... Osotasun paregabea.
Batez ere, eta bereziki, errepara ezazue Rua Mayor kaleko jauregi eta
xehetasunetan. Bi azpimarratzearren, kale hasierako Rada eta amaierako
Feriako Markesen jauregiek bisita bat merezi dute.
Paseatzen ari zareten bitartean, lehentxeago edo geroxeago harresien
ondoan dagoen (El Fosal izeneko zabalgunean) San Pedro eliza aurkituko
duzue. Estilo erromanikoan hasia, bere klaustro eta atalde erromanikoek
zuen arreta erakarriko dute; eta baita orratz itxurako dorre gotikoak
edota erretaula nagusi barrokoaren margoek ere.
HARRESIEN
INGURUAK
Hiri honek Nafarroako erromatar garaiko harresi-barrutirik osoena eta
zainduena gorde du. Bertatik gotorlekuaren egitura eta zenbait dorre geratu
dira. Erdi aroan harresi hauek zabaldu egin ziren, mendebaldeko hiru defentsa-dorreak,
Txapitelaren Dorrea, bost atari-sarrerak eta kaleetako izenak gehituz.
Rua Mayor amaitu, harresietatik irten eta eskuinetara eginez, Santa Klara
komentua dugu, eta hiriaren beste aldean barruti erromatarretik gertu,
XVIII.eko San Francisco komentua, atalde gotikoa gordetzen duena.
Herrialdea:
Iruñera:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
|
Nafarroa
42 km.
388 m.
3.042
%5
83 km2
38 bizt./km2
Herriko jaiak (irailak 14) |
UXUE
Kondairak dioenez, lurralde hau musulmanen eskuetan zegoela, Ama Birjina
kobazulo batean ezkutaturik bizi zen, eta egun batean artzain bati agertu
zitzaion, leku berean santutegi bat eraiki zutelarik. Herriaren izena
kobazulotik sartu-irten zebilen usotik letorke.
815 metrora kokatua, izen bereko mendizerran, haizea da nagusi hemen,
erdi aroko egituran ordenatutako etxeen artean aske eta hotz. Harrizko
kale aldapatsu eta armarridun etxeetako herria eta inguruko mendi eta
larre ederrak mendean hartuz, Andre Mariaren eliza-gotorlekua aurkitzen
da.
XII.-XIV. mendeen artean jasoa, Karlos II. Gaiztoaren bihotza gordetzen
da barruan. Eliza aurre-erromaniko baten gainean beste erromaniko bat
eraiki zuten (XI.-XII.), baina bakarrik buruko hirukoitza. Gero, Karlos
II.ak barneluzego gotiko zabala altxarazi eta eliza erronda-pasabide eta
almenadun dorrez inguratu zuen. Hauetatik Lau Haizeetakoak eta Pikuenak
iraun dute.
Andre Maria hau Nafarroako Erriberaren zaindaria da, eta antzinatik oso
debozio handia gordetzen zaio. Nafarroako erromanikoaren irudirik antzinako
eta ederrenetakoa da. Zabalik: egunero 8etatik 20etara bitartean.
DONAMARTIRI-UNTZ
Donamartiri-Untz herria (San Martin de Unx) antzinako Ferrate gazteluaren
inguruan bildutako etxe multzoak osatzen du. Gazteluak ez du gaur arte
iraun.
San Martin Toursekoa elizak, herriko parterik altuenean kokatua, estilo
erromanikoan egindako nabe bakarra du. 1156an kontsakratua, XVI.ean nabe
gotiko bat erantsi zitzaion, eta XVIII.ean hirugarren bat, gaur egun elizpe
dena. Ataurreko kapitelak eta eskailera batetik jaisten den kripta erromanikoa
azpimarratuko ditugu, hiru barneluzego dituena. Zabalik: astearte eta
ostegunetan, 8.30 eta 19:30 orduetan; larunbatetan 19:30etan, eta jaiegunetan
11:30etan.
|