Gipuzkoako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritza Bizkaia Turismo Argia
Orrialde nagusiraLapurdiko barrualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi
Lapurdiko barrualdea Urruña-Azkaine-Sara-Senpere-Ustaritze-Kanbo-Ezpeleta-Itsasu

Gure herriaren zatiketa irudika dezakeen Behobiako herritik hasiko gara. Herri honen parte bat Iruni dagokio, eta bestea Urruñari.

Handik gertu, Bidasoa ibaiaren erdian, Faisaien Irla dago. Irla honetan (urte erdian espainiarra eta beste erdian frantziarra dena) Luis XIV.ak eta Felipe V.ak “Pirinioetako Bakea” sinatu zuten 1659an. Akordio horretan gaur egun ezagutzen dugun Espainia eta Frantziaren arteko muga adostu zuten, eta horrenbestez, Behobia eta, oro har, bi aldeetako herriak definitiboki banatuak geratu ziren.

Bidasoa gaineko zubia iparralderantz igaro eta berehala eskuinetara eginez gero, Biriatu herri politerantz igoko gara, handik 3 km-tara. Herritxo hau Bidasoaren gaineko balkoi natural batean dago, herria bera begiratoki pribilegiatua bihurtuz. Bertako pilotaleku, Herriko Etxe, ostatu, eliza-hilerri, etxeek... osotasunean hartuz oso leku atsegina bihurtzen dute.

Behobian eskuineko aldetik Urruñarantz egin eta 3 km-tara errepidea ezkerretara utziz, beste km. batera Florenia izeneko Lore-Parke koloretsua dugu: milaka zuhaitz eta zuhaixka, milioi bat lore baino gehiago, uharkak, bidexkak... Jatetxe eta bestelako zerbitzuak ere eskaintzen ditu.

Errepidean berriz, 2´5 km egin eta ezkerretara, Urruñan sartuko gara, historikoki Iparraldeko herririk garrantzitsu eta handienetako bat. Erdialdean, Herriko Etxearen aurretik igoz gero, Sokorriko Kaperara iritsiko gara. Bertan Larrungo bista politak eta estela diskoidal interesgarriak aurkituko ditugu.

Urruñako elizaren aurretik igaro, erdialdetik irten eta errepidean sartu ondoren, momentuz bederen zuzen-zuzen ekingo diogu, 500 metrotara Urtubiko Jauregia bisitatzeko. 1149an eraiki eta 1341ean gotorleku bihurtua, XVI. mendean harresiak galdu eta Omenaldi-Dorrea eraiki ostean, XVIII.ean berriztatu eta beste eraikin batzuk erantsi zizkioten. Guztiaren ondorioz, kanpoaldea nahiz barrualdea oso ederrak ditu, Flandesko tapizak barne. Apiriletik urrira bitartean egunero zabalik dago (astearteetan izan ezik), 14-19 bitartean; helduen sarrera 35 libera dira.

LARRUN MENDIAREN MAGALEAN Atzera eta ezkerretarantz egiten badugu, lehenbizi Ibardinerantz eta gero Azkainerantz abiatuz, Olhetatik pasatuko gara, eta handik 2 km-tara Azkainen sartuko gara. Hemendik Larrun aldeko ikuspegiak ederrak dira, eta bere erdialde txikiak Lapurdiko herrien edertasuna gordetzen du, plazak eta elizak batez ere.

San Inazioko Lepora goazen bitartean eskuineko aldean Larrun handia eta bere trenbidea ikusten hasiko gara. San Inazion Larrunera igotzen den tren ttipi zoragarria hartzen baduzue, ez zarete damutuko. Gain-gainetik, eguraldia eta zerua lagun, zazpi euskal probintzien zati handi bat ikus daiteke. Itzulera oinez egitea gomendatzen dugu, trenbideari jarraituz.

Larrungo magaletik 4 km. geroago “kontrabandisten hiriburu”, Axularren “Gero” euskal liburuaren sorterri eta J. M. Barandiaranen babesleku izan zen Sarako plaza-frontoira iritsiko gara, Herriko Etxea eta San Martin Eliza ondoan dituela.

Sarako Lezeetara joateko, frontoitik abiatuta, lehenik Lehenbiskai eta gero Route des Grottes norabideak hartu behar ditugu. Bidea ondo seinalatua dago. Leizeak ikusgarriak dira oso, eta orain dela 45.000 urte populatuak zeuden.

Saratik Senpererantz, haren erdialdera iritsi baino lehen, eskuinetara egingo dugu, urtero Herri Urrats jaialdi handia burutzen den Senpereko Aintzira artifizialera hain zuzen. Laku turistiko hau hainbat ur-jarduera egiteko prestatua egoteaz gain, Landetatik ekarritako hondarraz egindako hondartza bat ere badu.

Senpere herriaren erdialdean gaztelua, eliza eta frontoia nabarmentzen dira. Hondakinak besterik geratzen ez diren gaztelu horretan 1609an Pierre de Lancre Bordeleko Parlamentuko Kontseilariak herriko dozenaka pertsona errearazi zituen, edonor sorgintzat hartzen baitzuen. Ordudanik, “Sorginen Dorrea” da. XVI.go elizaren zorua hilarriz beterik dago, eta erretaula barrokoa du.

