Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraLapurdiko barrualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Lapurdiko barrualdea Urruña-Azkaine-Sara-Senpere-Ustaritze-Kanbo-Ezpeleta-Itsasu


URRUÑA

Denbora luzean Lapurdiko eta, oro har, Ipar Euskal Herriko udalerririk garrantzitsuenetakoa izandakoa dugu, baina denbora aurrera joan ahala, gune esanguratsuenak banandu egin zaizkio, Hendaia adibidez.

XI. mendetik ezaguna, XVII. mendea arte Paris eta Madril arteko biderik motzenean kokatua (Pariseraino 13 egun dilijentziaz), bere kale-errepideak hainbat mendetan pasabide eta atsedenleku izan dira. Bere garrantziaren beste bi adibide hurrengoak izan daitezke: Lapurdiko lehen posta ofizialetako bat izatea, eta Lapurdiko armarria ere Urruñakoaren berbera izatea.

IKUSTEKOAK

Nahiz eta udalerria berez nahikoa zabala izan, erdigunea Kale Nagusiak zeharkatzen duen plazaren inguruan bildua dago. Lapurtar kutsu nabarmeneko Plaza honetan arkupedun Herriko Etxea, frontoia, eliza eta baserri moduko etxe tipikoak aurki ditzakegu. Banaka hartuta, bat ere ez da gehiegi nabarmentzen besteen gainetik, baina orokorrean, Lapurdiko beste herri askotan bezala, enparantza oso atsegina bihurtzen dute.

San Bizente eliza berez XI-XII. mendekoa da, baina XVI.ean Berpizkundeko estiloan berreraiki zuten. Barruan XVIII.eko pulpitua azpimarratuko dugu. Kanpoan, 45 metroko kanpandorrean esaldi esanguratsua irakur daiteke: “Vulnerat omnes, ultima necat” (Denek dute kolpatzen, azkenak du hiltzen).

SOKORRIKO BASELIZA

Izen bereko bidearen amaieran, 100 metroko altueran dagoen ermita honetatik Landetarainoko kostaldea ikus daiteke, ikuspegi ederra baitago bertatik.

XVI.ean Ama Birjinaren omenez eraikia, Frantziako Iraultzaren garaian suntsitua, eta berriz ere 1813an berraltxatua, 1608 eta 1831ko izurriteetan hildakoak gogoratzen dituen hilarri diskoidal bilduma oso interesgarria ikusiko duzue jiran jarriak.

FLORENIA LORE-PARKEA

Behobia eta Urruña artean kokatua, 18 hektareatan zehar barreiaturik mundu osoko milioi bat lore baino gehiago eta milaka zuhaizka eta arbola ikusteko eta horiekin gozatzeko aukera izango dugu. Parke osoa paseo atseginean (pare bat ordutan) bisitatzea errazten diguten hainbat bidezidorrek ere laguntzen dute.

Zabalik: Otsailaren 5etik martxoaren 5era, 14-18 ordu bitartean. Apirilaren 1etik urriaren 1era 10-19 ordu bitartean. Urrian 14-18 bitartean. Uztaila-abuztuan izan ezik, astelehenak itxita. Sarrerak: helduek 36 libera; umeek 25 libera.

Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Lapurdi
26 km.
32 m.
7.171
daturik ez
51 km2
141 bizt./km2
San Bizente (iraileko lehen igandea)

 

 

 

 

AZKAINE

Inguruko naturak, urek eta mendiek eskaintzen dizkioten fruituez gozatzen duen herri txikia dugu Azkaine. Duen kokapen pribilegiatu horri esker Lapurdi barneko gune turistikoa bihurtu da.

HISTORIA PIXKA BAT

Bertan monumentu megalitiko ugari aurkitu dira, lur hauek antzinatik populatuak izan direla frogatzen dutenak. Lehenengoz 1135eko agiri batean agertzen da, Escan izena duela. XVIIan, Pierre de Lancre odoltzalearen “sorgin-ehiza”ren barnean, Arkibel herriko erretorea errearazi zuten.

Frantziako Iraultzaren ostean berriz, bai erretorea eta bai bere jarraitzaileak ere Landetara erbesteratu zituzten, konstituzio berria ez onartzeagatik zigor gisa. XIX eta XX. mendean, errefuxiatu askok (Santa Krutz apaiz karlista, Frankismoaren garaikoak...) bizilekutzat hartu zuten herri hau.