Senpere Baionarako bidean igaro ostean Uztaritzerantz joko dugu. Erdibidean, Uztaritzeko Baso itxi eta ikusgarria zeharkatuko dugu. 3 km. aurrerago, udalerrian dagoeneko, Kanborako bidea hartu eta erdialderantz abiatuko gara, herri oso sakabanatua baita. Erdialderaino beste 5 km dira. Uztaritze Lapurdiko hiriburu izan zen XII.etik 1790 arte. Hementxe osatzen ziren “Biltzarrak” eta bertako pertsonaien artean Garat anaia iraultzaileak aipatu behar ditugu. Lapurdiko estiloan egindako etxe kolonialak (Ameriketara joan zirenekoak) eta jauretxeak garrantzi horren adibide dira.

Uztaritzetik Kanbora jarraituz, herriaren erdialdea baino 1 km. lehenago, Arnaga Etxea dugu. Iparraldeko ohiko arkitekturan oinarrituz, euskal estilo berria (Euskal Txaleta) sortu zen, eta etxe hau lehen adibideetakoa dugu.

“Cirano de Bergerac”en egileak, Edmond Rostand poetak, eraikiarazi zuen; uharka, lorategia, etxea bera, museoa... dena oso zainduta eta ederki apainduta dago. Ordutegia: 10-12:30 eta 14:30-19. Otsail-martxoko asteburu arratsaldeetan. Apirila eta iraila bitartean egunero. Urritik Santu Guztien eguna arte ere bai, asteburuetan arratsaldez.

Kanbo erdi aroaz geroztik jada oso ezaguna da bere ur beroengatik, eta horrek XIX.etik batez ere, pertsonaia garrantzitsu askok bisitatzea eta pertsona ospetsuen turismo-gunea bihurtzea ekarri dute. Lehenengoen artetik ospetsuena Bernard J. Apeztegi (1881-1950) “Kanboko Txikito” pilotaria dugu.

Kanbo Garaian (gaur egungo erdialdea) Errobiren gaineko San Lorenzo eliza bisitatu eta Rue de les Terrases-etik ibilera panoramiko polita egin dezakegu. Errobi ibaia igaroz Kanbo Behea nekazarien auzo atsegina dugu, edo bestela, ibaia gure ezkerrean dugula zuzen segituz gero, Urberoen Auzora iritsiko gara.

ANTZINAKO ETA GAURKO AMETSAK Ezpeleta “piperraren aberria” da (begira bestela Euzkadi Hotelaren aurrealdeari). Piperraren Jaia urriko azken igandean ospatzen da, eta egun horretarako etxe guztiak piperrez dekoratuak ikusiko ditugu, eguzkitan lehortzen. Urtarrileko azken asteazkenaren inguruan, berriz, Pottoken Azoka garrantzitsua egiten dute. Azoka bera jada oso ikusgarria izateaz gain, nekazari giro polita eta jatetxeetan menu berezi eta tipikoa izan ohi da.

Herriko sarreran dagoen Ezpeletako Baroien Gaztelua, egungo Udaletxea, besteen gainetik nabarmentzen da bere dorre zirkularrarengatik, herriko etxe handi eta ederrak mendean dauzkala. Behealdean St. Esteban eliza dugu, bere kanpandorre handia, antzinako hilerria eta Lapurdin gizonezkoak meza entzuteko jartzen diren egurrezko galeriak dituela.

Ezpeletan ezkerrera egin, eta aerodromoaren albotik pasa ostean Itsasuko enparantzara iritsiko gara. Hemen, Udaletxe, pilotaleku eta inguruko ostatuek lapurtar estiloko plaza atsegina sortzen digute, baserri edo etxe zuri-gorri tipikoez osatua.

Atekagaitz edo Pas de Roland-erako bidean eskuinetara, Itsasuko bigarren herrigunea dugu San Fructuosoren elizaldea, haizpitarte baten sarreran. Elizaren alboan, parketxo batean Itsasuko Gutuna dugu, euskal nazio-eskubideak gogoratzen dituen monolitoa.

Errobiren haizpitarterantz errepidetxo oso estu batetik abiatuz, handik bi km-tara Atekagaitzera iritsiko gara, haitzean egindako arku bitxira. Bide berari jarraituz, Laxia auzunetxoa igaroko dugu. Hemendik bidetxo estu baina asfaltatutik igotzen hasiko gara. Bidexkak 10 bat km. ditu Artzamendiraino, eta ikusten den paisaia hain zoragarria ez balitz, astuna bihurtuko litzateke; baina erradarrak dauden tontorreraino zuzendu eta ez zarete damutuko, inguruak edonor txunditzeko modukoak baitira.

Orrialde nagusiraLapurdiko barrualdeaNola iritsiZer ikusiArgazkiak ikusi

Iradokizunik baduzu, akatsik topatu baduzu edo kexaren bat helarazi nahi badiguzu: ARGIA.com
ARGIA 142 PK 20160 Lasarte-Oria (Gipuzkoa)
Tel: (943) 371545 / Faxa: (943) 373403