IKUSTEKOAK

Herriko erdigunea oso txikia da, baina era berean oso polita; beraz, lasai ikusteko denbora hartuko dugu. Plaza atsegina, Lapurdin hain ohikoak diren horietakoa da: pilotalekua, eliza, Herriko Etxea eta ostatuak. Hauetako batean (La Rhune) Pierres Lotik “Ramuntcho” idatzi zuen, J.P. Borda “Otharre” azkaindar pilotari eta ehiztari ospetsuaren bizitza oinarritzat hartuz. Ladutxe pilotari-sendia ere azkaindarra dugu.

XVI.-XVII. mendeko elizak hiru arku erromanikoko elizpea du; bere kanpandegi karratu ederra Larrungo granitoz egina dago. Tenplua inguratuz hilerria dugu, eta hemen 1657ko estela diskoidal bat aurkituko dugu.

Lapurdi eta Ipar Euskal Herri osoan elizak eta hilerriak bata bestearen alboan egon ohi dira. Beraz, jendeak bere hildakoak gertu mantentzen ditu, herriaren erdian, ez Hegoaldean askotan gertatzen den bezala, ahalik eta urrunen. Barrualdean XVII. mendeko erretaula urreztatua dugu, eta zurezko zutabeek eutsitako hiru galeria. Lurrean hilarri askotxo dago, eta goialdean itsasontzi bat zintzilik, itsasgizonen opari.

LARRUN MENDIA TRENEZ

Azkaine eta Sara artean, Larrungo magalean, San Inazio Lepoa dugu, Lapurdiko mendirik garaienera igotzen den tren ttipiaren geltokia. Larrungo tren ttipi hau benetako bilduma-pieza da. 1923an inauguratua, garai bateko trena izaten jarraitzen du, aldaketa gutxi izan baitu.

Igoerak irauten duen bitartean (35 minutu inguru) antzinako trenbideen sentsazioak bizi izango ditugu, eta zer esanik ez, paraje zoragarri honetaz gozatuko dugu. Bidean zehar aurrehistoriatik gurekin bizi diren euskal zalditxo basatiak edo pottokak ere behatzeko parada izango dugu.

Azkenik, Pirinioetako azken gailur honek bere tontorretik (antena eta benta berriak ahaztuko ditugu) Euskal Herrian imajina daitekeen paisaiarik zoragarrienetakoa eskainiko digu. 360ºko talaia honetatik, eguraldia adiskide badugu eta horretarako dagoen orientabide-maparen laguntzaz, gure ikusmenak Pirinioetako gailurrak, Donostia eta Baiona arteko euskal kostaldea, zazpi probintzietako zati handia... aurkitu ahal izango ditugu.

Ordutegia: martxotik azarora, goizeko 9etatik aurrera (udan 8:30etatik). Irteerak jende-kopuruaren eta eguraldiaren arabera (orokorrean 35 minuturo). Txartela (joan-etorria): helduek 60 libera, umeek 35.

Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Lapurdi
29 km.
30 m.
3.184
daturik ez
19 km2
168 bizt./km2
Herriko Jaiak (abuztuak 15)

 

 

 

 

SARA

Bertako esaera zaharrak (foileto turistikoek ere behin eta berriz errepikatzen dutena) “Saran astia” dio. Bertako bizimodu lasaian murgiltzean, jende atsegina ezagutzean, baserri ederrak behatzean edota antzinako leze ospetsuak mirestean... presarik gabe eta denbora pasatzen utziz ibil gaitezela esan nahi digu.

Pirinioetako lehen gailur garrantzitsuaren azpian (Larrun mitikoa) eta halere itsasotik oso gertu, herriaren kokapen inbidiagarriari Ipar Euskal Herriko gogoangarrienetako bat izatea gehitu behar diogu. Horrela, herriak itzeleko monumenturik erakusten ez badu ere, plaza aldeko eta auzoetako baserri-multzoa Euskal Herriko politenetakoa da.

Honi guztiari bere Leze famatuetako historia misteriotsua eta herriko kontrabandista mitikoen kondairak gehituz gero, osotasun ezin erakargarriagoa sortuko zaigu.

Izan ere, arrazoi bategatik edo besteagatik, hemendik pasatu edo bertan geratu diren pertsonaia ospetsuak asko dira: Pedro Axular (bertan erretore zegoela “Gero” idatzi zuen), Napoleon III. eta Eugenia, Luis Mariano, Winston Churchill... eta nola ez, Jose Migel Barandiaran antropologo handia (Ataungo baserria Sara izendatu zuena).

IKUSTEKOAK

Sara baserriez osatutako auzotan barreiatutako herria dugu, zentro txiki eta oso polit batek lotzen dituena. Zentro hau, Lapurdiko beste asko bezala, plaza baten inguruan bildua dago, eta bertan pilotalekua, eliza eta Herriko Etxea aurkitzen ditugu.

Saran ere berdin gertatzen da, baina bertako beste batzuk baino enparantza handiagoa eta politagoa du; handiagoa, bertako pilotaleku eder-ikusgarria nahikoa luzea delako (errebotean aritzeko egokia da), eta politagoa, plaza inguratzen duten etxe koloretsuek oso edertasun handiko batasuna sortzen dutelako.

Tamalez, frontoia askotan aparkalekutzat erabiltzen da, irudia erabat txikituz. Bestalde, frontoiak berak oso harmaila ikusgarri eta irregularrak ditu, oso leku gutxitan ikusiko ditugun modukoak.

Frontoiari begira gaudela, arkupez osaturiko Herriko Etxea atzean utzi dugu, lehen aipatutako etxe ederren artean oso ondo nahasten dena. Enparantza honetan besteen gainetik nabarmenduz, berriz, San Martin elizaren kanpandorre trinkoa dugu, eta erlojuaren gaineko aldean, denbora etengabe aurrera doala gogoratzen digun esaera ageri da:

Oren guziek dute
gizona kolpatzen
azkenekoak du
hobirat egortzen.

XVII. mendeko elizaren inguruan hilerria dago, Ipar Euskal Herriko ohiturari jarraikiz; barruan berriz, bost erretaulak eta Erdi Aroko Kristoren irudia, zurezko gizonezkoentzako galeriak (emakumeek meza behealdean entzuten zuten) eta lurreko hilarriak azpimarra ditzakegu.

Azkenik, Axular idazlea bertan apaiz izan zela gogorarazten digun inskripzioa ere ikusiko dugu, Luis Luziano Bonaparte frantziar printze eta euskaltzaleak egina.

Enparantza aldea bisitatu ostean, Sarako baserri batzuk ikustera txango bat egitea gomendatzen dizuegu, benetan ederrak baitira. Auzo gehienetan ikus daitezke baserri atseginak, baina agian dotoreenetako batzuk Lehenbizkai auzoan aurkituko ditugu, erdigunearen hegoaldetik gertu eta Lezeetarako bidean (frontoia ezkerrean utziz, eskuinetarantz jo).

SARAKO LEZEAK

Azken ikerketen arabera duela 45.000 urte populatuak egon ziren haitzulo ikusgarri hauek Sarako erakarpen turistikorik garrantzitsuena osatzen dute, eta herria bisitatuz gero, ezinbestez hurbildu beharko genuke (herritik bidea oso ondo seinalaturik dago).

Lezeen sarrera (txarteldegi-kafetegiaren aurrean) oso handia eta ikusgarria da, eta hortik aurrera teknologikoki ondo prestaturiko ibilbide batean zehar (igaro ahala argi urdinxka batzuek seinalatuko digutena) lurpeko mundu harrigarri hau ezagutu ahal izango dugu.

Galeria hauetan historiaurreko aztarna ugari aurkitu dira, eta gure antzinako arbasoen kultura ezagutzeko garrantzi handiko ikerketa-leku izan da (besteak beste, berau ikertzen Jose Miel Barandiaran ibili zen, sarrera aurreko siluetak gogoratzen digun moduan).

Baina honez gain, lurpeko galeria hauetan naturak forma bitxi eta harrigarri askotxo moldatu ditu, bisitaria harrituta uzten dituen kare-harrien gaineko benetako eskultura naturalak. Sarrerako kafetegiaren ondoan ikus-entzunezko ikuskizun batek kobazulo hauei buruzko azalpen gehiago eskainiko dizuete (euskaraz ere bai).

Lezeen egutegi-ordutegia: inauteriak arte 14-16 (asteburuetan 11-16); inauterietatik Aste Santua arte, 14-17 (asteburuetan, 11-17); Aste Santutik ekaina arte, 10-18 (asteburuetan, 10-19); uztail-abuztuan, 9:30-20; irailean, 10-18 (asteburuetan, 10-19); urriaren 1etik azaroaren erdia arte, 11-17 (asteburuetan, 11-18); urte bukaera arte, 14-17 (asteburuetan, 11-17) Helduentzako sarrera 35 libera; haurrentzakoa 20 libera.

Herrialdea:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Lapurdi
44 km.
70 m.
2.054
daturik ez
51 km2
40 bizt./km2
Euskal Idazleen Biltzarra (Bazko Astelehena) / Mugalarien Lasterketa (abuztuaren azkenaldian) / Herriko Jaiak (irailak 13)

 

 

 

 

 

UZTARITZE

Herri gogoangarri honek oso paper garrantzitsua bete du Lapurdiren historian, hainbat mendetan zehar bere hiriburu izan baita. Horrela, ingelesen dominazioaren hasieran, Lapurdiko nobleek altxamendua antolatu zuten, baina porrota jaso zuten. Ondorioz, Lapurdiko Bizkondeak, Rikardo “Lehoi-Bihotz”ek Baionatik kanporatu ondoren, Uztaritzeren inguruan hartu zuen babesleku, eta berau Lapurdiko hiriburu izendatu zuen.

Horrela, Lapurdiko Biltzarra bertan bildu izan da 1790. urte arte, gaur egun Herriko Etxea den eraikinean (plaka batek halaxe gogoratzen digu).

Frantziako Iraultzan, eta baita geroago ere, zeresan ugari sortuko zuten Garat anaiak ere uztariztarrak ziren. Dominique eta Dominique-Joseph Estatu Orokorretan partaide izan ziren, eta bertan Euskal Departamendu bat sortzea eskatu zuten (baita geroago Napoleon berari Euskal Herri osoa batu eta Frantziaren menpean jartzea ere).

Bestalde, Erdi Aroan herriak garapena ezagutu bazuen ere (Baiona eta barrualdeko bidea bertatik igarotzen zen), bertako askok Ameriketara joan behar izan zuten, han aberastu ondoren hemen eraiki zituzten eta guk sakabanaturik aurki ditzakegun kolonial estiloko etxeek argi eta garbi erakusten duten moduan.

IKUSTEKOAK

Herria bera oso sakabanatua bizi bada ere, eraikin garrantzitsu gehienak Hiribehera auzoan (erdigunekoa) eta zehazkiago Herriko Etxearen inguruan topatuko ditugu. Horrela, honen aurreko zabalguneren erdian, errez ikusiko dugu Turismo Bulegoa eta Euskal Kultur Erakundea kokatuak dauden Lota Jauregi neobarrokoa, artistikoki dotore nabarmentzeaz gain bere inguruan ez dagoelako besterik.

Bere aurrean eliza neogotikoa, eta beste aldean oso gertu, Uztaritzeko eta Lapurdiko bizimodua markatu duen eraikina, antzinako Biltzar-Toki eta gaur egungo Herriko Etxe ikusgarria. Bere aurrean Kale Nagusia luzatzen da, alde batera eta bestera, baina bertatik ibiltzea gerorako utziz, guk beste norabide bat hartuko dugu.

Herriko Etxea aurrean dugula, eskuinerantz joz lehenbiziko kale paraleloa hartu (eskuinetara ere bai) eta segituan Lapurdi osoko kalerik politenetakoan sartuko gara, bata bestearen ondoan agertuko zaizkizuen etxe izugarriez.

Hauez gain, Uztaritzen bisita ditzakezuen beste eraikin eta monumentu batzuk ere badaude, hala nola, hasierako zabalgunea eta errepidea zeharkatuz, izen bereko bidean, Haitze Jauregia, XV-XVI. mendeetan berriz eraikia.

Baionarako bidean berriz, Herauritz auzoan, Santa Katarina Kapera dugu, eta plazaren beste aldean Hodienea Jauregia, XVIII. mendekoa eta Erregearen kontseilari izandako Hodi sendiarena. Azkenik, herrian zehar, Ameriketan aberastutako indianoek jaso zituzten hainbat etxe kolonial aurki dezakezue, zenbaitek hango oroimenak dakarzkiguten izenekin: Guadalupe, California...

Herrialdea:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Lapurdi
13 km.
9 m.
5.857
daturik ez
33 km2
175 bizt./km2
Inauteriak
Madalenak (uztaileko hirugarren igandea)
Lapurdiko Biltzarra (urriko lehen igandea)

 

 

 


 

ITSASU

Itsasu, bi gunetan banatua eta ingurune izugarrian kokatua, Lapurdiko herri tipiko eta atsegina da. Bestalde, laborantzan eta turismoan diharduen Itsasuko herri hau, Ipar Euskal Herrian eragin handia izan duen Enbata mugimendu abertzalearen sehaska ere bada, eliza ondoko hilarri moduko monolitoak gogoratzen digun bezala.

IKUSTEKOAK

Lehenbiziko gunea, hau da, Herriko Etxea eta frontoia dauden enparantza aldea, txikia bezain ederra da, lapurtar estiloko etxe eta ostatuek inguratua. Herriaren beste aldean, berriz, San Fruktuoso eliza aurkitzen da, XVII. mendean egina.

Haizpitarte baten sarreran kokatua, estilo lapurtarreko eraikina da. Kanpoaldean kolore zuriko kanpandorrea nabarmentzen da, eta barrualdean, herrialde honetan ohikoak diren gizonezkoentzako galeriak nabe bakarrean kokatuak.

Eliza inguratuz hilerria daukagu, hilarri diskoidalez beteak. Hilerriaren sarreran euskaldunon nazio-eskubideak gogorarazten dituen monolitoa altxatzen zaigu. Izan ere, 1963ko Aberri Egunean, Gernikako Arbolaren adaska bat landatuz, leku honetan Enbata mugimendua sortu zen, eta monolitoaren inskripzioa orduko Itsasuko Ageriaren zati bat da.

ATEKAGAITZ

Atekagaitz edo Pas de Roland-era elizaren ondotik igarotzen den eta autoa doi-doi sartzen den bide estu batetik irits gaitezke. Errobiren haizpitarte izugarriaren erdian eta ibaiaren alboan, haitzean zulatutako arku bitxi hau daukagu, pertsona bat pasatzeko moduko zuloa hain zuzen.

Herri-kondairak dioenez, zuloa Carlomagnoren lotinantaren “Duranbal” ezpata mitikoak egina da, Zaragozarako bidean gudarostea pasatu ahal izateko egindako irekiunea. Halere, benetan Laxia eta Itsasu arteko bidezidorra oztopatzen zuen haitza apurtzearen ideia bertako baserritarrena izan zen, bidea errazteari begira.

Batera edo bestera izan, gaur egun arku enigmatiko hau osotasun bitxi eta politaren azken elementua dugu: haizpitarte ikusgarriaren erdian, atzean mendi, zelai eta baserri paisaia dugula, haitz handiaren ondoan ibaiak bere bidea segitzen duela...

ARTZAMENDI

Lapurdiko mendirik altuena (926 metro) eta hainbat kondaira mitologikoren kokaleku den mendi hau, merezi duena baino askoz gutxiago ezagutzen da Hegoaldean behintzat, eta askorentzat, aurkikuntza izugarria gerta daiteke. Gainera, kontuan izanda gailurreraino autoz irits daitekeela, jada ez dago nekearen aitzakiarik.

Goian dauden antena eta erradar itsusiak ahazten baditugu, gure aurrean agertuko zaizkigun parajeak benetan zoragarriak direla esan beharrean egongo gara. Horrez guztiaz gain, Itsasutik eta Atekagaitzetik honanzko bidean pasatuko dugun Veaux Gainaren ondoan, Meatzeko Lepoan harrespila edo kromletx ugari bisita ditzakegu.

ITSASUKO AGERIA

Egun, 1963ko apirilaren 15an Aberri Egunean Lapurdiko Itsasun landatu dugun arbolaren pean bildurik, huna zer jakin arazten dugun
guk euskaldunek
Zer giren
Lurraren, arrazaren, mintzairaren, ohiduren aldetik, Herri bat eta bakar bat gira
Iragan denborako eta egungo nahiaz, Nazione bat gira
Naturaz eta historioaz demokrazia bat gira.
Herri, nazione, demokrazia gisa
Zer diogun
Batasunaren obratzeko eskubidea
Gure buruaren jabetasun osoa nahi ditugu
Herri bakotxari zor baitzako, mende huntan, bere buruaren gobernatzeko dretxoa
Jakin arazten dugu
Gure nazionea guhaurrek gobernat nahi dugula
Bertze herrieri gure Euskal Herria nazionetzat onhar araztera oldartuko girela
Horrela bat eginen da Euskal-Herria eta gure aberriari bizia eta segida emanen diogu.

Herrialdea:
Baionara:
Altitudea:
Biztanleak:
Euskaldunak:
Azalera:
Dentsitatea:
Jaiak:
Lapurdi
21 km.
39 m.
1.563
daturik ez
39 km2
40 bizt./km2
Gereziaren Jaia (fruituaren heltzearen arabera, maiatzak 15-ekainak 15 artean)
Herriko Jaiak (abuztuak 15)

 

 

 

 

Orrialde nagusiraLapurdiko barrualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403